Azaroak 10
-
Ibilbide berriari ekiten dion proiektu estrategikoa da. Ekimenak, tokiko merkataritzaren eskutik, Bilbori modaren epizentro gisa kokatzeko aukera emango dio desfileak, workshopak, talk-showak, tailer espezializatuak eta erakusketak barne hartzen dituen programazio oparoarekin.
-
Azaroaren 22an, arratsaldez, ohiko pasarela egingo da Euskalduna Bilbao Jauregian; berrikuntza gisa saltokientzako erakustoki berri bat izango da. Alberto Etxebarrieta moda diseinatzaile bilbotarrak, “SinPatron” ekimenaren sortzaileak, Modaren Bilbo Hiribildua VI. Saria jasoko du.
-
“Hirian ibilbidea duen proiektua da eta bultzatu egin nahi dugu, moda Bilboko motor ekonomiko, kultural eta sortzailea dela ospatuko duen eta sektore honen alde egingo duen ekitaldi bihurtzeko”, esan du Kontxi Claverrek, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak.
‘Bilbao Fashion Week 2025’ Modaren Astea gaur aurkeztu da, azaroaren 13tik 23ra bitartean modaren eta diseinuaren epizentroa izateko aukera emango duten jarduera eta berrikuntza guztiekin. “Tokiko modaren sektorea bultzatu nahi dugu, hiriko merkataritza dinamizatu eta Bilbok sormen-hiriburu moduan duen irudia proiektatu, astebetez baino gehiagoz hiria modaren munduari lotutako joeren, talentuaren eta esperientzien erakusleiho bihurtuz”, adierazi du Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, udaletxean bertan egin den aurkezpen-prentsaurrekoan. “Bilboko motor ekonomiko, kultural eta sortzaile gisa modaren alde egiten duen ekitaldia izango da”.
‘Bilbao Fashion Week’ hirian ibilbide luzea duen proiektua da eta edizio honetan, Bilbo Erdialdeko eta Alde Zaharreko merkatarien elkarteen esperientzia eta sinergiak baliatuz, bide berri bati ekingo dio etorkizunean ere aktiboki inplikatuta jarraituko duen hiriko merkatarien elkarteen ehunaren eskutik. “Ez gara hutsetik abiatu; proiektu finkatua da, ibilbide esanguratsua duena. Bilboko Udalak ekimena indartu egin nahi du hiribilduan kalitatezko modari, tokiko merkataritzari eta diseinuaren sektoreari prestigioa emateko”, azpimarratu du Kontxi Claverrek. “Bilbo kalitatezko erosketa eta modarako erreferentziazko hiria izan da eta izaten jarraitu behar du”.
Aurreko urteetan egin den bezala ‘Bilbao Fashion Week’ urtean bitan (maiatzean eta azaroan) egiten jarraituko da, udaberri-udako eta udazken-neguko moda-denboraldiak estaltzeko, hurrenez hurren.
BERRIKUNTZAK DITUEN PROGRAMAZIO OPAROA
‘Bilbao Fashion Week’ ekimenaren bide berriak jarduera eta berrikuntza ugari biltzen ditu eta horien bidez Bilbo erosketa-hiri nagusi bihurtu nahi da. Era berean, ekimen honen xedea modaren, diseinuaren eta merkataritzaren sektoreko tokiko eragileak mobilizatzea da, trukerako, ikaskuntzarako eta hausnarketarako espazioak sortuz.Horretarako, aipatutako merkatarien elkarteez gain, ‘Bilbao Fashion Week 2025’ ekimenak Bilboko saltokien partaidetza ere badu, eta diseinuaren arloan goraka eta sendotzen ari diren profesionalen, modaren sektorean adituak diren pertsonen eta BIAAF (Bilbao International Art And Fashion) erakundearen lankidetza du.
Azaroaren 13tik 23ra bitarteko programazioak askotariko jarduerak biltzen ditu, hala nola desfileak, workshopak, talk showak, tailerrak, erakusketak eta hiri-ekintzak, ekimen osagarriekin eta laguntza espezializatu handiagoarekin:
- “Emozioak saltzen dituzten saltokiak” mahai-ingurua Plaza Biribileko Turismo Bulegoan (azaroaren 13an, 14:00etan): emozioen merkataritzari buruzko hausnarketak, produktua eta zerbitzua bezeroen interesera bideratuz; Serie B, Mal de Ojo eta Amma-ren eskutik.
- Diseinu bakarren erakusketa Bilboko dendetan (azaroaren 14tik 23ra): Bilboko bederatzi saltokiren erakusleihoetan (Veritas, Dock Bilbao, Mosel, Perfumería Erlai, Los encajeros, Amma, Gerardo, Ruiz de Ocenda eta Mercedes de Miguel) hamar egunez tokiko lau diseinatzaile gazteren (Asier Quintana, Marta Reparaz, Igone Cabrerizo, Janire Olano) sorkuntzak egongo dira ikusgai.
- “Más allá del diseño” Talk Showa Pangea-Indautxu lokalean (azaroaren 14an, 14:00etan): Javier Barroetak, Eder Aurrek eta Patirke Moránek modaren munduan elementu eraldatzaile gisa duten esperientzia aurkeztuko dute.
- “Vísteme de Bilbao” desfilea – Hiria eta Moda (azaroaren 15ean, 12:00etan): hiri-desfilea Funikular plazan eta Artxanda inguruan, hurrengo saltokien partaidetzarekin: Anna Montes, Juan Bilbao, Jajoan, Galeria 8360, Garzon, Falstaff, Barbour, El armario de Tater, 017 Store, Dock, New Lemon, Charlotte y Masquegorros, La tienda de Olga eta Javier Barroeta.
- Master Classa Zubiarte merkataritza-gunean (azaroaren 19an 14:00etan): bizi-ohitura osasuntsuak, kirola, ile-apainketa eta koktelgintza Pilar Arranz, Yolanda Aberasturi eta nutrizioan eta kirolean aditua den Roberto Gomezekin.
- “Moda eta Zinema” hitzaldia Plaza Biribileko Turismo Bulegoan (azaroaren 20an, 14:00etan): solasaldia jantzien diseinatzailea den Nerea Torrijosekin, 2021ean jantzien diseinu onenaren Goya saria irabazi zuena.
- Pasarela Euskalduna Jauregian (azaroaren 22an, 20:00etan): desfile nagusia, edizio honetako berrikuntza gisa hiriko kalitatezko saltokientzako erakusketa-espazio bat duena. Ekitaldi horretan “Bilbo Modaren Hiribildua” VI. Saria emango zaio Alberto Etxebarrieta moda diseinatzaile bilbotarrari, “SinPatron” ekimenaren sortzaileari.
** Jardueretara joan nahi duten pertsonak aldez aurretik erregistratu gabe joan ahal izango dira, edukiera bete arte, pasarelaren kasuan izan ezik, horretarako BilbaoCentro-ren bidez izena eman beharko baitute.
Horrela ‘Bilbao Fashion Week’ Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, merkatarien elkarteekin lankidetzan, sustatutako hiri-proiektu estrategiko gisa sendotzen da. Asmo handiko ekimena da, norabide berriari ekiten diona eta Bilboko tokiko merkataritzaren eskutik modaren sektorea bultzatzea eta 2026an arlo horretan erreferente bihurtzea helburu izango duena.
SARE SOZIALAK:




