Apirilak 1
-
Bilboko Udalak bultzatutako ekitaldiak sei ardatz nagusiren inguruan egituratutako programazioa du (Musika, Kultura, Zinema, Market, Gourmet eta Sport), eta hiriko gune enblematikoetan ospatuko da, gaur, asteazkena, hasi eta apirilaren 4ra arte.
-
Anje Duhalderen musikak, Niko Etxartek lagunduta, hasiera emango dio jaialdiari gaur arratsaldean, 19:00etan, Azkuna Zentroan, eta ondoren, 22:00etan, Kafe Antzokiko “Bilbao basque FEST Rock City” jaialdian egingo diren kontzertuek bide emango diete publiko guztiarentzako doako hiru jardunaldi jarraituri.
Bilbao basque FEST jaialdiaren edizio berria hasiko da gaur arratsaldeko 19:00etan. Bilboko Udalak Aste Santuan hiriaren kultura-nortasuna ospatzeko eta proiektatzeko bultzatutako hiri-jaialdi handia da. Bertan izango da Kontxi Claver, Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Enpleguko eta Turismoko zinegotzia, udalbatzako ordezkariekin batera. Ekitaldiak bete-beteko kultur proposamena du. Horri esker, uriko kaleak eta plazak topagune bihurtuko dira, eta tradizioak eta abangoardiak bat egingo dute gaurtik apirilaren 4ra bitartean.
Programazio osoa doakoa da. Beraz, aukera ezin hobea da Bilbo ezagutzeko, Aste Santuan hiriko espazio publikoak eta jarduera ekonomikoa dinamizatzen laguntzen duten jardueren eta esperientzien bidez. Jaialdia publiko guztientzat da, eta sei gai-multzotan dago egituratuta: Musika, Kultura, Zinema, Market, Gourmet eta Sport.
ROCKAREN MITOETATIK EMAKUMEEN ABANGOARDIARA
Musika indartsu entzungo da egunotan uri osoan zehar, horixe baita gure nortasunaren adierazpenik puruenetako bat. Hasteko, topaketa historiko bat izango dugu gaur Azkuna Zentroan, 19:00etan: jaialdiaren inaugurazio-kontzertuan izango dugu Anje Duhalde, euskarazko rockaren mitoa, Niko Etxartekin batera. Agertoki hori emakumeen abangoardiaren epizentroa ere izango da, Olaia Inziarteren Zura proiektuarekin, Maren bilbotarraren sentsibilitatearekin eta “Zertzeladak” ikustaldiaren fintasunarekin (Udal Txistulari Bandaren, Garazi Navasen akordeoiaren eta Oinkari Dantza Taldearen eskutik).
Euskal Kulturaren Plaza (Areatzako Kaian dago) aire zabaleko gune bihurtuko da, non Neomaken fusio elektronikoak, Korrontziren folk berrituak eta Anne Etchegoyenen dotoretasunak jaialdia bizituko duten ostegun, ostiral eta larunbatean 21:00etatik aurrera. Talentu emergenteek beren espazioa izango dute Bilborocken, Gar, Mugan eta Bisairen soinu freskoekin.
Tentsio bila dabiltzanentzat, Kafe Antzokia izango da Bilbao basque FEST Rock Cityko tenplu elektrikoa. Gaur gaueko 22:00etatik aurrera, hainbat genero eta jarrera izango ditugu eszenatokian: Chulería, ¡Joder! eta Txarly Usher ikonikoaren atzera begirako bidaia, John Dealer & The Coconuts kementsuak, Bellumen post-punka eta Mirotz gasteiztarren freskotasuna. Amerikar sustraietara itzuliko gara The Rockabilly Packen zuzeneko emanaldi indartsuarekin eta Crazy Jumpersen swing dantzagarriarekin. Amaiera bikaina izango dugu The Cherry Boppers & Patricia Reckless taldearen jazz-funkarekin eta R&Ban erreferente diren The Allnightersen maisutasunarekin.
ZAPOREEN LABORATEGIA: ZUZENEKO SHOW COOKINGAK
Euskal gastronomiak hurbiltasunaren eta dinamismoaren aldeko apustua egiten du, Areatzako Kaiko Euskal Kulturaren Plazan “sukaldaritzako laborategi” bat instalatuta. Gune horretan, show cooking delakoak egingo dira, eta bertaratzen diren pertsonek sasoiko hainbat produkturi buruz ikasteko aukera izango dute. Sasoiko barazkiei balioa emango zaie eta, horretarako, jendearentzako espazio ireki bat egongo da, goizez bi orduz (12:00-14:00) eta arratsaldez beste bi orduz (18:00-20:00).
Denbora horretan, show cookingak egingo dira ordu erdiro. Bertan, sukaldari profesionalek plater desberdinak prestatuko dituzte eta produktu horiek pintxo nola bihurtu erakutsiko diote jendeari. Aldi berean, barazki horiek lurrean landatzen direnetik plater goxo bihurtu arte zer ibilbide egiten duten azalduko dute.
KALEKO ARTEA: ANTZERKIA, DANTZA ETA TRADIZIO BIZIA
Folklorearen bihotza Plaza Berrira itzuliko da; herri dantzaren epizentroa izango da gune historiko hori berriz ere. Bertan, erromeriek agertokiaren eta plazaren arteko hesia hautsiko dute Patxi eta Konpaniaren Dantza Piko metodoarekin eta Aiko Taldearen gozamen sozialaren filosofiarekin, non edonor baitago gonbidatuta urrats tradizionalak dantzatzera. Belaunaldien arteko topaketa paregabea izango da.
Bilboko Zazpi Kaleetako txokorik esanguratsuenak barrez eta istorioz beteko dira Hortzmuga Teatroko “Anfitrioiak” ikuskizunarekin. Egunero egingo diren ibilbide antzeztu horiekin (12:00etan) Bilboren historia partaidetzarako esperientzia bihurtzen da, non umoreak eta musikak iragana orainarekin lotzen duten.
Bestalde, ikuskizun sentsoriala izango dugu bihar, osteguna, Arriaga Plazan, 19:30ean, “Urbasa” lanarekin. Hutsun taldeko txalapartariek eta Ortzi zirkoko artistak sortutako pieza artistiko zirraragarria da. Akrobazien eta perkusioen fusio hori gizakiaren eta naturaren arteko orekari buruzko hausnarketa da, eta ikuskizunaren atmosfera organikoak arnasarik gabe utziko ditu ikusleak.
Bihar, osteguna, 12:00etan, Ondalan konpartsako erraldoi ezagunek Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunea alaituko dute gaiten erritmora dantzatuz. Pertsonaia horiekin batera, ostiralean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak dantza tradizionalen erakustaldia egingo du ingurune arkitektoniko paregabe batean.
Haurrek derrigorrez igaro behar dute Areatzako Kaiko Euskal Kulturaren Plazatik. Bertan izango dute zain Gargantua ikonikoa. Barruko txirrista eta mahaia prest izango ditu, egunero 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Bilbao basque FEST 2026rako kultur proposamena are aberatsagoa da hiriko museoen sare zabalari esker. Jaialdian zehar hainbat bilduma bisitatu ahal izango dira, hala nola Arte Ederren Museoko euskal artearen erakusketa, Chillida, Oteiza edo Zuloagaren lanekin, besteak beste; “Lurraren arteak” erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoan, edo “Ars ex Industria” erakusketa, Itsasmuseum-en. Halaber, Athletic Clubeko Museoak tourrak eskaintzen ditu San Mames estadio enblematikoan zehar. Beste hainbat proposamen interesgarri daude Rekalde Aretoan, Eleiz Museoan, Euskararen Etxean eta Arkeologi Museoan.
HERRI KIROLEN MAGNETISMOA: HIRIKO ADRENALINA
Euskal kirol tradizionalek erdigunea hartuko dute jaialdian zehar. Euskal Kulturaren Plazan, Areatzako Kaian, trebetasunak eta indarrak bat egingo dute hainbat diziplina entzutetsuren erakustaldien bidez (harri jasotzea, orga-jokoa edo trontza, adibidez). Ikusleei ikuskizun paregabea eskainiko zaie. Horrez gain, Sport programazioan, harri-zulaketa eta sokatira erronkak ere ageri dira, baita egurra altueran mozteko erronka ikusgarriak ere.
Goizez eta arratsaldez, Areatzako Kaiko Euskal Kulturaren Plazan, gainera, herri-kirolei eta joko tradizionalei buruzko tailerrak egingo dira, familiek diziplina horietako oinarrizko teknikak modu ludikoan ikas ditzaten.
Jaialdiak, gainera, arreta berezia jartzen du emakumeen kirolean. Emakumeak protagonista izango dituzten erronkak (lasto-altxatzea eta -botatzea) eta erakustaldiak (aizkolaritza) antolatu dira. Zalantzarik gabe, kirol erronka nagusia apirilaren 4an, larunbata, izango da, 18:30ean: I. Bilbao Basque FEST Saria. Pentatloi mistoa da, lehiaketa ofiziala eta proba konbinatu zorrotza, non gizon eta emakume bikoteak lehen sari handia irabazteko lehiatuko diren. Indar eta tradizio erakustaldi horren osagarri, herri kirolen eta joko tradizionalen tailerrak antolatu dira familientzat, goizez eta arratsaldez. Horrez gain, Pio Barojaren pantalanetik hasita, Itsasadarra bateletan zeharkatzeko aukera egongo da.
MISTERIOA PANTAILA HANDIAN, PAUL URKIJOREN GAUA LANAREKIN
Euskal zigilua duen egile-zinemak bere lekua izango du BBK Aretoan ostegun, ostiral eta larunbatean 19:00etatik aurrera. Edizio honetan, Gauaren, hau da, Paul Urkijo zuzendari ospetsuaren lan berriaren giro inguratzailearen aldeko apustua egin dugu. Euskara hutsean filmatutako filma XVII. menderako zentzumenezko bidaia da, non mitologiak, izuak eta antzinako kontakizunek bat egin eta sinbolismoz eta misterioz beteriko zinema-esperientzia bat sortzen duten.
EROSKETAK ARIMAZ: BENETAKOAREN ERAKUSLEIHOA
Market atalak 0 km-ko produktu bikainak eta benetako euskal nortasuna duten pieza paregabeak eskaintzen ditu. Gure Lurreko Merkatuan baserriko 0 km-ko produkturik onenak aurkituko ditugu, eta Eskutartie artisautza-azokan, berriz, euskal artisautza bikaina (zeramika, larrua eta zura).
Programazio osoa hemen dago eskuragarri: https://basquefest.bilbao.eus/eu/

