“Carne y Arena“ Alejandro G. Iñarritu mexikar zinemagilearen murgiltze-instalazioak nazioarteko bira berriari ekingo dio Bilbon martxoan

Otsailak 17

  • CARNE y ARENA»k errealitate birtualeko murgiltze esperientzia bat eskaintzen du, bisitari bakoitza mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta errefuxiatuek egindako bidaiaren zati baten erdian kokatzen duena. Bisitariak ez du migrazioa ikusten: zeharkatu egiten du.
  • Errealitate birtualaren instalazioa EITBren Bilboko egoitzako 5. platoan kokatuko da, eta martxoaren 11tik ekainaren 20ra egongo da zabalik. Sarrerak EITBren webgunean erosi ahal izango dira otsailaren 17tik (martitzena) aurrera.
  • Erakusketa Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Fundazioaren eta EITBren eskutik dator, aliantza publiko-pribatu bat egin baita, giza eskubideekiko, kulturarteko bizikidetzarekiko eta gizarte-kohesioarekiko konpromiso instituzionala sendotzen duena.

Alejandro González Iñarritu mexikar zinemagilearen “Carne y Arena” murgiltze-esperientziak Bilbon ekingo dio, martxoaren 11tik ekainaren 20ra bitartean eta EITBren egoitzako 5. platoan, nazioarteko bira berriari.

Esperientzia hori bizi ahal izateko sarrerak EITBren webgune ofizialean egongo dira salgai, otsailaren 17tik (martitzena) aurrera; zehazki, www.eitb.eus/carneyarena

Erakusketa hau erakunde hauen eskutik dator Bilbora: Bilboko UdalaBizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila, BBK Banku-fundazioa eta EITB. Erakusketa egiteko, aliantza publiko-pribatu bat egin da, giza eskubideekiko, kulturarteko bizikidetzarekiko eta gizarte-kohesioarekiko konpromiso instituzionala sendotzen duena.

“CARNE y ARENA” garatzen deneko esparru estrategikoa koherentea da Garapen Jasangarrirako HelburuekinBilbo Kulturarteko Hiria III. Planarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Planarekin.

EITB-REN BILBOKO EGOITZAN

CARNE y ARENA (Birtualki Presente, Fisikoki Ikusezin) errealitate birtualeko instalazio hori EITBren Bilboko egoitzako 5. platoa espazio berrian egongo da 2026ko martxoaren 11tik ekainaren 20ra arte. Instalazio hori Alejandro G. Iñárritu mexikar zinemagileak sortua da.

Beraz, murgiltze esperientzia honen nazioarteko bira berriaren abiapuntua izango da Bilbo. Legendaryk, Emmerson Collectivek, Fundacione Prada Phi Studiok eta 90_20k ekoitzi dute, eta Industrial Light & Magicekin batera garatutako eguneratze teknologiko bat txertatu zaio, bere potentzia sentsoriala indartzeko eta publikoaren harrera-baldintzak hobetzeko.

Proiektuak, gainera, Alejandro G. Iñarrituren parte-hartze aktiboa izango du, eta herritarrei, unibertsitate-eremuari eta industria zinematografikoari zuzendutako hitzaldi, elkarrizketa publiko eta topaketetan parte hartuko du, migrazioari eta bizikidetzari, eta arteari eta teknologiari buruzko gaiak jorratzeko.

Erakustaldiko hiru hilabeteetan, eztabaidak eta hausnarketarako espazioak programatuko dira, data esanguratsuekin batera, hala nola Arraza-diskriminazio mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunean (martxoaren 21a), Kultura Aniztasunaren Munduko Egunean (maiatzaren 21a) eta Errefuxiatuen Munduko Egunean (ekainaren 20a).

Baieztatutako lankidetzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Metro Bilbao; erakusketa osagarri bat egingo du martxoan eta apirilean Moyuako eta Santimamiko geltokietan.
  • ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea (Zurrumurruen aurkako euskal sarea); arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatuko ditu.
  • Bilbao Bizkaia Film Comission; ikus-entzunezkoen industriarekiko topaketa profesionalak eta jarduerak koordinatuko ditu, sortzaileekiko solasaldiak eta unibertsitateko eskola magistral bat bat barne.

MIGRAZIOARI ETA GIZA IZAERARI BURUZKO MURGILTZE-ESPERIENTZIA

2017an, Cannesko 70. Jaialdian estreinatu zen —lehiaketaren historian, lehenengo proiektua da errealitate birtualean aurkeztu dena—, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar® berezia eman zion urte horretan bertan, «esperientzia narratibo aparta» dela iritzita. CARNE y ARENAk murgiltze-zeharkaldi bat proposatzen du, bisitaria mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta iheslarien bidaiaren zati baten erdigunean jartzen duena.

Errealitate birtualeko sei minutu eta erdiz —guztira, hamabost minutu inguruko esperientzia batean—, ikuslearen eta historiako protagonistaren arteko mugak deseginez joaten dira. Bisitariak ez du migrazioa ikusten: zeharkatu egiten du. Oinez doa harearen gainean, bertatik bertara entzuten, sentitzen eta esperimentatzen du erbesterako bideari lotzen zaizkion pertsonen hauskortasuna eta duintasuna.

Iñárrituren hitzekin esanik, obra hau “enkoadraketaren diktadura apurtzeko” eta zuzeneko esperientzia bat ahalbidetzeko nahitik sortu zen, “migratzaileen oinekin ibiliz, haien azalaren azpian eta bihotzaren barruan”.

MIGRAZIO-MEMORIA ETA KORRESPONDENTZIA HISTORIKOA

Iñarrituk berak nabarmendu du zein egokia den instalazioa Bilbon jartzea, kontuan izanik “testuinguru globala, zeinean gorrotoaren diskurtsoa eta bestearekiko begiradaren erradikalizazioa areagotzen baitira“, eta, hain zuzen ere, “teknologia eta artea dira, ikuspegi humanista batetik eta esplorazio antropologiko batetik, ulermena sor dezaketenak, hura, azken batean, enpatia esateko beste modu bat baizik ez baita. Politikarik eta ideologiarik gabe, Carne y Arenak are garrantzi handiagoa hartzen du.”

Zuzendariaren ustez, bira Euskadin hastearen dimentsio sinbolikoa ukaezina da: “Euskadiren eta Mexikoren artean partekatutako historia horrek —familia-, kultura- eta politika-loturen bidez ehundu den historia horrek— eremu emankor bat sortzen du, obra honek oihartzuna eta pertenentzia-sentimendua izan dezan“.

Zuzendariak gogoratu du nolako elkartasuna erakutsi zien Mexikoko herriak Espainiako Gerra Zibilaren osteko euskal erbesteratuei, eta nola berak ere familia-loturak dituen Euskadirekin. Horrela, emozio-zubi bat zabaldu zuen komunitate bien artean.

Bizkaia eta Bilboko hiria erreferente dira migrazio-memoria sendoak eta erbestealdiari nahiz harrerari lotutako esperientzia historikoak markatutako gizarteen artean. Memoria partekatu horrek lotura sakona du CARNE y ARENA zeharkatzen duten balioekin: berdintasuna, giza duintasuna eta aniztasunarekiko errespetua. Eta lotura hori nazioarteko testuinguru batean egiten du.

Informazio praktikoa

Egunak: 2026ko martxoaren 11tik ekainaren 20ra arte
Lekua: 5. platoa. EITBren egoitza (Bilbo)
Sarrerak: otsailaren 17tik (martitzena), salgai, EITBren webgunean: www.eitb.eus/carneyarena
Prezioa: 10 € + kudeaketa-kostuak (1,21 €)

SARE SOZIALAK:

BILBOKO UDALA:

BILBO, KULTURARTEKO HIRIA

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

BBK Banku-fundazioa

EITB

LAGUNTZAILEEN Sare Sozialak

ZAS

METRO BILBAO