Bilbao BBK Live jaialdia Bizkaia osora iritsiko da ostera maiatzean eta ekainean, Herrian eta Hirian ekimenei esker

Apirilak 14

  • Jai-giroko hiru egun, sarrera doan izanik: Herrian maiatzaren 17an Abanto Zierbenan, eta maiatzaren 24an Zornotzan; eta Hirian ekainaren 7an Bilboko Abusu auzoan.

  • Javiera Mena, Hens, Jimena Amarillo, Leihotikan, Los Deltonos, Colectivo Da Silva, Ben Yart, VVV [Trippin’ You], Los Niños Jesús eta askoz ere artista gehiago ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu doako programazioaren barruan.

  • Jaialdiak zuzeneko musika eroango du Bizkaiko hainbat herritara, Kreatibo Industriak Fundazioaren eta BBK Banku Fundazioaren eskutik.

Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu den aperitifaren datak finkatu dira 2025. urte honetarako. Herrian eta Hirian jaialdiaren atarikoak Bizkaia osora zabalduko dira, inpaktua dakarren funtsezko ondasun den aldetik, proiektuak kulturarekin duen konpromisoa berretsita.

Kreatibo Industriak Fundazioak eta BBK Banku Fundazioak bat egitearen ondorioz sortu da Herrian ekimena, eta, Bilbao BBK Live jaialdiarekin batera, zuzeneko musika probintziako hainbat herritara eroateko erronkari eusten diote. Aurtengo edizioan, bi hitzordu izango ditugu, eta bi herri horietan kultura sustatzeko orain arte egin duten lan handiaren jarraipentzat joko ditugu: maiatzaren 17an Abanto Zierbenan eta maiatzaren 24an Zornotzan antolatutako ekitaldiak, betiere kohesioa eta eraldaketa lortzeko bitarteko izanik kultura. Bestalde, Hirian ekimenarekin, kultura eta aniztasuna Bilboko auzo batera hurbilduko dira ostera, eta aurten hiriburuan nortasun handieneko auzoetako baten txanda izango da ekainaren 7an: Abusu auzoa.

Maiatzaren 17an Abanto Zierbenan izango da lehen Herrian hitzordua, eta publiko guztientzat pentsatutako eguneko programazioaren barruan bi agertoki prestatuko dira herrian barrena, musika herriko kaleetako eguneroko bizitzarekin nahastuta. Bertan arituko diren artista aipagarrienak dira, besteak beste, Jimena Amarillo, pop emozional eta egunerokoaren erreferentea; Los Niños Jesús, Jordi Évole kazetaria buru den bertsio-banda; Ben Yart karismatikoa, rap musikaren ahots sailkaezinena; eta Confeti de Odio, beren pop malenkoniatsuarekin. Horiekin batera arituko dira, eguna osatzeko, Amatria, elektronika eta pop dantzagarriaren nahasketa bikainarekin; Galerna, rock alternatiboaren proposamen literarioa eginda; Aimarz, euskal new pop musikaren promesa gaztea; Amona Molona, ikuskizun ludiko eta transgenerazionalarekin; Las Petunias, ironia eta punk jarrera uztartzen dituen hirukotea; eta The Soulers, soul eta rock-and-roll klasikoa inspirazio-iturri dituen taldea. Doako emanaldi bikainak, gustu eta publiko guztientzako moduko erritmoekin.

Astebete geroago, maiatzaren 24anZornotzako kaleetara iritsiko da Herrian, herritar guztiengana iristea xede duten kultur proposamenak Bizkaia osoan barrena egiten dituen musika-ibilbide honetan. Eguna hasteko, Colectivo Da Silvaren festa-giro koloretsua izango dugu, eta andaluziar azentua duen pop ironikoaren maisuek lehen aldiz aurkeztuko dute Euskal Herrian disko berria. Horiekin batera, jada sendotu diren proiektuak aurkeztuko ditugu, hala nola Pauline en la Playa, pop intimo eta literarioa egiten duen asturiar bikotea; Los Deltonos, gaztelaniaz egindako rockaren mitoak; Leihotikan, euskal punk bortitzenaren erreferenteak; eta VVV [Trippin’ You], Estatuko postpunk elektronikoaren proposamen sendoenetako bat. Artisten zerrenda osatze aldera, egun horretan arituko diren artista berriak aipatuko ditugu: Marilia Monzón, fintasuna eta folklorea uztartzen dituena sustraidun kantugintza berrian; Rakky Ripper, gaztelaniazko hyperpoparen aitzindaria; S T R, elektronikaren eta punk jarreraren nahasketa biziarekin; eta Tiburona, garage rock zuzen eta sutsua egiten duen madrildar hirukotea.

Ekainaren 7an, larunbatarekin, Bilbao BBK Live jaialdiaren ohiko aperitif urbanoaren txanda izango da: Hirian. Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu, Basurtu eta Errekaldetik igaro ostean, oraingoan Abusura iritsiko da. Hirian ekimenari esker, auzoko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainita, gustu guztietarako modukoa eta doan. Edizio honetan arituko dira, besteak beste, Latinoamerikako pop elektronikoaren erreferente den Javiera Mena, eta soinu digitala belaunaldi oso baten sentsibilitatetik arakatzen duen Ultralágrima bikotea. Parquesvr, panorama alternatiboaren, punk rockaren eta performancearen munduan tartea egitea lortu duen taldea, zirkuituan ibilbide luzea duten musikariek osatuta; Airbag, Esteponatik datorren rock hirukotea, Estatuko power poparen erreferentzia; Los Bengala, garaje kutsuko urradurarekin eta energiaz beteriko jarrerarekin; Capsula a Ziggy Stardust taldearen omenaldia, Bowie-ren soinu-unibertsoa intentsitate biziko eszenaratzearen bitartez berreskuratzen duena; eta PI L.T., metal alternatibo euskaldunaren mito bizia, eszenatokiak berriro ere sutan jarriko dituena bere gar itzalezinarekin. Hirian programazioaren barruan, musika urbanoko ahotsen sorta ederra nabarmentzen da. Bloke honetan aipatzekoak dira Hens, Estatuko pop urbanoaren figura ezagunenetako bat, eta LaBlackie, etiketa guztiak gainditzen dituen proposamen gordin eta magnetikoa. Bakarkako ibilbideari ekin berritan, ILTZE 1 EPa aurkeztuko du Kilikik, elektronika eta nortasun propioa uztartzen dituen proposamena. Eta Greta, Bad Gyal eta Mushkaa-ren ahizpa txikia, bere bidea eraikitzen hasi eta goranzko bidean doa, sentsibilitatea eta jarrera bikaina nahastuta. Gainera, Michael Foster eta Ruiseñora artistek edizio honetako soinuen sorta zabalduko dute. Musika elektronikoaren agertokian, askotariko proposamenak izango dira, techno emozionalarekin hasi eta dantza esperimentalarekin bukatu: Puñales, Sunny Wright IV, Miravalles eta Lamia Mari.

Herrian eta Hirian jaialdiaren atariko ekimenak baino gehiago dira: sorkuntza artistikoaren eta Bizkaiko gizarte-ehunaren arteko lotura indartzen dute, kultura guztiontzat eskuragarri egon dadin sustatuta, mota eta adin guztietako publikoari zuzendutako eguneko programazioarekin. Esperientzia eraldatzaile izateko pentsatuta daude, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren katalizatzaile bihurtze aldera eta, horretarako, herritarren parte-hartzea sustatzeaz gain, herrietako komunitateetan eragin positiboa sortzen dute. Abanto Zierbenako, Zornotzako eta Bilboko Udalen babesari esker, Herrian eta Hirian ekimenen aurtengo edizioak hemen ditugu jada.

Bizkaiko kaleak musikaz blai egongo dira maiatzean eta ekainean, Bilbao BBK Live jaialdiaren atariko. Bestalde, jaialdia bera uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai daude jada bilbaobbklive.com eta feverup.com webguneetan.

Kreatibo Industriak Fundazioa

Kreatibo Industriak Fundazioa 2020an sortu zen, helburua kultura- eta sormen-industriak eraberritzea eta indartzea izanik, betiere kultura-esperientzian oinarrituta gizartea aldatzen laguntzeko. Last Tour sustapen-enpresaren enpresa-jarduera izaera sozial nabarmena duten ekimenetatik bereizteko beharrak ekarri zuen fundazioa sortzea, kultura- eta sormen-industrien sektorean berrikuntzarako, prestakuntzarako eta ekintzarako gune bat izatearren, eta gizartean eragina izateko bokazioarekin. Bost jarduera-ardatzen inguruan aritzen da kultura- eta sormen-industrien sektorean berrikuntza, profesionalizazioa eta errekonozimendua bultzatzeko ikerketaren, esperimentazioaren eta trebakuntzaren bitartez; gainera, dibulgazioko eta gizartean eragina duten jarduerak ere egiten ditugu.

Bilbao BBK Live

Bilbao BBK Live erreferentziako jaialdietako bat da iberiar penintsulan ez ezik, baita Europan ere; urtero egiten da uztailaren erdialdean, Euskal Herrian, eta nazioko eta nazioarteko artista ezagunenak biltzen ditu 12 bat agertokitan, natura-ingurune pribilegiatu batean.

BBK Banku Fundazioa

BBK Banku Fundazioa hasiera-hasieratik izan da Bizkaiko garapen ekonomikoarekin eta ongizatearekin konprometitutako erakundea; ondarearen eta finantzen kudeaketa irmo bati esker, gardentasunez eta zorroztasunez, obra sozial berritzaile eta irekia egiteko gai da, baita etorkizunean jasangarritasuna bermatzeko gai ere.

Fundazioaren jarduera funtsezko hiru adarretan oinarritzen da: Banku-negozioa; Euskadiko finantza-erakunderik garrantzitsuena den Kutxabanken akziodun nagusia da (% 57). Inbertsioa, Bizkaian eta Euskadin eragina duten enpresa-proiektu sendoak babesteko, eta inbertsioak eta inbertitzaileak Bizkaira erakartzeko. Eta gizarte-ekintza, ongizatea eta berdintasuna indartzen dituen sarea indartuta, pertsonen loraldia eta oparotasuna bultzatzeko eta balio soziala sortzeko.

HERRIAN

Abanto Zierbena

2025eko maiatzak 17, larunbata

AIMARZ / AMONA MOLONA / AMATRIA / BEN YART / CONFETI DE ODIO / GALERNA / JIMENA AMARILLO / LOS NIÑOS JESÚS / LAS PETUNIAS / THE SOULERS

HERRIAN

Zornotza

2025eko maiatzak 24, larunbata

COLECTIVO DA SILVA / LOS DELTONOS / LEIHOTIKAN / MARILIA MONZÓN / PAULINE EN LA PLAYA / RAKKY RIPPER / S T R / TIBURONA / VVV [TRIPPIN’YOU]

HIRIAN

Abusu, Bilbo

2025eko ekainak 7

AIRBAG / CAPSULA (ZIGGY STARDUST) / GRETA / HENS / JAVIERA MENA / KILIKI / LA BLACKIE / LAMIA MARI / LOS BENGALA / MICHAEL FOSTER / MIRAVALLES / PARQUESVR / PI L.T / PUÑALES / RUISEÑORA / SUNNY WRIGHT IV / SVSTO / ULTRALÁGRIMA

BEREZIAK

Bilbo

2025eko uztailak 10, 11 eta 12

BILBAO BBK LIVE

Kobetamendi, Bilbo

2025eko uztailak 10, 11 eta 12