Abuztuak 27
-
Bilbon egingo da, irailaren 3an, “La Vuelta 2025” lasterketaren hamaikagarren etapa.
-
Lasterketa nabaritu egingo da hirian. Ildo horretan, zirkulazioko aldaketa nagusiak Deustun, Abandon, Basurtun, Uribarrin eta Begoñan izango dira, baita Olabeagan eta Zorrotzaurren ere.
-
Aldaketa horiek herritarren errutinei ahalik eta gutxien eragin diezaieten, Udalak alternatiba batzuk ezarri ditu hiritik ibiltzea errazteko zirkulazio-eten horiek irauten duten bitartean. Gainera, ibilgailu pribaturik ez erabiltzea eta garraio publikoan etortzea gomendatzen da, batez ere metroan eta trenean.
Irailaren 3an, eguaztena, “La Vuelta 2025” lasterketaren hamaikagarren etaparen sarrera eta helmuga izango dira Bilbon eta horrek hainbat eragin izango ditu herritarrengan, zenbait eremutan.
Hori dela eta, dispositibo handi bat ari da prestatzen Udala, sail batzuen eta besteen artean koordinatuta: Mugikortasuna, Segurtasuna, Obra Publikoak eta Zerbitzuak… eta, gainera, komunikazioa indartuko da, herritarrek aldez aurretik jakin ditzaten eragin horiek eta haien aurrean egon daitezkeen konponbideak edo alternatibak.
Hirian egun horretarako ezarritako dispositiboak zirkulazioa etetea eta autobus-lineak desbideratzea aurreikusten du, batez ere San Mameseko inguruan –hortik abiatuko da pelotoia 13:30ean– eta Kale Nagusian, Gregorio de la Revillaren parean, bertan amaituko baita etapa 17:30 inguruan. Dena den, beste leku batzuetan ere etengo da zirkulazioa Deustun, Uribarrin, Begoñan, Olabeagan eta Zorrotzaurren.
Gomendioa da, oro har, auto partikularra ez erabiltzea eta garraio publikoan mugitzea Bilbotik, hau da, trenean edo metroan, ahal dela. Bestalde, Bilbobuseko linea gehienetan, bai eta hiritik dabiltzan Bizkaibuseko lineetan ere, aldaketak egongo dira.
BILBO-BILBO, 157 KILOMETRO
Luis Briñas kaletik abiatuko da lasterketa eta Carmelo Bernaola tuneletan aterako da neutralizatuta. Gero, Bizkaiko hainbat udalerritatik ibilbidea egin ondoren, hirira itzuliko da Artxandatik, Ballets Olaeta kaletik eta Euskalduna zubitik. Pelotoiak Kale Nagusiko helmugatik egingo du lehen buelta, Errekalde zumarkalerantz jarraituko du eta, berriz ere, Bilbotik irtengo da Zumalacarregui etorbidetik. Azkenik, 17:15 inguruan, txirrindulariak berriro sartuko dira hirira, ibilbide bera eginez.
ERAGIN NAGUSIAK
Kirol-ekitaldi horrek zirkulazioko etenak eragingo ditu bezperatik bertatik San Mameseko inguruan, aurretik muntaketa-lan egin behar direlako. Lan horiek irailaren 2ko goizeko 9:00etan hasiko dira. Kasu horretan, eragina txikia izango da, San Mamesen partida dagoen egun baten antzekoa.
Lehen eten esanguratsua egun horretan bertan egitea aurreikusten da, 21:00etatik aurrera, Enekuri-Artxanda errepidean; kasu horretan, auzotarrek eta langileek igarotzeko baimena izango dute.
Eguaztenean, hilak 3, eten nagusiak Sabino Aranan, Abandoibarran eta Kale Nagusian egingo dira, 6:30etik 21:00etara. Gainera, ibilbide osoan bideak itxiko dira txirrindulariak igaro baino ordubete lehenagotik. Antolamenduko langileak jardungo dira puntu horien sarbideetan eta ordezko bidea dagoen bidegurutzeetan, garajeetan, aparkalekuetan eta abarretan, ez dadin ibilgailu bat ere sartu lasterketaren eremura.
Erginpeko inguruneetako garajeek eta aparkalekuek mugak izango dituzte sartzeko eta irteteko, eta hirian aparkatzeko erreserbatutako zenbait eremu egongo dira, batez ere lasterketa hasten eta bukatzen den guneetan.
Gerta liteke bideak zirkulaziorako ixteko orduak aldatzea segurtasunagatik, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren irizpidearen arabera.
Eremuka:
ABANDO, BASURTU ETA DEUSTUKO BARRUTIAK
Irailaren 3an, eguaztena, 6:30etik 21:00etara, aipatutako zirkulazio-etenak izango dira Basurtun, batez ere Sabino Arana etorbidean, Victor Chavarri plazatik Jesusen Bihotza plazarantz. Egoiliarren joan-etorriak eta garaje eta saltokietako sarrera-irteerak Sabino Arana etorbidearen albotik egingo dira, Poza Lizentziatuaren kaleraino.
Era berean, 07:00etatik 21:00etara ezin izango da Kale Nagusira sartu Jesusen Bihotza eta Moyua plazen artean. Itxita egongo dira Anselmo Clavé pasealekua eta Kale Nagusirantz Rodriguez Ariasetik doazen gainerako zeharkako kaleak. Ahal den neurrian, zeharkako zirkulazioa ahalbidetuko da Iparragirre kaletik.
Ondoren, 9:00etatik ekitaldia amaitu arte, lasterketaren antolatzaileenak ez diren ibilgailuak edo operatiboan parte hartzen ez dutenak ezingo dira Euskalduna zubian ibili.
Bide alternatiboak egongo dira. Abandoibarrako zirkulazioa Leizaola Lehendakariaren etorbidean desbideratuko da, eta Euskalduna zubiko zirkulazioa Ballets Olaeta kalean eta Eraso Jeneralaren kalean.
ARTXANDA
Enekuri-Artxanda errepidea ixteaz gain, Artxanda-Salbe tunelak eta Ugasko-Salbe tunelak (noranzko bietan) itxiko dira, gutxienez lasterketa hasi baino ordubete lehenago. Berriro irekiko dira lasterketa igarotzen denean.
ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN
BILBOBUS
Murrizketa horien ondorioz, aldaketak egingo dira Bilbobuseko linea gehienetako ibilbideetan eta geralekuetan.
Zer desbideratze izango diren eta zer geraleku aldatu eta kenduko diren behar bezala jakinaraziko da ohiko bideetatik: webgunea, sare sozialak, informazio-panelak, markesinak…. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, www.bilbao.eus/bilbobus webgunean eta 010 telefonoan kontsulta daiteke.
TRANBIA
Lasterketak eragina izango du Euskalduna Jauregitik Basurtuko Ospitaleko geralekuraino.
TAXIAK
Lasterketa igarotzen den inguruan dauden taxi-geltokiak kendu egingo dira.
HERRITARRENTZAKO OHARRAK
Bilboko Udalak hainbat ohar prestatu ditu “La Vuelta 2025” lasterketaren eragina jasango duten gune eta auzoetako herritarrentzat, eta postontzietan ere banatuko ditu. Kalean 59.000 aletik gora jarriko dira datozen egunetan.
Ohar horietan informazioa ematen zaie zirkulazio-etenei buruz, egoiliarrentzako irteera eta sarbide alternatiboei buruz, eta aparkaleku pribatuetan izango den eraginei buruz. Azken horietan sarrera-irteerak arautuko dira, eraginkortasuna bermatu ahal izateko.
SARE SOZIALAK
