Bilboko Udalaren Bilbao Zero2 proiektua amaitu da, irtenbide teknologikoen bidez hiriko erronkak landu dituen espazioa

Urtarrila 26

  • Zabalgune eraikinean Bilbao Zero2 proiektuaren emaitzak eta ondorioak biltzen dituen azken ekitaldia ospatu da. Proiektuaren helburua hiriko erronkei heltzeko berrikuntza irekiko espazio bat bultzatzea izan da, Euskadiko lau kluster estrategikorekin, enpresa elkartuekin, unibertsitateekin, zentro teknologikoekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan.

  • Bi urte baino gehiagoko lana izan du egiazko proben banku honek, eta irtenbide teknologiko berritzaileak identifikatu dira, besteak beste, mugikortasun jasangarri eta elektrikoarekin, hiri-berroneratzearekin, hondakinen kudeaketarekin, energia-eraginkortasunarekin edo udal-aktiboen hobekuntzarekin lotutako planteamenduei erantzuteko. Aztertutako arazoak Bilboko benetako premiak izan dira, Udaleko Sailek beraiek definituak, hain zuzen.

  • Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela “talentuarentzako hiri erakargarri bat eraikitzea, lankidetza estrategikoak sustatzen dituzten proiektuekin, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua eginez”.

Bilboko Udalak Bilbao Zero2 proiektuaren azken ondorioak aurkeztu ditu gaur Zabalgune eraikinean. Bilboko Udalak bultzatutako proiektua da, eta 2021eko urrian jarri zen abian, pandemiaren ondoren, prozesu ekonomikoen normaltasunera pixkanaka itzultzean sortutako azelerazioaren ondorioz, automatizazioa, adimen artifiziala eta digitalizazioa areagotu baitziren.

Bilbao Zeroproiektuan Euskadiko lau kluster estrategikok, enpresek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta beste eragile batzuek hartu dute parte, hiriari irtenbide teknologiko berritzaileak ematen saiatzeko, besteak beste, honako arlo hauetan: mugikortasun jasangarri eta elektrikoa, hiri-berroneratzea, hondakinen kudeaketa, eraginkortasun energetikoa edo udal-aktiboen hobekuntza.

Bilbao Zeroproiektuak ideien laborategi gisa balio izan du hainbat lan-saiotan, teknologiak eta zerbitzu aurreratuek palanka gisa eskain ditzaketen aukerak identifikatzeko, hiriko erronka berriei irtenbidea emate aldera.

Amaierako ekitaldian, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko Zinegotziak zera adierazi du: “Bilbo garapen ekonomikoan hiri berritzaile eta dinamizatzailea izatearen aldeko apustua egiten dugu, eta erreferente gisa kokatu gaituzten prozesuak ahalbidetu ditugu horretarako. Ziur gaude horrelako proiektuek talentuarentzako hiri erakargarri bat eraikitzen lagunduko digutela, lankidetza estrategikoen bidez teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen hiria, hain zuzen”.

BENETAKO PREMIEI BURUZ IDENTIFIKATUTAKO ERRONKAK

Aztertu diren gaiak Bilboren benetako premiak izan dira, eta parte hartu duten Udal Sailek zehaztu dituzte: Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegua – Bilbao Ekintza; Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak (BilbaoTIK); Ogasuna (Zerbitzu Orokorrak); Gazteria eta Kirola (Bilbao Kirolak); Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoa; Obra Publikoak eta Zerbitzuak; eta Segurtasuna.

Identifikatutako erronken artean, Bilbao Zero2 ekitaldiaren itxieran, landutako bi proiektu aurkeztu dira: alde batetik, autokontsumorako hiri-energia berriztagarria sortzeko abian jarritako esperientziak. Bestalde, Bilboko Udaltzaingorako ibilgailu %100 elektrikoaren bideragarritasuna aztertzeko proiektua.

Honela amaitu da Bilbao Zero2, Bilboko Udalak sustatutako berrikuntza irekiko proiektua, eraikuntzaren, energiaren, ingurumenaren eta mugikortasunaren sektoreekin batera, Bilbon ezar daitezkeen oinarri teknologikoko proiektu posibleak identifikatu, definitu eta diseinatuz.

SARE SOZIALAK: