Programazio bete-betea aurkeztu du Bilbao Modak, XVII. Bilbao Fashion Week, topaketa profesionalak, dibulgazio-jarduerak eta gastronomia eta diseinua batzen dituen proposamen bat barne

Azaroak 4

  • Proiektuaren urteko azken ekintzak Bilbao Centro enpresa-taldearen ekimenez antolatutako XVII. Bilbao Fashion Week astea eta Udalak antolatutako diseinuan eta modaren merkataritzan lehiakortasuna, berrikuntza eta talentua sustatzeko jardunaldi teknikoagoak izango dira.

  • Azaroaren 10ean eta 12an, modaren sektoreak dituen erronkei buruzko jardunaldi profesionalak eta mundu guztiarentzako hitzaldiak izango dira udal-programazioaren barruan. Hain zuzen, hauek dira sektorearen erronkak: jasangarritasuna, eraldaketa digitala, merkataritza indartzea, talentua garatzea, eragileen arteko lankidetza eta herritarrekiko konexioa. Berrikuntza gisa, BISUBIk eta tokiko diseinuko profesionalek gastronomia eta diseinua uztartzen dituen zuzeneko esperientzia bat eskainiko dute.

  • Azaroaren 14an, Bilbao Centrok bere ohiko pasarela egingo du Euskalduna jauregian, XVII. Bilbao Fashion Week asteari hasiera emateko.VII. Bilbo Modaren Hiria saria Miriam Ocárizentzat izango da. Badira ere beste ekimen batzuk helburu dutenak sektorea ikusaraztea, sektorea hiriko ezaugarri bihurtzea, moda-turismoa sustatzea eta osagarrien balioa modaren ezinbesteko zati gisa aitortzea.

Jorge Aio Bilbao Centro enpresa-elkarteko kudeatzaileak eta Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Enpleguko eta Turismoko zinegotziak Bilbao Moda proiektuaren urteko azken hitzordua aurkeztu dute gaur, Yimby espazioan egindako prentsaurrekoan.

 

“Bilbo modako hiri handia da. Beti izan da hala, eta erreferente izaten jarraitzen du kalitate goreneko saltoki eta sortzaileekin. Modako eragile guztien aliantza hau –merkatari eta sortzaileena– urrats irmoa da eskaintza finkatzeko eta eskaintza hori azken publikoari aurkezteko, izan bertako, izan bisitari”, esan du Jorge Aiok. Bilbo Centrok adierazi duenez, udazken-negu denboraldi honetarako ekintza asko aurkezten dira, eta, jarduera horiek, jada garatutakoekin batera, “maila goreneko” urteko proposamena osatzen dute.

 

Bestalde, Kontxi Claverrek gogorarazi du Bilbao Moda marka Bilboko Udalak Bilbao Centro enpresa-elkartearekin, Zazpikaleetako merkatarien elkartearekin, BIAAF Bilbao International Art & Fashion-ekin, Bilbao Dendak taldearekin eta sektoreko beste eragile batzuekin hala nola IED Kunsthal eta Bizkaiko Modarekin, batera, bultzatutako ekimena dela eta joan den maiatzean hasi zela, Zazpikaleetako merkatarien elkarteak antolatutako Zazpikaleak Fashion Week modaren astearekin.

 

Ekainean egin zen bigarren jarduera handia, kanpo-proiekzioa ardatz hartuta: BIAAF Bilbao International Art & Fashion-en gala eta lehiaketa egin ziren.

 

Gainera, Bilbao Modak ekintza osagarriak egin ditu fase bakoitzean; esaterako, Bilbon moda sortzeko eta saltzeko espazioak aurkitzeko bisita gidatuen programa bat. Eta, aldi berean, tokiko saltoki batzuek zenbait diseinatzaileren diseinuak jarri zituzten ikusgai beren establezimenduetan.

 

Hori guztia BILBAO MODA maparekin osatzen da. Gida horretan, hiriko sortzaileen tailerren eta diseinu propioak dituzten saltokien zerrenda aurki daiteke.

 

Orain, hirugarren ekintzan, Bilbao Moda proiektuak sektoreari lotutako programazioa dakar, Bilbao Centro enpresa-elkartearekin lankidetzan.  Proposamenen artean, nabarmentzekoak dira Pasarela Bilbao erakustokia, Bilbo Modaren Hiria saria, modari eta hiriari buruzko performance bat, topaketa profesionalak eta sortzaileen erakusketak, zeinak Bilbo bisitatzen duten pertsonentzat ere zabalik dauden.

 

Ekimen horien guztien helburua da sektorea bultzatzea, lehiakortasuna indartzea eta berrikuntza eta talentua sustatzea Bilboko moda-diseinuaren eta -merkataritzaren esparruan.

 

PROGRAMAZIO BETE-BETEA

 

Azaroaren 10etik 24ra, modari eta diseinuari lotutako hainbat jarduera izango dira Bilbao Moda markaren pean, eta, programa horren barruan, jardunaldiak, topaketak, esperientzia gastronomikoak, pasarelak eta sektoreko profesionalak modaren eta hiriaren inguruan bilduko dituzten zenbait proposamen izango dira.

 

Horrela, diseinatzaileek, moda-saltokiek eta sektoreko beste profesional batzuek esperientziak partekatu ahal izango dituzte, erreferentziazko proiektuak ezagutu, eta konexioak sortu.

 

Azaroaren 10ean eta 12an, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, sektorerako interesgarriak diren gaiak jorratzeko jardunaldi bi antolatuko ditu. Jardunaldi horiek Zabalgune eraikinean izango dira, eta hitzaldiak, kasu praktikoak eta parte hartzeko espazioak izango dituzte.

 

Azaroaren 14an, 19an, 20an eta 24an, Bilbao Centrok Bilboko modaren eta talentu sortzailearen sektorea ikusarazteko jarduerak eta ekimenak egingo ditu.

 

UDAL-JARDUNALDIAK

 

Azaroaren 10eko (martitzena) jardunaldia sektore profesionalari zuzenduta dago, eta modaren egungo erronka eta joera nagusiak jorratuko ditu: jasangarritasuna, eraldaketa digitala, merkataritza indartzea, talentua, eragileen arteko lankidetza eta herritarrekiko konexioa.

 

Topaketa profesional hori sei bloketan banatuko da. Eguna “Ikasle izatetik profesional bihurtzera: diseinu arloko ibilbide arrakastatsuak” panelarekin hasiko da. Bertan, Ainara Urkijok eta Gaizka Albizuk, IED Kunsthal-eko graduatu bik, beren ibilbide profesionalak azalduko dituzte, agerian utziz zeinen garrantzitsua den prestakuntza-erakundeen, enpresen eta talentuari laguntzeko eragileen arteko lankidetza diseinatzaileen belaunaldi berriak gara daitezen.

 

Bigarren panela “Jasangarritasuna, berrikuntza eta talentua. Mahai-ingurua” izenekoa izango da. Bertan, Simone Cipriani Nazio Batuen Ethical Fashion Initiative erakundearen sortzaileak, Eduardo Loreto Basque Biodesign Center-eko ikertzaileak eta Victor Serna Loreak Mendian enpresakoak honako gai hauek jorratuko dituzte: diseinu-sistemaren aldaketak, berrikuntzaren egungo esanahia, zirkularitatea ezartzea eta sektoreak eskatzen duen talentua trebatzea. Horrez gain, IED Kunsthaleko Adele Orcajadak gidatutako mahai-inguru batean, Simone Ciprianik tokiko bi ekimen horiekin batera hausnartuko du modaren sektorean jasangarritasunak duen garrantziari buruz.

 

Hirugarren panela “Merkataritza eta diseinua. Horiek bultzatzeko hiriko estrategiak” izenekoa izango da. Bertan, Helsinkik (Kirsi Juva, Finnish Info-ko zuzendari exekutiboa) eta Bartzelonak (Mireia Escobar, Disseny Hub Barcelona-ko zuzendaria) diseinuaren, merkataritzaren, sormenaren eta hiri-garapenaren arteko harremana nola lantzen dute azalduko da.

 

Laugarren hitzaldian, “Moda eta AA: tresnetatik haratago” izenekoan, adimen artifizialak diseinatzaileei eta moda-saltokiei eskaintzen dizkien aukerak ezagutu ahal izango dira Raquel Pérezen eta Irene Blancoren eskutik –Oversed-eko zuzendari exekutiboa eta diseinatzaile burua, hurrenez hurren–.

 

Bosgarrenik, “Modu positiboan saltzea” izenburupean, Marcos Álvarez Retail Consultant eta Coach Exekutiboak salmenta positiboa, adimen emozionala eta hurbiltasunaren eta profesionaltasunaren arteko oreka bezalako gaiak jorratuko ditu, merkataritzaren eguneroko jardunean aplikatzeko moduko hausnarketak eta tresnak eskainiz.

 

Topaketa “Nortasuna duten saltokiak: konektatu zure komunitatearekin kanal digitales bidez” izeneko blokearekin amaituko da. Saio horretan, kanal digitalen bidez komunitate bat eta izaera propioa sortzea lortu duten saltoki txikien benetako esperientziak ikusgai jartzea da asmoa. Horretarako, Qukoa dendaren kasu zehatza aztertuko da.

 

Bigarren jardunaldiak (azaroaren 12a, eguena) bi helburu ditu; batetik, eragileen artean konexioak sortzea, eta, bestetik, Bilbao Moda herritarrei hurbiltzea, dibulgazio-jardueren bidez. Bigarren topaketa horrek hiru bloke dinamiko izango ditu.

 

Lehenengoa María Lasak, modaren dibulgatzaile ezagunak, gidatutako Ikusgai dagoen nortasuna eta moda kontzienteari buruzko hitzaldi praktiko bat izango da, arroparekiko harremanaren eta kontsumo kontzientearen inguruan hausnartzeko.

 

“Janzten eta dastatzen diren paisaiak” izenburupean, bigarren jarduerak BISUBI Bizkaiko Sukaldarien Fundazioa eta diseinuko tokiko profesionalak batuko ditu. Moda, gastronomia eta diseinua konektatzen dituen esperientzia bisuala eta parte-hartzailea izango da. Zuzenean eta bikoteka, sektore bietako profesionalek paisaia berberean inspiratutako sorkuntza artistiko bat egingo dute aldi berean. Gaiak Bilborekin izango du zerikusia. Showcooking-ean hauek hartuko dute parte: diseinuaren sektoretik, Alberto Etxebarrieta (Sin patrón), Naia Matia (Maiuki) eta Imanol Carretero (MaldeOjo Óptica Atelier), eta BISUBItik, Ekaitz Aparaiz, Pepe Redondo eta Oihane García.

 

Jardunaldia amaitzeko, Ana Goitia euskal aurkezle eta influenceraren ¡Vaya percha, Bilbo! bakarrizketa izango da.

 

Jardunaldietan izena emateko formularioa:  https://forms.cloud.microsoft/pages/responsepage.aspx?id=5c5lH3xYkUi5EVoonNajcLZvXOKctTpFrQ6c-UAql0JUQTRXVDBMQzZMQU5DMUlPTTMzN1RQRDVGWC4u&origin=lprLink&route=shorturl

 

BILBAO CENTROK BULTZATUTAKO JARDUNALDIAK

 

Bestalde, Bilbao Centro enpresa-elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu XVII. Bilbao Fashion Week astearen barruan. Jarduera horien asmoa da modaren sustapenaren, eragile nagusien eta modan parte hartzen duten sektoreen 360º-ko ikuspegia lortzea, fokua bezeroan jarrita, izan bertoko, izan bisitari, izan tokiko merkataritzarekiko interesa duten turista.

 

Pasarela Bilbao pasarela Euskalduna jauregian izango da, azaroaren 14an, 20:00etan. Desfile nagusia Bilboko kalitate handiko 23 saltokiren gizon, emakume eta haurrentzako moda-proposamenek osatuko dute. Pasarela hori streaming bidez igorriko da, eta, bertan, desgaitasuna duten zenbait kolektibok eta ACAMBI elkarteak parte hartuko dute, modu inklusiboan. Ekitaldi horretan, VII. Bilbo Modaren Hiria saria emango zaio Miriam Ocáriz moda-diseinatzaileari, bere ibilbide paregabeagatik eta euskal modan sormenaren erreferentzia izateagatik.

 

Bilbao Modan Dago lelopean, Bilboko modak Bilbo berrienarekin bat egingo du argazki- eta bideo-saio batean, itsasadarrean, azaroaren 19an. Bidaia horretan, hiriaren eta dendetako modaren irudiak jasoko dira, eta, ondoren, publiko handiari helaraziko zaizkio, sustapen-kanpaina baten bidez, modaren garrantzia eta hiriko ekonomiarako funtsezkoa den sektore hau sustatzeko.

 

Azaroaren 20an, Turismo de Modaren txanda izango da. Tokiko moda-sortzaileen zenbait proposamenek Bilboko hotel baten atondoa hartuko dute. Helburua da zuzenean aurkeztea publikoki hiriak zer duen eskaintzeko, tokiko diseinatzaileen zein hiri-merkataritzaren bidez. Aurkeztutako diseinuak Bilboko eraikin batean oinarrituta egongo dira. Erakusketa hamabost egunez egongo da ikusgai, eta, horrez gain, bisitariek diseinatzaileen saltokiak eta haien atelierrak biltzen dituen gida zehatz bat izango dute eskura.

 

Azaroaren 24an, “Moda, imagen y complementos: voces del sector” izeneko jardunaldi didaktikoa egingo da. Saio horretan, osagarrien sektorea eta modarekin lotutako beste sektore batzuk jorratuko dira, hala nola ile-apainketa. Telebistako plato baten formatuan, esparru horietako zenbait profesionalek zuzenean aurkeztuko dituzte beren proposamenak eta ikuspegi profesionala, desfileekin eta sorpresekin.