UEFA Europa Leagueren finalerako udal operatibo zabalak datorren asteazkenean, maiatzak 21, Bilbon

Maiatzak 14

  • Hilaren 19tik aurrera, astelehena, herritarrek aldaketak jasango dituzte zenbait arlotan: trafikoan, aparkalekuetan eta zabor-bilketan, besteak beste.

  • Finalaren egunean, ibilgailu pribatua ez erabiltzea gomendatzen da, eta Bilbora garraio publikoan sartzea, batez ere metroan eta trenean (zerbitzua indartuko da).

  • Udaltzaingoko langile gehienak ezarritako dispositiboetan lan egiteko moduan egongo dira; suhiltzaileek, berriz, ohiko zaintza nabarmen indartuko dute.

  • Garbiketa Zerbitzuko 60 langile arduratuko dira kaleak garbitzeaz, edukiontziak mugitzeaz, eta hondakinak bildu eta tratamendu-instalazioetara eramateaz.

Datorren astean, maiatzaren 21ean, UEFA Europa League-ren finala jokatuko da Bilbon, eta horrek hainbat eragin izango ditu herritarrengan, mugikortasunetik hasi eta hondakinen bilketaraino.

Horregatik, Udala hainbat sailen artean koordinatutako dispositibo zabal bat prestatzen ari da.  Segurtasuna; Mugikortasuna; Obra Publikoak eta Zerbitzuak; Gazteria eta Kirola; Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegua… Baina, horretaz gain, komunikazioa indartzen ari gara, bizilagunek aldaketa horiek eta egon daitezkeen soluzio edo alternatibak ezagutzeko.

TRAFIKO-MOZKETAK, APARKALEKUAK ETA GARAJEAK

BASURTU, INDAUTXU ETA OLABEAGA

Partida jokatzeko prestatutako dispositiboak leku batzuetan trafikoa moztea aurreikusten du.  Garrantzitsuenak San Mames inguruan izango dira, eta batez ere Basurtu, Indautxu eta Olabeaga auzoetan izango dute eragina.

Inguru horretan egingo da trafiko-mozketarik luzeena, maiatzaren 21eko 00:00etatik maiatzaren 22ko (osteguna) 05:00etara.  Zirkulazioa eteteko, hesiak ipiniko dira Sabino Arana etorbidean, Jesusen Bihotzaren eta Simon Bolivar kalearen arteanSan Mamesen perimetroa ere moztuko da, Felipe Serrate, Ventosa bidea, Luis Briñas eta Zunzunegui etorbidearen artean.

09:00etatik aurrera gutxi gorabehera, itxita egongo da ibilgailuen A8rako irteera Sabino Aranan zehar, Urkixo zumarkaletik. 14:00etan inguru etengo da zirkulazioa Euskalduna zubian, Jesusen Bihotzaren plazan, Kale Nagusian (María Díaz Harokoraino), eta Jose Maria Escuza kalean. Halaber, zirkulazioa aldizka etengo da Trenbideko etorbidean, Sabino Aranaren eta Ametzolako biribilgunearen artean.

Aparkalekuak hilaren 20tik 22ra bitartean kenduko dira zirkulazioa etengo den kale horietan, baita Anselmo Clavé kalean, Basurtuko Kaputxinoen kalean eta Zunzunegui kalean ere.

Okupatu beharreko eremuak aldez aurretik seinaleztatuko dira, eta kasu bakoitzean egunak eta orduak adieraziko dira.

Kale horietan dauden garajeetan ezin izango da sartu ez irten hilaren 21eko 15:00etatik hilaren 22ko 05:00etara, salbu eta Udaltzaingoak baimena ematen badu, zona horretan dabilen jendearen arabera.

Ordutegi horretan, Basurtu, Indautxu eta Olabeagan sartzeko eta irteteko, Autonomia, Zabalburu eta Juan de Garay kaleak erabili ahalko dira, alde batetik, eta, Basurtu-Kastrexana errepidea eta Kadaguako korridorea, bestetik. Bizilagunak larrialdi atzeraezinak dituztenean bakarrik sartu ahalko dira auzo horietan.

San Mamesetik gertu dauden etxebizitzetara, hau da, futbol-zelaiko segurtasun-eraztunen barruan dauden etxebizitzetara, hiru bidetatik iritsi ahalko dira oinezkoak:

  • Sabino Aranatik, Jesusen Bihotza plazan eta Zunzunegui etorbideko izkinan, tranbiarekiko paraleloan dagoen espaloitik.
  • Luis Briñasetik, zenbaki bakoitietako espaloitik.
  • Eta, Ventosa bideko etxebizitzetara, oinezkoen sarbidea kale horren eta Trokabidearen artean egongo da.

AMETZOLA

Fan Meeting Pointetako bat, zehazki Tottenham-en zaleak hartuko dituena, Ametzolan kokatuko da.

Hala, ostiral honetatik (maiatzak 16, muntaketaren hasiera) eta 25era arte arte (igandea, desmuntaketaren amaiera), Trenbidearen etorbidea okupatuko da geltokiko biribilgunetik kalearen amaieraraino, baita inguruko oinezkoentzako eremuak ere. 

Ondorioz, maiatzaren 18tik (igandea) maiatzaren 24ra (larunbata), hainbat aparkaleku okupatuko dira Trenbideko etorbidean (azken zatian), baita Santiago Brouard (Ugalde eta Trenbide Etorbidearen tartean), Ugalde (5 plaza) eta María Victoria Uribe Laso (2 plaza) kaleetan ere.

Autonomia kalean -atari bakoitien aldean- ere ezin izango da aparkatu hilaren 21eko 10:00etatik hilaren 22ko 14:00etara, zehazki Gordoniz eta Concha Jeneralaren Kaleen arteko tartean (batez ere Tottenham-en zaleak aireportutik ekartzen eta eramaten dituzten autobusentzat erreserbatua).

Atari bikoitien aldean, berriz, Gordoniz eta Concha Jeneralaren kaleen arteko tartean, ezin izango da aparkatu maiatzaren 20ko 22:00etatik aurrera.

Okupatu beharreko eremuak aldez aurretik seinaleztatuko dira, eta kasu guztietan egunak eta orduak adieraziko dira.

Inguru horretako trafiko-mozketa garrantzitsuena astelehenean hasiko da (maiatzak 19), 16:00etan, eta ostiralean (maiatzak 23) bukatuko da, 12:00etan. Denboraldi horretan, ezingo da zirkulatu Trenbideko etorbidean zehar, zehazki, Gordóniz eta Santiago Brouard kaleen artean.

Eragindako perimetroko atarietan bizi diren pertsonak oinezkoentzako korridore batetik sartuko dira etxera; garajeetan sartzeko eta/edo irteteko, berriz, Ugalde kalea eta horretarako prestatutako eremua erabiliko dira.

ETXEBARRIA PARKEA

Manchester United-en zaleak beste Fan Meeting Point batean bilduko dira, Etxebarria parkean. Parke horren eremu zabal bat okupatuta geratuko da maiatzaren 16tik (ostirala) 22ra (osteguna).

Tximiniaren ondoko haur-parkea ezin izango da erabili. Oinezko pasabide bat jarriko da Quintana plazatik eta parkeko sarbidetik.

Finalaren eguneko 00:00etatik hurrengo eguneko 14:00etara (osteguna), Begoñako Basilikako aparkalekua okupatuko da, bai eta Zumalakarregi etorbideko eta Begoñako Andra Mariako inguruko aparkalekuak ere, autobusak aparkatzeko. Pixka bat geroago, asteazkenean, hilak 21, 09:00etatik aurrera, Zumalacarregui etorbidean zirkulazio-errei bat okupatuko da, Guridi Musikariaren biribilgunetik Begoñako tuneletaraino, autobusak aparkatzeko kasu honetan ere.

Horregatik, hilaren 21eko 22:00etatik aurrera, Manchester United-eko zale guztiek autobusetan alde egin arte, trafikorako itxita egongo da Zumalacarregui etorbidea (San Agustin biribilgunearen eta Guridi Musikariaren biribilgunearen artean).

ERAGINDAKO BESTE INGURUNE BATZUK

Areatzak eta Arriaga plazak ere izango dute protagonismoa finala jokatzen denean, bertan antolatuko baita UEFA Europa Leagueren Fan Festival delakoa, maiatzaren 20an eta 21ean.

Horrek esan nahi du aldaketak egon litezkeela oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan ingurune horretan, dagoen publikoaren arabera.

Maiatzaren 21ean, 12:00etatik 14:00etara, gutxi gorabehera, ibilgailuen zirkulazioa etengo da Mesedeetako zubiaren, Areatzako zubiaren eta Ernesto Erkoreka plazaren arteko eremuan. Halere, eragindako garajeetarako sarrera eta irteera bideratuko dira.

Asteazkenean eta ostegunean aparkaleku-erreserbak egingo dira Zingira eta Bailén kaleetan eta hiriko beste eremu batzuetan, hala nola Botikazar erriberan (Iruña eta Rafaela Ybarra kaleen artean).

Halaber, Euskalduna Zubian ibilgailuen zirkulazioa moztuko da hilaren 21eko (asteazkena) 14:00etatik hilaren 22ko (osteguna) 02:00ak arte.

Bestalde, A-8 autobidetik Bilborako sarbidea, Zunzunegi etorbidetik, kolokan egongo da Ertzaintzak hilaren 21eko 15:00etatik aurrera egingo duen mozketaren ondorioz. Hala, ibilgailu partikularrentzako sarrera Juan de Garay, Enekuri, Miraflores eta Santo Domingotik egin beharko litzateke.

ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN, ZERBITZUA INDARTZEA

Oro har, norberaren autoa ez erabiltzea gomendatzen da, eta ahal den neurrian garraio publikoan sartzea eta ibiltzea Bilbon, batik bat metroan edo trenean. Eragindako zonetan zehar doazen Bilbobus eta Bizkaibus linea gehienen ibilbideak eta geralekuak kendu edo aldatu egingo dira.

Zer desbideratze izango diren eta zer geltoki aldatu eta kenduko diren behar bezala jakinaraziko da, ohiko bideetatik: sare sozialak, informazio-panelak, markesinak…. Informazio gehiago, hemen kontsultatu: www.bilbao.eus/bilbobus webgunean edo 010 telefono zenbakian.

Bestetik, metro, tren eta tranbia bidezko garraio publikoa indartu egingo da.

Metro Bilbaok goizeko 5:55etik 23:02ra arte emango du zerbitzua; trenek 7,5 minutuko maiztasunarekin zirkulatuko dute –ohiko ordutegian–, eta ordu-tarte batzuetan zerbitzua indartu egingo da, adibidez, 13:50etik 14:30era. Denbora horretan, maiztasunak 2:30 eta 5 minutu bitartekoak izango dira.

Gainera, eskainitako zerbitzua lanegun arrunt bat gehiagora zabalduko da. Metroa 3:00ak arte ibiliko da.

Kontuan izan behar da San Mameseko geltokia itxita egongo dela hilaren 21eko 15:00etatik hilaren 22ko 06:00etara.

Ordu horretatik aurrera, tranbiak ez du zirkulatuko Euskalduna eta La Casilla artean.  Hala ere, zerbitzua indartu egingo da partidaren aurreko orduetan, baita partidan zehar eta hurrengo orduetan ere. Kontuan izango da luzapena eta penaltiak egon litezkeela. Hala, Pio Baroja eta Euskalduna geltokien artean, 15:00etatik 21:10eratranbia sei minutuan behin ibiliko da.   21:10etik 23:30era arte (maiatzaren 22ko 02:20ra arte, baldin eta partida luzatzen bada), hamabost minutuan behin zirkulatuko dute, ibilbide bera eginez, Pio Baroja eta Euskalduna artean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek www.euskotren.eus webgunea eta Euskotrenen aplikazio ofiziala erabil ditzakete.

Renferen aldiriko trenei dagokienez, Ametzola eta Autonomiako geltokiak itxita egongo dira hilaren 21eko 09:30etik 22ko osteguneko 09:00etara. Olabeaga eta San Mameseko geltokiak maiatzaren 21eko 15:00etatik aurrera itxiko dira.

TAOri dagokionez, astelehenetik, hilak 19, 09:00etatik, eta larunbata, hilak 24, 14:00etara, zerbitzuak egoiliarren eremuak aldatuko ditu, DES-R egoiliarren bereizgarria duten pertsonek hiriko edozein sektore berdetan aparkatzeko aukera izan dezaten.

GARBIKETAKO ETA HONDAKINEN KUDEAKETAKO ZERBITZUA

Finala gure hirian jokatzeak dakartzan beharrei aurre egiteko, Udalak garbiketarako eta hondakinen bilketarako dispositibo berezi eta indartu bat prestatu du. Gainera, futbol-zelaiaren inguruan kokatutako edukiontziak lekuz aldatuko ditu, segurtasun-arrazoiak tarteko.

Hain zuzen ere, edukiontziak lekuz aldatuko direnez gero, herritarrei gomendatzen zaie kalean zaborrik ez uzteko edukiontzirik ez dagoen bitartean.

Saltokietarako eta ostalaritzarako hondakinak biltzeko zerbitzua, edukiontziak kentzen diren oinezkoentzako gunean, ohiko bilketa-ibilbideak aurreratuz egingo da (15:00ak baino lehen).

Zehazki, 60 langilek eta 24 bitarteko teknikok osatuko dute garbiketako dispositiboa.

Gainera, 195 kubo eta 108 edukiontzi banatuko dira hiru gunetan: Etxebarria parkeko eta Ametzolako Fan Meeting Point bietan, eta Areatzako Fan Festival gunean. Helburua da futbol-talde bakoitzaren jarraitzaileak eta herritarrak joango diren espazioetan sortutako hondakinen gaikako bilketa sustatzea.

SEGURTASUN- ETA LARRIALDI-NEURRIEN EZARPENA

Udaltzaingoak erabilgarri dituen langile gehienak izango ditu Ertzaintzarekin batera ezartzen diren baterako dispositiboetan modu koordinatuan lan egiteko. Horretarako, trafikoa zer tokitan eten beharko den erabakiko du, eta behar diren zaintza-lanak egingo ditu partiduaren aurretik dena ondo joan dadin, jokalari taldeak eta zaleak arazorik gabe sar daitezen San Mamesera, eta herritarren segurtasuna hiri osoan ziurtatuta egon dadin.

Gainera, Babes Zibileko Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo handi bat prestatu du, lan prebentiboak eta operatiboak egiteko. Alde horretatik, maiatzaren 21ean (asteazkenean) 65 laguneko dispositiboa egongo da Miribillako eta Deustuko parkeetan. Gainera, San Mames estadioan bertan presentzia egongo da.

Bestalde, Babes Zibileko ikuskariek ikuskapen-lanak egingo dituzte ekitaldiarekin lotuta dauden espazio guztietako karpa eta agertokietan: Fan Meeting Points, Fan Festival…

ERAZTUNAREN BARRUKO OSTALARITZA ETA SALTOKIAK ETA FUTBOL-ZELAIKO SARRERA

Segurtasuneko hiru eraztun ezarriko dira San Mames zelaira nor sartzen den kontrolatzeko, eta partidua ikusteko sarrera duten pertsonak bakarrik sartu ahal izango dira eremu horretara.

Pertsona horiek perimetro mugatuaren barruan dauden taberna, jatetxe eta saltokietara sartu ahal izango dira. Taberna, jatetxe eta saltoki horiek egun guztian egongo dira irekita.

Eremu horretako saltoki, taberna eta jatetxeei gomendatzen zaie aurreko egunean, maiatzaren 20an, hornikuntza egitea.

Perimetro mugatu horrek honako kale hauei eragingo lieke:

  • Felipe Serrate: 1. eta 3. atariak.
  • Poza lizentziaduna: 62, 64 eta 77.
  • Luis Briñas: 1etik 23ra.
  • Eta Sabino Arana: 4tik 30era.

Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta UEFAk saltoki- eta ostalaritza-elkarteekin hainbat elkarrizketa eta bilera egin ondoren, segurtasun-perimetroaren barruko edariak kristalezko edalontzietan ez zerbitzatzea erabaki da.

Beste alde batetik, estadiora sartuko diren pertsona guztiei gomendatzen zaie UEFAren aholkuak betetzea eta San Mames estadioan bertan nahiz hiri osoan ezarritako kolore-seinaleak kontuan hartzea.

BILBAO KIROLAK

Bestalde, Bilbao Kirolak-ek San Mameseko udal kiroldegia itxiko du maiatzaren 20an eta 21ean, segurtasun-arrazoiengatik, UEFA Europa League finala dela-eta.

Futbol-zelaian egiten diren beste topaketa eta ekitaldi batzuetan egiten duen bezala, horren berri emango die abonatuei, posta elektronikoaren bidez eta udal-instalazioan bertan berariazko kartelak jarrita gaurtik aurrera.

HERRITARRENTZAKO OHARRAK

Bilboko Udalak hainbat ohar prestatu ditu kirol-ekitaldiaren eragina jasango duten gune eta auzoetako herritarrentzat, eta postontzietan ere banatuko ditu. Kalean 54.000 aletik gora jarriko dira datozen egunetan. Zehazki, maiatzaren 15ean (bihar) ekingo zaio oharrok banatzeari.

Ohar horietan, jakitera emango da non moztuko da zirkulazioa, non izango diren auzokideentzako irteera eta sarbide alternatiboak, non aparkaleku erreserbak, eta non bestelako afekzio batzuk, hala nola edukiontziak lekuz aldatzea.

SARE SOZIALAK: