Bilboko Udalak “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa Zabalgune Eraikinean ikustera gonbidatzen ditu herritarrak

Otsailak 9

  • Zabalgune Eraikinak “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa hartuko du Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Egunaren barruan; erakusketak zientziaren eta teknologiaren arloko 12 emakumeren ilustraziok ditu.

  • Erakusketa doan bisitatu ahal izango da, aldez aurretik erreserbarik egin gabe, gaurtik otsailaren 13ra arte, etenik gabeko ordutegian, 10:00etatik 19:00etara.

  • Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak, azpimarratu duenez, “jakin dakigu oso garrantzitsua dela neska eta gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea”.

Otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Egunaren barruan Bilboko Udalak “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa bisitatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Erakusketa Zabalgune Eraikineko atari nagusian ikusi ahal izango da gaurtik otsailaren 13ra arte.

Erakusketak zientzia eta teknologia arloko 12 emakumeren irudiak ditu. Doan bisitatu ahal izango da, aldez aurretik erreserbatu gabe, etenik gabeko ordutegian, 10:00etatik 19:00etara.

Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak, adierazi duenez “aurten, berrikuntza gisa, zientziaren eta teknologiaren arloko 12 emakumeri omenaldia egin nahi izan diegu erakusketa batekin. Bilboko Udalak jakin daki oso garrantzitsua dela neska eta gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea, Bilbok Unibertsitate eta Jakintzaren Hiri gisa dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko“.

Erakusketak gizartea eta, bereziki, haurrak eta gazteak, egungo eta iraganeko zientziaren eta teknologiaren benetako erreferente diren 12 emakumerengana hurbildu nahi ditu; gaur egungoak eta iraganekoak, ibilbide profesional zabala duten emakume gazteak… Hauek dira Bilboko Udalaren eta Elhuyarren “#O11Erakusleihoak” kanpainako irudietan oinarritutako erakusketako 12 zientzialari protagonistak:

  • Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa.
  • Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-gaietako kazetaria.
  • Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa.
  • Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
  • Ana Teresa Diego (Bahia Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomiako ikaslea eta ekintzaile komunista.
  • Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
  • Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetista eta enbriologoa.
  • Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehunen Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta galdaragintzako teknikaria.
  • Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko aktibista eta politikaria.
  • Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
  • Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
  • Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria

#O11Erakusleihoak

Bilboko Udalak eta Elhuyarrek otsailaren 1ean jarri zuten abian “Erakusleihoak, otsailaren 11 #O11Erakusleihoak” proiektuaren bosgarren edizioa, aurten ere Bilbon harrera oso ona izan duen ekimena: hiriko 8 barrutietako 87 establezimendu atxiki dira, 2023an baino 8 gehiago.

Establezimenduek erakusleihoak apainduta dituzte otsailaren 11ra arte, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko.  Zabalgune Eraikineko erakusketa Bilboko Udalaren eta Elhuyarren proiektuaren ondorioz erakusleiho horietan ikusgai dauden irudietan oinarrituta dago.

EMAKUME ETA NESKA ZIENTZIALARIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen 2015ean, eta otsailaren 11n ospatzen da. Ospakizun honen xedea emakumeen eta nesken zientziarako sarbidea eta parte-hartze osoa eta bidezkoa lortzea eta horien artean bokazio zientifikoak sustatzea da.

SARE SOZIALAK: