BIME Bilbao 2025-ek bere ediziorik ausartenaren programazioa aurkeztu du

Urriak 10

  • BIME urriaren 28tik 31ra izango da Bilbon. Ekimenaren hamahirugarren edizioa aire zabaleko jardunaldi handi batekin amaituko da, hilaren 31n, Villano Antillano (PR), Delaporte (ES), Silitia (ES), Flaca (AR/ES) eta Ruptura (ES) artisten emanaldiekin. Hitzordu ireki hau BIME Live topaketako programazioaren parte da, eta Bilboko Udalaren babesa du.

  • BIME Prok musikaren eta kulturaren industriako figura eta eragile erabakigarri gehiago gaineratu dizkio Bilboko Euskalduna jauregian egingo den programazio profesionalari: Europako Batzordea, Live Nation, Billboard, Virgin Music, HISPA, Radio 3, The Orchard, Emerge, DAZN, Marvel Studios, PlayStation, LALIGA, TicketSwap eta Carrillo Asesores, besteak beste.

  • BIMEk programazio profesionalaren ateak irekiko dizkio publiko orokorrari, eta sarrera libreko bi jarduera eskainiko ditu: elkarrizketa bat Fito Cabralesekin, eta OMARA: Cuba’s Legendary Diva dokumentalaren aurkezpena Espainian.

BIME, musika-industria iberoamerikarraren erreferentziazko topaketa, nazioarteko laugarren ekitaldirik garrantzitsuena da dagoeneko sektorean, eta gaur bertan jakinarazi ditu Pro eta Live programazioen azken xehetasunak. Urriaren 28tik 31ra izango da aurtengo hitzordua Bilbon, eta hamahirugarren edizioa oso berezia izatea aurreikusten du.

BIME LiveBIMEren showcase- eta kontzertu-jaialdia, finkaturik dago jada nazioarteko proiekzioa duen musika-talentuaren plataforma nagusi gisa, eta zuzeneko musika-agertokien zirkuitu handi bihurtuko du beste behin ere Bizkaiko hiriburua. Urriaren 28tik 30era, Kafe Antzokia, Crystal, Stage Live, Dock, Bilborock, La Ribera, BBK Aretoa eta Cotton Club aretoek hirurogeita hamar showcase baino gehiago hartuko dituzte; hau da, iraupen laburreko kontzertuak, bereziki pentsatuak artistek beren errepertorioko onena ezagutaraz dezaten.

Profesional egiaztatuak eta publiko orokorra libre sartu ahal izango dira (edukiera mugatuarekin eta BIME Pro programan akreditatutako parte-hartzaileentzako lehentasunarekin), eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte unean uneko musika-proposamen abangoardistenak. Irailean jakinarazitako kartelean izen gehiago ere ezagutarazi dituzte: Cariño (ES) hirukote madrildarra, estatuko popa iraultzen duena freskotasun, lotsagabekeria eta punk espirituarekin; Junior Zamora (CO) abeslaria eta konpositorea, afrobeat latinoaren ordezkari handienetako bat; Laaza (ES), pop alternatiboa, jota eta elektronika minimalista modu bereizgarrian fusionatzen dituen artista; eta Dollar Selmouni (ES) mallorcarraren ahots goxoa, bere soul, flamenko eta rap melodikoaren ukituekin.

BIME Live jaialdiak, gainera, programazio bereziak izango ditu, eta musika-industriako enpresa eta erakunde erabakigarriek beren talentuaren onena aurkeztuko dute. Asteartean (urriak 28), Espainiako Artista Interpretatzaile eta Exekutatzaileen Elkartearen (AIE) txanda izango da BBK Aretoan. Horretaz gainera, Universal Music izango da Stage Live aretoan, ICEX-Sounds from Spain Crystal aretoan, eta Kolonbiako Kultura, Arte eta Jakintzen Ministerioa La Riberan. Asteazkenean (hilak 29), BIME Livek Mondo Sonororen Demoscópica ekimena hartuko du. Edizio berezi hori BIME topaketarekin lankidetzan eta Johnnie Walker-en laguntzarekin egina da, eta zenbait banda berri eramango ditu Kafe Antzokiko agertokira, hala nola La Milagrosa (ES)airu (ES) eta aurreko egunetan iragarriko den beste talde sorpresa bat. Gau horretan bertan, beste musika-proposamen batzuk ere aurkeztuko dira: Thomann Bilborocken, Interscope Crystal aretoan, Emerge La Riberan eta BASQUE. MUSIC. Stage Live aretoan; ostegunean (hilak 30), berriz, Altafonte izango da Crystalen.

Eragile horiez guztiez gainera, BIME Live ekimenak Bilboko Udalaren eta Cervezas San Miguel etxearen laguntza du, eta lankide ditu beste erakunde asko ere: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, INAEM (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala), Navarra Music Commission, Andaluziako Kultura Erakundeen Agentzia, Txile (MinCAP, ProChile eta Chilemúsicaren bidez), Murtziako Eskualdeko ICA, Catalan Arts, Argentina (Argentinako Musikaren Institutu Nazionalaren eta Argentinako Kanpo Harremanetarako, Nazioarteko Merkataritzako eta Kultuko Ministerioaren bidez), Institut d´Estudis Baleàrics, Extremadurako Junta, Bogotako Arteen Barruti Erakundea, Seitrack eta Walter Kolm Records.

BIMEK AIRE ZABALEKO AGERTOKI HANDI BATEKIN ITXIKO DU HAMAHIRUGARREN EDIZIOA

BIME Live ez da hor amaitzen. Zuzeneko musikaz urriaren 31n (ostirala) ere gozatu ahalko da, bi gune oso berezirekin: San Miguel agertokia eta San Miguel On Air agertokia, Uribitarte pasealekuan, Bilboko udaletxearen ondoan. Haietatik, estatuan eta nazioartean proiekzio handia duten artistak igaroko dira, hala nola Villano Antillano (PR), mugimendu urbano latino berriaren ahots boteretsuenetako bat eta dibertsitate eta askatasun sortzailearen erreferentzia, Delaporte (ES) elektronika eta popa uztartzen dituen bikote madrildarra, Espainiako eszenako proiektu sendoenetako bat eskaintzen duen zuzeneko emanaldiekin, Silitia (ES), Euskadiko pop alternatiboaren errebelazioa estilo fresko eta garaikidearekin, Flaca (ES/AR) DJ eta ekoizle argentinarra, elektronikan eta underground reggaetonaren alorrean duen moldagarritasunagatik aintzatetsia (bi urtez erretiratuta egon ondoren, agertokietara itzuliko da), eta Ruptura (ES), perkusio-modu berriak eta erritmo globalak ikuspegi berritzaile eta apurtzailearekin arakatzen dituen kolektiboa.

Hori horrela, BIME Live sendoturik dago jada guztientzako hiri-jaialdi gisa, eta demokratizatu egiten ditu musika eta kulturarako sarbidea Bilbo hiriaren bihotz-bihotzean. Bilboko musika-agenda urte osoan bizirik mantentzen duten areto eta lekuetan egiten da BIME, eta espazio horien lana indartzearen alde egiten du, hiriko kultura-eragile erabakigarriak diren heinean. Jaialdi honek, beraz, gonbidapen berezia egiten du soinu freskoak esploratzera, istorio berriak deskubritzera eta dagoeneko puri-purian dagoen eta etortzear dagoen musikaren emozioa bizitzera. Horretaz gainera, Music For All Fundazioarekin batera, BIMEk musika industria inklusiboagoa bultzatzen du, eta, horretarako, irisgarritasun-neurriak ezartzen ditu ekitaldietan: areto batzuetan zeinu-hizkuntzan interpretatuko da eta begizta magnetikoa duten txaleko bibrakor batzuk eskainiko dira, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek ere gozatu ahal izan dezaten esperientziaz.

BIME PRO. MUSIKA-INDUSTRIAREN ETORKIZUNA EZTABAIDAGAI BILBOKO EUSKALDUNA JAUREGIAN

Aldi berean, BIME Pro jaialdiaren agenda profesionalak nazioarteko 4.500 profesional baino gehiago elkartuko ditu urriaren 28tik 30era Bilboko Euskalduna jauregian. Guztien artean, hizpide izango dituzte musika-industriaren oraina eta etorkizuna, eskaintzen diren aukera berriak eta gaur egun sortzen ari diren merkatuak. Horren guztiaren helburua da Europaren eta Amerikaren arteko loturak eta trukeak indartzea. Orain arte jakinarazitako figura erabakigarri horietaz gainera, beste zenbait profesional ere izango dira: Normunds Popens, Europako Batzordeko Hezkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako zuzendari nagusia; Juicy BAE artista; Leila CoboBillboard etxeko zuzendari exekutiboa; Ana Gómez de Castro, PR eta RSC zuzendaria Live Nationen; Héctor de MiguelCadena SER irrati-kateko Hora Veintipico irratsaioko zuzendari eta aurkezlea; Antonio Casado, Marketin eta Erosketetako exekutibo seniorra DAZN etxean; Álvaro AlfonsoLALIGAko Komunikabideetako arduradun nazionala; Marisa Moya, Emerge etxeko zuzendaria; Marina SansThe Orchard etxeko Marketin Digitaleko eta Bideo Zerbitzuko zuzendaria penintsulan; Marwán musikari eta egilea; Pablo GilEl Mundo egunkariko kazetaria; Julio LeivaHISPA etxeko zuzendaria; eta Tinet RoviraGestmusic Banijay etxeko zuzendari nagusia.

Urriaren 29an, gainera, BIME Pro ekimenak herritarrei irekitako bi jarduera izango ditu Bilboko Euskalduna jauregian. Alde batetik, Fito Cabralesekin egingo duen topaketan, musikari bilbotarrak bere ibilbideari buruzko bizipenak, pasadizoak eta gogoetak partekatuko ditu, El monte de los aullidos disko berria argitaratu eta egun gutxira. Bestetik OMARA: Cuba’s Legendary Diva dokumentalaren estreinaldia izango da Espainian. Film horrek begirada intimo bat eskainiko du Omara Portuondo musika kubatarraren figurari buruz, eta, emanaldiaren ondotik, hitzaldi bat izango da Hugo Pérez zuzendariarekin, Jonathan Finegold musika-gainbegiralearekin eta Omara Portuondorekin berarekin, online esku hartuko baitu solasaldian. Jarduera horietara joan nahi duten guztiek esteka hauetan aurkituko dute informazio gehiago:

Fitorekin elkarrizketa: https://bimeforms.typeform.com/to/TwKNA22f

Dokumentala: OMARA: Cuba’s Legendary Diva: https://bimeforms.typeform.com/to/JlTSpE1F

Aurten, gainera, BIME Pro ekitaldiak programazioa zabaldu eta Musik & Pintxos espazioa eskainiko du. Topagune hori bertaratutako akreditatuen esperientzia aberasteko pentsatuta dago. Hala, showcase hautaketa zaindu batez gozatu ahal izango dute Johnnie Walker agertokian, Euskalduna jauregian bertan, bertako proposamen gastronomiko batekin lagunduta. Espazio hori urriaren 28an eta 29an irekiko da, eguerdian eta arratsaldean, eta leku ezin hobea izango da atsedenaldi bat egiteko, giro lasaian.

Amaitzeko, urriaren 30ean, BIMEk AUPA! aintzatespenen bigarren edizioko sariak banatzeko ekitaldia hartuko du. Errekonozimendu horien helburua ez da txalo-zaparrada bat eskaintzea bakarrik, baita musikaren industriako sormen lan ausart, arriskutsu edo altruistei toki egitea eta balioa ematea ere. 2024an funtsezko izen eta proiektuak aitortu ziren, hala nola Rosa Lagarrigue (ibilbidea), Sílvia Perez Cruz (artista), Industrial Copera (zuzeneko musika gunea), Vic (musikaren aldeko lurraldea) eta Music For All (urteko proiektua). Sariak banatzeko ekitaldia 12:15ean izango da Euskalduna jauregian, eta horrekin amaituko da BIMEren programazio profesionala.

BIME EKIMENARI BURUZ

BIME Europa eta Amerikaren arteko nazioartekotze-zubi handi gisa finkatu da. Urtero egiten dira edizioak Bilbon eta Bogotan, eta Iberoamerikako musikarako plataforma garrantzitsuenetako bat bilakatu da. Programazioa industriatik abiatuta eta industriara zuzenduta eraikita dago, eta sektoreko laugarren ekitaldirik garrantzitsuena izango da mundu zabalean. Hala, Atlantikoaren alde banatan eszenak, lurraldeak, profesionalak eta komunitate sortzaileak lotzen dituen sare aktibo bilakatu da. Baina BIME topaketa profesional bat baino askoz gehiago da: hausnarketa estrategikorako tokia ere bada, iparrorratz kolektibo bat, etortzear dagoena detektatzeko radar bat. Ikusirik gaur egungo munduan musika jada ez dela biratzen zentro bakar baten inguruan, eta, aldiz, errealitate ugaritan barrena hedatzen dela, BIME ezinbesteko lekua da dinamika berriak ulertzeko, erreferentziekin konektatzeko eta ekosistema musikal globalaren bilakaeraren parte izateko.

Zabaldu BIME ekimenari buruzko informazio guztia www.bime.org webgunean eta kanal digitaletan:

Instagram
Linkedin
TikTok

PRESSKITBIME

BIME Bilbao, 2025eko urriaren 28tik 31ra/ BIME Bogotá, 2026ko maiatza.