Euskal erakundeek europako errugbi finalen arrakasta ospatu dute, San Mamesen 95.000 pertsona baino gehiago bildu direlarik

Maiatzak 25

  • EPCR-ren datuen arabera, 95.531 pertsona bertaratu dira guztira bi partidetara, 52.327 gaurko Investec Champions Cupeko Finalean eta 43.204 atzoko EPCR Challenge Cupeko Finalean. Euskal erakundeek oso positibotzat jo dute nazioarteko kirol-ekitaldia.

Europako errugbiko finalak sustatu dituzten hiru euskal erakundeak – Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala – “oso pozik” agertu dira antolakuntza mailan orain arte lortutako emaitzarekin, maiatzaren 22an eta 23an San Mamesek hartu duen EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup Finalei dagokienez, nazioarteko kirol-ekitaldiaren inpaktu-txostena ezagutzearen zain.

European Professional Club Rugby (EPCR) elkarteak jakitera eman dituen datuen arabera, 52.327 lagunek gozatu ahal izan dute gaurko Investec Champions Cup-eko Finalaz eta 43.204 lagunek ikusi ahal izan dute bertatik bertara atzo gauean San Mamesen ospatutako EPCR Challenge Cupeko Finala; guztira 95.531 pertsona.

2018an, San Mamesek Europako errugbiko finalak lehen aldiz hartu zituenean, 84.225 ikuslek ikusi zituzten bi finalak: 52.282 pertsona egon ziren Investec Champions Cup-ean eta 32.543 EPCR Challenge Cup-ean duela zortzi urte.

San Mames zelai berriak Athletic Cluben partida batean izan duen asistentzia errekorra 52.114 ikuslekoa izan da, 2024-25 denboraldian Europa Leagueko Rangers F.C. taldearen aurka jokatutako partidan lortutakoa; aurtengo Investec Champions Cup Finalak 213 pertsonatan gainditu du datu hori.

EPCRk emandako asistentzia-zifraz gain, euskal erakundeek balorazio positiboa egin dute, bi egun hauetan hirian bizi izan den giro bikaina azpimarratuz, bai Doña Casilda parkearen inguruan, bertan kokatutako Champions Rugby Village gunean, bai Bilboko gainerako espazioetan, non lau talde finalisten zaleak bildu diren tokiko herritarrekin batera, elkarbizitza, errespetu eta ospakizun giroan.