Uztailak 8
- Calvin Harris, FKA twigs, Robbie Williams, IDLES, David Byrne, Lily Allen, Interpol, Dellafuente, Alabama Shakes, Belle and Sebastian, Charlotte de Witte, CMAT eta, guztira, 80 artista arituko dira jaialdiaren 20. urteurreneko ospakizunetan.
- Jaialdiaren programazio osoa gaur aurkeztu dute Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko saileko zinegotziak, Nora Sarasola BBK Fundazioko zuzendariarekin eta Yurdana Burgoa Last Toureko CEOarekin batera.
- Ordutegiei, garraioari eta eskumuturrekoak jasotzeari buruzko informazio guztia kontsulta daiteke jada jaialdiaren webgunean.
Bilbao BBK Live jaialdian dena prest dago uztailaren 9an, 10ean eta 11n Kobetamendin 20. urteurrena ospatzeko, bi hamarkadatako musikaren historia, komunitatea eta deskubrimendua uztartzen dituzten 80 artista baino gehiago bilduta programazioan. Jaialdiaren nortasuna markatu duten elementuak bildu nahi izan dituen edizioa: musikaren, naturaren eta hiriaren arteko konexioa, artisten aniztasuna, esperientzia kolektiboa eta jaialdia bizitzeko askotariko moduak, agertoki handiekin hasi eta leku bereziekin bukatu, hala nola Basoa, Lasai edo Gorria.
BILBAO BBK LIVE KOBETAMENDIN
Uztailaren 9an, Calvin Harris izango da lehen eguneko zerrendaburu Kobetamendin, eta efektu bereziz eta hitez beteriko show esklusibo batekin dator Penintsulara. Aurrekoarekin batera, FKA twigs artista sailkaezina, pop garaikidearen mugak birdefinitu dituena unibertso bisual eta soinuzko guztiz pertsonal baten bitartez; eta David Byrne, pop esperimentalaren izarra, zuzeneko bakoitza zehaztasunaren adierazgarri bihurtzeko gai dela frogatuko duen proposamen eszenikoarekin. Eguna osatzeko, Dani Fernández eta Belén Aguileraren konfesionaltasuna, Paris Paloma folk-poparen promesa, hemlocke springsen art-popa, Fatoumata Diawara maliarra, Radio Free Aliceren post-punka, Apparatren elektronika abangoardista, Don Westen R&B dotorea, eta Folk Bitch Trio edo Las Petuniasen gordintasun lirikoa. Gainera, Sara Zozaya, Hoonine eta GAR artisten talentuan jarriko du arreta jaialdiak.
Ostiralean, uztailak 10, Robbie Williams Long 90’s Tour biraren barruan etorriko da Kobetamendira, bere ibilbidea markatu zuen hamarkadari nostalgiatik begiratuta eta Britpop disko berria kaleratzearekin batera. Alabama Shakes taldearen soul rock sutsua eta Brittany Howard-en ahots bereizgarria ere galdu ezinezko kontzertua izango da. Era berean, Belle and Sebastianen iruditeria malenkoniatsu eta argitsua, eta La M.O.D.A. taldearen epika herrikoia ere izango dira lehen egunean. Elektronikari dagokionez, protagonista nagusia Richie Hawtin izango da, inprobisazioaren eta teknologiaren bitartez lurralde berriak arakatzen dituen DEX EFX X0X murgiltze-ikuskizuna aurkezten; eta aipatzekoak dira, halaber, Soulwax, europar elektronikaren proiektu garrantzitsuenetako bat, eta Tom Rowlands (The Chemical Brothers) eta AURORAk osatutako TOMORA supertaldea. Gitarrek ere izango dute tartea, hala nola Xoel Lópezen pop independentea, Depresión Sonora eta La Palomaren pultsu alternatiboa, Yerai Cortésen flamenko garaikidea eta Westside Cowboy, 2026ko talde berri interesgarrienetako bat. Edizio guztietan bezalaxe, musika-aniztasuna izango da jaialdiaren ezaugarri, askotariko proposamenekin: CMATen euro-countrya, Thee Sacred Soulsen soul dotorea, edo Juicy BAEren R&B eta trapa. Ostiralean arituko dira, halaber, Marte Lasarte eta Suave euskal proposamenak.
Jaialdiko azken egunean askotariko izen handiak bilduko dira. Dellafuente bere karrerako unerik onenetariko batean iritsiko da Bilbao BBK Live jaialdira, uda honetan eskainiko dituen kontzertu urrietarako berariaz diseinatutako show berri batekin. IDLES berriro datoz jaialdira urteurrenerako, rocka barru-barrutik bizi dutenen eskaerei erantzuteko; Lily Allen abeslariak West End Girl aurkeztuko du, albuma oso-osorik interpretatuko duen zuzeneko esklusibo batean. Larunbatean arituko dira, baita ere, Interpol, azken hamarkadetako indie-rock talde handietako bat; Charlotte de Witte elektronika garaikidearen funtsezko figura; ZAZ pop frantsesaren ikonoa; eta horsegiirL eta bere rave elektronika berriaren ikuspegi azeleratu eta probokatzailea. Era berean, Estatuko panorama hainbat angelutatik eraldatzen ari diren artistak ikusteko eta entzuteko aukera izango da, besteak beste, Ralphie Choo, BB Trickz, AMORE, Queralt Lahoz edo CERVATANA; baita Italiako eszena berriko ahotsak ere: Nu Genea (live band) eta Mind Enterprises. Azkenik, euskal ordezkariei dagokienez, sentsazio berrien txanda izango baita: Aimarz eta BARRRK.
BASOA. OASI ELEKTRONIKOA.
Ostegunean, disco musikaren espirituak eta cosmic house undergroundenak emango dio hasiera Basoaren bidaiari, rave kultura post-punkaren herentziarekin eta clubaren euforiarekin uztartzen dituzten artistekin: 2manydjs, Erol Alkan b2b Optimo (Espacio), Dee Digs, Paula Tape eta Guim. Ostiralean lurralde ilun eta hipnotikoagoetan murgilduko da Basoa, Donato Dozzy, DJ Nobu, Vlada, Sedef Adasï eta Miravallesen saioetako techno sakonenarekin. Larunbatari amaiera emateko, agertoki horretan lehen aldiz arituko dira Nicolas Lutz, Badsista, Gerd Janson, Bashkka eta Mattias El Mansouri, eta dantza-pista lurralde psikodelikoagoetara eramango dute, jai-giroan, Basoa datorren urtera arte agurtzeko.
LASAI. MUSIKAREN ABANGOARDIA IKUSPEGI ONENEKIN
Lasai gunean, Minor AM kolektiboak abiaraziko du lehen eguna, Suze Ijo, James Massiah, Livwutang, Joni DJ eta Amelia Holt talentu berriak bilduko dituen showcase batean. Ostiralean, Meritxell de Soto izango da protagonista saio esperimentalago batean, honako hauekin batera: Elena Barker, Genosidra, Somadamantina (live) eta Torus. Ibilbidea bukatzeko, digger espiritua duten DJak arituko dira: Ylia, Toni Bass, Alexis Le-Tan eta Iro Aka; saio hori clubera bideratuko da gehiago.
GORRIAREN ITZULERA
Ostiralean, GORRIA itzuliko da Bilbao BBK Live jaialdira, Mietze Conteren dance-poparekin, eta Vampirina Club by Metrika & D. Basto saioan Castellóko artista bere crew eta bere DJrekin batera arituko da. Larunbatean Hotcore Party: Taichu and Friendsen txanda izango da: festa bat, artista argentinarra izanik buru, eta jaialdiko agertokietako bat ixteaz arduratuko da bere soinuzko imajinario performatiboaren ildoari jarraituko dion saio esklusibo batekin.
BEREZIAK: MUSIKA BILBOKO KALEETAN ZEHAR
Asteazkenean, uztailaren 8an José Gonzálezek Guggenheim Bilbao Museoan hasiera eman ostean, Bereziak ekimenak uztailaren 9an jarraituko du BBK Salan Belén Aguilerarekin, eta doako programazioak ostiralean eta larunbatean (hilaren 10ean eta 11n) jarraituko du agertoki hauetan: Areatzan, Albiako lorategietan, Isozaki dorreetan… etabar. Agertoki horietan arituko dira Baliza, Ana Curra, Las Petunias, Raly, Gara Durán, Calequi y Las Panteras, Merina Gris, Las Bajas Pasiones, SVSTO, Teo Lucadamo, LABLACKIE eta joseluis, Bilbao BBK Live jaialdiak hiriarekin duen konexioa Kobetamendiz haratago eramanda. (Ordutegiei eta artisten agertokien araberako banaketari buruzko informazio gehiago jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke).
ORDUTEGIAK, GARRAIOA ETA ESKUMUTURREKOAK
San Mamesen eta BEC!-en, sarreraren ordez eskumuturrekoak jasotzeko aukera izango da eta ordutegia honako hau izango da: asteazkena, uztailaren 8tik hasi eta larunbata, uztailaren 11ra bitarte, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara.
Jaialdiaren eremuan EZIN IZANGO DA sarreraren ordez eskumuturrekoa eskuratu, eta jaialdiko autobusetan EZIN IZANGO DA sartu eskumuturrekorik gabe.
Jendea modu ordenatuan igo dadin eta garaiz planifikatu ahal izateko, autobus-zerbitzua egongo da, jaialdiaren webgunean erreserba aldez aurretik eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik –San Mames ondoan– eta baita BEC! etik ere, jaialdiko egun bakoitzean, 16:00etatik 22:00etara, 10 minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3,8 € izango da; soilik igotzeko izango da eta aldez aurretik egin beharko da erreserba, jaialdiaren webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 txartel erosi ahal izango ditu.
Gainera, autobusen anezka-zerbitzua ere izango da, doan, esparrura joan eta handik itzultzeko. Betiko lez, joanekoan busak BEC!-etik abiatuko dira, Barakaldon, Ansioko metro-geltokiaren ondoan –aparkatzeko 3.500 toki prestatuko dituzte–, baita San Mames ingurutik ere, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (Ogasuna-ETB) atzeko aldean.
Autobusak etenik gabe arituko dira lanean uztailaren 8ko (asteazkena) 12:00etatik uztailaren 12ko (igandea) 15:00ak arte; zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da, eskaeraren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera, Beyena fabrika zenaren inguruan geratuko dira autobusak eta, handik, oinez egin beharko ditu jendeak jaialdiaren eremura dauden 800 metroak.
Era berean, programatutako kontzertuak bukatutakoan anezka-zerbitzuko autobusak hartu ahal izango dira bueltarako. Beyena pareko geltokitik, hesitutako guneetan egon beharko da zain Basurtu-San Mamesera edo BEC!-era doazen autobusak hartzeko.
Halaber, kanpistek ere autobusak izango dituzte kanpinera joateko, asteazkena uztailaren 8tik hasita, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-eremura joateko, bai kanpinera itzultzeko. Kontzertuetan anezka-zerbitzu bat egongo da, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) kanpinaren gunearekin lotzeko.
JAIALDI SEGURUA PERTSONA GUZTIENTZAT
Jaialdi batek bizikidetzako, errespetuzko eta askatasuneko espazio ere izan behar du, Bilbao BBK Live jaialdiaren ustez. Horregatik, aurten, Musika Jaialdiak eta Emakumeak Musikaren Industrian Elkarteak bultzatzen duen Jaialdien Itunari atxiki zaio, sexu-indarkerien eta gorroto-delituen aurkako konpromisoa indartze aldera. Jaialdia, gainera, Ortzadar LGBTI Elkarteak bultzatutako espazio seguruen euskal sareari ere atxiki zaio, hau da, LGBTI+ Points Sareari, eta Bizkaiko LGTBIAQ+ eskubideen aldeko ANITZAK elkartearekin ere lankidetzan jarraituko du.
Eremuaren barruan, BALORE gunea Bilbao BBK Live jaialdiko gizarte- eta ingurumen-konpromisoak ikusarazteko topagune izango da, ostera ere. Berdintasunarekin, aniztasunarekin, irisgarritasunarekin, ingurumen-jasangarritasunarekin eta gizarte-erakundeekiko lankidetzarekin lotura duten ekimenak uztartzen diren lekua.
Gainera, jaialdiko antolatzaileek Kobetamendi Irteera ekimena sustatzen jarraituko dute, San Mamesetik eremurako bidea igora kolektibo bihur dadin, jasangarriagoa eta jai-giroan, hasierako zatian txaranga eta guzti. Jaialdira oinez igotzera animatzeko ekimena da, San Mamesetik 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan abiatuta.
Eguneko sarrerak eta bonuak salgai daude oraindik jaialdiaren webgunean.
HOGEI URTE ETORKIZUNERA BEGIRA
20. urteurrenean, Bilbao BBK Live jaialdiak kultura ulertzeko modu jakin bat berretsi du; hain zuzen ere, kultura programazio artistikotik haratago doan zerbait dela uste baitute antolatzaileek. Aparteko Interes Publikoko Gertaera (AIPG) izendapenak eta B Corp ziurtagiridun Last Tour enpresaren konpromisoak jaialdiaren ibilbidea indartu dute, musika, lurraldea, komunitatea eta jasangarritasuna elkar hartuta.
SARE SOZIALAK: