BBK Bilbao Music Legends Festak 2024rako lehen konfirmazioak iragarri eta sarrerak salgai jartzen ditu

Urriak 19

  • BBK Bilbao Music Legends Festak ziurtatuta du DEEP PURPLE, CANNED HEAT, THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELIES eta SUSAN SANTOSen parte-hartzea, 2024ko ekainaren 14an eta 15ean egingo den zazpigarren ediziorako

BBK-k eta Bilboko Udalak babestutako eta Dekker Eventsek antolatutako jaialdia Bilbao Arenan egingo da. Lehenbiziko bonuak salgai daude jada, merkaturatze-sustapen berezi batean: 80 € + gastuak (kopuru mugatua).

Hard rockaren aitzindari eta inoizko banda onenetako bat, DEEP PURPLE, ibilbide geldiezineko taldea, BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTaren zazpigarren ediziorako ziurtatutako lehen kartelburua da. Rockaren kulturaren zenbait doinu klasiko bikainen egileak dira, eta hainbat belaunalditako jarraitzaileak erakartzea lortu dute. Orain, baieztatu dute “Legends” jaialdiaren agertokian egongo direla; hartara, bertaratzen direnek rock onenaren saio batez gozatzeko aukera izango dute. 150 milioi disko baino gehiago saldu eta mundu osoko estadioak bete dituzte zenbait hamarkadatan zehar, eta, beraz, ez da harritzekoa Planet Rock britainiar irratiak “historiako 5. talderik garrantzitsuena” izendatu izana.

Britainiarrekin batera, “Legends”-ean joko du, halaber, CANNED HEATek, 1965ean Los Angelesen sortutako blues-rock/boogie talde ospetsuak. Hala, berriz programatuko da iazko edizioko kontzertua. Nashvilletik (Tennessee) etorrita, eta aurten egindako biran sarrera guztiak saldu ostean, Mike Farrisen taldea, THE SCREAMIN’ CHEETAH WHEELIES, jaialdian arituko da bere rock klasiko eta kementsuarekin, 2024an Espainian egingo duen emanaldi bakarrean. Azkenik, SUSAN SANTOS power trioa dugu, Susan bera buru. Blues-rock onena jotzen duen talde hori dugu ziurtatutako lehen multzo honetako atzena.

BILBAO ARENAN

BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTa Bilbao Arenan egingo da, 2024ko ekainaren 14an eta 15ean. Ondo finkatutako jaialdiak, berriz ere ekarriko digu urtero askotariko entzuleak biltzen dituen musika-eskaintza, nazioartean, nazio barruan eta gurean ospea duten eta adin guztietako musikazaleak Miribillaraino erakarriko dituzten artistekin.

Sarrera doakoa da 14 urteetara arte (adin hori barne), eta giroa belaunaldi askorentzat egokia izatea da helburua. Hala, jaialdia Bilbo ikuspuntu kultural zein sozialetik aberasteko zutabeetako bat da, eta haren balioak sendotzen ditu, kultur agertoki bizi eta irmo gisa.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, jaialdiak musika-eskaintza dibertsifikatzen lagunduko du, beste behin ere tokiko artistek jardungo baitute Voodoo Child terrazan (Bilbao Arenaren kanpoaldean). Aire zabaleko eremu horretan aukera gastronomiko askotarikoa eta zabala egongo da, tokiko eskaintza eta guzti, eta jaialdiaren merchandising ofizialaren salmenta-gune bat ere jarriko da.

Antolatzaileek hurrengo edizioaren kartela osatuko duten izen gehiago iragarriz joango dira, nazioarteko mito handiak hartu dituen jaialdia egiteko: Van Morrison, The Beach Boys, Jeff Beck, Steve Winwood, Jethro Tull, Bob Geldoff, Nina Hagen, Mavis Staples, John Cale, Steven Van Zandt, Graham Nash, Paul Carrack, Status Quo eta Chris Isaak, besteak beste.

Jaialdira joan nahi dutenek bi eguneko bonua eskuratu dezakete dagoeneko, Kutxabanken bidez edo jaialdiaren webgune ofizialean (www.musiclegendsfestival.com), merkaturatze-prezio berezian: 80 € gehi gastuak (kopuru mugatua).