Azaroak 14
-
Diseinu interaktiboko instalazio deigarria da, herritarrak parte hartzera eta beren pultsua esperimentatzera gonbidatzen dituena, batzen gaituen energiaren sinbolo gisa. Larrialdi baten aurrean jarduteko konfiantza sustatu nahi da, eta bihotz-biriketako bizkortzea egiten jakitearen garrantziaz sentsibilizatu.
-
‘Taupada/Latido’ Bilbao Bizkaia Design Week 2025 asteko leloaren metafora gisa ulertzen den jarduera bat da: ‘Larrialditik biziberritzera’, eta diseinua planteatzen du bizitza errazten eta eusten duen indar baten modura.
-
Hiriaren erdiguneko Bizkaia plazan ikusgai egongo da, doan, gaurtik, azaroaren 14tik azaroaren 28ra, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Gaurtik, azaroaren 14tik, azaroaren 28ra, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Bilboko erdiguneko Bizkaia plazan ikusgai egongo da ‘Taupada/Latido’ doako instalazio interaktibo eta parte-hartzailea, zeinak herritarrak esperimentatzera gonbidatzen dituen, larrialdi batean jarduten jakiteko beharraren inguruan kontzientziatzeko eta esku hartzeko beldurra galtzen laguntzeko.
Sormen-ekintza hau Bilbao Bizkaia Design Week 2025 asteko programazioaren aurrerapena da. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen dute Diseinuaren Astea, eta azaroaren 20an abiatuko da Zabalgune eraikinean.
‘Taupada/Latido’ Bilbao Bizkaia Design Week 2025 asteko leloaren metafora gisa egindako jarduera bat da, “Larrialditik biziberritzera”, eta diseinua planteatzen du bizitza errazten eta eusten duen indar modura. Krisi ekosozialeko testuinguru batean, proposamen artistiko horrek herritarrei gogorarazten die larrialdia izan daitekeela konpromiso kolektibo eraldatzaile baterako abiapuntua. Horregatik, instalazio honen bidez bisitariak jarduera batean parte hartzera gonbidatzen dituzte, haien pultsua eraldatuko duena, konexio- eta bizitza-keinu bihurtzeko eta, modu horretan, besteak zaintzeko eta suspertzeko botere kolektiboa sentitu dezaten.
Gaur goizean publikoari ateak ireki dizkion 6 metro luze eta 2,5 metro zabaleko kontainer batean kokatua, ‘Taupada/Latido’ instalazioak parte-hartzearen, teknologiaren eta emozioaren bidez erakusten die ikusleei bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) bizitzak salbatzeko gai den premiazko “koreografia” bat dela.
Instalazioa eta sormen-proposamena Gheada diziplina anitzeko arte-estudioak diseinatu eta ekoitzi du. Raquel Duránek eta Rut Brionesek sortutako estudioa murgiltze-esperientzietan, esperientzia interaktiboetan eta performatiboetan espezializatuta dago, eta instalazio honen bidez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak planteatutako erronka bati erantzuten dio.
Aurtengo Bilbao Bizkaia Design Week astearen zeharkako ardatza paradigma-aldaketa izango da: azaroaren 20tik aurrera eta astebetez, jarduera ugarik aukera emango dute ideia honen inguruan hausnartu, partekatu eta lan egiteko: larrialdia dugu ekintza eta aldaketa birsortzailea bultzatuko dituen konpromiso kolektiboa lortzeko abiapuntua. ‘Taupada/Latido’ ideia horren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko lehen pausoa da.
Hemen duzu BBDW2025 astearen programazio osoa
SARE SOZIALAK:


