Maiatzak 15
-
Errugbiko finalek eragina izango dute Bilbon, batez ere San Mames futbol-zelaiaren eta Casilda Iturrizar parkearen inguruan, ostiralean eta larunbatean, hilaren 22an eta 23an, 11:00etatik aurrera.
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, nazioarteko kirol-ekitaldia sustatzen duten hiru euskal erakundeek, mugikortasun eta segurtasun bateratuko operatiboa diseinatu dute, San Mamesek hartuko dituen Europako errugbiko finalak direla eta.
Operatibo koordinatua da, eta euskal herritarrek eta lau talde finalisten jarraitzaileek maiatzaren 22an eta 23an Europako errugbi onenaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera izatea du helburu. EPCR Challenge Cup 2026 txapelketako finala, Montpellier Hérault Rugby eta Ulster Rugby taldeen artekoa, maiatzaren 22an, ostirala, 21:00etan hasiko da, eta Investec Champions Cup 2026 txapelketako finala, Leinster Rugby eta Union Bordeaux Bègles taldeen artekoa, maiatzaren 23an, larunbatean, 15:45ean.
Bi finalen ospakizunak hainbat eragin izango ditu Bilbon, batez ere San Mames estadioaren eta Casilda Iturrizar parkearen inguruan. Bertan egongo da Champions Rugby Village, fan zone ofiziala, eta bi egunetan irekita egongo da 11:00etatik 01:00ak arte. Gune irekia izango da eta sarrera doakoa izango da bai talde finalistetako zaleentzat, bai gainerako zaleentzat eta, oro har, herritarrentzat.
TRAFIKO ETENAK ETA APARKALEKUAK
Maiatzak 22, ostirala:
Trafikoaren murrizketak ostiral goizeko 11:00etan hasiko dira, Abandoibarra inguruan. Bertara, larrialdieei eta antolakuntzak prestatutako mugikortasun-aplikazio digitalean erregistratuta dauden autobus pribatuei soilik utziko zaie sartzen. Zirkulazioa Abandoibarra etorbidean itxiko da, Leizaola Lehendakariaren kalearen eta Jesusen Bihotzaren artean. Ordu berean (11:00etan) Anselmo Clavé kale osoa ere itxiko da.
Zubiarte merkataritza-guneko aparkalekurako sarbidea itxita egongo da Abandoibarra etorbidetik, eta, beraz, 11:00etatik aurrera Uribitartetik bakarrik sartu ahal izango da.
Ostiraleko 17:00etatik aurrera, trafiko-etenek gune gehiagori eragingo diete, honako kale hauek barne: Sabino Arana (Simon Bolivar kalearen eta Jesusen Bihotza plazaren artean), Felipe Serrate, Bentosa bidea, Luis Briñas (Urkixo zumarkalearen eta Zunzunegi etorbidearen artean), Euskalduna Zubia (Olabeagako egoiliarrentzat), Kale Nagusia María Díaz de Haro eta Jesusen Bihotza kaleen artean, eta Rodriguez Arias eta Poza Lizentziatuaren kaleak María Díaz de Harotik.
Urkixo zumarkalea lehenetsitako irteera gisa irekita egongo da 18:30 arte. Hala ere, 18:30etik aurrera, Urkixo zumarkalea itxi egingo da M. Díaz de Haro kaletik San Mames estadioraino, José María Escuza eta Poza Lizentziatuaren kaleetako garajeetarako izan ezik (betiere, bide-segurtasuneko arrazoiak ahalbidetzen badute), eta itxita geratuko da Sabino Aranatik A-8 autobiderako irteera.
18:30etik aurrera, Moyua plazaren eta Jesusen Bihotza plazaren artean ere mozketa puntualak izango dira, talde finalisten autobusak estadiora sar daitezen.
Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du eten-puntuen irekiera dinamikoa, eta aurreikuspenen arabera, larunbatean 01:00etan irekiko dira guztiz aurrez aipatutako eremu guztiak.
Maiatzak 23, larunbata
Ostiralean bezala, maiatzaren 23an, larunbatean, 11:00etan hasiko dira trafikoaren murrizketa guztiak, aurreko eguneko gune eta kale berberetan. Urkixo zumarkaleko mozketa maiatzaren 23an, larunbatean, 13:15ean hasiko da, partida baino bi ordu eta erdi lehenago.
13:00etatik aurrera, Moyua plazaren eta Jesusen Bihotza plazaren artean ere mozketa puntualak izango dira, talde finalisten autobusak estadiora sar daitezen.
Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du eten-puntuen irekiera dinamikoa, eta aurreikuspenen arabera, igandean 01:00etan irekiko dira guztiz aurrez aipatutako eremu guztiak.
Bi egunetan, A-8 autobidetik Indautxu ingurura sartu behar izanez gero, Zabalburutik sartzea eta bertatik irtetea gomendatzen da.
APARKALEKUAK ETETEA
Bi egunetan kaltetutako eta oinezkoentzat egokitutako gune osoan (ikus irudia), aparkaleku oro etengo da maiatzaren 21eko (osteguna) 20:00etatik maiatzaren 24ko (igandea) 00:00etara: Urkixo zumarkalea, Bentosa bidea, Felipe Serrate, Kale Nagusia, Poza lizentziaduna, Sabino Arana eta José María Escuza, Luis Briñas, Urkixo zumarkalea eta Sabino Arana etorbidearen artean, Rodríguez Arias eta Sabino Arana; Anselmo Clavé kalean, aparkalekuen etenaldia maiatzaren 18an hasiko da, eta maiatzaren 25era arte izango du eragina.
Eremu horretako egoiliarren aparkalekuetatik ezin izango da sartu eta irten, ez ostiralean 17:00etatik 01:00etara, ez larunbatean 11:00etatik 01:00etara.
Botika Zaharraren Erriberan, Francesc Maciá kaletik Iruña kaleraino, ezin izango da kanpoko erreietan aparkatu maiatzaren 21eko (osteguna) 20:00etatik maiatzaren 24ko (igandea) 08:00etara.
Zorrotzaurren, Zamaketarikalea kalean, aparkalekua bertan behera utziko da maiatzaren 23an, larunbatean, eta igandeko 08:00ak arte.
Okupatu beharreko aparkaleku horiek guztiak aurretik balizatuko dira.
BIZIKLETA ZERBITZUA
Anselmo Clavé kaleko bizikleten udal mailegu guneari dagokionez, itxita egongo da ostiraletik, hilak 22, 17:00etatik, igandera, hilak 24, 05:00etara.
TAO
TAOri dagokionez, maiatzaren 22an eta 23an Basurto-San Mameseko koadranteko DES-R egoiliarren bereizgarria duten pertsonek hiriko edozein sektore berdetan aparkatu ahal izango dute.
GARRAIO PUBLIKOAREN ERABILERA
Oro har, komeni da norberaren autoa ez erabiltzea San Mames estadioaren ingurura iristeko, eta garraio publikoan joatea, ahal dela metroz edo trenez.
Bilbobusek eta Bizkaibusek aldaketak izango dituzte eraginpeko inguruneetatik zirkulatzen duten lineetako batzuen ohiko ibilbide eta geralekuetan, eta horien berri emango da xehetasunez markesinetan, informazio-paneletan, app-etan, sare sozial ofizialetan eta 010 telefonoan.
TRANBIA
Finalak direla eta, Bilboko tranbiaren zirkulazioak eragina izango du eta hainbat zirkulazio-eten egingo dira.
Maiatzaren 22ko (ostirala) 17:00etatik aurrera, tranbiak ez du zirkulatuko Euskalduna eta La Casilla geltokien artean. Zerbitzu osoa egingo duten azken tranbiak hauek izango dira: La Casilla norabidean, 16:10ean Boluetatik irten eta 16:30ean Euskaldunatik igaroko da; Bolueta norabidean, 16:47an La Casillatik irtengo da eta 16:57an Euskaldunatik igaroko da.
Maiatzaren 23ko 11:00etatik aurrera eta igandera arte, tranbia ez da ibiliko Euskalduna eta La Casilla geltokien artean. Zerbitzu osoa egingo duten azken tranbiak hauek izango dira: La Casillara bidean, 10:07an Boluetatik irten eta 10:27an Euskaldunatik igaroko da; Boluetara bidean, 10:41ean La Casillatik irtengo da, eta 10:51ean Euskaldunatik igaroko da.
Bi egun horietan (maiatzaren 22an eta 23an) tranbien maiztasuna 12 minutukoa izango da.
DISUASIO-APARKALEKUA BEC-EN
Ibilgailu pribatuetarako, maiatzaren 22ko 10:00etatik aurrera, BECeko aparkalekua gomendatzen da disuasio-aparkaleku gisa, Metro Bilbao (Ansio) eta San Mames arteko zuzeneko konexioarekin.
AUTOKARABANEN APARKALEKUA
Aldi baterako aparkaleku bat prestatuko da Kobetamendin, “Bilbao Caravan Park” eremuaren ondoan. Autokarabanen eta furgoneta kamperizatuen aparkaleku gisa baino ez da erabiliko, maiatzaren 21eko 12:00etatik maiatzaren 24ko 14:00etara. Aldez aurretik erregistratu behar da.
TAXIAK
Kale Nagusiko 85 eta Abandoibarrra etorbideko (Euskalduna Jauregiaren aurrean) taxi-geltokiak Kale Nagusira lekualdatuko dira, zehazki, Areilza Doktorea eta Maria Diaz de Haro kaleen arteko tartera, Jesusen Bihotzerako norabidean.
SEGURTASUNA ETA LARRIALDIAK
Segurtasun Sailak, Babes Zibileko Sailburuordetzatik, Larrialdi Fasea aktibatuko du: LABIren 0 egoera. Horrek EZ du esan nahi LABI-a aktibatuko denik, LABIren Aholku Batzordeak ez du batzartu beharko, baina lokalizatuta egon beharko du. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak bi jardunaldien jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu, SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez.
Bestalde, Babes Zibileko Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo bat prestatu du, Miribillako eta Deustuko parkeetan banatuta, eta San Mames estadioan bertan ere egon da.
Era berean, Babes Zibileko talde ikuskatzaileak Casilda Iturrizar parkeko Champions Rugby Villageko egiturak berrikusiko ditu.
KONTSIGNAK
Estadiora poltsa, motxila edo objektu txikiekin sartu ahal izango da, betiere DIN A4 folioaren tamaina gainditzen ez badute, eta, horrela, sarbideetan segurtasuna eta arintasuna bermatuko dira.
Casilda Iturrizar parkeko Champions Rugby Villageko sarbidean, tamaina hori gainditzen duten objektuak utzi ahal izateko kontsignak jarriko dira.
GARBIKETA ETA HONDAKINEN KUDEAKETA ZERBITZUA
Bi finalen ondoriozko beharrei aurre egiteko, Bilboko Udalak garbiketa eta hondakinen bilketa indartzeko dispositibo berezia prestatu du. 65 pertsonak eta 27 baliabide teknikok osatuko dute, eta ostiral eta larunbateko goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan eta igandeko goizeko eta errefortzuko txandetan jardungo dute.
BILBAO KIROLAK
Bilbao Kirolakek San Mameseko udal kiroldegia itxiko du maiatzaren 22an (17:30etik aurrera) eta maiatzaren 23an (12:15etik aurrera), segurtasun-arrazoiengatik.


