“Match Bilbao Bizkaia” progamak Europa Erdialdeko eta Ekialdeko 14 herrialdetako 42 bidaia-antolatzaile bilduko ditu helmuga atzerrian sustatzeko

Urriak 6

  • “Match Bilbao Bizkaia” Bilboko Udalak bultzatutako alderantzizko turismo-sustapeneko programa bat da, helmuga bidaia-antolatzaileengana eta atzerriko eragileengana hurbiltzen duena.Hain zuzen ere, lurraldearen zuzeneko ezagutza eta merkataritza-aukeren sorrera sustatzen du, Bilbok eta Bizkaiak gorabidean dauden turismo-merkatuetan daukaten posizionamendua indartzeko.
  • “Match Bilbao Bizkaia” programaren hirugarren edizioan Europa erdialdeko eta Ekialdeko 14 herrialdetako 42 bidaia-antolatzaile bilduko dira gaurtik urriaren 10era. Bisita profesionaletan, networking-topaketetan eta turismo-sektoreko tokiko enpresekin 500 negozio-bilera baino gehiagotan hartuko dute parte.

Bilboko Udalak antolatutako Match Bilbao Bizkaia turismo-sustapeneko proiektuak hirugarren edizioa egingo du urriaren 6tik 10era, Europako erdialdeko eta ekialdeko 42 bidaia-antolatzaileren bisitarekin.

Bost egunez, Bilbon eta Bizkaian izango dira Letonia, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Kroazia, Serbia, Bosnia eta Herzegovina, Montenegro, Albania, Grezia eta Turkiatik datozen turismo-agenteak, eta alderantzizko turismo-sustapeneko lan-jardunaldietan hartuko dute parte, Bilbo eta Bizkaia bertatik bertara ezagutzeko.

Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren barruan, programak indarra hartzen ari diren merkatuetan daukan presentzia indartu nahi du, Erdialdeko eta Ekialdeko Europako herrialdeak Bilbo eta Bizkaiaren ezagutzan eta interesean sakontzeko. Gainera, Europaren eta Bilboren arteko aire-konektibitate ona funtsezkoa da turismo-sustapenaren arloan aukera berriak sortzea errazteko.

Ekimenaren hirugarren edizioa izango da eta horri esker herrialde horietako bidaia-antolatzaileei eta eragile profesionalei Bilbo eta Bizkaia helmuga turistikoa aurkeztu ahal izango zaie. Helmuga egun horietan ezagutzeaz gain, hainbat networking jarduera egingo dira hiriko turismo-balioaren kateko tokiko 37 enpresarekin. Workshop horretan 567 negozio-bilera egingo dira Europako parte-hartzaileen eta tokiko enpresen artean.

Match Bilbao-Bizkaia programaren aurreko edizioak 2022an eta 2024an egin ziren. 2022ko edizioan Europako merkatu finkatuenetako (Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Italia) bidaia-antolatzaileek bisitatu zuten lurraldea eta 2024ko edizioan Asiako bidaia-antolatzaileek (Japonia, Hego Korea, Taiwan, Malasia, Singapur).

 

BISITAK ETA TOPAKETA PROFESIONALAK

Ekialdeko Europatik eta Erdialdeko Europatik datozen 42 profesionalek bost egunez ezagutu ahal izango dituzte Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko beste helmuga estrategiko batzuetako lekurik adierazgarrienak.

Lehenengo egunari hasiera emateko, bisita gidatua egingo da San Mames estadioan eta museoan, eta amaitzeko networking-jardunaldi bat egingo da bidaia-antolatzaileen eta bertoko enpresen artean.

Bigarren egunean, goizean, Bizkaiko lekurik adierazgarrienetako bat ezagutuko dute, Urdaibai, eta Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxeko Donieneko begiratokia bisitatuko dituzte; arratsaldean Urkiolako Parke Naturalera hurbilduko dira. Hiriaz gain, kostaldea eta landa-ingurune naturala ezagutuko dute egun horretan.

Eguenean, hilak 8, ordezkariak Donostiara joango dira hiria eta hango eskaintza turistiko osagarria bisitatzeko, Bilbokoaren osagarria baita.  Arratsaldean, ordezkariak Bilbo inguruko kostaldeko baliabide berezienetako bat ikusiko dute, Bizkaia Zubia, Gizadiaren ondarea.

Azken egunean, urriaren 9an (barikua), workshop batean jarriko da arreta eta bertan hainbat bilera egingo dira. Arratsaldean Bilboko hiria ikusiko dute eta Bilboko Guggenheim Museoan bisita gidatua egingo dute, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan izango delarik.

Bilboko Udalak antolatutako Match Bilbao Bizkaia proiektuaren laguntzaile estrategikoak dira Turespaña eta Wizz Air.

 

SARE SOZIALAK: