Martxoak 25
-
”Bilbao Bizkaia ikus-entzunezkoen hub-a”ren egoitza nagusia izatera bideratuko diren Zorrotzako muturreko instalazioak urbanizatzeko eta birgaitzeko proiektua lizitaziora aterako da, Udaleko Gobernu Batzarrak gaur onartu ondoren. Lehenengo etapa horretan, esparrua itxiko da, lau pabiloitan eta txalet zaharrean jardungo da, eta zerbitzu-sare osoa hobetu eta eguneratuko da, errodaje-espazio gisa izango duen erabilerara egokitzeko.
-
Guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenaren ondorioa da, eta kontuan hartu da ikus-entzunezkoen sektoreak berak agertu duela interesa hor kokatzeko. Izan ere, nabarmentzekoa da espazio horrek potentzialtasun handia duela filmaketen industriarako. Indarguneen artean, Bilboko hiri-paisaiaren barruan duen kokapen pribilegiatua nabarmentzen dute, itsasadarretik hurbil, eraikinen moldakortasuna eta kanpoko eremua, bai eta errepide-sarearekin, aireportuarekin eta garraio publikoarekin dituen lotura onak ere.
Bilboko Udalak lehiaketara aterako du Zorrotzako muturreko pabiloi zaharretan kokatuta dagoen “Bilbao Bizkaia ikus-entzunezkoen hub-a” izenekoa urbanizatzeko, birgaitzeko eta egokitzeko obrak gauzatzeko proiektua, gaur Gobernu Batzarrak onartu ondoren. Mugarri garrantzitsua da balio estrategikoko azpiegitura bat garatzeko, eta inpaktu positiboa izango du ekonomian, enpleguan, talentuaren sorkuntzan, kulturan, nortasunean eta lurraldearen nazioarteko proiekzioan. Ekimen hau Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak partekatutako konpromisoaren barruan kokatzen da; izan ere, 2015etik lankidetzan ari dira hiria eta lurraldea erreferentziazko helmuga gisa kokatzeko ikus-entzunezkoen merkatu gero eta lehiakorrago batean, sektoreak Euskadin bizi duen egungo aukera-testuingurua aprobetxatuz.
Zorrotzako muturra aukeratzeak ikus-entzunezkoen sektoreak berak agertutako interesari erantzuten dio, eta bereziki baloratzen du “irisgarritasun ona, hiri-paisaian duen kokapen pribilegiatua, itsasadarretik hurbil egotea eta instalazioak moldaerrazak izatea ekoizpen- eta grabazio-premiei erantzuteko”.
Orain publiko egiten den lizitazioak lehenengo fase bat planteatzen du, esparrua erabat ixtea aurreikusten duena, ekoizpenen segurtasuna eta pribatutasuna bermatzeko; ikus-entzunezkoen jarduerarako behar diren sareak eta zerbitzuak eguneratzea eta hobetzea (hornidura, saneamendua, argiteria, elektrizitatea eta telekomunikazioak); itsasadarreko paisaiari eta kanpoko espazioei balioa ematea, elementu identitario eta eszenografiko gisa txertatuz; eta dauden azpiegiturak birgaitzea. Obren aurrerapenaren eta egoeraren arabera, lanak ikus-entzunezkoen produkzioaren berezko ekintza zehatzekin bateragarri egiteko aukera aztertuko da une bakoitzean, kasuz kasu. Jarduera horiek guztiek lagunduko dute hub-a nortasun propioaz hornitzen eta haren proiekzio estrategikoa indartzen.
OBRAK
Jarduketa-eremua lau industria-nabetan bilduko da —1, 2, 7 eta 8 gisa identifikatuak—, azalera handi gardenak, txalet bat eta perimetro-hormari atxikitako tamaina txikiagoko beste eraikuntza bi izango dituztenak. Instalazio horiek Portuko Agintaritzarenak izan ziren 2019ra arte, eta urte horretan Bilboko Udalak erosi zituen.
Fase horretan, 1., 2., 7. eta 8. pabiloietan esku hartuko da espezifikoki, eta bolumetriei eutsiko zaie (estalkiak, sarbideak eta ateak konponduko dira, egokitzapenak egingo dira…). Nabe horiek espazio moldakorrak eskainiko dituzte, platoetarako, arte-biltegietarako, arotzeriarako eta dekoraziorako, eta errodajeetarako beste zerbitzu osagarri batzuetarako. Tamaina txikiagoko eraikin biak langile baimenduak sartzeko kontrol-sistema batera bideratuko dira, eta Hub-erako sarrera-puntu independente gisa funtzionatuko dute, identifikazio-seinaleekin. Bestalde, txaletaren birgaitze integralari esker, beharrizanen arabera, ekoizpen-bulegoak, instalazioak, aldagelak, makillajea, ile-apaindegia eta beste zerbitzu batzuk kokatu ahal izango dira bertan. Esku-hartze eremuak 41.684,30 m² hartzen ditu guztira, txaletaren eta lau pabiloien oinplanoko azalera barne.
Proiektuaren barruan, beste hauek ere aurreikusten dira: zuntz optikoko sare bat, telebista eta bideozaintzako zirkuitu bat, eta etorkizuneko espazioen eraginkortasuna bermatzeko behar diren azpiegitura elektrikoak eta telekomunikazio-azpiegiturak instalatzea. Urbanizazioa Itsasadarrarekiko perpendikularra den itxitura berri batekin osatuko da, Ikus-entzunezkoen Hub-a gaur egun Zorrotzako kaian dauden gainerako erabileretatik bereizteko, baita lurzoruak erremediatzeko ere. Bilbao Bizkaia Ikus-entzunezkoen HUBak, gainera, ikus-entzunezkoen sektorerako garrantzi handiko kanpo-espazio bat eskainiko du, aparkaleku-eremu gisa (base camp) edo aire zabaleko filmaketetarako (backlot) erabili ahal izango dena, platotik kanpo eszena zehatzak filmatzeko dekoratuak eraiki ahal izateko.
Proiektuak 4 milioi euroko aurrekontu orokorra du, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenaren ondorioz.
Aurreikusita dago obrak aurtengo udazkenean hastea.
IKUS-ENTZUNEZKOEN INDUSTRIARI BULTZADA ERABAKIGARRIA EMATEA
Bilbao Bizkaia Ikus-entzunezko Hubaren lehenengo egoitza honek filmaketen industriarako erreferentzia-espazio bihurtu nahi du, dituen premia guztietan. Azpiegitura horrek ekoizpenak erakartzeko gaitasuna indartzen eta ikus-entzunezkoen ekosistema sendotzen lagunduko du, Bilboko eta Bizkaiko ekonomia eta kultura garatzeko esparru estrategiko gisa.
Zorrotzako muturrean 30 ekoizpen baino gehiago egin dira 2018tik, eta batzuk ezagunak dira, hala nola El Hoyo, Interrail, La mala Rodriguez, Intimidad, La vida padre, Una vida no tan simple, Detective Touré, No puedo vivir sin ti, Kill Jackie, Inurri Itsuak, Caballé, El silencio, Olimpia, El niño, Zeru ahoak…