Maiatzak 15
-
Kale Nagusian dagoen instalazioak doako sarbidea du eta gaurtik maiatzaren 23ra arte egongo da irekita, 11:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:30era, errugbi-partida simulatzen duen esperientziaren bidez finalak herritarrei gerturatzeko asmoz.
Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputatuak; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak; eta Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoaren, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak, EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup Europako errugbi finalak sustatzen dituzten hiru euskal erakundeetako ordezkariek, kirol-ekitaldiari lotutako partaidetza- eta interakzio-elementua aurkeztu dute, San Mamesen bi partidak jokatzeko astebete pasatxo geratzen denean.
Instalazioa astelehenetik igandera egongo da zabalik, gaurtik, maiatzaren 14tik, 23ra bitarte (bi egunak barne), 11:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:30era. Parte hartzea erabakitzen dutenek partida zer hizkuntzatan jokatu nahi duten aukeratu ahal izango dute: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Dagoeneko Bilboko kale nagusian, On Diego Lopez Haroko Kale Nagusiko 25. zenbakian (Foru Jauregiaren parean), jarrita dago edukiontzi tematizatua. Ekimen honek errugbia teknologiaren eta parte-hartzearen eremura eramango du: euskal herritarrentzako eta bisitarientzako esperientzia teknologikoa izango da, kirol-ekitaldia egin baino egun gutxi batzuk lehenago errugbiaren esperientzia bertatik bertara bizi dezaten.
Hara hurbiltzen diren pertsonak pantaila bertikal handi baten aurrean jarriko dira, avatarra aukeratu eta partida labur bat aktibatuko dute. Partida horretan, alboetarantz mugituko dira lurreko sakagailuen gainean, aurkariak saihesteko eta kontrako taldearen markaren eremuraino joateko, errugbi-partida simulatuz.
Maiatzaren 11tik, astelehenetik, Bilbo ‘errugbi-zelai handi’ bihurtzen ari da pixkanaka, inpaktu bisual eta biral handiko hiriko esku-hartzeekin. Errugbiaren espiritua espazio publikora eramateko eta, hala, bizipen kolektiboa sortzeko helburua duten hainbat ekintza antolatu dira, euskal herritarrak, bisitan datozenak eta lau talde finalistetako jarraitzaileak inplikatzeko: Montpellier HR v Ulster Rugby; Leinster Rugby v Union Bordeaux Begles.
Formatu handiko errugbiko bi baloi eta olana bertikalak Bilboko Udalaren eta Foru Jauregiaren eraikinetako balkoietan, dagoeneko hiribilduko kale nagusiak apaintzen dituzten banderolak, errugbiko lau zutoin, errugbiaren ikur argi eta unibertsal gisa ezagunak diren elementu bereizgarri horiek simulatzen dituztenak, Bilboko aireportuko espazio bat jokaleku bihurtuko duen goleko beste zutoin bat, eta hiriko hainbat tokitan ekitaldiaren irudi ofiziala presiopeko urarekin egindako garbiketa-lanei esker irudikatuta geratuko den esku-hartzea… izango dira euskal erakundeetako ordezkariek aurkeztu duten instalazio interaktiboarekin bat egiten duten elementuak.
Hiria girotzeko elementu horiek guztiek apaindu ez ezik, Bilbao-Bizkaia-Euskadiren izaera abegitsu, ireki eta parte-hartzailea aktibatu eta indartuko dute erreferentziazko nazioarteko kirol-ekitaldi horren aurrean.
PANTAILA ERRALDOIA CASILDA ITURRIZAR PARKEAN
Champions Rugby Villagek, Casilda Iturrizar parkeko pergolaren eremuan jarriko den eta doako sarbidea izango duen fan zone ofizialak bi finalak ikusi ahal izateko pantaila erraldoia izango du.
Champions Rugby Village gunea maiatzaren 22an eta 23an egongo da zabalik, 11:00etatik 01:00etara arte, etenik gabe, eta animazioa, musika, kirol-jarduerak eta kultur ekintzak bateratuko dituen doako programazioa eskainiko du. Gainera, bi finalak parkeko pergolaren eremuan egongo den pantaila erraldoian emango dituzte.
Maiatzaren 22an, ostiralean, 11:00etan irekiko da gunea; 12:30etik aurrera, Sama Siku txaranga kalea girotzen hasiko da eta 15:00etatik 17:00etara berriz ere eskainiko du bere musika. Horrekin batera, 13:00etatik 19:00etara, Elorrio Rugby Taldeak antolatutako kirol-jarduerak izango dira: kontakturik gabeko errugbi partidak, pase luze eta laburren erronkak, ostiko taktikoak…
17:00etatik 19:00etara, Oxabi taldearen kontzertua izango da, eta, amaitutakoan, 19:00etan, finala hasi baino bi ordu lehenago, San Mameserako ibilbidea antolatuko da, Ondalaneko erraldoiekin eta dultzaineroekin batera. 21:00etan, pantaila erraldoian eskainiko dute EPCR Challenge Cup txapelketako finala. Ondoren, egunak musikarekin jarraituko du, 23:00etatik 01:00etara bitarte.
Larunbatean, maiatzaren 23an, 11:00etatik 15:00etara bitarte, Elorrio Rugby Taldearen eskutik kirol-ekintzak egiteko aukera egongo da berriro. Horrez gain, 11:00etatik 13:00etara, Ondalaneko erraldoiek desfilatuko dute konpartsa eta dultzaineroekin, eta 13:00etatik 14:30era, Sama Siku txarangak joko du. 14:30ean, San Mamesera joateko irteera antolatuko da txarangarekin, eta 15:45ean Investec Champions Cup txapelketako finala emango da. Programazioak Oxabiren kontzertuarekin jarraituko du 18:30etik 20:30era, eta ondoren DJ (Estrella Electrónica) saioa izango da, 20:30etik 22:30era.
AZKEN SARRERAK SALGAI
Finaletarako sarrerak oraindik eskuratu ez dituzten zaletuek oraindik aukera dute maiatzaren 22an, 21:00etan, jokatuko den EPCR Challenge Cup txapelketako partidarako azken sarrerak lortzeko, esteka honen bidez.
Bestalde, larunbateko Investec Champions Cupeko finalerako (15:45ean), publiko orokorrarentzako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Hala ere, sarrera erosi duten, baina joan ezin duten zaleentzat, EPCRren sarrerak trukatzeko plataforma ofiziala aktibo dago jada. Plataformaren bidez, sarrerak beste batzuei saltzeko aukera dago haien balio nominalaren truke.


