Bilboko ehun gaztek 30 proiektu zientifiko-teknologiko aurkeztu dituzte “Bizilabe egunean”

Ekainak 16

  • Bigarren “Bizilabe Egunean” Basurtuko, Zazpikaleetako, Deustuko, Otxarkoagako eta Zorrotzako gazteek parte hartu dute, eta ikasturtean zehar landutako ideia berritzaileak Zabalgune eraikinean erakutsi dituzte.

  • 2017az geroztik, Bilboko Bizilabek esperientzia zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi ditu hiriko gazteen artean, bai eta erreferente izan daitezkeen profesionalak hurbilarazi ere.

Bilboko Bizilabe Egunaren bigarren edizioan Bilboko 100 gazte inguruk parte hartu dute, eta 30 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztu dituzte Bilbo erdialdeko Zabalgune eraikinean. Parte hartu duten gazteen senideez gain, Bilboko Udaleko ordezkari eta Aitziber Lasa Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako koordinatzailea bertan egon dira, ikasturte bukaera honetan gazteek dituzten ideia berritzaileen emaitzak hurbiletik ezagutzeko helburuz.

Bizilabe Elhuyarrek sortutako proiektu bat da, gazteei bizipen zientifikoak eskaini nahi dizkiena, komunitate osoaren inplikazioarekin. 2024-2025 ikasturte honetan, Basurtuk, Zazpikaleek, Deustuk, Otxarkoagak eta Zorrotzak Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera eskaini dute. Guztira 141 gaztek parte hartu dute, 13 taldetan banatuta: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 101 gaztek, DBHko 1. eta 2. mailako 31 gaztek, eta DBHko 3. eta 4. mailako 9 gaztek.

Bizilabe ekimenaren helburu nagusia Bilboko gazteen artean talentu zientifiko eta teknologikoaren garapena sustatzea da. Esperientzia praktiko eta sortzaileen bidez, Bizilabek jakin-mina, pentsamendu kritikoa eta berrikuntza bultzatzen ditu lankidetza-ingurune batean, eta zientzia eta teknologia gazteei hurbiltzen saiatzen da, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) karrerenganako interesa pizteko. Horrela, bokazio goiztiarrak sustatzen ditu garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoak diren eremuetan.

30 PROIEKTU BERRITZAILE

Hauek dira “Bizilabe Egunean” aurkeztu diren 30 proiektuak, Zabalgune eraikinaren atarian egindako jardunaldian, Bilboko ikasturte amaierako ekitaldiaren testuinguruan:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako proiektuak:

  • Labirinto-jokoa bi jokalarientzat kartoizko kutxa batean. Joko honetan, metalezko bola bat labirintotik eraman behar da eta, helmugara iristean, zirkuitua itxi eta puntu bat gehitzen zaio. Proiektu honek oinarrizko kontzeptuak konbinatzen ditu: sormena, talde-lana eta elektronika.
  • Lau irin motaren arteko konparazioa, newtondarra ez den likidorik onena zein den zehazteko.
  • Teknologia eta moda konbinatuz, “e-ehunak” kontzeptua ezagutu dute.
  • Plastiko birziklatuzko pinak eta giltzatakoak, plastikoen propietate fisikoak eta disoluzioen kontzeptua esperimentalki aztertuz. Jarduera honen bidez, kimika eta diseinua landu dituzte.
  • Saskibaloiko saski bat diseinatu eta eraiki dute, non puntuazioa automatikoki zenbatzen baita plaka elektroniko baten bidez.
  • Bioplastikoak sortu dituzte. Metodo zientifikoaren urratsak praktikan jarrita, esperimentazioaren bidez jakin gura izan dute nola sortzen den plastiko alternatibo hori eta zein baldintzatan lortzen diren emaitza onenak.
  • Euren auto elektrikoak diseinatu eta eraiki dituzte. Horretarako, zirkuitu elektriko sinple baten oinarrizko osagaiak ikasi dituzte.
  • Nahasgarriak ez diren likidoak erabiliz, orbitatzen ari diren planetak diruditen formak lortu dituzte.
  • Esferifikazioak, azukre-kotoia eta kontserbak egin dituzte.
  • Erreakzio kimikoen bidez, “elefanteentzako hortzetako pasta” egin dute.
  • Proiektu honen helburua da DNA eta proteinak ulertzea eta proteina bat diseinatzea. Horretarako, DNAren lehen erauzketa bat egin da eta maketa bat osatu da gozokiekin. Ondoren, DNAren bidez zifratutako mezu bat deszifratu behar izan dute, DNAk proteinak kodetzen baititu. Azkenik, bakoitzak bere proteina diseinatu du.
  • Bilbon aurki daitezkeen hegaztiak identifikatzen ikasi dute, eta txori-janleku bat diseinatu eta fabrikatu dute, materialak berrerabiliz.
  • Auto elektriko bat sortu dute, zirkuitu batekin.
  • 3D boligrafoekin sor daitezkeen objektuak sortu dituzte. Batzuk, apaingarri gisa, eta beste batzuk, eguneroko erabilerako objektu gisa.
  • Lurrin solidoak eta ezpain-margoak osagai naturalekin eta ez-toxikoekin egin dituzte.
  • Hostoen argazkiak egin dituzte, zianotipiaren teknikan oinarrituta.

DBHko 1-4 mailetako proiektuak:

  • Itsasoko plastikoak biltzeko gai den ontzi bat diseinatu eta eraiki dute. Uhal garraiatzaile baten bidez, azaleko hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko sistema eraginkor bat sortu dute. Horrela, ingurumena errespetatzen duen eta itsas bizitzarako segurua den soluzio bat proposatu dute.
  • Aztertu du ea elikagai naturalak –hala nola menda eta limoia– ahoa garbitzeko erabil daitezkeen. Horretarako, aho-laginak hartu dituzte eta bakterioek hainbat tratamenduren aurrean duten portaera alderatu dute, metodo zientifikoa aplikatuz.
  • Sodio alginatoan eta kaltzio kloruroan oinarrituta ekoitzitako bioplastikoaren propietateak ikertu dira, eta bereziki aztertu da materialak baldintza desberdinetan dauzkan sendotasuna eta malgutasuna. Analisia egin ondoren, bioplastiko hori tresna erabilgarria bihurtu da liburuak irekita mantentzeko euskarri bat diseinatu eta fabrikatzeko, eguneroko arazo bati irtenbidea emanez.
  • Ispilu infinituko prototipo bat fabrikatu da, teknologia eta artea konektatuz.
  • Egunerokoan erabiltzen ditugun gainazaletan zenbat bakterio dauden aztertu da. Gainera, garbiketa-produktuen eraginkortasuna frogatu da.
  • Esku bat eraiki dute, sistema hidrauliko batekin eragiteko.
  • Pastaren “al dente” puntuaren propietate fisikoak neurtu dituzte.
  • Ureztatze-sistema automatikoa diseinatu dute.

2017TIK HAZTEN

Bizilabe proiektua eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egitean datza, hainbat onura eskaintzen baititu: kontzeptu zientifikoen ulermena hobetzen du, teoriatik praktikara igarotzea errazten du, teknologia berrien erabilera sustatzen du eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzea ahalbidetzen du. Hala, gazteek Bizilaberen bidez deskubritzen dute zientzia presente dagoela euren eguneroko bizitzako alderdi askotan, batik bat arazo sozial kritikoetan, hala nola kutsaduran edo jasangarritasunean. Jarduera horien bidez, gazteek auzi horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen du.

2017an Bilboko Bizilabek Deustun ateak ireki zituenetik, Bilboko beste lau eremutara zabaldu da: 2021ean Otxarkoagan jarri zen abian, 2022an Zorrotzan, 2023an Basurtun eta 2024an Esperantza pilotalekuan. 2017tik gaur egun arte 950 gaztek baino gehiagok parte hartu dute proiektuan. Gainera, Bizilabeko komunitatea hazten joan da, eta dagoeneko 30 enpresa baino gehiago, 53 ikastetxe eta 300 saltoki inguru batu dira.

Bilboko Bizilaberen etorkizuneko ekimenei begira, inskripzioak irekita daude Bilboko Bizilaberen “Izan ikertzaile eta asmatzaile” programan parte hartzeko. Programa hori 2025eko urrian hasi eta 2026ko maiatzean amaituko da: Bizilabeko inskripzioak 2025-2026.

SARE SOZIALAK: