Bilboko gazteek 30 proiektu zientifiko-teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte “Bizilabe Egunean”

Maiatzak 29

  • Hirugarren ‘Bizilabe Egunean’ Basurtuko, Deustuko, Otxarkoagako, Alde Zaharreko eta Zorrotzako gazteek hartu dute parte.

  • Gazteek ikasturtean zehar landutako ideia berritzaileak azaldu dituzte Zabalgune Eraikinean.

  • 2017tik, Bilboko Bizilabek esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu hiriko gazteen artean, eta erreferente izan daitezkeen profesionalak hurbildu nahi ditu.

Bilboko Bizilabe Egunaren hirugarren edizioan, 100 gazte inguruk parte hartu dute, eta 30 proiektu zientifiko eta teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte Bilboko Zabalgune eraikinean. Bertan parte hartu duten gazteen senideez gain, Javier Álvarez Aras, Bilbao Ekintzako Enpresa eta enplegua Saileko arduraduna izan da, Bilboko Bizilabe proiektuaren sustatzaile gisa, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako koordinatzailearekin batera.

Bizilabe proiektuak gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea du helburu, komunitate osoaren inplikazioarekin, eta Bilboko Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetzari esker dago martxan Bilbon. 2025-2026 ikasturte honetan, Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera izan dute Alde Zaharra, Basurtu, Deustu, Otxarkoaga, Zorrotza eta Esperanatzan. Guztira, 138 gaztek hartu dute parte, 14 taldetan banatuta; horietatik % 54 neskak izan dira; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 92 gazte, DBHko 1. eta 2. mailako 33 gazte eta DBHko 13 gazte.

Eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egiteak onura ugari eskaintzen ditu: kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzen dira, teoriatik praktikara pasatzea errazten da, teknologia berrien erabilera sustatzen da eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukera ematen du. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia beren eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere gizarte-gai kritikoetan, hala nola kutsaduran edo jasangarritasunean. Jarduera horien bidez, gai horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Halaber, emakumezko ikertzaileekin loturak ezartzeak eragin positiboa du, bereziki neskengan. Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan.

Hauek dira , Bizilabe Egunean, Zabalgune Eraikineko atarian, ikasturte amaierako ekitaldi gisa aurkeztu diren proiektuak:

  • Hidraulika: Pista hidraulikoa, prentsa hidraulikoa eta saskibaloi zelaia
  • Bizilabeko misterioa
  • Proiektore Holografikoa
  • Microbit: Atezaina
  • Auto elektrikoa
  • Behelainotik edalontzira
  • Bus glossy
  • Ura xurgatzen duten lauzak eta Freskotxo
  • Erreakzio-jolasa (1 jokalari)
  • Hidraulika: laberintoa
  • Hidraulika: laberintoa + pista
  • Erreakzio jolasa
  • Proiektore Holografikoa
  • Erreakzio jolasa
  • Alarma
  • Hegazkin Jaurtigailua
  • Gozoki osasuntsuak
  • Kristalizazioa
  • Cospace
  • Beso hidraulikoa
  • Robot gidaria
  • Konbutxazko larrua
  • Robot aspiragailua
  • Kristalizazioa
  • Zirkuito elektrikoak
  • Bakterioetatik energia lortu
  • Ur-iragazkia

2017an Bilboko Bizilabek Deustun ateak ireki zituenetik, Bilboko beste lau eremutara zabaldu da: 2021ean jarri zen martxan Otxarkoagan, 2022an Zorrotzan, 2023an La Perreran eta 2024an Esperantza Frontoian, eta 2026an Miribillan.  2017tik gaur arte 1.000 gaztek  baino gehiagok hartu dute parte proiektuan.  Gainera, Bizilabeko komunitatea hazten joan da, eta dagoeneko 40 enpresa baino gehiago, 60 ikastetxe eta 350 saltoki inguru batu dira.

2026ko urrian hasi eta 2027ko maiatzean amaituko den “Izan ikertzaile eta asmatzaile” Bilboko Bizilabe programan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago jada:  Bizilabe 2026-2027 izen-emateak.

BIZILABE, 2017TIK HAZTEN ARI DEN SAREA

Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuak gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu  nahi ditu, komunitatearen parte-hartzearekin,  2017tik. ,

Aipatzekoa da urte horretan bertan Bilboko Udalak sustatutako Bizilabe sarearen lehen zentroa bultzatu zela Bilbon, hiria aitzindari bihurtuz eredu horren garapenean.

Hainbat ikerketak erakutsi dute esperientzia zientifiko goiztiarrek eragina dutela haurren etorkizuneko itxaropenetan. Hala, neska-mutilek Bizilaben lan egiten dute proiektuak eta ikerketak egiten, zientzia- eta/edo teknologia-ikasketak dituzten pertsonek gidatuta. Planteatutako jardueren bidez, haurrek askotariko ezagutzak bereganatzen dituzte eta beren proiektu zientifiko eta teknologikoak garatzen dituzte. Gainera, ikertzaile profesionalekin egindako “Parekoen Topaketa” ekimenari, Bizilaben jasotako ikertzaileen bisitei edo Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ‘Erakusleihoak otsailaren 11’ ekimenari esker, gazteek eguneroko lana eta esparru horietako benetako erreferenteak ezagutu dituzte. Halaber, enpresetara eta zentro teknologikoetara egindako bisiten bidez, inguruko errealitate zientifiko eta teknologikoa ezagutu ahal izan dute.

Antolatzaileek nabarmendu dute erreferenteak funtsezkoak direla belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Hori dela eta, Bizilabek bermatzen du zientzia- eta teknologia-arloko gazteak diren orientatzaileak egotea. Haien parte-hartzeak genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ematen die parte-hartzaileei, eta erakusten du diziplina zientifiko eta teknologikoetan guztientzako lekua dagoela.