Bilbok Kobetamendiko karabanen eta autokarabanen eremua berritu du, zerbitzu guztietarako sarbidea ematen duen instalazio berri bat gehituta

Maiatzak 30

  • Eremu horrek Bilbao Caravan Park izena hartuko du, eta erreferentziazko espazioa izango da hiria eta haren inguruak karabanaz edo autokarabanaz bisitatzen dituztenentzat.

  • Aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean, 6.525 ibilgailuk (14.194 bidaiari) erabili dute eremua, eta birmoldaketaren bidez erabiltzaileen behar guztiei erantzun nahi zaie.

Bilboko Udalak instalazio berri bat gehitu dio Kobetamendiko karabanen eta autokarabanen eremuari. Ekipamendu berriak azken urteetan erregistratutako erabiltzaile kopuruaren hazkunde nabarmenari erantzuten dio. Horrela, espazio hori erreferentzia bat izango da Bilbora edo inguruetara karabanaz edo autokarabanaz bisitan datozenentzat.

Eremuan (hemendik aurrera Bilbao Caravan Park izena hartuko du) egindako hobekuntzen artean, eremuko zerbitzu guztietarako sarbidea emango duen azpiegitura nagusi berria sortzeaz gain, instalazio zaharraren eraldaketa nabarmendu behar da. Aurrerantzean, erabiltzaileen aisialdirako eta topaketarako gunea izango da.

Bilbao Caravan Park Kobeta mendian dago (Kobeta 31), hiriaren ikuspegi ezin hobeak ditu eta oso ondo konektatuta dago garraio publikoaren bidez. 72 partzela ditu. Konexio elektrikoa eta edateko uraren hartunea dituzte guztiek.

Esku-hartze honekin, Bilboko Udalak kalitatezko turismo jasangarriaren aldeko apustua indartzen du, karabanan edo autokarabanan bidaiatzen dutenen egungo beharretara eta zifretara egokitutako ingurune eroso eta irisgarria eskainiz.

2024an zehar, guztira 19.848 ibilgailuk (44.977 bidaiari) gozatu zuten eremuaz. Maiatza (4.805 erabiltzaile) eta abuztua (6.365 bidaiari) izan ziren jendetsuenak.  2025eko urtarriletik maiatzera bitartean, 6.525 ibilgailu egon dira espazio honetan, guztira 14.194 pertsona.

Erabiltzaileen jatorria kontuan hartuta, Europan gehien errepikatzen diren herrialdeak Alemania, Herbehereak, Frantzia eta Erresuma Batua dira 2024ko datuetan eta 2025ekoetan (oraingoz).  Adibidez, 2025eko apirilean, Alemaniatik etorritako 1.224 pertsona, Frantziatik etorritako 734 pertsona, Herbeheretatik etorritako 610 pertsona eta Erresuma Batutik etorritako 224 pertsona igaro ziren Bilbao Caravan ParketikBelgika, Irlanda, Italia, Suitza, Austria, Belgika edo Finlandia bezalako herrialdeak ahaztu gabe, herrialde horiek azken hilabeteetako erabiltzaileen artean ere errepikatzen baitira.

2025eko lehen bost hilabeteetan instalazio hauetatik igaro diren 210 ibilgailu EAEkoak izan dira, eta 99 Nafarroakoak. Estatu mailan, nahiz eta zifrak hilabetez hilabete aldatu, Katalunia, Asturias, Balearrak, Madril, Valentziako Erkidegoa eta Andaluzia dira 2025eko urtarriletik maiatzera bitartean presentzia handiena izan duten erkidegoak.

Jatorrien aniztasunak –bai Europakoak bai Estatukoak– argi eta garbi erakusten du Bilbao Caravan Park turisten profil oso anitza hartzen duen eremua dela urte osoan, eta behar eta itxaropen desberdinei erantzun egokia ematen diela. Erantzun horren helburua zerbitzuak hobetzea da, azpiegitura berria sartuz eta instalazio zaharra birmoldatuz.

SARE SOZIALAK: