Abenduak 10
- Dotoretasuna, matxinada eta rockarekiko pasioa batuko dira Bilbao Arenan ekainaren 26an eta 27an. Rage Against the Machine eta Audioslave taldeen sortzailekide den Morellok Estatuan emango duen kontzertu bakarra eskainiko du Bilbon, BBK Legends Bilbaon, 2026ko ekainaren 27an.
BBK Legends Bilbao, BBK Banku Fundazioaren eta Bilboko Udalaren babesarekin eta Dekker Eventsek antolatuta, 2026ko ekainaren 26an eta 27an egingo da Bilbao Arenan, lehen edizioa ospatu zenetik hamar urte beteko direnean.
Ostiraleko, ekainaren 26ko, jardunaldian, Chris Isaak izango da BBK Legends Bilbaoren lehen egunean buru, bere estilo paregabearekin: dotorezia retroa, surf kutsuko soinua eta Amerikako tradiziotik edaten duen sentsibilitatea uztartzen dituena. Kultuzko artista eta rock estatubatuarraren erreferente nagusietako bat den Isaak berriro itzuliko da Bilbora, 2023an Legendseko bere aurreko bisitan sarrera guztiak agortu ondoren. Bere abestirik ikonikoena, Wicked Game, belaunaldi oso bati markatua geratu zaio, eta gaur egun ere pop-rock modernoaren kanturik ezagunenetako bat da. Estatu Batuetako abeslari eta aktorea bere betiko bandarekin, Silvertonekin, igoko da eszenatokira, 70. urtebetetze-egunean bertan. Bere ibilbide musikal eta zinematografikoak honako hauek biltzen ditu: kritikak txalotutako estudioko hamahiru album, El silencio de los corderos eta The Wonders bezalako film nabarmenetan arrakasta eta parte-hartze zerrenden buru izan ziren hamabi single. Halaber, film ikonikoen soinu-banden musika konposatu du, besteak beste Eyes Wide Shut, True Romance, Wild at Heart eta Blue Velvet lanetarako. Duela gutxi, Ibilbide Artistikoaren Saria jaso du Americana Honors sarietan.
Jardunaldia osatzeko, Cracker izango da eszenatokian, AEBetako rock alternatiboko banda enblematikoa. Azken aldian Sala BBK zikloan eskainitako kontzertuan hiru hilabetetik gorako aurrerapenarekin sarrera guztiak agortu ondoren, taldea Bilbora itzuliko da, Low eta Teen Angst bezalako belaunaldiko klasikoek markatutako ibilbidearekin. Rocka, country-rocka, folka eta punka zeharkatzen dituen soinu anitzari esker, kultuzko banda bihurtu da. Halaber, egun berean Dea Matrona arituko da, rock eszenaren berritasuna indarrez, freskotasunez eta magnetismoz berritzen ari den Irlandako bikote gaztea. Fleetwood Mac eta Led Zeppelin bezalako legendetan du inspirazioa, eta Glastonbury jaialdian egindako agerraldia bezalako mugarri garrantzitsuek babesten dute bere ibilbidea.
Larunbatean, ekainaren 27an, berriz, Tom Morello izango da protagonista. Rage Against the Machine eta Audioslave taldeen sortzailekide izateaz gain, azken hamarkadetako rockaren figura iraultzaile eta aktibista nabarmenetako bat da. Euskadin emango duen lehen kontzertua izango da, eta Bilbon izango duen data bakarra Estatu osoan; hortaz, oso hitzordu berezia izango da jarraitzaileentzat. Rock’n’rollaren indar eraldatzailearen adibide bizia den Morello gitarra-soinu berritzaileengatik eta riff boteretsuengatik da ezaguna; musika garaikidea irauli du, bai bakarkako ibilbidean, bai banda mitikoetako sortzailekide gisa egindako lanarekin. Rolling Stone aldizkariak “Denboraldi guztietako 100 gitarjole onenen” zerrendan 18. postuan kokatu zuen, eta Rock & Roll Hall of Fame eta Heavy Metal Hall of Fame ospe-aretoetan ere sartu dute. Prophets of Rage eta Street Sweeper Social Club bezalako supertaldeetako kide izan da, eta sei urtez ibili da biran Bruce Springsteen & The E Street Band taldearekin. Gitarra protesta eta emozioaren adierazpen bihurtzeko duen gaitasunagatik da txalotua. Estilo bakarra eta energia ikaragarria uztartuta, Morello Bilbora iritsiko da kontzertu esklusibo bat eskaintzera.
Larunbat gau berean BEAT ere arituko da, King Crimson taldeko legenda izandako bi kidek, Adrian Belew eta Tony Levin musikariek, osatutako supertaldea; haiekin batera ariko dira Steve Vai gitarra birtuosoa eta Tool taldeko bateria indartsua, Danny Carey. Taldea King Crimsonen 1980ko hamarkadako garaiko hiru disko giltzarriren interpretazio sortzaile eta zehatzari heltzeko jaio da: Discipline, Beat eta Three of a Perfect Pair. Performing the Music of 80s King Crimson kontzeptuaren pean, proiektuak garai hartako errepertorioaren zehaztasun erritmikoa eta egitura-konplexutasuna uztartzen ditu rockaren historian eragin ukaezina izan duten lau musikariren nortasun teknikoarekin. Emaitza proposamen bakarra da, eskakizun musikal handikoa, funtsezko ondare bat berreskuratzen duena, bere garaian eraikitzen parte hartu zutenen begiradatik, orain energia berrituarekin berrinterpretatua.
Larunbateko eguna osatzeko, Graveyard taldearen emanaldia izango da Bilbao Arenan. 2006an sortu zen, Göteborg hirian, eta gaur egun Europako rock eszenako proposamen sendoenetako bat da. 70eko hamarkadako hard rocka, psikodelia eta blues gordina uztartzen dituen soinu bereizgarriari esker, Joakim Nilsson buru duen taldeak ibilbide sendoa eraiki du, Hisingen Blues bezalako disko funtsezkoekin eta zuzeneko intentsu, girotsu eta hipnotikoekin.
Musika-egutegiko ezinbesteko hitzordu gisa finkatu ondoren, BBK Legends Bilbao ekitaldia Bilbao Arenara itzuliko da, rockaren eta bluesaren mito handien, haiekin hazi ziren belaunaldien eta haien ondarea aurkitu duten belaunaldi berrien arteko topagune bihurtzeko.
Ekitaldiak izaera irekia eta zeharkakoa berresten du, muzikazale gazteetatik hasi eta familia osoetaraino (sarrera doan 14 urtera arte).
IRAUNKORTASUNAREKIKO KONPROMISOA
BBK Legends Bilbaok aktiboki jarraitzen du bere ingurumen-inpaktua murrizteko lanean, Erronka Garbia – Ekitaldi Jasangarria metodologian oinarritutako neurriak ezarriz. Karbono-aztarna gutxitzetik eta material birziklagarrien erabileratik garraio publikoa sustatzera arte, egitasmo bakoitzak hirian eta ingurunean eragin positibo eta ukigarria sortzea du helburu.
SARREREN SALMENTA ETA EMANALDIEN ORDUTEGIAK
Eguneko sarrerak eta bi eguneko bonuak gaurtik aurrera daude salgai, eta www.musiclegendsfestival.com webgune ofizialaren bidez erosi ahal izango dira.
Azken lau edizioetako gutxienez batean BBK Legends Bilbaon izan direnek posta elektronikoz jasoko dute kode bat; horri esker, prezio berezian erosi ahal izango dituzte sarrerak, denbora-tarte mugatu batean (abenduaren 25era arte).
Aurten, graderietako eserlekuak zenbakituta egongo dira, eta, horri esker, ikusle bakoitzak aldez aurretik aukeratu ahal izango du bere tokia. Emanaldien ordutegiak aurrerago kontsultatu ahal izango dira BBK Legends Bilbaoren webgune ofizialean.
