Maiatzak 28
-
ICCA (International Congress and Convention Association) rankingeko top 100 sailkapenean sartu da Bilbo. Sailkapen horretan, hiriak eta herrialdeak hartzen dituzten nazioarteko kongresuen kopuruaren eta kalitatearen arabera ebaluatzen dira. Zerrenda oso zorrotza da, eta ekitaldiek irizpide oso zorrotzak bete behar dituzte, kongresuen eta kongresuak bultzatzen dituzten sozietateen balio zientifikoa egiaztatzeko.
-
2024ko ekitaldiei dagokien azken ranking horretan, Bilbok 86. postua lortu du; Estatuan Madril, Bartzelona eta Valentzia baino ez daude aurretik.
ICCA (International Congress and Convention Association) rankingeko top 100 sailkapenean sartu da Bilbo. Sailkapen horretan, hartzen dituzten nazioarteko ekitaldien kopuruaren arabera ebaluatzen dira hiriak eta herrialdeak urtero.
Kontxi Claver Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Enpleguko eta Turismoko zinegotzi eta Bilbao Convention Bureau-ko (Bilboko Udalaren mendeko entitatea, bilera- eta konbentzio-industria erakartzeko eta indartzeko sortua) arduradunak adierazi duenez, “urrats handia da“; izan ere, zerrenda ospetsu horretan parte hartu ahal izateko, ekitaldiek oso irizpide zorrotzak bete behar dituzte, kongresuen eta kongresuak sustatzen dituzten sozietateen balio zientifikoa eta nazioarteko bokazioa egiaztatzeko, urteetan zehar herrialde desberdinetan egin izana oinarri hartuta.
Ranking hori funtsezko erreferentzia da biltzarren industrian; izan ere, destinoek goi-mailako nazioarteko ekitaldiak erakartzeko eta antolatzeko duten gaitasuna eta, oro har, haien zientzia-, teknologia- eta ikerketa-sarearen indarra islatzen ditu.
Zinegotziaren iritziz, “lorpen berri horrek indartu egiten du Bilbok munduko panoraman duen posizioa, hiriari zein inguruneari mesede egiten dieten inbertsioak, talentua eta aukerak erakarriz. Lan horretan, gure Convention Bureau oso zeregin garrantzitsua betetzen ari da enpresekin batera”.
BILBOREN KOKAPENA ICCA SAILKAPENEAN
2023ko ICCA rankingean, Bilbok ezarritako irizpideak betetzen zituzten nazioarteko 23 biltzar egin zituen, eta horrek 102. postuan jarri zuen mundu mailan. 2024an, Bilbok biltzar horietako 28 hartu zituen, eta horrek munduko 86. posiziora igo zuen. Estatu osoan Madril, Bartzelona eta Valentzia bakarrik daude haren aurretik. Emaitza horrek hobekuntza adierazgarria erakusten du aurreko urtearen aldean. 2023a ere askoz hobea izan zen 2022a baino (azken urte horretan pandemiaren ondorioetatik irteten ari ginen).
BILBOREN NAZIOARTEKO OSPEA
Bilbok ICCA rankingean izan duen hobekuntzak oso eragin positiboa du bere nazioarteko markan eta ospean. Hauek dira ondorioetako batzuk:
- Nazioarteko aintzatespena: Bilboren irudia indartzen du nazioarteko biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko toki erakargarri eta fidagarri gisa.
- Bultzada ekonomikoa: Tokiko garapen ekonomikoari laguntzen dio, bereziki ostalaritzan, garraioan eta zerbitzu profesionaletan.
- Jasangarritasuna eta konpromisoa: Lorpen hau lotuta dago, halaber, Global Destination Sustainability (GDS) indizean Bilbo aipatzearekin; izan ere, 2024an gure hiria mundu mailako 14. postura iritsi zen, eta horrek kongresuen industriaren jardunbide jasangarriekin daukan konpromisoa nabarmentzen du.
- Talentua eta ezagutza erakartzea: Nazioarteko kongresuak egiteak ideien eta ezagutzen trukea bideratzen du, Bilbo berrikuntza eta ikaskuntzarako zentro gisa posizionatuz.
SARE SOZIALAK:
