Azaroak 17
-
Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak, azaroaren 23ra arte diseinu bereziekin apaindutako erakusleihoak ikusgai izango dituzten bederatzi saltokiak bisitatu ditu, hain zuzen ere Asier Quintana, Igone Cabrerizo, Kim Yeonghyeon eta Marta Reparaz diseinatzaile gazteek sortutakoak.
-
‘Bilbo soinean’ desfilea bihar bertan, azaroaren 15ean, egingo da 12:00etan, Funikularreko plazan eta Artxandan; halaber, edizio honetako bete-beteko programazioaren baitan beste zenbait jarduera izango dira, hala nola bizimodu osasungarria izateko ohituren, ile-apainketaren eta koktelgintzaren inguruko master class bat eta modari eta zinemari buruzko hitzaldi bat.
-
‘Bilbao Fashion Week’ asteak bide berri bati ekin dio aurten Bilboko Udalaren proiektu estrategiko gisa; edizio honetan, BilbaoCentroren eskutik, modaren aldeko apustua egingo da, hiriaren motor ekonomiko, kultural eta sortzailea izan dadin.
Bilbao Fashion Week 2025 astea dagoeneko hasi da, eta hiriko hainbat espaziotan egingo diren jarduerez betetako programazioa eskainiko du. Horiek horrela, Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak, azaroaren 23ra arte diseinu bereziekin apaindutako erakusleihoak ikusgai izango dituzten bederatzi saltokiak bisitatu ditu gaur goizean, hain zuzen ere Asier Quintana, Igone Cabrerizo, Kim Yeonghyeon eta Marta Reparaz diseinatzaile gazteek sortutako identitate propiodun bildumen parte direnak.
Veritas, Dock Bilbao, Mosel, Perfumería Erlai, Los encajeros, Amma, Gerardo, Ruiz de Ocenda eta Mercedes de Miguel saltokiek hamar egunez erakusleihoetan ikusgai izango dituzte lau diseinatzaile gazteen sorkuntzak, BIAAFek (Bilbao International Art & Fashion) hautatutakoak. “Bilbao Fashion Week astearen baitan egingo den erakusketa honek tokiko markak eta diseinatzaile gazteak ezagutaraztea du helburu, hirian sormen-sinergiak sortzeko eta modaren diseinua Bilboren aldaketa-motor gisa kokatzeko”, esan du Kontxi Claverrek, BilbaoCentroren eta BIAFFen ordezkariekin batera ibilbidea egin duenak.
Asier Quintanak, Marta Reparazek, Igone Cabrerizok eta Kim Yeonghyeonek BIAAF Lab ekimenaren esparruan sortutako bildumen parte diren berokiak, kamisetak, alkandorak, prakak, bitxiak eta poltsak Bilboko bederatzi saltoki horien erakusleihoetan ikusgai egongo dira, herritarren gozamenerako, diseinuaren eta modaren ekosistema Bilbo hiriko merkataritzari zabaltzeko asmoz. Ekimen honetan hiriko diseinatzaile prestigiotsuek ere parte hartu eta lagundu dute, baita hiriko enpresa eta saltoki ugarik ere.
Azaroaren 13tik 23ra bitarteko programazioak askotariko jarduerak biltzen ditu, hala nola desfileak, workshopak, talk showak, tailerrak, erakusketak eta hiri-ekintzak, ekimen osagarriekin eta laguntza espezializatuagoarekin. Joan nahi duten pertsonak aldez aurretik erregistratu gabe eta gonbidapenik gabe joan ahal izango dira, edukiera bete arte, pasarelaren kasuan izan ezik, horretarako BilbaoCentro-ren bidez izena eman eta gonbidapena jaso beharko baitute.
Gaur, azaroak 14, arratsaldeko 14:00etatik aurrera “Diseinutik harago” Talk Showa egingo da Indautxu plazako Pangea, espazioan: Javier Barroetak, Eder Aurrek eta Patirke Moránek modaren munduan elementu eraldatzaile gisa izandako esperientzia partekatuko dute.
Bihar, larunbata, azaroaren 15ean, eguerdiko 12:00etan, “Bilbo soinean” hiriko desfilea egingo da Funikularreko plazan eta Artxanda inguruetan, eta tokiko zenbait saltokik parte hartuko dute: Anna Montes, Juan Bilbao, Jajoan, Galeria 8360, Garzon, Falstaff, Barbour, El armario de Tater, 017 Store, Dock, New Lemon, Charlotte y Masquegorros, La tienda de Olga eta Javier Barroeta.
Azaroaren 19an, 14:00etan, Zubiarte merkataritza-gunean Master Class bat eskainiko da bizimodu osasungarria izateko ohiturei, kirolari, ile-apainketari eta koktelgintzari buruz, Pilar Arranz (Peluquerías Marcel Arranz), Yolanda Aberasturi, Felipe Garate (Café Bar Las Torres) eta kirol eta nutrizioan aditua den Roberto Gómez izango dira bertan.
Azaroaren 20an, 14:00etan, “Moda eta Zinema” hitzaldia eskainiko da Plaza Biribileko Turismo Bulegoan, jantzien diseinatzailea den Nerea Torrijosekin, 2021ean jantzien diseinu onenaren Goya saria irabazi zuena.
Datorren larunbatean, azaroaren 22an, Bilboko Euskalduna Jauregian, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Modaren Pasarela egingo da, zeinak berrikuntza gisa hiriko kalitatezko saltokientzako erakusketa-espazio bat izango baitu, eta 19:00etatik aurrera zabalduko dizkie ateak bisitariei. Ekitaldi horretan “Bilbo Modaren Hiribildua” VI. Saria emango zaio Alberto Etxebarrieta moda diseinatzaile bilbotarrari, Sinpatrón ekimenaren sortzaileari.
‘Bilbao Fashion Week’ hirian ibilbide luzea duen proiektua da eta edizio honetan, Bilboko Udalak, BilbaoCentroren eskutik, Bilbo Erdialdeko eta Alde Zaharreko merkatarien elkarteen esperientzia eta sinergiak baliatuz, etorkizunari begiratu eta bide berri bati ekingo dio hiriko merkatarien elkarteen ehunaren eskutik.
Erakusketan pate hartu duten diseinatzaile gazteen bideoa ikusteko esteka
SARE SOZIALAK:



