Azaroak 19
-
Azaroaren 20tik 28ra bitartean, Bilbo-Bizkaiko diseinu-astearen hamaikagarren edizioak programa oso bat eskainiko du, doako jarduera askorekin eta berrikuntzekin, diseinua bizitza errazten duen bitarteko gisa ulertu ahal izateko.
-
Sormen eta osasun komunitarioko BBDW25 Laborategia hogei gazte baino gehiagoren parte-hartze aktiboarekin, HOPE ! dokumental-sailaren inguruan hausnartzeko bideoforuma edo zuzeneko podcast-proiektua dira nabarmendutako jardueretako batzuk .
-
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ ekimenaren bidez, tokiko eta nazioarteko garapen ekonomikoaren zeharkako ardatz gisa diseinuarekin duten konpromisoa berresten dute, industria sortzaileak berrikuntzaren eta lehiakortasunaren eragile gisa bultzatzeko.
‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen duten diseinuaren astea, bihar, ostegunean, hasiko da eta jardueraz betetako programa osoa du. Bilbo eta Bizkaia diseinuaren epizentro bihurtuko dira azaroaren 20tik 28ra bitartean, ‘Bilbao Bizkaia Design Week’ (BBDW) jaialdiaren hamaikagarren edizioarekin.
‘Larrialditik biziberritzera’ lelopean, ekimenak paradigma aldaketa oso bat proposatzen du aurten: diseinua kontsumo-tresna gisa erabiltzetik bizitza errazten duen bitarteko gisa diseinatzera pasatzea, planetako bizitzaren jarraipena ahalbidetzeko; aurrekaririk gabeko krisi ekosozialaren aurrean, ‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ ekimenak aukera emango du astebetez herritarrei eta sektorearekin lotutako eragile guztiei erakusteko jasangarritasuna jada ez dela nahikoa, premiazkoa baita birsortzea, eta giza eta natura-ekosistemak sendatzea, leheneratzea eta biziberritzea planteatzea.
Begirada horrekin, BBDW25ek beste urrats bat eman du ingurumen-konpromisoan, Erronka Garbia zigilua eskuratzeko nahian. Ihobe sozietate publikoak garatutako metodologia horrek irizpide jasangarrien arabera antolatutako ekitaldiak aintzatesten ditu.
UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Bilbo Diseinuaren Hiri izendatu zutenetik hamaika urte igaro diren honetan, ‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ ekimenak —Pez Estudio komisario duela— industria sortzaileak sustatzen jarraitzen du, garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore gisa, diseinua hiritarrei alderdi guztietatik hurbiltzeko. Aurtengo programak, erdiguneko Zabalgune eraikina erreferentziatzat hartuta, profesionalen, herritarren eta diseinu-sektoreko eragileen arteko loturak gaitzen ditu, ingurunea zainduko duten praktikak aktibatzeko, sektore sortzaileen lana gainerako sektore ekonomikoetara eta gizartera hurbiltzeko, zeharkako jarduerak sustatzeko, gero eta publiko zabalagoa erakartzeko, networking-a bultzatzeko eta talentua eta ezagutza trukatzeko.
HERRITARRENTZAKO JARDUERA GEHIAGO
Bihar, azaroak 20, osteguna, ‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ Irekiera inaugurazio-ekitaldiarekin batera hasiko da Zabalgune Eraikinean. 18:30etik aurrera, diseinuaren nazioarteko eragileak bilduko dira topaketa horretan, eta sormenaren eta gizartearen eremuan prozesu birsortzaileak bultzatzeko funtsezko tresnak esploratzeko asteari hasiera emango zaio. Ekitaldian nazioarteko erreferentzia diren hiru pertsonak hartuko dute parte: Jan Boelen, Belgikako komisario eta diseinatzailea, Atelier LUMA laborategiaren burua; eta Jenny Andersson, estratega eta Really Regenerative Centre delakoaren sortzailea. Ekitaldia doakoa izango da herritarrentzat, eta hitzaldi inspiratzaileak, elkarrizketa irekiak eta une sortzaileak uztartuko ditu.
Gainera, bihartik aurrera (azaroak 20), 12:00etatik aurrera, Zabalgune Eraikineko erabilera anitzeko aretoan 5×5 Bilbao erakusketa bisitatu ahal izango da, diseinuaren bidez enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatzen duen nazioarteko ekimena. Erakusketak Bilbon garatutako lau prototipo berri aurkezten ditu, Kortrijk-eko (Belgika) eta Kaunas-eko (Lituania) bost kasu nabarmenekin batera, diseinuak enpresen eraldaketan duen eraginaren ikuspegi zabala eskaintzeko. Tokiko lau kasuek Jabones El Abra × Brand Creatiers, Sunrise Medical × Concept Hache, Asimob × Uxpertisey Bromalgae × Pars Pro Toto kolaborazioak barne hartzen dituzte. Bisitaldia doan izango da astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara.
Azaroaren 21ean, goizean (10:00-14:00), Zabalgune eraikinean Seeds for Regeneration izango da, diseinuan lan egiten dutenen eta birsortze-eremuko nazioarteko bi erreferenteren arteko gertuko harremanak josteko topaketa profesionala (Irekieran ere parte hartuko dute): Jan Boelen eta Jenny Andersson, Elisa de los Reyes (Pezestudio.org) eta Miren Lauzirikaren (Art for Life) tokiko ekimenekin batera. Bilbon eta Bizkaian diseinu birsortzailea aktibatzeko jardunaldi kolaboratiboa izango da. Topaketa hau ez da inspirazio-gune bat soilik, loturak eta aliantzak sortzeko aukera bat ere bada —tokikoak eta nazioartekoak—, Bizkaiko diseinuaren ekosistema indartzeko eta begirada birsortzailea finkatzeko, eraldaketa ekosozialaren motor gisa.
Azaroaren 21ean ere, Artiach Fabrikan, Maker Faire Bilbao Jaialdiaren barruan, Open Espazioak Maker Ekintzaile 2025 sorkuntza-egoitzetan garatutako proiektuak aurkeztuko ditu. Egun berean, 20:30ean, nazioartean Murcof izenez ezaguna den Fernando Corona artista mexikarrak The Etna Sessions ikus-entzunezko proiektua aurkeztuko du Bilboko Enkarnazioaren Elizan.
Bilbok eta Bizkaiak bideoforuma hartuko dute azaroaren 23an Zabalgune eraikinean, HOPE! Estamos a tiempo dokumental-sailaren inguruko hausnarketa- eta ekintza-saio irekia, eta mundu osoko birsorkuntza ekosozialeko benetako ekimenak erakutsiko ditu. Topaketaren barruan, 2. atala proiektatuko da, El poder de dos palabras, eta Europako hainbat esperientzia izango ditu ardatz: komunitateek energia-kooperatibak, tokiko txanponak eta elkarri laguntzeko sareak sustatzen dituzten esperientziak. Proiekzioaren ondoren, HOPE! eta Ola Regenerativa-ren bultzatzaile Cote Romerok parte hartuko du tokiko hainbat proiekturekin batera, hala nola Besteak de Abad, Butroi Bizirik, drOp Ermua eta Integrate NBS (BC3); espazio publikoaren eraldaketan, trantsizio ekologikoan eta naturaren eta komunitatearen arteko loturan lan egiten dute.
Programa osoa osatzen duen beste jardueretako bat da sormeneko eta osasun komunitarioko laborategia, BBDW25 Laborategiarekin batera. Datorren azaroaren 24an, 12:30ean, Zabalgune Eraikinean, Deustuko Unibertsitateko, EHUko (Arte Ederrak), IDarteko, Tecnun-eko (Nafarroako Unibertsitatea) eta IED Kunsthal Bilbaoko ikasleek diseinatutako soluzioak aurkeztuko dira. Ikasle horiek asteak eman dituzte diziplina arteko taldeetan lanean, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak proposatutako benetako erronkei aurre egiteko. Art for Life-ren laguntzaz, gazteek autonomia eta ongizate kolektiboa sustatzeko proposamen berritzaileak garatu dituzte, erronka hauei helduta: bihotz-biriken suspertzea eta KDAren erabilera, Heimlich-en maniobra, ibiltarien sarea zabaltzea eta parke aktiboen dinamizazioa. Diseinuak osasun komunitarioa eraldatu eta zaintza partekaturako modu berriak aktiba ditzakeela erakusten du ekimen horrek, gazteen eskutik.
Gai horrekin lotuta, joan den azaroaren 14az geroztik, Bilboko Bizkaia Plazan ‘Taupada/Latido’ dago, doako instalazio interaktibo eta parte-hartzailea, eta esperimentatzera gonbidatzen ditu herritarrak, larrialdietan nola jokatu behar den kontzientziatzeko. Azaroaren 28ra arte egongo da, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ ekimenaren programaren beste nobedade bat zuzeneko Podcast proiektua da. Azaroaren 26an, 18:00etan, Zabalgunean bilduko dira podcast-aren kulturaren eta diseinu birsortzailearen ahotsak, eta Andrea Fernandezek (Curiosum Tremens Podcast) eta Nekane Salcinesek (Caóstica) aurkeztuko dute, Tracking Bilbao kultura digitaleko jaialdiaren eta Euskalpoden laguntzarekin.
‘Bilbao Bizkaia Design Week 2025’ azaroaren 28an amaituko da, 20:00etatik aurrera, Zabalgune Eraikinean, Partekatu! amaierako ekitaldiarekin, ikaskuntzak partekatzeko eta aste osoan zehar egindako lan kolektiboa ospatzeko azken topaketa.
INDUSTRIA SORTZAILEAREN HAZKUNDEA
Eustat-en Jarduera Ekonomikoen Direktorioaren arabera, ekonomia sortzaileak, diseinuaren sektorea barne hartzen duen industriak, Bilbo-Bizkaian 21.903 pertsonari lana ematen dieten 5.971 enpresa-establezimendu zituen 2024an, eta establezimendu-kopurua %0,6 hazi da urte batean, eta horiei lotutako enplegua %3,2, 2023koarekin alderatuta. Jarduera sortzaileetako enpresak enpresa-sare osoaren %6,9 dira, eta sortutako enpleguak Bizkaiko enplegu absolutuaren %4,6 dira 2024an.
Ikusi hemen BBDW2025eko programa osoa
SARE SOZIALAK:
