2023-2024 Enplegu-Planek 547 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon, gazteak eta kolektibo espezifikoak indartzeko ekintzekin

Azaroak 2

  • 2023-2024 aldirako diseinatutako programek 547 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon, 11,4 milioi euroko aurrekontuarekin.

  • Jarduteko ardatz nagusiak LANGABEAK izango dira, oro har, eta oso neurri zehatz eta zuzenak hartuko dira kolektibo jakin batzuengana iristeko, besteak beste, emakume, gazte eta pertsona kalteberenengana.

  • Berritasun gisa, edizio honetan Gazte Plana indartuko da “Lehen Lan Esperientzia” izeneko programarekin. Programa hori erdi-mailako edo goi-mailako titulazioa duten 30 urtetik beherako pertsonei zuzenduta dago. Gainera, 4 proiektu aktibatuko dira Bilboko hainbat auzotan, lana aurkitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat. Proiektu horietako bat gazteentzat izango da, eta Otxarkoagan egingo da.

  • Erakundeek –Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak– hiriko tokiko enpresentzako laguntzak ere handitu dituzte, pertsona gehiago kontratatzeko eta, horrela, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa lortzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur aurkeztu dituzte Bilbon 2023-2024 aldian aktibatuko diren enplegu-planak. Azaldu duten bezala, programa “klasikoa” da, urtero egiten dena, LANPOSTUAK SORTZEKO eta, aldi berean, hiriko ekonomia eta ongizatea bultzatzeko lehentasunarekin.

Helburu horrekin jarraituz, eta bereziki joan den ekitalditik, langabezia Bilbon izaten ari den bilakaera aztertuta –tasak gero eta txikiagoak dira–, plan horien ardatza kolektibo oso zehatzak dira.  Oraingo honetan, jarduketa-ardatza LANGABEAK dira oro har, beti bezala, baina gainera programa eta pizgarri bereziak eskaintzen dira EMAKUMEAKGAZTEAKpertsona kalteberenak eta lana lortzeko ZAILTASUNAK dituzten pertsonak kontratatzeko.

  • BERRITASUN gisa, 2023-2024ko programek gazteak indartzeko PLAN PILOTU bat jasotzen dute, “LEHEN LAN-ESPERIENTZIA” izenekoa, unibertsitateko titulua edo erdi- edo goi-mailako lanbide-heziketako titulua duten 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko, ikasketak amaitu zituztenetik hiru urte igaro ez badira.
  • Era berean, prestakuntzako, enpleguko, orientazioko eta laguntzako 4 proiektu berri sartu eta finkatu dira, Bilboko auzo jakin batzuetako pertsona kalteberenei zuzenduta: Untzeta Parrokoa (Santutxu), Torreurizar (Irala), Uretamendi eta Otxarkoaga.  Azken hori kualifikazio txikia duten 30 urtetik beherako gazteentzat izango da.
  • Hirugarren berritasun gisa, hiriko TOKIKO ENPRESENTZAKO laguntzak handitu dira, pertsona gehiagoren kontratazioa errazteko eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko.

Juan Mari Aburto alkateak azaldu duenez, enplegua sortzen jarraitu nahi da, “horrek hiriari ongizate eta bizi-kalitate handiagoak dakarzkiolako, baina gure laguntzen helburuak eta xedea gero eta gehiago fokalizatuz, behar dituzten pertsonengana modu zuzenagoan iristeko. Horien artean, gazteak: lehen lan-esperientzia hori izateko aukera eman behar diegu “.

Idoia Mendia lehendakariordearen ustez, Bilbon aurkeztutako planek ederki erakusten dute zein beharrezkoa den udalen eta Lanbideren arteko lankidetza pertsona guztiei aukerak eskaintzeko. Lankidetza hori legealdi osoan indartu da, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide mistoak probatuz. “Funtzionatzeko era zehatzagoa eta espezializatuagoa da, pertsona horietan fokalizatua. Lan egiteko modu hau behin betiko iritsi da gurera”. Ildo horretan, aurreratu du Enpleguaren Euskal Legeak udalaren paper hori indartzea ahalbidetuko duela, plangintza hobeagoarekin eta proiektuak finantzatzeko bermearekin.

KONTRATAZIO GEHIAGO: 547 LANPOSTU BERRI

Premisa hauen pean, Bilborentzat 2023-2024 aldirako diseinatutako enplegu-planek 547 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon, 11,4 milioi euroko aurrekontuarekin.

Plan horiek jarduketa-programa berriak biltzen dituzte, beste kolektibo batzuengana zuzenago iristeko. Bost ekintza-ardatzekin, baliabideak indartzen dira, oro har, langabetuentzat, gazteentzat eta emakumeentzat, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten eta egoera ahulagoan dauden pertsonei zuzendutako neurrien bidez.

BOST JARDUKETA ARDATZAK

  1. ENPLEGU-PLAN ARRUNTA: udalaren eta tokiko enpresen kontratazioekin.
  2. GAZTEENTZAKO ENPLEGU-PLANA.
  3. LEHEN LAN-ESPERIENTZIA.
  4. GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO proiektuak.
  5. PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO plan bereziak.

1. ENPLEGU-PLAN ARRUNTA

Kontratuak bi bidetatik egitea sustatzen du:

  • Udalak berak langileak kontratatzea.
  • Eta hiriko enpresa pribatuek kontratatzea, bi erakundeen (Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren) laguntzen bidez, lan egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko.

Guztira 396 enplegu daude; horietatik 141 udalarenak izango dira eta 255 tokiko enpresenak.

Bi modalitateetan sar daitezke honako pertsona hauek:

  • Langabeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda badaude.
  • Bilboko bizilagunak.
  • Kontratatutako pertsona guztien % 55, gutxienez, emakumeak izan behar dira.

Udalaren, zinegotzigoen eta udal-inguruko sozietateen kontratazioak:

Sei hilabeteko iraupena izango dute Udalaren hainbat proiektutarako kontratazioek:

Besteak beste, instalazioak eta eraikinak lehengoratzeko udal-bulegoak birgaitzeko eta egokitzeko egiten diren lanak. Zerbitzuak digitalizatzea eta sareak eta marketina sustatzea, informazioaren komunikazioa hobetzeko eta udal-zerbitzuen digitalizazioan aurrera egiteko. Udal- eta hiri-zerbitzuak hobetzea, udal-ondare higiezina berrikustea eta sailkatzea. Programa kulturalak eta abar.

Kontratazioak hiriko TOKIKO ENPRESETAN:

Erakundeen dirulaguntzak indartu eta areagotu egiten dira, kontratuak mugagabeak izan beharko baitira, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea sustatzeko.

Lantokia eta jarduera ekonomikoa Bilbon dituzten tokiko enpresentzat dira laguntzak.

Lau laguntza mota jaso ahal izango dituzte:

  • 10.000 euroko dirulaguntza lanaldi osoko lan-kontratu mugagabe bakoitzeko, kontratatutako pertsona kolektibo hauetako batekoa bada: DSBEren titularrak edo onuradunak; 35 urtetik beherakoak; iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak eta Bilbon bizi direnak.
  • 8.000 euroko dirulaguntza aurreko baldintzak betetzen ez dituen lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko.
  • 3.000 euroko dirulaguntza ikuskizun publikoetako artisten, teknikarien eta bestelako langileen iraupen zehatzeko kontratu bakoitzeko, hiru hilabetekoa, lanaldi osoan.
  • 6.000 euroko dirulaguntza ikuskizun publikoetako artisten, teknikarien eta bestelako langileen iraupen zehatzeko kontratu bakoitzeko, sei hilabete edo gehiagokoa, lanaldi osoan.

Dirulaguntza guztien zenbatekoak % 10ean gehituko dira kontratuak emakumeekin egiten direnean.

2. GAZTEENTZAKO ENPLEGU-PLANA

Plan berezi honen helburua da Bilbon gazteen langabeziari modu espezifikoagoan heltzea eta kolektiboaren enplegagarritasuna hobetzea. Erdi- edo goi-mailako titulazio akademikoa duten 16 eta 30 urte arteko gazte langabeentzat da.

Parte hartu gura duten pertsonak Lanbiden eta Gazte Bermeko Sisteman egon behar dira izena emanda, enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lan-esperientzia eskuratuz.

Oraingo honetan, zuzeneko 70 lanpostu berri sortuko dira, lansaio osoko 12 hilabeteko kontratazioen bidez, tokiko eremutik sustatuak eta Bilboko Udalak, sailek eta udal entitateek zuzenean eginak.

  • Kontratazio guztiak 2023ko azaroaren 30a baino lehen egin behar dira.

Profil profesional ezberdinetako gazteak kontratatuko dira, besteak beste alor hauetan prestakuntza jaso dutenak: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultur programazioa, turismoaren sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, hirigintza eta gizarte-lana.

Enplegu-plan arruntean bezala, eskaintzak Lanbideren bidez kudeatuko dira eta hark Bilbao Ekintza udal sozietateari igorriko dizkio hautagaitzak.

3.LEHEN LAN-ESPERIENTZIA

2023-2024ko planen berritasunetako bat da. “LEHEN LAN-ESPERIENTZIA” izeneko GAZTEENTZAKO ENPLEGU-PROGRAMA indartzeko plan bat da, unibertsitateko titulua edo erdi- edo goi-mailako lanbide-heziketako titulua duten 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko, ikasketak amaitu zituztenetik hiru urte igaro ez badira.

Programa honetan guztira 37 pertsona sar daitezke, udalak, sailek edo udal entitateek zuzenean kontratatuko dituztenak.

4. GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO PROIEKTUAK

Plan hau iaz jaio zen, proba pilotu moduan. Esperientzia ona izan zenez, finkatu egin da, berritasunekin.

Prestakuntzako, enpleguko, orientazioko eta akonpainamenduko berariazko ekintzak dira, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Guztira 44 kontratu eskaintzen dira.

Programak 4 PROIEKTU ditu:

  • Hiriko 3 eremu zehatzetan esku-hartze zuzena duten 3 proiektu: Untzeta parrokoa (Santutxu). Torreurizar (Irala) eta Uretamendi.

34 pertsonari zuzenduta dago:

  • DSBEaren edo Etxebizitzako Prestazio Osagarriaren onuradunak.
  • Iraupen luzeko langabeak.
  • Bilboko bizilagunak.

Eta Otxarkoaga auzoan egingo den proiektu bat, 10 lagunentzat. Kasu horretan, 30 urtetik beherako GAZTE langabeak, DBHko graduaturik edo baliokiderik gabeak, Bilbon bizi direnak.

Horietan guztietan, bi hilabeteko prestakuntza egiten da, eta beste 10 hilabeteko kontratazioa, programa osoan zehar laguntza eta orientazioa ematearekin batera. Otxarkoagako proiektuan 6 hilabeteko kontratua sartzen da.

Prestakuntza jaso ondoren egingo duten jarduera herritarrei aholkularitza ematea izango da, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta administrazio publikoekiko harremanetan online izapideak egiteko, zehazki eten digitala murrizteko eta adineko pertsonei etxeko lanak egiten laguntzeko.

5. PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO PLAN BEREZIAK

16 prestakuntza-proiektu dira, enplegua lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeentzat, eta batez ere hiri osoan gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsonentzat, batik bat auzo behartsuenetan. Helburua gutxi gorabehera 235 pertsonarengana iristea da.

Plan horien helburua enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonal eta profesionalak erraztea eta/edo indartzea da, prestakuntzaren bidez eta orientazioko eta laneratzeko ekintzen bidez, ibilbide pertsonalizatu bat sustatzeko, parte-hartzaileen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egin ahal izateko. Enplegu-aukeren prospekzioa ere egin behar da, agente kontratatzaile posibleekin harremanetan jarri eta inplikatu ahal izateko, lan-merkatuaren beharrak identifikatuz eta, amaieran, proiektu berezian parte hartzen duten pertsonak kontratatuz.

Onetsitako berrikuntza- eta/edo esperimentazio-proiektuetarako, balio bereizgarria ematen duten jarduketak diseinatu dira, jarduera-tasa handia duten lanpostuei eta lan-merkatuaren premiei lotutako kolektiboaren enplegagarritasuna hobetzeko asmoz.

2023-2024 ENPLEGU-PLANAK, KOPURU HANDITAN

GUZTIRA: 547

ENPLEGU-PLAN ARRUNTA: 396. Haietatik:

  • 141 pertsona udal eremuan kontratatuko dira, erabilera edo interes publikoko jardueretarako, udalaren, sailen edo udal entitateen bitartez.
  • Eta 255 pertsona enpresa pribatuek kontratatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzak / Lanbidek eta udalak emandako dirulaguntzekin.

*GAZTEENTZAKO ENPLEGU-PLANA: Zuzeneko 70 kontratu, udalaren, sailen eta udal entitateen bitartez, urtebeteko iraupenarekin.

LEHEN LAN-ESPERIENTZIA: 37 kontratu berri. (*Gazte Plana indartzeko plan pilotua).

GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO PROIEKTUAK44 kontratu berri, 4 proiektutan jarduten.

PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGUKO PLAN BEREZIAK: PRESTAKUNTZAKO 16 proiektu.

ENPLEGU-PLANA, OSO ONDO BALORATUTAKO ESPERIENTZIA

Urterik urte enplegu-tasak hirian izan duen bilakaera aztertuta, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, lanpostuak sortzeko programak eratzean, zuzenean begiratzen diete kolektibo zehatz batzuei.

Planak diseinatzeko funtsezko lanabes bat parte-hartzaileen eta enpresa kontratatzaileen artean egiten diren inkestak dira.

  • Azken inkestak erakusten duenez, Bilboko 2022ko enplegu-planetan parte hartu duten pertsonen % 85,6 pozik dago esperientziarekin. Batez ere eskuratutako lan-esperientzia baloratu dute (% 70,2), eta ondoren, euren espektatibak betetzea (% 79,8). Gainera, % 99ak dio esperientzia errepikatuko lukeela eta beste pertsona batzuei parte hartzea gomendatuko liekeela.
  • Babestutako enpresen kasuan, % 90ak dio oso pozik daudela programarekin. Gainera, 2021ean kontratatutako pertsonen % 58k enpresak segitzen du. Pertsona horien % 100ek kontratu mugagabea du.
  • Aurreko edizioko enplegu-planetan (plan arruntean eta gazteen planean) parte hartu duten pertsonen %42 lanean ari da edo aritu da.

ENPLEGUA BILBON: HOBEKUNTZA BERRETSI ETA INDARTU DA 2023AN

2023ko ekitaldia berriz ere urte ona izan da ENPLEGUARENTZAT Bilbon.

Azken hamarkadako datu onenekin, hirian sortutako enpleguaren igoera berretsi da, pandemiak kolpatutako biurtekoaren ondoren. 2022aren amaieran 186.491 lanpostu zeuden, eta aurtengo azken datua (irailekoa) % 3,9ko urte arteko gehikuntza izan da, 188.705 afiliatura iristeraino.

Gainera, biztanleria jarduerari dagokionez aztertzen duen inkestaren azken datuen arabera (Eustat), ekitaldi honetako hirugarren hiruhilekoan langabezia-tasa % 8,8koa izan da. Urteko batez besteko datua (% 9,2) txikiena da 2015etik.