‘Bilbao Silver Lab’-ek enpresak, ekintzaileak eta entitateak bilatzen ditu hiribilduko adinekoei zuzendutako produktuak eta zerbitzuak testatzeko

Urriak 21

  • Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez Bilboko Udalak bultzatutako Bilbao Silver Lab ekimenaren helburua da hiribildua sustatzen jarraitzea erreferentzia-ingurua izan dadin adinekoen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko konponbideak testatzeko.

  • B-Venture, ekintzailetza-arloko erreferentziazko ekitaldia, urriaren 20an eta 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian egin da eta Bilbao Silver Lab-eko informazio-standa izan du. Hala, ekintzailetza-ekosistemako startupek, inbertitzaileek, korporazioek eta adituek gertutik ezagutu ahal izango dute proiektua.

Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez Bilboko Udalak bultzatutako ‘Bilbao Silver Lab’ proiektuaren bigarren edizioa abian dago eta enpresak, startupak eta ekintzaileak bilatzen ditu, baita entitateak ere, hiribilduko adinekoei zuzendutako produktuak eta zerbitzuak testatzeko eta baliozkotzeko. 2024an martxan jarritako proiektu pilotuaren arrakasta ikusita, edizio honen helburua ere bada egituratutako testatze-inguru errealetan konponbideak testatzeko aukera ematea, merkaturatu baino lehen, adinekoekin, zaintzaile profesionalekin eta sektoreko beste eragile batzuekin harreman zuzenean arituz.

‘Bilbao Silver Lab’-en parte hartzeko, konponbide horiek garapen-fasean egon behar dira, merkaturatu gabe, eta prototipo erabilgarria edo gutxieneko produktu bideragarria izan behar dute. Erabiltzaile eta baliabideen lagina eskaintzeaz gain, proiektuak laguntza teknikoa, koordinazio logistikoa eta mentore-laguntza espezializatua ematen du zahartasun-arloan. Halaber, eragile parte-hartzaileen arteko lankidetza sustatuko da, konponbide eraginkor, barneratzaile eta jasangarriagoen garapenean laguntzeko sinergiak sortzea xede. Batzorde tekniko batek testatze-proposamen bakoitza jaso eta aztertuko du, bideragarritasunaren, garapen-mailaren eta xede-taldearekiko egokitzapenaren arabera.

‘Bilbao Silver Lab’ hauei bideratuta dago:

  • Adinekoentzako edo zaintzaileentzako produktuak, proiektuak edo zerbitzuak garatzen dituzten enpresak, prebentzioari, zaintza fisiko eta mentalari, autonomiari eta etxean luzeago bizitzeari bideratuak.
  • Zahartze aktiboa sustatzen duten konponbide fisiko edo digital berritzaileak dituzten startupak.
  • Silver Economy delakoan negozio-lerroak arakatzen dituzten ekintzaileak.
  • Benetako erabiltzaileen feedback zuzena jaso nahi duten entitateak.

Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotziak hau adierazi du: «Bilbok berrikuntza sozial eta teknologikorako espazio gisa duen ahalmena erakutsi nahi du eta proba-ingurune kontrolatuak eskaini nahi ditu, senior kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzeko konponbideen garapenean erreferentzia toki bihurtzeko. Izan ere, adinekoak bereziki zaindu behar ditugu, hiri ireki, eraldatzaile, adimentsu eta haien beharrekiko sentibera izanda daukagun konpromisoa berresteko».

LEHENENGO EDIZIOAREN ARRAKASTA

‘Bilbao Silver Lab’-en lehenengo edizioa 2024an egin zuten, eta, oraingoa ez bezala, lehiaketa izan zen. Proposatutako erronka izan zen adinekoek etxean duten bizi-kalitatea luzatzen laguntzeko konponbideak aurkitzea, prebentzioan eta zaintza fisiko eta mentalean azpimarra jarrita. Saluta APP proiektuak irabazi zuen, adinekoen zaintzaileen ongizate psikologikoa hobetzeko diseinatutako aplikazioak, alegia. Erlaxazio-ariketak, autoebaluazioak eta profesionalen aholkuak eskaintzen ditu. Horrez gain, bi proiektu finalistek, Conectad@s-ek eta Vamos a Cuidarnos APPak, sei asteko testatzea garatzeko aukera izan zuten eta mentore-laguntza zerbitzua jaso zuten.

B-VENTURE

Hamargarren edizioan, B-Venture 2025ek arrisku-kapitaleko funtsak, korporazioak eta inbertitzaileak bildu ditu Bilboko Euskalduna Jauregian, gutxi gorabehera berrehun startup sortu berrirekin batera, lotura estrategikoak sustatzea eta ideiak negozio erreal bihurtzea helburu. Jardunaldietan, ekintzailetza-ekosistemako eragileen artean konferentziak, mahai-inguruak, tailerrak eta bilerak egingo dira. Bilboko Udala eta beste instituzio batzuen laguntzari esker, B-Venturek bere tokia berretsi du ekintzailetza-foro handi gisa eta, bertan, ‘Bilbao Silver Lab’-en informazio-stand bat egongo da.

SARE SOZIALAK: