Irailak 22
- Zazpi erakundek ahaleginak eta baliabideak batu dituzte lankidetza-protokolo bat onartzeko. Protokolo horren lehentasunezko helburua da Bilboko merkataritza mantentzea eta indartzea, enpresen transmisioa sustatuz, belaunaldi-erreleboari aurre egiteko.
- Datozen 5 urteetan hiriko saltokien 1.000 jabe inguru erretiratzeko adinera iritsiko direla aurreikusten duten azterlanen erantzun gisa sortu da ekimen hori. Aurreratu duten moduan, merkataritza-negozioak ordezko bati eskualdatzeko tresna benetako alternatiba da itxiera posibleen aurrean. “Belaunaldi-erreleboa Europako sektore guztietan gertatuko den fenomenoa da; Bilboko merkataritzaren kasuan, funtziona dezaketen baliabideekin aurreratu behar dugu”.
- Hauek osatzen dute protokoloa: Bilboko Udala eta Bilbao Ekintza bere sozietatea, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta DEMA bere sozietatea, Bilboko Merkataritza Ganbera, CECOBI, BILBAO DENDAK eta BIZKAIDENDAK.
Zabalguneko eraikinean aurkeztu da gaur “Bilboko Merkataritza sektorean enpresen transmisioa sustatzeko Lankidetza Protokoloa”, bertan biltzen baitira Bilboko Udalaren ekintzailetza- zerbitzuak ETE-ei eta merkataritzari laguntzeko zerbitzuak. Akordio berria eta asmo handikoa da, eta ekintzak aktibatuz hasi da urratsak ematen. Lehen aldiz, 7 erakunderen ahaleginak eta baliabideak biltzea lortu da hiriko merkataritza mantentzeko eta indartzeko elkarrekin eta koordinatuta lan egiteko eta merkataritza-negozioen transmisioa sustatzeko.
Estrategia horren atzean Udalak berak egindako azterlanak daude. Azterlan horien arabera, datozen bost urteetan Bilboko saltokien 1.000 jabe inguru erretiratzeko adinera iritsiko dira. Kontxi Claver Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziak aurreratu duenez, “aurreikuspen horiek hiriko merkataritza-sarean izan dezaketen eragina dela eta, aurrea hartu behar dugu eta itxi daitezkeen negozioei benetako alternatiba bat eskaini behar diegu transmisioaren bidez, oso positiboa izan daitekeela uste baitugu. Fenomeno hori Europako sektore guztietan gertatuko da baina, gure kasuan, sasoiz eta alternatibak erabilita eten nahi dugu”.
Akordio hori sinatu dute Bilboko Udalak eta Bilbao Ekintza bere sozietateak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta DEMA bere sozietateak, Bilboko Merkataritza Ganberak, CECOBIk, BILBAO DENDAK eta BIZKAIDENDAK erakundeak. Erakunde horietako guztietako ordezkariak protokolo honen aurkezpenera joan dira gaur. Izan ere, protokoloaren xehetasunak prentsaurreko batean azaldu dituzte Kontxi Claver zinegotziak, Jakes Aguirrezabal Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Turismo eta Kontsumoko sailburuordeak, Gloria Múgica DEMAko zuzendariak eta Mikel Arieta-Araunabeña Merkataritza Ganberako idazkariak.
BILBOTIK BILBORAKO
Kontxi Claver-ek adierazi duenez, protokolo hau indarrean jartzea urrats handia da merkataritzaren sektore osorako: “horrek aukera emango digu batera, koordinatuta eta indar handiagoz lan egiteko, Bilbotik Bilborako egina egotearen eragingarriarekin; enpresen transmisio komertzialaren gaiari heldu behar genion, prozesu konplexuak direlako eta elkarlanean egitea aukerarik seguruena eta arrakasta izateko aukerarik handiena daukana izango dela ikusi dugulako”.
Jakes Aguirrezabal sailburuordearentzat “gure merkataritza-sektorea gero eta zaharragoa da eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak estrategiak eta programak sustatzen ditu, ekiteko asmoa duten pertsona guztiei laguntzeko. Norbaitek saltoki berri bat ireki nahi badu, edo funtzionatzen ari den beste bat eskualdaketan bereganatu edo erosi nahi badu, ez dio utzi behar hori egiteari, laguntzarik ez daukalako. Eta lan-irteera baten bila dabilenak kontuan izan dezala merkataritza bide posible eta sendo gisa. Horixe da nahi duguna”.
Bestalde, Gloria Múgica DEMAko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu duenez, bere foru-sozietateak NegoziOn enpresa-transmisioko programan daukan lau urteko ibilbidea eta esperientzia ekarriko ditu. Ildo horretan azaldu duenez, programa honek “enpresen transmisioa da gure saltokiek eta zerbitzu enpresek metatutako kohesioa, jarduera ekonomikoa, enplegua eta ezagutza babesteko tresnarik eraginkorrenetako bat dela erakusten du”.Era berean, adierazi du DEMAk, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren mendeko agentzia den heinean, “lekukoa utzi nahi duten pertsonei zein martxan dagoen negozio batekin berme handiagoekin ekiteko aukera erreala ikusten dutenei laguntzen die”. Azkenik, protokolo honek “NegoziOn-en eragina biderkatzea ahalbidetzen du, baliabideak koordinatu eta belaunaldien arteko erreleboa moduko erronka garrantzitsuari irtenbide zehatzak hurbilduko baitira”
Mikel Arieta-Araunabeña Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak hauxe adierazi du: “erakunde guztiak lerrokatuta gaude helburu berarekin: enpresen transmisioa bultzatzea enplegua sortzeko, eraginkorrak direla frogatu duten proiektuei eustea eta gure auzo, hiri eta lurralde osoko merkataritza- eta gizarte-ehuna indartzea, negozioen jarraitutasuna gaur egun bermatzeko eta etorkizunean jarduera sortzen jarrai dezaten ahalbidetzeko. Bilboko Merkataritza Ganberatik transmisio-uhal gisa jarduten dugu, prozesu osoan zehar informazioa, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematen diegu bai negozio finkatua daukaten eta hura transmititu nahi duten pertsonei, bai lekukoa jaso eta merkataritzaren, ostalaritzaren eta ostatuaren sektoreetan bultzada berri bat eman nahi dutenei”.
AKORDIOAREN LEHENTASUNEZKO ARDATZAK
Akordio berri honen ardatz nagusia TRANSMISIOA erabiltzea eta hedatzea da, saltokiak mantentzeko formula izan dadin eta ekintzaileentzako aukera izan dadin.
Beste ardatz batzuk dira:
- Dauden transmisio-programak optimizatzea, martxan dagoen negozio bat transmititzeko edo eskuratzeko prozesua hobetzen eta/edo errazten duten zerbitzu erantsien bidez (aholkularitza, prestakuntza, laguntzak…).
- Saltokiak erakartzea eta enpresen transmisioari buruzko maila desberdinetako informazioa ematea, negozioa mantentzeko tresna gisa. Eta ekintzaileak erakartzea, hainbat tresna erabiliz (ekitaldiak, hitzaldiak, etab.) kolektibo batzuei aditzera emateko transmisioa ekintzailetza-baliabide seguruagoa dela.
- Merkataritza-sektorea enpresen transmisioko prozesuen ezaugarriei eta aukerei buruz informatzea eta dibulgazioa egitea.
- Ekintzaile potentzialei informazioa ematea transmisioaren figurak garapen profesionalerako eta lan-merkatuan sartzeko bitarteko gisa eskaintzen dituen aukerei buruz, bai eta haiei laguntzea ere, bai laneratzean, bai transmisio-prozesu osoan (“lekukoa ematea“).
- Eskualdaketa posibleen kudeaketa aurreratua bultzatzea.
- Akzioen transmisio mailakatua eta irteera mantsoa egiteko aldaerak aztertzea, prozesu pausoagoak, ordenatuagoak eta ekonomikoki onargarriagoak izateko.
LEHENENGO URRATSAK
Akordio horrek zazpi erakunde sinatzaileen arteko lankidetza indartzen du. Lankidetza hori dagoeneko gauzatzen hasia zen, saltokiekin eta ekintzaileekin garatutako baterako ekintzen bidez.
Alde batetik, datozen 5 urteetan erretiroa hartuko duten titularrak dituzten Bilboko saltoki guztiekin harremanetan jarri gara, enpresen transmisioko prozesuei eta trantsizio horretan dauden laguntza-baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa emateko.
Gainera, merkataritza-ekintzailetzarekiko interes handiena izan dezaketen kolektiboak eta profilak identifikatu eta definitu dira, enpresak sortzen laguntzeko erakundeen laguntzarekin azken urteetan bultzatu diren sektoreko enpresa-proiektuen azterketan oinarrituta. Era berean, enpresen transmisioak ekintzailetzarako aukera gisa dauzkan abantailei buruzko zabalkunde- eta informazio-ekintzak egin dira, hainbat dibulgazio-kanal eta -euskarri erabiliz.
Lehen urrats horiek fruituak ematen ari dira, eta ikusi da gora egin dutela erakunde parte-hartzaileetara jo duten saltokien kopuruak eta ekintzaileen kopuruak, transmisio-prozesua eta eskura dauden laguntza-baliabideak zeintzuk diren hobeto jakiteko.
PROGRAMAK ETA LAGUNTZAK
Protokolo honen gakoetako bat da lehendik dauden transmisio-programak koordinatzea, bultzatzea eta optimizatzea, adibidez Berriz Enpresa (Bilboko Merkataritza Ganberak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren proiektua) eta Negozion (DEMAk kudeatutako Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua), beste programa berririk sortu gabe. Bilbao Ekintza udal-erakundea, berriz, informazioa indartzeko eta programa horietara bideratzeko leihatila izango da.
Programa bietan hau eskaintzen da:
Jabeari:
- Negozioaren aurkezpen-gutuna: produktua, zerbitzua, bezeroak…
- Balorazioan laguntzea: fakturazioa, erosketak, gastuak…
- Zabalkundea eta sustapena – web-orriko iragarkia, sare sozialak, buletinak…
- Erosle potentzialak aktiboki bilatzea.
Ekintzaileari:
- Egokitasuna aztertzea, elkarrizketa: prestakuntza, esperientzia…
- Salgai dagoen negozioa aztertzeko laguntza.
- Negozio-plana egiteko laguntza.
- Lagun egitea.
Eta bietan:
- Aholkularitza eta kontratuaren zirriborroak prestatzea.
- Negozioaren salerosketa: prezioa, epeak, ordaintzeko modua, eranskinak…
- Lokalaren alokairua (egoki bada): errenta, erosteko aukera…
- Prozesu osoan lagun egitea.
Era berean, laguntza ekonomiko espezifikoak daude enpresa-transmisioko prozesuetarako, negozio bideragarrien jarraitutasuna errazteko, ekintzaile edo entitate titular berriei eskualdatuta. Dirulaguntza horien helburua da jarraitzeko potentziala duten enpresak ez ixtea eta belaunaldi- eta enpresa-erreleboa erraztea.
Eremu horretan, bai Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak MerkaEkin 2026 deialdiaren bidez, bai Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak 2026ko Ekintzailetzako Ekimenen Sustapena programaren bidez, laguntza-ildo espezifikoak eskaintzen dituzte lehendik dauden negozioen transmisioa eta jarraitutasuna errazteko.
Bestalde, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, aurrekoen osagarri diren laguntza sorta bat dauka aurreikusita, batez ere merkataritza-lokalen alokairua eta enpresen transmisioko prozesuetan inplikatutako alderdien arteko ezagutza-transferentzia babesteko.