Irailak 10
-
Belgikako Kortrijk eskualdeko zenbait enpresa, erakunde publiko eta hezkuntza-zentroetako hogeita hamar ordezkarik osatzen dute Bilbo bisitatuko duen delegazioa. Haien helburua: diseinuaren eta berrikuntzaren arloan Bilbo erreferentziazko hiri gisa izendatzea
-
Kortrijk-en antzera, UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarearen baitan dago Bilbo, eta garapenaren eragile gisa sormena eta diseinuaren sektorea sustatzeko apustu argia du
Gaur asteazkena eta etzi ostirala bitarte, Bilbok Kortrijk eskualdetik (Belgika) iritsitako delegazio baten bisita jasoko du. Delegazioa enpresetako, start-upetako, hezkuntza- zentroetako, unibertsitateetako eta erakunde publikoetako hogeita hamar ordezkarik osatzen dute. Kortrijk Bilborekin batera UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarearen baitan diseinu kategorian dago. Bi hiriek diseinuaren eta sormenaren aldeko apustua egin dute, garapen estrategia baten baitan giro parte-hartzaile eta jasangarri batean bizi-kalitate hobea sustatzeko.
Hiru eguneko bisita horren helburua Belgikako hiri horretako ordezkariak inspiratzea izango da, haien eremu profesionaletan berritzaileagoak eta sortzaileagoak izan daitezen. Era berean, Bilboko sormen-ekosistema ezagutzeko aukera izango dute, bi aldeen artean egon daitezkeen elkarlanerako bideak topatzeko helburuarekin.
Egonaldian zehar, diseinura, sormenera eta berrikuntzara bideratutako zenbait erakunde eta espazio bisitatutako dituzte, besteak beste, IED Kunsthal Bilbao eta AS Fabrik Bilbao. Gainera, kultur jarduerak ere antolatu dituzte, hala nola Azkuna Zentrora asteazken arratsalde honetan egingo duten bisita gidatua.
Kortrijk-ek Bilbo hautatu du diseinuaren sektorearen alde apustua egiten duen ereduzko helmuga gisa, tokiko profesionalei ikusgarritasuna ematen dielako eta nazioarteko proiekzioa duten lankidetza-ekimenen garapena sustatzen duelako. Horren adibide dira, besteak beste, lehenbizikoz If Design Student Awards sariak Alemaniatik kanpo antolatu izana, Bilbao Bizkaia Design Week proiektua edota 5X5 Bilbao programa abian jarri izana, zeinak lehenengo aldiz hiriko euskal enpresak diseinuaren profesionalekin harremanetan jarri dituen, ETEen erronka errealentzako soluzio berritzaileak garatzeko.
Designregio Kortrijk da aipatu dugun 5X5 Bilbao programaren erakunde kolaboratzaile eta sustatzailea. Haien eskutik etorri da baita ere Bilbora antolatutako bidaia. Izan ere, Bilbao Ekintzaren bidez, lankidetza aktiboa daukate Bilboko Udalarekin. Haien xedea honako hau da: Belgikako eskualde horretako sormen-talentua batzea, sarean lan egin eta sormena eta berrikuntza sustatzeko. Zertarako? Eskualde sortzaileago, berritzaileago eta ekintzaileago bat eraikitzeko.
SARE SOZIALAK
