Bilbok Prestakuntza eta Enpleguko Plan Bereziak gehituko ditu aurten, 466 pertsonara iristeko, orain arteko ediziorik garrantzitsuenean

Otsailak 23

  • Bilbok, aurten, prestakuntza eta enpleguko plan berezietako edizio garrantzitsuena izango du: 32 izango dira (lehen 20 ziren), hiriko auzo guztietan jende gehiagorengana iristeko. Guztira, oraingoan 466 onuradun izango dituzte proiektu hauek, Udalaren, Lanbideren eta 19 gizarte- eta prestakuntza-entitate eta enpresaren lankidetzari esker abiatuko direnak.

  • Udalbatzarrak gaur plan horietarako dirulaguntza onartu du; haren aurrekontua, guztia, 1,8 milioi euro baino gehiagokoa da. Helburu nagusia prestakuntza eta kualifikazioa eskaintzea eta enplegurako sarbidea erraztea da, baita enplegua mantentzea ere.

Bilbok prestakuntza eta enplegu plan bereziak izenekoen edizio berri bat abiarazi du aurten. Programa hori oso garrantzitsua da lanpostu bat lortzeko edo mantentzeko zailtasun gehien duten langabeentzat, hau da, emakumeentzat, gazteentzat, 45 urtetik gorakoentzat, iraupen luzeko langabeentzat eta migratzaileentzat, besteak beste.

Kolektibo horiei beste bat gehitu zaie, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz enplegua galdu zuten pertsonena. Helburua, hiri osoko jarduera ekonomikoari laguntzea eta enplegagarritasuna hobetzea, oparotasun inklusiboa lortze aldera.

Tresna horiekin, Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, eta Bilboko Udalak, orain, deialdi hau jarri dute abian. Deialdian, udalerri osoan banatutako 32 plan berezi daude (lehen 20 ziren). Plan horietan, LANERATZEKO BENETAKO AUKERAK DITUZTEN HAINBAT PROFIL PROFESIONAL eta JARDUERA-SEKTORE sartzen dira.

Horrela, ONURADUN GEHIAGO IZANGO DIRA, 466 GUZTIRA.

PROIEKTU GEHIAGO ETA PERTSONA GEHIAGO

Bi erakundeek antolatzen duten ondoz ondoko seigarren edizioa da hau, inoizko GARRANTZITSUENA. Urtetik urtera, herritarren parte-hartzea handitu da laneratze-proiektu hauetan, eta horrek erraztu egiten du profesionaltasun-ziurtagiri bat –titulazio homologatua– edo Lanbidek egiaztatutako prestakuntza-espezialitate bat eskuratzea. Hala, 2017-2018 aldiko lehen planaren 140 onuradunetatik egungo 466 onuradunetara igaro da.

Hain zuzen ere, gaur onartu du Udalbatzarrak Bilboko Udalari dagokion dirulaguntza. Guztira, Bilborako 2022-2023 Prestakuntza eta Enplegu Plan Berezien aurrekontua 1,8 milioi eurotik gorakoa da.

ENPLEGUA AURKITZEKO PRESTAKUNTZA ETA ORIENTAZIOA

Programaren helburu nagusia da parte-hartzaile bakoitzari BERARIAZKO ETA NEURRIKO PLAN bat ematea, ikuspegi integral batetik, honako hauek barne hartuta:

  • Aktibazio- eta motibazio-ekintzak, enplegurako lanbide-heziketa (profesionaltasun-ziurtagiriak eta/edo prestakuntza-espezialitate homologatuak eskuratuta), banakako orientazioa, talde-orientazioa komunitatea sortzeko eta sareak ehuntzeko, enplegu-aukerak bilatzeko eta enpresetara hurbiltzeko ekintzak, lanbide-praktikak, eta laneratzeko laguntza.
  • Horrekin guztiarekin, batzuetan trebezia berriak eskuratzea nahi da eta, beste batzuetan, hobekuntza edo birziklatze profesionala. Izan ere, horrek lan-merkatuan sartzea, itzultzea edo hastea ahalbidetzen du.

Lanbidek edizio honetarako egin duen deialdiaren BERRIKUNTZA bat jarduketa-ildo berri bat da, “berrikuntzako eta esperimentazioko proiektu bereziak” abian jartzeko helburuarekin. Horrek bat egiten du kolektibo kalteberentzat indarrean dagoen proiektu berezien lerro tradizionalarekin, zeinetan inguruko sektoreetako entitate eta enpresek (besteak beste Bilboko Udalak) elkarrekin jarduten baitute ibilbideak diseinatzeko eta batera sortzeko. Ibilbide horietan elementu berritzaileak daude, plus bat eskaintzen dutenak eta langabetutako pertsonen gaitasunak merkatuaren beharrizanei egokitzen dizkietenak.

19 ENTITATE SOZIALEK, PRESTAKUNTZA-ENTITATEK ETA ENPRESAK PARTE HARTU DUTE

Entitate sozialen, prestakuntza-entitateen eta enpresen parte hartzearekin abian jartzen dira plan bereziak. Gaitasun pertsonal edo profesionalak indartzea edo hobetzea da helburu nagusia. Irteera profesionala, hau da, lan-merkatuan eskaria duen prestakuntza bat eskaintzen da. Gainera, lan-aukera gehiagorako sarbidea ahalbidetzen duten tresna eta trebezietan prestatzen dira pertsonak.

Edizio berri honetan, 19 entitate sozialek, prestakuntza-entitatek eta enpresak kolaboratu dute:

  • Harrobia Ikastola-Ibar Eskerra S. Koop.
  • Gaztaroa Sartu Kooperatiba Elkartea.
  • Escuela Profesional Otxarkoaga (EPO).
  • Bagabiltza Fundazioa-Fundación Bagabiltza.
  • Maristak Zalla Ikastetxea.
  • Peñascal S. Koop.
  • EDE Fundazioa-Fundación EDE.
  • Fundación ITAKA-Escolapios.
  • Fundación Claret Enea Sozial Fondoa.
  • Agiantza Elkartea-Asociación Agiantza.
  • Elkarbanatuz Elkartea-Asociación Elkarbanatuz.
  • Fundación Fondo Formación.
  • Fundación Integrando.
  • Fundación Gizakia-Gizakia Fundazioa.
  • Fundación Adsis Bizkaia Fundazioa.
  • Asociación Sociocultural Tendel.
  • Gardabera S.L.
  • Ikhazi Formación, S.L.
  • Endaa Elkartea

2022-2023KO PLAN BEREZIEN HARTZAILEAK

Langabezian dauden eta Lanbiden izena eman duten langabetu bilbotarrak, kolektibo honetakoak:

  • 16 eta 30 urte bitarteko gazteak.
  • Emakumeak.
  • Iraupen luzeko langabeak.
  • 45 urtetik gorako pertsonak.
  • Migratzaileak.
  • DSBE edo BGDS Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren onuradunak.
  • Enplegua Erregulatzeko Espedienteak (EEE) edo ABEEEak eragindako langileak, eta krisian dauden sektoreen “Aukeraberri” programan parte hartu dutenak.
  • Beste kolektibo batzuetako gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden beste pertsona batzuk.

ENPLEGAGARRITASUNA ETA SEKTOREAK HOBETZEA

Aurreko bost edizioetan metatutako esperientziak eta know-howak enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak indartzera eraman gaituzte. Horrek % 12,5eko hazkundea ekarri du parte-hartzaileek enplegua aurkitzeko duten aukeretan.

Plan horiek diseinatzeko fasean joerak aztertzen dira eta balizko enplegu bat lortzeko benetako aukerak ematen dituzten jarduera-sektoreei lotutako profilak aztertzen dira. Ibilbideak askotarikoak dira, eta hainbat espezialitate hartzen dituzte beren baitan: adibidez, teknologiaren arloko espezialitate berritzaileak (besteak beste, gazte digitalen kolektiboa kontuan hartuta, “Segurtasun Informatikoko teknikaria – Zibersegurtasuna” eta “Full Stack Developer garatzailea (LINUX)”), edo industria-arloko sektore helduagoetako beste batzuk (hala nola “Girotzeko eta aireztatzeko/erauzteko instalazioak muntatzea eta mantentzea”, eta “Elektrodo bidezko soldadura eta TIG soldadura”, zeinak enpresetan eskari handia duen).

Energia-krisiaren ondorioz gero eta interes handiagoa duten espezialitateetarako planak ere eskaintzen dira, hala nola, “Eguzki-instalazio fotovoltaikoak muntatzea eta mantentzea” eta “Eraikinetako instalazio elektroteknikoak eta telekomunikaziokoak muntatzea”. Gainera, goraka dagoen alor batean, nekazaritzan, prestakuntza ematen da: “Energia berriztagarriak”, “Nekazaritza ekologikoa” eta “Nekazaritzako instalazioak mantentzea”.

Langile asko behar dituzten eta COVID urteetan gizarteak baloratu dituen arloetako prestakuntzaren alde egiten jarraitzen dugu: “Arreta soziosanitarioa erakundeetan”, “Azaleren eta altzarien garbiketa eraikin eta lokaletan”, eta zehatzagoak ere bai: “Garbiketa alojamenduetan” eta “Garbiketa ospitaleetan”.

Oraindik ere beharrezkoak dira langileak ostalaritzaren eremuan, are gehiago turismoarekin hazten ari den hiri batean; beraz, “Jatetxe eta taberna zerbitzurako” laguntzaileak prestatu behar dira. Modu berean, planak antolatzen dira “Biltegia: eskaeren prestaketa eta kudeaketa, eta logistika”“Aurrez aurreko nahiz Internet bidezko arreta bezeroari prozesu komertzialean” eta “Administrazio-zerbitzuak eta zerbitzu orokorrak”, hainbat jarduera-sektoretan txertatu daitezkeenak.

“Zaintzari eta segurtasun pribatuaren” alorrean ekimenak mantentzen dira, eta ad hoc diseinatutako ibilbide berriak txertatu dira, hala nola, “Eraikuntzako dekorazio-pintura” eta “Zurrustatzailea, eta metalezko egituretako pintura-aplikazioak”.

SARE SOZIALAK: