Otsailak 12
-
Urriko lehen hamabostaldian, aireko konektibitateari lotutako sustapen-estrategiaren esparruan, Bilbok Match Bilbao Bizkaia alderantzizko jardunaldiak hartuko ditu konexio berrietarako potentziala duten Europa Erdialdeko herrialdeekin; horien artean, Polonia, Errumania, Serbia, Kroazia edo Bulgaria.
-
Gaur goizean turismoaren sektoreko 215 agente baino gehiagorekin egindako urteroko topaketan, Bilboko Udalak hiriko turismoa sustatzeko egutegia eta 2026. urterako jarduera-ardatz estrategikoak aurkeztu ditu.
-
Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotzi Kontxi Claverrek turismo eta ekitaldien lantaldearekin batera egindako agerraldian azpimarratu duenez, “2025a urte ona izan da, baina ez gara konformatzen eta gure plan estrategikoan ezarritako helburuak betetzen jarraituko dugu”.
Bilboko Udalak turismoaren sektore profesionalarekin urtero egiten duen topaketa egin du gaur goizean, 2026ko jarduera-ildo nagusiak partekatzeko helburuarekin, agintaldiaren hasieran ezarritako estrategiaren esparruan. Horrez gain, 2025eko turismo-adierazle nagusien balantzea ere egin dute bertan, eta oro har, Bilbon bilakaera turistiko egonkor, progresibo eta jasangarria erakusten dute adierazle horiek.
2026ari begira, nazioarteko merkatuen aldeko apustu sendoa egin da, batez ere Europa Erdialdekoen aldekoa, eta aireko konektibitateari bultzada erabakigarria emango zaio; horrez gain, turismo-bitartekaritzako kanal nagusietan Bilbo helmugaren presentzia indartuko da, eta kudeaketa jasangarriko eredua finkatu.
Harrera-agentzietako, hotel-establezimenduetako, enpresa-elkarteetako, turismo-bulegoetako eta turismoaren agente kudeatzaileetako 215 profesional baino gehiago izan dira gaur goizean Bilbao Arenan egindako udal-hitzorduan.
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotziak, Mercedes Rodríguez Bilboko Turismo eta Ekitaldien arloko zuzendaria eta lantalde tekniko osoa ondoan zituela, eskertu egin nahi izan du “hemen zaudeten eragile guztiek gure hiriaren garapen turistikoaren alde izandako etengabeko konpromisoa, Bilboko turismoa ez baita ulertzen lankidetza publiko-pribaturik gabe. 2025 urte ona izan da, baina ez gara konformatzen eta gure plan estrategikoan ezarritako helburuak betetzen jarraituko dugu”.
AIREKO KONEKTIBITATEARI LOTUTAKO SUSTAPENA
2026. urtea aireko konektibitateari estu lotutako nazioarteko sustapen-estrategian zentratuko da. Esparru horretan, Bilbo helmuga gisa sustatzeko ekintza aire-ibilbide berriak erakartzean oinarrituko da, bereziki Match Bilbao Bizkaia alderantzizko jardunaldien bidez. Aurten, etorkizuneko konexio berrietarako potentziala duten Europa Erdialdeko herrialdeak sartuko dira, hala nola Polonia (Poznan, Gdansk, Breslavia), Errumania (Bukarest), Serbia (Belgrado), Kroazia (Zagreb) edo Bulgaria (Sofia). Urriko lehen hamabostaldian egingo dira, Bilbok nazioarteko turismo-helmuga gisa duen posizioa indartzeko, Europa Erdialdeko merkatuarekin lankidetzan aritzeko eta elkarrekin lan egiteko bideak aztertzeko, eta aukera-merkatu horiei buruzko erronkak partekatzeko.
Aurreko Match Asia alderantzizko jardunaldiak arrakasta handiz egin ziren 2024ko urrian, eta Japonia, Hego Korea, Taiwan, Malaysia, Singapur, Thailandia, Filipinak eta Indonesiako 42 nazioarteko agente bildu ziren hirian.
2026ko udako denboraldian hiru aire-konexio berri hasiko dira lanean, Bilbo kanpoaldearekin hobeto lotzeko: Edinburgo, Casablanca eta Split, helmugaren nazioarteko hedapena zabalduz eta sendotuz.
Bestalde, duela gutxi inauguratu diren ibilbideak bultzatuko dira, besteak beste, Krakovia (Polonia), Budapest (Hungaria) eta Praga (Txekiar Errepublika). Esparru horretan, Austriako merkatua indartzeko aukera ere nabarmendu behar da, Vienako ibilbidean Austrian Airlines-ek Wizz Air ordezkatu ondoren. Horri esker, ekainean workshop B2B bat egin ahal izango da Vienan, Bilboko eta Bizkaiko turismo-enpresekin batera.
Lehendik zeuden konexioak finkatzearen esparruan, Portugalek zeregin garrantzitsua hartu du 2026an, Lisboa, Oporto eta Faroren bidez Bilborekin oso konektatuta dagoen herrialdea delako; horregatik, martxoan Lisboan workshop B2B bat egitea aurreikusi da.
Europatik iristen dira nazioarteko bisitari gehien; beraz, aurten Bilbok presentzia aktiboa izaten jarraituko du bere merkatu estrategiko tradizional batzuetan: DerPart turoperadorearekin Alemanian egindako ekintzak; Travel Match Oslon (Norvegia) parte hartzea; Turespañaren Komertzializazio Jardunaldian parte hartzea Istanbulen (Turkia); Nekera operadorearen roadshow bat Varsovian, Krakovian eta Gdansken (Polonia); Volotearekin batera aurkezpen bat Erroman (Italia); Euskadiko helmugen ekintzetan parte hartzea Bordelen eta ILTM Cannesen (Frantzia); aurkezpenak Budapesten (Hungaria); eta presentzia Travel News Marketen Stockholmen (Suedia).
Distantzia luzeko merkatuei dagokienez, iparramerikarrak jarraitzen du izaten Bilborako garrantzitsuenetako bat. Bigarren urtez jarraian, nazioarteko hirugarren merkatua da bisitari kopuruari dagokionez, eta New Yorkekiko aireko konexioak bere horretan jarraituko du 2026an. Horrek bereziki garrantzitsua egiten du Estatu Batuetan eta Kanadan sustapena indartzea, Turespañako jardunaldi zuzenetan parte hartuz.
Asiari dagokionez, Japoniako merkatua sendotuta eta Hego Korea, Taiwan edo Singapur bezalako merkatu berriak bultzatzeko premiarekin, Turespañak Korean eta Japonian egingo dituen jardunaldi zuzenetan ere hartuko du parte Bilbok.
Hiriak aireko konektibitatearekin duen konpromisoa sektoreko nazioarteko foro nagusietan parte hartzean ere islatzen da, Bilboko Aireportuko Ibilbideen Batzordearen bitartez; 2026an, Bilbo Connecten egongo da, Lublinen (Polonia); Routes Europen, Riminin (Italia); eta World Routesen, Riaden (Saudi Arabia).
EKITALDI ETA MUSEOEN HIRIA
Hiriko ekitaldien aldeko apustuak aurrera jarraitzen du, erakartzeko, ekoizteko eta ebaluatzeko lan handia eginez. Ideiaren oinarria da ekitaldiak ere tresna estrategikoa direla helmugarako. Alde batetik, turismo-eskaria handitzen eta urtaro-efektua kentzen laguntzen dute, beren interes espezifikoengatik urteko hainbat garaitan bidaiatzen duten publiko oso fidelak mobilizatzen baitituzte.
2026an berriz izango dira bisitariak erakartzeko eta herritarren aisialdia dinamizatzeko kultura-ekitaldi arrakastatsuenak (Bilbao Basque Fest, BBK Bilbao Music Legends Fest, hogeigarren urteurrena ospatuko duen Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival, Aste Nagusia, BIME…). Hiri dinamikoa, parte-hartzailea eta nortasun berezikoa proiektatzen duten programazioak dira.
Bultzada kultural hori indartu egingo da 2026an, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa berrituta berriz irekiko baitira.
Kirol arloan, 2025ean UEFA Europa Leagueko Finala jokatu ondoren, hiriak bigarren aldiz ospatuko ditu EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup Europako Errugbi Finalak. San Mamesen izango dira, maiatzaren 22an eta 23an, hurrenez hurren. Ekimen horiei kirol-proposamen berriak eta formatu handikoak gehitu behar zaizkie, Bilbok ekitaldi handiak antolatzen dituen hiri gisa duen posizionamendua sendotuz.
KUDEAKETA JASANGARRIA
Kudeaketa jasangarriaren esparruan, Bilbok aurrera egiten jarraitzen du: udal-eskumeneko turismo-zerbitzuen kalitatea ziurtatu du Turismo Bulegoetan emandako arretaren bidez, eta hainbat aintzatespen lortu dituzte, hala nola Turismo Bulegoetarako Kalitate Turistikoaren Q ziurtagiria (UNE-ISO 14785:2015 Araua), Irisgarritasun Unibertsalaren ziurtagiria (UNE 170001-1: 2007 eta UNE 170001-2: 2007 Arauak) eta Zerbitzuen Gutuna (UNE 93200:2008 Araua).
Turismoko jasangarritasunaren eta kudeaketa jasangarriaren ikuspegi zabalagoa hartzeko bidean, Helmuga Turistiko Adimendunaren (DTI) metodologiarekin ekin zitzaion lanari. Ikuspegi hori udaleko hainbat arlorekin lankidetzan garatu zen, eta, horri esker, 2024an Bilbok SEGITTURek emandako Helmuga Turistiko Adimendunaren saria lortu zuen, urtea amaitu arte luzatuko dena.
2025ean, hiriak bultzada berri bat eman zion etengabeko hobekuntza-bide horri, erronka berriak onartu eta ziurtagiri gehigarriak lortu baitzituen, hala nola Turismo Helmuga Adimendunaren ziurtagiria (UNE 178501:2018 Araua) eta Turismo Enpresa Adimendunarena (ETI, UNE 178510:2023 Araua), Plaza Biribila 1.eko eta Mazarredo Zumarkalea 66.eko turismo-bulegoetarako. Bulego horietako arreta eta harrera turistikoko zerbitzuari dagokionez, 2025ean 253 enpresa eta 306.735 kontsulta artatu dira, eta horietatik 286.807 aurrez aurrekoak izan dira. Urtean zehar egindako 427 bisita gidatuek ia 7.000 parte-hartzaile batu dituzte.
Era berean, turismoaren kudeaketa eraldatzailearekiko konpromisoaren erakusgarri, hiriko 52 enpresa turistikorekin lan egiten ari da gaur egun, Euskadiko Turismoaren Kode Etikotik eratorritako ardatzak eta balioak bultzatzeko.
2025, HAZKUNDE OREKATUKO URTEA
2025eko Bilboko turismoaren datuek hazkunde orekatua eta progresiboa erakusten dute, hiriak turismoaren sektorean aurrerapen jasangarria lortzeko duen estrategiari erantzuna emanez. 1.396.841 turistak hartu zuten ostatu Bilboko establezimenduetan iaz, 2024ko aldi berean baino 156.834 pertsona gehiagok, eta guztira 2.723.725 gaualdi izan dira Bilbon (aurreko urtean baino %10,5 gehiago). Planteatutako estrategiaren esparruan, nabarmentzekoa da Bilbon ostatu hartu duten bidaiarien % 51,5 atzerritarrak izan direla, urte arteko % 14,2ko hazkundearekin. Estatuko turismoa ere hazi da 2024. urtearekiko, baina neurri txikiagoan, %11,1. Horrela, nazioarteko merkatuetatik datozen turistek bigarren urtez jarraian gainditu dituzte estatuko turistak, eta 2025erako proposatutako helburuetako bat lortu da.
Hotelen okupazio-maila 1,2 puntu handiagoa izan da aurreko urtean baino, % 62,1ra iritsita hoteletan. Bestalde, apartamentuetan, okupazio-maila %43,7koa izan da 1,5 puntuko hazkundearekin.
Bilbok Bizkaiko establezimenduetan ostatu hartutako bisitarien %68,8 eta Euskadiko bidaiarien %31,6 kontzentratu ditu 2025ean, eta Bizkaiko eta Euskadiko turismoaren erreferentziazko helmuga izan da.
Bilboko ostatuaren sektoreko enpleguari dagokionez, % 6,4 hazi da eta 1.991 enplegu kontzentratu dira; hau da, Bilboko okupazio-daturik onena lortu da.
Gauza bera gertatzen da Bilboko aireportuko datuekin, 7.062.681 bidaiariren erregistroarekin, 2024ko erregistroa % 4,2an gainditzen baitu, bidaiarien zifra errekorrak lortuz eta Kantauri isurialdeko aireporturik garrantzitsuena izaten jarraituz. Iazko balantze horrek bere horretan berresten du konektibitate-maila handia. Gaur egun, 25 hegazkin-konpainiak 24 herrialdetako 54 hirirekin lotzen dute Bilbo.
SARE SOZIALAK:
BILBOKO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM | TIK TOK
BILBAO TURISMOA: FACEBOOK I X I INSTAGRAM
BILBAO EKINTZA: YOUTUBE I FACEBOOK | X | INSTAGRAM


