Azaroak 21
-
Bilboko saltokiek hogei moda-proposamen inguru aurkeztuko dituzte bihar, azaroaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den pasarelan.
-
Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, “Bilbo Modaren Hiria” VI. saria emango dio Alberto Etxebarrietari, Sinpatron moda-firmaren sortzaileak izan duen ibilbidea goraipatzeko.
-
Aurten, nobedade modura, pasarelaz gain, tokiko saltokien erakusketa-eremu bat egongo da, modaren eta bilbotarren arteko zuzeneko lotura sustatzeko asmoz.
Bilbao Pasarela 2025 larunbat honetan egingo da arratsaldeko 20:00etatik aurrera Bilboko Euskalduna Jauregian. Hemezortzigarren urtez jarraian “Bilbao Fashion Week” proiektuaren ekitaldi arrakastatsuenetako bat izango da. Ekimenak bide berria hasi du aurten, Bilboko Udalaren errefortzu handiagoarekin, BilbaoCentro enpresa-taldearen laguntzarekin, helburu hau betetzeko asmoz: hiria kalitatezko modaren epizentroan kokatzea, tokiko saltokien eskutik.
Hiriko txoko ugari jardueraz bete dituzten bederatzi egunak igaro diren honetan, Bilbao Pasarela 2025 ekimenak amaiera ezin hobea emango dio “Bilbao Fashion Week 2025” asteari. Bilboko saltokietako 20 moda-proposamen baino gehiago ikusgai jarriko dira pasarela bakarrean: saltoki bakoitzak lau moda-proposamen egingo ditu, udazken-neguko denboraldiko joerak islatzeko, sektorearentzat oso garrantzitsua den garai honetan. Hauexek dira ekimenean parte hartuko duten saltokiak: Javier Barroeta & Bázzari, 017 Store, Anna Montes, Barbour, Charlotte, Claudia Morán, El Armario de Tater, Galería 8360, Garzón, Jardín Secreto, Jajoan, Juan Bilbao, Lola, New Lemon, Styling, Veritas, Zubiri eta Sinpatron.
Gainera, edizio honetako nobedade modura, erakusketa gune bat egongo da, non tokiko beste saltoki batzuek (Danzarte, La tienda de Olga, Masquegorros, Javier Barroetako Goi Joskintza Eskola…) beren produktuak erakutsiko dituzten 19:00etatik aurrera eta pasarela bukatu ostean, modaren eta bilbotarren arteko zuzeneko lotura indartzeko asmoz.
Pasarelan izango den Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, BilbaoCentrorekin batera, Bilbo Modaren Hiria VI. saria emango du. Aurtengo edizioan Alberto Etxebarrietak, Sinpatronen sortzaileak, izan duen ibilbidea aintzatetsiko du sariak. Modaren sustapenarekin eta merkataritzarekin lotura hertsia duen sortzaile bilbotarrak bat egingo du sarituen zerrendarekin, hain zuzen ere ondokoek osatzen dutena: Mercedes de Miguelek, Carlos Díezek, Javier Barroetak, la boutique Veritasek eta Alicia Ruedak.
Ekitaldian 400 pertsona inguru izango dira, Bilboko merkataritzaren sasoiko proposamenak erakutsiko dituzten 30 modelo baino gehiagoren parte-hartzea ere izango du ekitaldiak, eta streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da, BilbaoCentroren YouTubeko kanalaren bidez.
SARE SOZIALAK:
