Martxoak 11
-
Bilboko lehen merkataritza-inkubagailua hartuko duen lokala San Frantzisko kalean dago, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egokitu da. Gune horrek aukera emango die artisautzako hiru negoziori beren jarduera enpresarialen egokitasuna probatzeko, gehienez zortzi hilabeteko epean. Dagoeneko aurkez daitezke artisau-erakundeentzako espazio partekatura sartzeko eskabideak, helbide honetara idatzita: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus.
-
Hirian merkataritza suspertzea eta saltoki berrien irekiera sustatzeko helburuarekin, datozen asteetan Bilboko beste lokal batzuetan kokatutako merkataritza-inkubaziorako gune berriak aurkeztuko dira.
Bilboko Udalak Hiriko lehen merkataritza-inkubagailua jarriko du martxan, artisau-jardueretara zuzendua. San Frantzisko kaleko 10. zenbakian dagoen lokal bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin egokitu eta birgaitu da espazioa.
Bilboko merkataritza-inkubagailuen proiektuak, “Bilerazi” izenekoak, ekintzaileei aldi baterako leku komun bat eskaintzea du helburu, enpresa-ekimenak abian jartzen laguntzeko. Horrela, Bilboko Udalak ekintzaileei laguntzen die, lokalak alokatzearen eta erabiltzearen ondoriozko gastuak bere gain hartuz.
Lehen inkubagailuaren lokala kalean bertan dago (sarrera nagusia San Frantzisko kaletik du, baina bigarren sarbide bat Aretxaga kaleko 8. zenbakitik). Merkataritza-ordutegian egongo da irekita, eta hala, artisautzako hiru negoziok elkar osatu ahal izango dute, eta sinergiak sortu, txandaka. Lokala sei hilabetez eta gehienez zortzi hilabetez erabil daiteke. Tarte horretan artisauek beren negozioen egokitasuna probatu ahal izango dute, eta merkatuaren beharrei ingurune erreal batean erantzuten dieten ikusi.
Gaurtik aurrera zabalik dago artisau-erakundeentzako gune partekatuan sartzeko eskabide telematikoak aurkezteko epea. Horretarako, helbide honetara idatzi behar da: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus Jasotako eskabideak aurkezpen-ordenaren arabera baloratu eta ebaluatuko ditu Bilbao Ekintzako talde teknikoak. Deialdia 2027ko abenduaren 30era arte egongo da indarrean.
Lokaleko hiru postuetako bat lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da mikroenpresa bat izatea eta negozio-plana egiteko aholkularitza jaso izana Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, edo bertako teknikarien oniritzia, aholkularitza hori beste erakunde batek egin badu.
“Bilerazi” programak merkataritza txikiaren lehiakortasuna hobetzen eta, aldi berean, hiriko lokal hutsak aktibatzen laguntzen du, merkataritza arloko ekintzailetza eta erabilerarik gabeko lokalen optimizazioa integratuz. Lehenengoa abian jarri ondoren, datozen asteetan Bilboko beste lokal batzuetan kokatutako merkataritza-inkubaziorako gune berriak aurkeztuko dira, hirian merkataritza suspertzea eta saltoki berrien irekiera sustatzeko.
SARE SOZIALAK:
