Maiatzak 16
-
2026ko maiatzaren 22an eta 23an jokatuko diren kluben arteko Europako errugbi txapelketa nagusien finalen egoitza, berriz ere, San Mames izango da: EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026.
-
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak berriz ere elkarrekin egin dute lan nazioarteko kirol-ekitaldi batean.
-
European Proffesional Club Rugby (EPCR) erakundeak ostiral honetan, maiatzaren 16an, EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 finalen data ofizialak iragarri ditu.
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, errugbi federazioekin eta Athletic Club taldearekin batera, egindako elkarlanari esker berriro San Mames estadiora erakarri ahal izan dira kluben arteko Europako errugbi txapelketa nagusien finalak: EPCR Challenge Cup 2026ko finala eta Investec Champions Cup 2026ko finala. Partida horiek maiatzaren 22an eta 23an jokatuko dira, hurrenez hurren.
European Proffesional Club Rugby (EPCR) erakundeak gaur jakitera eman duenez, Investec Champions Cup eta EPCR Challenge Cup 2025/26 txapelketak aurtengo abenduan hasiko dira berriro, multzoen faseko ondoz ondoko bi asteburutan, eta multzoen faseko hurrengo txandak 2026ko urtarrileko ondoz ondoko asteburuetan jokatuko dira.
Kanporaketa faseak apirilaren 3, 4 eta 5eko asteburuan hasiko dira final-zortzirenetako partidekin; ondoren final-laurdenak apirilaren 10, 11 eta 12an izango dira, eta finalerdiak 2026ko maiatzaren 1, 2 eta 3ko asteburuan jokatuko dira.
EPCR Challenge Cupeko finala 2026ko maiatzaren 22an, ostirala, jokatuko da; eta Investec Champions Cupeko finala 2026ko maiatzaren 23an, larunbata, jokatuko da. Berriz ere bi finalak hartuko dituen estadioa San Mames izango da.
2018AN EGIA BIHURTU ZEN AMETSA
San Mames egoitza izateko aukeratzea erabaki historikoa izan zen 2018an, EPCRren amaierako asteburua lehenengoz errugbiaren sei nazio tradizionaletatik kanpo antolatu zenean.
2018an Gloucester Rugby talde britainiarrak eta Cardiff Blues talde galestarrak inauguratu zituzten Challenge Cupeko titulua lortzeko Europako finalak. Beste alde batetik, Leinster Rugby talde irlandarrak eta Racing 92 frantziarrak Champions Cupeko finala jokatu zuten. Orduan Leinster Rugby taldeak irabazi zuen Txapeldunen Kopako titulua eta Cardiff Rugbyk Challenge Cupeko garaikurra altxatu zuen.