Maiatzak 6
-
Lau egunetan zehar, ikasturtean egindako zientzia eta teknologiako 183 proiektu erakutsiko dituzte 60 ikastetxetako 660 gaztek. 80 STEAM profesionalek hartu dute parte urte osoan zehar Elhuyar Zientzia Azokan, eta horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira. Maiatzaren 9ko sari-banaketako ekitaldiak herritar guztientzako zientzia-ikuskizuna eskainiko du.
Martxan da 2026ko Elhuyar Zientzia Azoka. Goizeko 11:00etan hasi da, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimenari laguntzen dioten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, ekimenaren babesleak ere; besteak beste, hauek: Maialen Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza zuzendaria; Kontxi Claver Zurro, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegua saileko zinegotzi ordezkaria; Begoña Pacheco Delgado, Enpresen eta Enpleguaren Sustapena zerbitzuko burua; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabi enpresaren sortzailetako bat eta bertako Berrikuntzako zuzendaria; eta Amaia Zarrabeitia Salterain Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.
Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 183 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Guztira, 660 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Valentziatik, Kataluniatik, Sevilatik, Galiziatik, Portugaldik eta Italiatik etorriko dira beste 9 talde.
Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Azpimarratzekoa da, gainera, haiek guztiek urtero proiektu honekiko erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako 80 ikertzailek (haien artean, 48 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko.
Ikertzaileek proiektua gauzatzeko laguntza zuzena ematen diete ikasleei. Hala, ikasleek gertutik ezagutzen dute ikertzaileen eguneroko jarduna, hobeto ulertzen dute metodologia zientifikoa, eta Euskal Herriko ikerketa-zentro eta unibertsitateetan egiten den ikerketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute. Harreman horiei esker, gainera, zientzietako erreferenteak hurbiletik ezagutzen dituzte, eta zientzialarien inguruko genero-estereotipoak apurtzeko ere lagungarria da. Horrez gain, azokak irauten duen egunetan gazteen proiektuak ebaluatzen dituzte.
Behin datu guztiak jasota, sari-banaketa larunbatean bertan egingo da, maiatzaren 9an, 13:00etan. Azokan saritutakoak bilduko dira sari-banaketan, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Bilboko Udalekoak eta Elhuyarrekoak. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak irabaziko dituzte sarituek. Aurkezle-lanetan, Eleder Iglesias Perez kazetari eta eduki sortzailea eta Arantza Muguruza Montero irakasle eta ikertzailea arituko dira, eta Arantzak zientzia-esperimentuak ere egingo ditu gainera. Sari horietaz gainera, ikerketa-zentro kolaboratzaileetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira egunero.
ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA URTEAN ZEHAR
Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere.
2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 4.500 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.300dik gora ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko aurkeztu dira.
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.