Otsailak 3
- Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak bat egin du Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenaren seigarren edizioarekin.
- Gaurtik otsailaren 11ra arte, hiriko 50 saltokik erakusleihoak ilustrazioz eta informazioz jantziko dituzte, emakumezko zientzialari bat omentzeko eta emakumeek zientzia eta teknologiaren arloan egiten duten lana herritarren artean ezagutarazteko.
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri dute abian udalerriko 50 establezimendutan. Ekimenaren seigarren edizio hori gaurtik, otsailaren 2tik, otsailaren 11ra bitartean egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Hala, Bilbok bat egingo du otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin.
Bilboko 50 establezimenduetako bakoitzak bere erakusleihoa eskainiko dio zientzialari baten lanari; horretarako, gaurtik aurrera, emakumezko zientzialari baten lanari buruzko informazioa duten irudiak eta kartelak jartzen hasiko dira establezimenduetan, eta haren ikerketan inspiratutako irudiekin apainduko dituzte dendak. Modu horretan, saltzaileak 12 zientzialari horien lanaren eta bizitzaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta emakumeek zientziari egindako ekarpena herritarrei helarazten lagunduko dute.
Erakusleiho horietako dekorazioez gozatzeaz gain, Bilboko herritarrek 12 zientzialari horiei buruzko ginkana publiko batean ere parte hartu ahal izango dute: erakusleihoetako karteletan agertuko den QR kode baten bidez, ginkana osatu ahal izango dute emakumezko zientzialariei buruzko galderei online erantzunez.
“Otsailaren 11 erakusleihoak” Elhuyarrek Bizilabe proiektuaren baitan duela sei urte sortutako ekimena da, gazteentzako diseinatutako aisialdiko jarduera zientifiko-teknologikoen barruan.
STEAM hezkuntzaren bidez, Elhuyarrek gai zientifiko eta teknologikoetan parte hartzera animatzen ditu neskak urte osoan zehar, horretarako, emakume zientzialarien lana ikusarazten du eta lan horren garrantzia azpimarratzeko proiektuak egiten ditu, erreferenteak sortzeko eta beren ikerketa-lanak gazteei hurbiltzeko asmoz. Horrela, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera eskaintzen zaie gazteei, ideia faltsuak eta estereotipoak alde batera uzteko.
Omendutako emakumeei buruzko istorioak eta ilustrazioak webgune honetan daude eskuragarri.
“Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartu duten Bilboko 50 saltokiak:
A2m Gabinete de fisioterapia, Alberto Valencia Fotografía, Anna Pan y Café, Atelier Olga Yrazu, Autoservicio Álvaro, Banfi estanco 94, Bar Patxo, Bilbokomunik2, Cerrajería Wilma, Centro de estética Tania Lorenzo, Ck estilistas, Clínica dental Bilbo Latina, Dietética y masajes Ponin, EHUdenda, Entrefocos, Farmacia Arantza Madariaga Pérez, Farmacia Feo Onzain, Farmacia Inma Olabarrieta Ibarrondo, Farmacia M.A. Linaza Peña, Farmacia Miren Gallastegui Ispizua, Farmacia Sofía Mendizabal – Katia Minteguia, Farmacia Villasante, Farmacia Zubiri Zuaznabar, Ferretería Rekalde, F2 informática, Glass Art studio, Geuria Merkatua, Informática Zorrotza.com, Kumon Indautxu, Lagun Onak, Libertad Avenue, Librería Etxean, Librería Garza, Nahiarte, Occident Seguros – Agencia Iker Alonso, Óptica Ilarte, Optikari, Pedro Salcedo, Podología Ana Gutiérrez, Psikolan, Punto y seguido, Resukare estética, Soik Centro de día, Sopa de sapo, Terai cosmética, The skin by cirugía plástica Bilbao, Tonific, Txibirita herbodietética, Uribarri Fisioterapia eta Yesser decoración.
OMENDUTAKO 12 EMAKUME ZIENTZIALARIAK:
Aurtengo edizioan zientzialari hauek omenduko dira:
- Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
- Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatikako ingeniaria
- Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Farmazialaria eta aktibista
- Marie Anne Gillan Boivin (Versalles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta asmatzailea
- Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria.
- Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Ingeniari kimikoa
- Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa
- Ruby Payne-Scott (Graftib, Australia, 1912-1981). Fisikaria
- Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria
- Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta antropologoa
- Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Sendagilea
- Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa
SARE SOZIALAK: