Urtarrila 15
- 1.301.554 turistak bisitatu dute Bilbo 2025eko urtarrila eta azaroa bitartean, 2024ko aldi berean baino % 13,1 gehiagok, eta guztira 2.543.364 gaualdi izan dira Bilbon.
- Nazioarteko turismoa % 14 hazi da urte batetik bestera 2024. urtearekin alderatuta; turisten % 52,7 nazioarteko merkatuetatik etorri dira, Estatutik baino gehiago, eta hala, 2025. urterako proposatutako helburuetako bat lortu da.
- Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotzia: “2025eko datuek babestu egiten dute ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik turismo iraunkorra lortzeko gure estrategia. Abenduko zifren faltan, balantzea positiboa da berriro ere, eta agerian geratu du turismoaren sektorea modu orekatuan hazten ari dela hirian”.
- 2026rako jarduera-ildoen helburua da Bilbo harekin airez konektatuta dauden hiri nagusien artean egotea. Era berean, sustapen handiko urtea izango da aire-konexio berriak dituzten herrialdeetan, hala nola Polonian, Hungarian edo Estatu Batuetan, Bilborako gehien igortzen duten Europako merkatuak ahaztu gabe, hala nola Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Portugal, Austria edo Herbehereak.
Bilbo nazioarteko erreferentziazko hiri-helmuga gisa finkatu da 2025ean turismoaren sektorean, Atlantikoko eta Penintsulako iparraldeko hirien artean, batez ere, Europako merkatu berriak sustatzeko estrategiari eta nazioarteko aire-konexio berriei esker.
2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean bildutako datuetatik lortutako aurrerapen orokorrak erakusten du turismoa hazten ari dela, bai bidaiarien sarrerari dagokionez, bai hirian igarotako gauen kopuruari dagokionez: 1.301.554 turista izan dira Bilbon 2025eko urtarriletik azarora bitartean, eta guztira 2.543.364 gaualdi, 2024ko aldi berean baino % 13,1 eta % 11,1 gehiago, hurrenez hurren.
BIDAIARIEN SARRERAK ETA JATORRIAK
- Nazioarteko bidaiariak % 14 gehitu dira eta Espainiako Estatutik etorritakoak % 12,1.
- Nazioarteko turisten kopurua Estatukoa baino handiagoa da bigarren urtez jarraian.
2025eko urtarriletik azarora bitartean hiriko establezimenduetan ostatu hartu duten bidaiarien % 52,7 atzerritarrak izan dira, eta % 14ko hazkundea izan dute iazko aldi beraren aldean. Bitartean, Estatuko turismoa bisitarien % 47,3 izan da, eta igoera pixka bat txikiagoa da iazkoaren aldean, zehazki % 12,1ekoa.
Zifra horiek hiriaren estrategiari lotuta daude; nazioarteko turista gehiagok hazkunde orekatuagoa eta iraunkorragoa dakarkio Bilbori, bertan emandako batez besteko egonaldia handitu egiten baita, turistak egonaldian egiten duen gastu-maila handitu egiten baita eta urtarokotasuna galtzen laguntzen baitu; hau da, egutegiko opor-hilabeteetan hirian presentzia hain handia ez izatea lortzen da.
Nazioarteko jatorriei dagokienez, Frantzia dago lehen tokian; Erresuma Batuak hazkunde handia du eta bigarren postuan dago sailkapenean, nazioarteko kirol ekitaldiengatik, hala nola San Mamesen ospatutako UEFA Europa Leagueko Finalagatik. Era berean, Estatu Batuetako merkatua pixkanaka hazten ari da, Alemaniako merkatuaren gainetik, New Yorkekiko aireko konexio berriari esker, hain zuzen ere 2025ean inauguratu baitzen.
Estatuko turistei dagokienez, Madril eta Katalunia dira Bilborako autonomia-erkidego igorle nagusiak; Andaluzia ere hazten ari da pixkanaka, Andaluziako hiriburu nagusiekin, Sevillarekin eta Malagarekin, aireko konexioak hobetu direlako.
OKUPAZIO MAILAREN HOBEKUNTZA: HIRIARENTZAT, ENPLEGUARENTZAT ETA ENPRESENTZAT ERRENTAGARRIAGOA DEN TURISMOA
2025. urteko turismo-jardueraren hazkundeak berekin ekarri du ostatu-sektoreko turismo-enpresen jarduera ekonomikoa hobetzea ere. Okupazio mailak gorantz jarraitzen du: Bilboko hotelek % 63,4ko batez besteko okupazioa izan dute 2025eko urtarriletik azarora bitartean, hau da, ehuneko 1,4 puntuko igoera izan dute 2024ko aldi beraren aldean. Apartamentuen kasuan, batez besteko okupazioa % 44,4koa izan da, hau ere 1,4 puntuko hazkundearekin 2024aren aldean.
Gainera, Bilboko hoteletan gela erabilgarri bakoitzeko batez besteko errentagarritasuna 93,8 eurokoa izan da, aurreko urtean baino % 3,8 handiagoa.
Hazkunde iraunkorreko joera horrek, 2025ean, Bilbok helmuga turistiko gisa duen proiekzioa indartzeaz gain, eragin positiboa sortzen du tokiko ekonomian eta enpleguan. DIRAEn argitaratutako azken datuaren arabera, Bilboko ostatuaren sektoreko enpleguak % 7,7ko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean, guztira 1.871 enplegu lortuz, orain arteko zifrarik altuena.
Bilbok Bizkaiko establezimenduetan ostatu hartutako bisitarien % 70 bildu ditu 2025ean. Bilbo ardatz atlantikoaren nazioarteko erreferente gisa kokatzen da, bakarra bere nortasun propioagatik, aniztasunagatik eta eraldatzeko gaitasunagatik.
2026RAKO APUSTU ESTRATEGIKOAK
2026rako lan-ildoen helburua da Bilbo harekin airez konektatuta dauden hiri nagusien artean dagoela bermatzea. 2025. urtearen amaierarako Bilbo Europarekin eta munduarekin oso lotuta dagoen hiria izan da: 25 hegazkin-konpainiak Bilbo 24 herrialdetako 54 hirirekin lotzen dute gaur egun, merkatu berrietara irekitzeko aukera eskainiz, eta, horrela, Bilbo nazioarteko hiri-helmuga oso erakargarria eta irisgarria bihurtuz. Ildo horretan, Bilboko aireportuak % 4,2ko igoerarekin itxi du 2025. urtea, aurreko urtearekin alderatuta, eta 7.062.681 bidaiari izatera iritsi da; kopuru absolutuetan, 2024an baino 285.036 bidaiari gehiago izan dira, eta seriea hasi zenetik urteko daturik onena da.
Bestalde, Portugal, Alemania, Austria, Frantzia edo Norvegiako merkatuetan egiten diren sektoreko azoka nagusiak hiriko marketin eta sustapen arloan landuko dira; Turespañaren eskutik egingo diren ekitaldiekin batera, hala nola Ipar Amerikako eta Kanadako merkatuari buruzkoa edo Turkiako merkatuari buruzkoa, baita Basquetourrek (Turismoaren Euskal Agentziak) egiten dituen ekitaldiak ere.
Hiriko turismo-jardueraren kudeaketa orekatuaren esparruan, informazio-bulegoetako arreta-zerbitzuen kalitatean eta Turismo Helmuga Adimendunaren sisteman lan egiten jarraituko da. Sistema horren arabera, Bilbo da herritarrentzat eta bisitarientzat helmuga behar bezala kudeatzen duen erreferentzia-lekua: kalitate- eta arreta-ziurtagiriak berritzen lan egingo da, bai eta gidak artatzeko eta hiri barruko mugikortasunerako jardunbide egokiak lantzen ere.
‘Match Bilbao-Bizkaia ekitaldiaren hirugarren edizioa
Europako ekialdeko hiriak eta Baltikoko Errepublikak izango dira hautatutako merkatu nagusiak ‘Match Bilbao-Bizkaia’ alderantzizko turismo-sustapeneko ekitaldiaren hirugarren edizioa egiteko hautatutako merkatu nagusiak. Ekitaldi hori Bilbon egingo da urrian, eta merkatu horietako turismo-enpresak eta gure hiriko enpresak elkarrekin biltzera eta helmuga ezagutzeko bisita batera gonbidatuko ditu.
SARE SOZIALAK:
