Bilbaolan enplegu foroak zazpi gizarte eta hezkuntza erakundetako ikasleak enpresekin konektatu ditu lehen aldiz, gazteen laneratzean laguntzeko

Ekainak 10

  • BilbaoLan Enplegu Foroaren lehen edizioa Udalak antolatu du eta prestakuntza lantzen duten zazpi gizarte- eta hezkuntza-erakundetako ikasleen eta Bilboko eta Bizkaiko enpresa-sarearen arteko topagunea izan da.

  • “Prestakuntza, laneratzea eta enpresak lotuz” lelopean, foroak 200 pertsona baino gehiago bildu ditu Zabalguneko eraikinean ikasleen, gizarte-erakundeen eta enpresen artean, eta aurrekaririk gabeko azoka bat ezarri du lan-merkatu bidezkoagoa eta askotarikoagoa sustatzeko.

  • Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak hauxe adierazi du inaugurazio-ekitaldian: “Gure asmoa da enpresek gizarte-erakundeak erreferentetzat izatea kontratazioetan pentsatzen dutenean. Udalak talentu askotarikoaren eta zailtasun handiagoak dauzkaten kolektiboen laneratzearen alde egiten duen apustua da”.

Bilbon egin da lehen aldiz BilbaoLan, “Prestakuntza, laneratzea eta enpresak lotuz” lelopean gaur Zabalguneko eraikinean egin den Enplegu Foroa. Foro horren helburua da KONEXIO-GUNE bat sortzea eta prestakuntzan eta laneratzean espezializatutako ZAZPI GIZARTE ETA HEZKUNTZA ERAKUNDETAKO IKASLEAK eta Bilboko eta Bizkaiko 19 ENPRESAREKIN HARREMANETAN JARTZEA, horrela ENPLEGAGARRITASUNA, laneratzea eta lankidetza sustatzeko.

Alde batetik, Gaztaroa Sartu, Peñascal S Coop., Adsis Fundazioa, SSI Taldea, Claret Sozial Fondoa Fundazioa, Koopera eta Otxarkoagako Lanbide Eskolako ehun ikasle baino gehiagok aukera izan dute aurrez aurreko harremana izateko 20 enpresarekin, curriculumaz harago:

  • Enpresa horietan praktikak egiteko eta lan-kontratuak izateko aukerak zuzenean ezagutzea; tokiko lan-merkatuaren benetako premiei buruzko informazio eguneratua lortzea, eta enplegua lortzeko oztopoak gainditzeko laguntza espezializatua jasotzea. Oinarrizko eta erdi-mailako lanbide-heziketako ikasleak eta 1. eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria daukaten ikasleak dira.

Bestalde, BilbaoLanek zazpi gizarte- eta hezkuntza-erakunde horiei aukera eman die eskaintzen dituzten gaikuntza- eta laguntza-programak ezagutarazteko eta, hala, hautagaien eta enpresa-sareko kontratazio-arduradunen arteko zuzeneko harremana erraztu du. Halaber, Enplegu Foroak prestakuntza-erakundeen eta enpresa kontratatzaileen arteko lankidetza-akordioak sustatu ditu.

Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak, hauxe nabarmendu du irekiera-ekitaldian: normalean zailtasun gehiago izaten dituzten ikasleak laneratzearen alde Udalak egiten duen apustuaren adibide argia da azoka hau. Gure enpresek balio handiko profesionalen harrobi baten aldeko konpromisoa har dezaten bilatzen dugu, askotariko talentua sustatzeko helburuarekin. Topaketa horri esker ikasleak modu zuzenagoan irits daitezke enpresetara eta, horrela, enpresa-sareak kontratazioetan pentsatzen duenean gizarte- eta hezkuntza-erakundeak erreferentetzat hartzea nahi dugu”.

Kontxi Claverrek azpimarratu duenez, “talentua ez dago soilik goi-mailako prestakuntzari lotuta eta kontuan izan behar dugu lanbide-heziketak eta profesionaltasun-ziurtagiriek gaitasun handiko profilak eskaintzen dituztela, lan-merkatuaren benetako beharretara egokitutakoak”.

ONURAK IKASLEENTZAT, ERAKUNDEENTZAT ETA ENPRESENTZAT

Irekiera-ekitaldian, parte hartu duten zazpi gizarte- eta hezkuntza-erakundeek egindako jardueraren aurkezpen laburra egin da eta, horren ondoren, ikasleek networkinga egin ahal izan dute, enpresa parte-hartzaileen erakustokiak aztertuz.

BilbaoLaneko jarduera-sektoreak askotarikoak izan dira eta, beraz, ikasleek harreman espezifikoak egin ahal izan dituzte beren ikasketa eta profil zehatzekin lotuta. Gaur egungo lan-merkatuan asko eskatzen diren sektoreak dira:

  • Elektrizitatea eta elektronika, informatika eta komunikazioak; soldadura, galdaragintza eta mekanizazioa; arreta soziosanitarioa eta zainketak; garbiketa; biltegia eta logistika; merkataritza eta marketina; klimatizazio-instalazioak; ostalaritza eta gastronomia; elikagaien industria.

PARTE HARTU DUTEN ENPRESAK

FVEM (Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioa), Leroy Merlin, Grupo Eulen, Grupo SSI, Koopera, Primark, Adecco, Build:Inn (Basque Construction Cluster), AMICYF, QIDA (Caring Well), Aramark, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Coindata, Erabi, Parte Servicios de Gestión, Giroa, Cimentaciones Abando,  ZAINTZEN, Estudios eta Construcciones Recalde eta Instalatzaile Elektrikoen Enpresa Elkartea izan dira azoka honetara joan direnak Bilboko gizarte- eta hezkuntza-erakundeen programak eta talentua bertatik bertara ezagutzeko eta beren lanpostuetarako hautagaiak zuzenean ezagutzeko.

BilbaoLanen lehen edizio hau Bilboko Udalak zailtasun bereziak dituzten kolektiboak laneratzearen alde egin duen apustuaren parte da, inor atzean utzi gabe, Nazio Batuen 2030 Agendarekin, Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Bilboko Balioen Agiriarekin lerrokatuta.

Bilbao Ekintza udal-sozietateko profesionalen taldearen bidez egin da. Enplegu-foro horrek Bilbok laneratzearen eremuan eredu inklusibo eta jasangarriarekin daukan konpromiso soziala indartzen du,  zailtasun handienak dituzten kolektiboen enplegagarritasuna eta garapen profesionala sustatuz eta lan-merkatu bidezkoagoa eta askotarikoagoa bultzatuz.

Zinegotziak azaldu duenez, “BilbaoLan hau amaitzean gazte horietako askok beren lehen enplegua aurkitzea nahiko nuke, ikasle horientzat zein enpresa kontratatzaileentzat lan-ikuspegi egonkor batekin”.

SARE SOZIALAK: