Covid-19aren garaian ekintzailea izatea: erronkak eta aukerak

Covid-19a protagonista duen gaur egungo osasun-krisiak bete-betean izan du eragina enpresetan eta negozioetan, eta sortzen ari diren ekintzailetza-proiektuei lotutako ziurgabetasun-egoera bati ireki dizkio ateak.

Hori horrela, GEMek (Global Entrepreneurship Monitor) prestatutako txostenarekin bat etorriz —Espainiako ekintzailetzaren egoera COVID-19aren krisiaren aurrean—, pandemiaren eta alarma-egoera deklaratu zen lehenengo hilabeteetan sortze-bidean zeuden enpresen % 35ek planak eten zituen eta % 4k bertan behera utzi zuen ideia. Alderdi positibo bat ere izan du horrek; izan ere, % 41ek negozio-eredua berriz orientatzea erabaki du, eta % 56k ez zuen eragin hurrengo hilabeteetarako negatiborik aurreikusi proiektuan; are gehiago, onuragarria izan zitekeela uste zuen.

Edonola ere, egoera horri aurre egiteko, guztiz funtsezkoa da ekintzaileek egokitzeko duten gaitasuna: Merkatu-azterlan eguneratu bat izan behar dugu eta gure ideia edo negozio-eredua berrikusi, baina, aldi berean, agertzen doazen aukerak aprobetxatzeko gai izan. Geure buruak berrasmatzeko unea da. 

 

Horren jakitun, enpresa askok dagoeneko egokitu dute jarduera, negozio-hobi berrietara bideratzeko; besteak beste, nola ez, osasunari lotutakoa nabarmendu behar dugu. Horixe da, hain zuzen ere, maskarak, gel desinfektatzaileak eta abar ekoizteari eta banatzeari ekin dioten enpresa ugari egotearen arrazoia. Izan ere, ziur asko, sektore horrek garrantzi handiagoa izango du etorkizunean. 

 

Eraldaketa hori, dena den, haratago doa arkitekturari edo eraikuntzari lotutako negozioetan, eskaintza egokitu baitute terraza eta lorategi zein argi naturala duten gela malgu eta aldakorrak dituzten etxebizitzekiko desira gorakorrera egokitzeko. Barne-diseinatzaileek, bereziki, ostalaritza-lokaletarako irtenbideak bilatzeko erronkari egin behar diote aurre, sozializazioa modu seguruan ahalbidetuko duten espazio berritzaileekin, besteak beste. 

Enpresaren eremu guztien digitalizazio integrala, halaber, negozio-aukeretarako iturria da. Sektore guztiek partekatzen duten joera bat da, eta horrek arinago garatzea eta ezartzea ekarri du, betiere, lehiakortasuna hobetzeko asmoz. Horri dagokionez, enpresa txiki eta ertainetara iritsi den joera bat da. 

 

Ildo horretatik, funtsean mugikortasunari eta harremanei eragiten dizkieten murrizketa ugarien ondorioz, negozio-aukera sorta handi bat sortuko da irtenbide eraginkorrak eskaini ditzaketen ekintzaileentzat: telelana, e-learning, e-commerce, ekitaldi birtualak, contactless ordainketak, kontakturik gabeko sarrera-kontrola eta beste hainbat gai.

 

Mundua asko aldatu da hilabete gutxian, eta, horregatik, oinarri-oinarrizkoa da enpresen berrasmatzeko gaitasuna eta negozio-ideia berrien gaitasuna nabarmentzea. Krisi orok dakar aukera bat berekin, eta oraingoa ez da salbuespena izango. Guk aukera hori aprobetxatu behar dugu.