Urtarrila 23
- Bilboko Udalak -Bilbao Ekintzaren bidez- eta LORTEK-ek lankidetza-hitzarmena adostu dute; MONDRAGONeko kide den LORTEK kooperatibak, bere lehenengo egoitza inauguratu du ofizialki Bilbon, Irazabal-Matikoko Auzo Factory-ko udal-instalazioetan. LORTEK-en Bilboko egoitza berriaren inaugurazioak enpresa- eta ekonomia-sarea aberasten du, eta indartu egiten du hiriak erreferentziazko hub teknologiko-digital gisa betetzen duen papera. Gainera, talentu espezializatua sakontzeko jomuga erakargarri bihurtzen du.
- Era berean, IKERLAN zentro teknologikoak (hau ere MONDRAGON-eko kide) mugarri hori baliatuz, Auzo Factory-n daukan espazioa handituko duela iragarri du, Bilbon gero eta jarduera handiagoa baitu, tokiko eta Europako lankidetza proiektuak ardatz, ikerketa-proiektuen, tailerren eta networkingaren bidez ekintzailetza digitala sustatzeko.
- Inaugurazio-ekitaldian Juan Mari Aburto Alkatea, Pedro Alvarez LORTEKen zuzendari nagusia, Pello Rodriguez MONDRAGONen presidentea, eta Ion Etxeberria IKERLANen zuzendari nagusia izan dira.
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, eta MONDRAGON-eko LORTEK zentro teknologikoak LORTEK-en Bilboko lehen egoitzaren inaugurazio ofiziala egin dute gaur, Irazabal-Matikoko Auzo Factory-ko udal-instalazioetan espazio bat lagatzeko lankidetza-akordio bat sinatuta.
Aurkezpena ekitaldi instituzional batean egin da gaur. Bertan izan dira Pedro Alvarez Lorteken zuzendari nagusia eta Ion Etxeberria IKERLANen zuzendari nagusia, Pello Rodriguez MONDRAGON Korporazioaren presidentearekin eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkatearekin batera.
Espazio berri honen irekiera ofizialak indartu egiten du LORTEK-en presentzia hirian, eta Bilbo eremu teknologiko-digitaleko enpresentzako enklabe estrategiko gisa finkatzen du. LORTEK soluzio teknologiko eta digitalen hornitzaile gisa indartzen du hainbat sektoretako konpainientzat, eta erreferente bihurtzen du ikerketan eta transferentzia teknologikoan, bai eta talentu espezializatuaren erakarpenean eta fidelizazioan ere.
LORTEK-ek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide eta fabrikazio aurreratu eta adimenduneko soluzioak digitalizatzen eta garatzen espezializatutako enpresak, bat egingo du horrela IKERLAN-ekin eta Irazabal-Matiko udal-espazioko Auzo Factory-n diharduten 7 enpresekin. Guztira, kide berri hauekin, 65 pertsona hartzen ditu.
2025eko urriaren 1etik aurrera, diziplina anitzeko talde bat lanean hasi da Irazabal-Matikoko Auzo Factoryko instalazioetan, Matiko kaleko 6. zenbakian. Udalaren enpresa-espazio horrek coworking-gune bat dauka, eta LORTEK bezalako enpresei edo proiektuen sustatzaileei, start-up-ei eta profesionalei beren enpresa-jarduera garatzen laguntzeko helburua du. Era berean, Auzo Factory-ren lehentasuna da hazkunde-potentziala duten proiektu berritzaile berriak garatzea sormen-industrietan, zerbitzu aurreratuetan, ekonomia digitalean, turismoan eta bestelako sektore estrategikoetan.
Egoitzaren inaugurazioak aukera ematen dio LORTEK-i I+G entitateekiko, erakundeekiko, zentro teknologikoekiko, klusterrekiko eta unibertsitateekiko hurbiltasuna eta lankidetza indartzeko, bai eta Bilboko eta Bizkaiko enpresentzako transferentzia teknologikoa handitzeko eta hirian egiten diren ekitaldi, foro, kongresu eta abarretan modu aktiboagoan parte hartzeko ere.
ESPAZIO GEHIAGO IKERLAN-ENTZAT
2023an Bilbon ezarri zenetik, IKERLANek talentu teknologikoaren garapena zein erakarpena bultzatzu ditu, unibertsitate eta eragile desberdinekin lankidetzan, eta, gainera, IKERLANek lankidetza eta teknologia-transferentzia indartu ditu Bilbo eta Bizkaiko enpresekin, hurbilagotik arituta.
Ibilbide horretan, hainbat jarduera burutu ditu tokiko eragile eta plataformekin lankidetzan, hala nola ikerketa-proiektuen jarraipen-bilerak, workshop teknologikoak, STEM sentsibilizazio-tailerrak eta enpresa-networkinga erronka komunei aurre egiteko. Era berean, ekintzailetza digitala bultzatu du, oinarri teknologikoko enpresa berrien eragile dinamizatzaile gisa.
Bilbon IKERLAN-en proiektu berriak garatzeko, Irazabal-Matiko Auzo Factory-n daukan espazioa handitu behar da. Urritik aurrera, espazio berri bat hartzen du, LORTEK-ekin partekatzen duena, bere jardueren jarraitutasuna eta hazkundea bermatzeko.
LORTEKen espazio berriek eta IKERLANen handitzeak MONDRAGONen presentzia handitzen dute Bilbon; etorkizunean ere, MONDRAGONek presentzia hori indartzen jarraituko du Bilbao Bizkaia Digital Faktory-ren bidez Zorrotzaurren. Korporazioak bere Ezagutza Dibisioaren bidez bultzatutako hub teknologiko berri bat da, Mondragon Unibertsitatearen eta Ikerlanen hasierako parte-hartzearekin, ezagutza, teknologia, talentua eta enpresa integratuko dituena –horiexek dira MONDRAGON-ek etorkizuneko estrategia eraikitzeko erabiltzen dituen funtsezko lau zutabeak–, lankidetza publiko-pribatua eta kooperatiba- zein enpresa-sarearen eraldaketa digitalarekiko konpromisoa sendotuz. Proiektuak 20 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatzen du, eta Bilboren aldeko apustua sendotzen du, nazioarteko talentua erakartzeko ate gisa.
SARE SOZIALAK:




