Martxoak 16
-
Bilboko Udalak bertoko Aste Santuan antolatzen duen Bilbao Basque FEST jaialdiak edizio berri bat aurkeztu du, nobedade azpimarragarriekin: horien artean, aipatzekoa da aurtengo jardunaren zati handi bat “Euskal Kulturaren Plaza” deitu zaion gunean zentralizatuko dela, hau da, Areatzako Kaian kokatutako eremu berri batean; bertan, publikoak hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango du, hala nola showcookingekin egingo diren jarduera gastronomikoez, Neomak, Korrontzi eta Anne Etchegoyenen kontzertuez, Herri Kirolez, eta lehenengo “Bilbao Basque Fest sariaz”, hots, bikote mistoekin egingo den pentatloi-erronka handi batez.
-
Orobat, Plaza Berria berreskuratuko da folklorearen bihotz bezala, bertan erromeriak egingo baitira, Aiko Taldearen eta Patxi eta Konpainaren eskutik; horrez gain, Itsasadarreko kirolari helduko zaio berriZ, familiei zuzendutako batel-arraunketarekin.
-
Emakumezkoen ahotsek ekitaldien zati handi bat protagonizatuko dute Azkuna Zentroan eta Areatzako Kaian, “Euskal Kulturaren Plazaren” barruan.
-
Gar, Mugan eta Bisai taldeek Bilborocken eskainiko dituzten emanaldiek indartu egingo dute jaialdiak publiko gazteekin duen konexioa, eta Kafe Antzokia bor-bor egongo da berriro “Bilbao Basque FEST Rock City” zikloarekin.
Bilbao basque FESTek, Bilboko Udalak Aste Santuko egunetan antolatzen duen euskal kulturaren erakusleiho handiak, edizio honen programazioa aurkeztu du gaur; berau apirilaren 1etik 4ra bitartean garatuko da, eta berriz ere doakoa izango da, publiko guztientzat diseinatutako jarduerekin.
Erreferentziazko hiri-jaialditzat hartuta, oraingoan bere “funts benetakoenera” itzultzeko helburuarekin dator berriro, nobedade azpimarragarriekin eta hiriko hainbat gunetan gauzatuko diren jarduerekin, betiko sei ardatz tematikoetan sailkatuta: Musika, Kultura, Zinema, Market, Gourmet eta Sport.
Bilboko Udalaren Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotzia Kontxi Claverrek azaldu duenez, jaialdiaren nobedade garrantzitsuenetako bat da bere eskaintzaren zati handi bat “Euskal Kulturaren Plaza” deritzan gunean kontzentratuko dela; berau eszenatokia duen espazio berri bat da, Areatzako Kaian kokatuko dena eta edizio honetako epizentro nagusia izango dena, musika askorekin, Herri Kirolekin eta showcookingak barne hartuko dituzten jarduera gastronomikoekin.
“Gaur hiri-jaialdi bat baino zerbait gehiago aurkezten dugu –esan du-: Bilbao Basque FEST kultura, musika, tradizioa eta sormena biltzen ditu. Edizio honetan, identitate eta funtsa berreskuratuko ditugu, benetako begirada bat, basque peto-petoa, nor garen eta hori nola kontatu nahi dugun erreibindikatzen duena. Eta programazio musikal oso erakargarri batez egiten dugu, kalitatezko proposamenekin, izen handiekin, gorantz doan talentuarekin, eta emakumeek eszenatokietan presentzia izatearen aldeko apustu batekin. Lau egun izango dira, eta aldi horretan musikak topaguneak beteko ditu, hiri bizidun, aktibo eta sutsu bat sortuz, bai herritarrentzat eta bai bisitarientzat”.
EMAKUMEZKOEN AHOTSAK, MITO HANDIAK ETA TALENTU BERRIAK
Edizio honetako kartel musikalaren protagonista nagusiak emakumezko artistak, euskal musikaren klasikoak eta talentu berriak izango dira. Azkuna Zentroak jaialdiaren hasiera hartuko du, apirilaren 1ean, 19:00etan, Anje Duhalderen inaugurazio-kontzertuarekin; euskarazko rockaren eszenaren funtseko figura horrekin batera, Niko Etxart egongo da. Ostegun eta ostiralean, oraingo panorama iraultzen ari diren ahotsak gehituko zaizkie: Olaia Inziarte, musika elektronikoa eta popa nahasten dituen “Zura” proiektuarekin, eta Maren bilbotarra. Bilboko Udal Txistulari Bandak -Garazi Navas akordeoian arituz- eta Oinkari Dantza Taldeak ‘Zertzeladak’ protagonizatuko dute.
Jaialdiaren epizentro berria, Areatzako Kaian kokatutako “Euskal Kulturaren Plaza”, nazioarteko proiekzioa duen Anne Etchegoyen artistaren saioaren eszenatokia izango da (apirilaren 4an, larunbata), eta hor arituko dira, halaber, Korrontzi taldea, bere folk berrituarekin, eta baita Neomak ere, bere fusio elektronikoarekin. (apirilak 2, osteguna)
Bilborock-ek Gar, Mugan eta Bisairen soinu freskoagoen alde egingo du. Erritmo elektrikoak maite dituztenentzat, Kafe Antzokia bor-bor egongo da “Bilbao Basque FEST Rock City” zikloarekin, Txarly Usherren punk undergroundetik The Cherry Boppersen jazz-funkera bidaiatuz.
GASTRONOMIA, ESPERIENTZIA FORMATUAN
Euskal gastronomia sukaldaritza konbentzionaletik urruntzen da, publikoarengana modu dinamikoan hurbiltzeko. Jaialdiaren barruan “Euskal Kulturaren Plaza” deitu zaion eremuan, Areatzako Kaian, “showcooking bus” bat sukaldaritzako laborategi bihurtuko da. Jaialdiaren egun zentraletan, zuzeneko erakustaldiak egingo dira (showcookings), bertaratzen diren pertsonek sasoiko produktu batzuei buruz ikasi ahal izan dezaten.
KALE BIZIAK, BERE HISTORIA KONTATZEN DUEN HIRI BATEAN
Edizio honetako bloke kulturala diseinatuta dago publikoak euskal identitatea ezagutu dezan askotariko ikuspegi parte-hartzaileetatik. Zazpikaleak antzoki ibiltari bihurtuko dira Hortzmuga Teatroaren “Anfitrioiak” obrarekin; hala, umore eta musikaren bitartez, taldea bertaratzen diren pertsonak gidatuko ditu Hiribilduko bazter enblematikoenetatik, 12:00etan egunero eskainiko dituen saioetan.
Herri dantzak bere esparru naturala berreskuratuko du Plaza Barrian, erromeriak jende guztia dantzatzera gonbidatuko baitu bertan. Patxi eta Konpainaren “Dantza Piko” metodoarekin, eszenatokiaren eta plazaren arteko barrerak apurtuko dira, eta Aiko Taldeak gizarte-gozamenean oinarritutako erromeria espontaneo bat proposatuko du.
Arriaga Plazan, berriz, “Urbasa” ikuskizunak esperientzia sentsorial zirraragarri bat eskainiko du: zirkoaren eta txalapartaren arteko fusio bat, Hutsun eta Ortzik sortua, gizakiaren eta naturaren arteko orekaz hausnartzen duena. Gune berean, ‘Txalaparta hutsa’ kontzertu didaktikoa egingo da, eta baita perkusio tailer batzuk ere.
Beste alde batetik, Guggenheim Bilbao Museoko zabalguneak Ondalan konpartsaren erraldoien handitasuna hartuko du -Txakolinaria edo Sirgaria moduko irudiekin-, eta baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak koordinatutako euskal dantza tradizionalak ere.
Txikienek Gargantua pertsonaia ikonikoaren barneko txirristaz gozatu ahal izango dute, Euskal Kulturaren Plazan, Areatzako Kaian; bertan, haien zain egongo da, mahai-tresnak prest eta ahoa ondo irekita.
Gainera, hiriko museoen sareak bat egingo du goi mailako proposamenekin: Bilboko Arte Ederren Museoak bere euskal artearen bilduma osoa erakutsiko du (Oteiza, Chillida eta Zuloagaren obrekin, beste askoren artean); Guggenheim Bilbao Museoak, berriz, “Lurraren Arteak” erakusketa aurkeztuko du, Agustin Ibarrola, Mar de Dios eta Asier Mendizabal euskal artisten parte-hartzearekin -beste batzuen artean-; eta Itsasmuseum-ek euskal industrializazioaren aztarnak omenduko ditu ‘Ars ex industria’ erakusketarekin; horiez gain, Rekalde Aretoa, Eleiz Museoa, Arkeologi Museoa, Athleticen Museoa eta Euskararen Etxeak ere euren proposamenak aurkeztuko dituzte.
HERRI KIROLAK: INDARRA, TREBETASUNA ETA TRADIZIOA
Sport izeneko blokea jaialdiaren nortasun-ikur nagusietako bat izango da, zeren herri kirolak ekarriko baititu udalerrietako herri jaietatik Bilboko erdiguneraino. Areatzako Kaia Herri Kirolen erakusleiho handia izango da, zeren eta, bertan, aizkolaritza, harri-jasoketa eta trontza -beste batzuen artean- adrenalina hutseko ikuskizun bezala aurkeztuko baitira.
Edizio honetako kirol ekitaldi garrantzitsuena “I. Bilbao Basque FEST Saria” izango da, apirilaren 4an, larunbata, 18:30ean. Pentatloi mistoko lehiaketa ofizial bat da, non gizonen eta emakumeen bikoteek aurre egingo baitiete elkarri, aurreneko aldiz, zenbait modalitate uztartzen dituen proba zorrotz batean, jaialdiaren lehenengo saria lortzen saiatzeko.
Herri Kirolen programazioak honako hau sartzen du barne:
- Desafioak eta erakustaldiak: sokatira, orga jokoa, harri-jasoketa, zura altueran moztea eta harri-zulatzaileen erronkak, publikoaren parte-hartzeari irekitako uneekin.
- Emakumezkoen boterea: Fardelak altxatzeko eta jaurtitzeko desafio espezifiko bat, aizkolaritza erakustaldiekin batera, emakumeek protagonizatuta.
- Familia-jarduerak: Goizez eta arratsaldez, Areatzako Kaiko Euskal Kulturaren Plazak herri kirolen eta joko tradizionalen tailerrak hartuko ditu; familientzat diseinatuta egongo dira, diziplina horien oinarrizko teknikak modu ludikoan ikasi ditzaten.
Asfaltorik kanpo, jarduera itsasadarrera mugituko da. Pio Barojako pantalanean, jaialdiak arraunlari bihurtzera gonbidatzen ditu bisitariak, batel-arraunketarekin. Jarraibide teknikoak jaso ondoren, familiek entrenamenduak egin ahal izango dituzte, eta horren ostean amaierako estropada liluragarrietan arituko dira, kirola eta uretako kultura esperientzia berdingabe batean batuz.
MARKET: BENETAKOTASUNA EROSTEAREN PLAZERA
Euskal funtsaren puska bat eraman nahi dutenentzat, Market sailak kalitate paregabeko erakusleiho bat zabalduko du, bertokoaren balioa ezagutzera gonbidatuz. Hiriko azoka tradizionalak, horien artean Erriberako Azoka, Gure Lurreko Merkatuari atxikiko zaizkio, baserritarren Km0-ko produkturik onenak aurkezteko, eta baita “Eskuartie” Artisautza Azokari ere, honek eskuz egindako zeramika, larru eta zurezko pieza bereziak eskainiko baititu.
‘GAUA’, ZINEMA SAILAREN IZARRA
Paul Urkijoren “Gaua” film luzearen proiekzioa -bere hirugarren film luzea da- Zinema sailaren protagonista izango da BKK Salan. Euskara hutsez filmatuta eta XVII. mendean girotua, filmak sorgin-ehizaren eta antzinako kontakizunen giro limurtzaile batean murgiltzen ditu ikusleak. Urkijoren obra hau -bera Irati filmaren zuzendaria ere bada-, 2025ean estreinatua, tradizioa, mitologia eta izua uztartzen dituen esperientzia liluragarri bat izango da, nonbait.
Programazio guztia eskuragarri dago hemen: https://basquefest.bilbao.eus/
SARE SOZIALAK:
- BILBOKO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- BILBAO EKINTZA: YOUTUBE I FACEBOOK | X | INSTAGRAM
- BILBAO TURISMO: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
