Otsailak 19
-
Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea izan da ‘Bilboko Merkataritzaren 2020-2025 Plan Estrategikoari’ lotutako azken Merkataritza Foroaren buru. Bertan, azken bost urteetako ekintzen balantzea egin dute, hurrengo plan estrategikoari begira.
-
2020tik 2025era 64 ekintza egin dira Bilboko tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko, merkataritza-espazioen hiri-kalitatea hobetzeko eta eragile publiko-pribatuen arteko gobernantza partekatua sendotzeko.
-
“Plan estrategiko honen lorpenik handiena lankidetza-proiektuak eta sarean egindako lana izan dira, baliabideak partekatuz eta ekimen partekatuak diseinatuz“, azpimarratu du Alkateak. “Dendak itxi dituzte, baina errealitate berrira egokitutako denda berriak sortu dira“.
‘Bilboko Merkataritzaren Plan Estrategikoa 2020-2025’ planari lotuta Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea izan da Merkataritza Foroaren azken topaketaren buru. Bertan, azken bost urteetan egindako ekintzen balantzea egin dute, Bilboko merkataritzaren hurrengo plan estrategikoaren erronkei eta ekintzei begira.
Atzo Zabalgune eraikinean egindako bilkuran, Aburtok eskerrak eman nahi izan dizkie “gaur hemen gauden eta ibilbide honetan lagundu diguzuen 50 eragile baino gehiagori, izan duzuen inplikazio eta parte-hartze aktiboagatik“. Bilboko alkateak azpimarratu duenez, “plan estrategiko honen lorpenik handiena lankidetza-proiektuak eta sarean egindako lana izan dira, gure hiriko merkataritza-sarea biziberritzeko eta indartzeko helburu komunarekin. Balantze-jardunaldi honetan, elkarrekin lan egiteko, sinergiak sortzeko, baliabideak partekatzeko eta proiektu partekatuak diseinatzeko ahaleginari balioa eman nahi nioke”.
Gogorarazi behar da Bilboko Merkataritza Foroak —Bilboko Udalak gidatuta, Bilbao Ekintzaren bidez— 50 ordezkari biltzen dituela. Ordezkari horiek udaleko hainbat arlotakoak dira, baita Eusko Jaurlaritzakoak, Bizkaiko Foru Aldundikoak, CECOBIkoak, Merkataritza Ganberakoak, BilbaoDendakekoak eta Bilboko auzo eta eremuetako merkatarien elkarteetakoak ere; halaber, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek ere parte hartzen dute.
“Merkataritza, Bilbon eta mundu osoan, sektorearen birmoldaketa handia bizitzen ari da. Kontsumo-ereduen aldaketek, belaunaldi-erreleborako zailtasunek, plataforma handien eskaintzak eta abarrek merkataritza-establezimenduen galera iraunkorra ekarri dute. Hala ere, merkataritza-eredu berriaren erronkak hirirako eta gure merkatari eta ekintzaileentzako aukera bihurtu behar ditugu“, esan du Bilboko Alkateak. Era berean, azpimarratu nahi izan du Plan Estrategikoaren aldian (2020-2025) txikizkako merkataritzako enplegua %12,4 handitu dela hirian: “Saltoki gutxiago ditugu, baina enpresa berriek langile gehiago dituzte eta kontsumitzaileen eskaera berriei erantzunez sortzen dira”.
4 ARDATZEN GAINEKO PROIEKTU GARRANTZITSUAK
‘Bilboko Merkataritzako Plan Estrategikoa 2020-2025’ lau jarduera-ardatzetan oinarrituta egon da, eta ardatz horietan oinarrituta, 33 jarduera-ildo hedatu dira; horietatik 27 dagoeneko ezarri dira, 5 prozesuan daude eta 1 garatzeke dago. Gainera, Planak 64 ekintza zehatz garatzea ahalbidetu du, Bilboko tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko, merkataritza-espazioen hiri-kalitatea hobetzeko eta eragile publiko eta pribatuen arteko gobernantza partekatua sendotzeko.
Foroa egin den bitartean, Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak Plan Estrategikoaren proiektu nagusien errepasoa egin du. Plan Estrategikoaren zeharkako ardatza hiriko merkataritza-eredu berritzaile, lehiakor eta iraunkorra finkatzea izan da.
Hiriko merkataritza-ereduari dagokion 1. ardatzaren esparruan, nabarmentzekoa da Rodriguez Ariasko merkataritza-korridorearen eraldaketa integrala, Abando eta Indautxu lotzen dituena, bai eta hainbat jarduketa ere Bilboko hainbat auzotan, merkataritza-erakargarritasuna indartzeko eta irisgarritasuna hobetzeko, Auzokide Planen bidez. Aipatzekoa da, halaber, Zazpikaleetan hutsik dauden merkataritza-lonjak aktibatzeko ZazpiArt programa arrakastatsua, lonjak alokatzeko laguntzak sortuz eta Alde Zaharreko Zazpikaleetan ekonomia suspertzeko abalak eskainiz. Zehazki, horiei esker, 2022tik 2025era 24 denda berri ireki dira.
Era berean, txandakako aparkalekuen okupazioaren jarraipena denbora errealean egiteko dispositibo bat sartzea eta Bilboko erdialdeko hainbat aparkaleku eraldatzeko aukera aipatu da, hiriko merkataritza-logistikaren beharrei erantzuteko. Gainera, TAOren ordenantza berriak zamalanak erraztu ditu, horretarako berariaz erreserbatutako guneetatik harago. Lehen ardatzeko ekimen aipagarrienen artean banaketa jasangarriko zerbitzu bat dago. Alde Zaharrean garatutako proiektu pilotuak emaitza positiboak izan zituen eta ondorioz konpainiak eredua hiri osora zabaldu zuen. Ardatz horretan bertan, merkatu-sarea eguneratzeari ekin zaio, ingurumen-jasangarritasuna eta energia-eraginkortasuna ardatz hartuta, eta, gainera, merkataritza-sustapeneko plan bat bultzatu da.
Omnikanalitateari eta Modernizazio Lehiakorrari buruzko 2. ardatzaren esparruan, Planean abian jarritako jardueren artean, mugarri garrantzitsua izaten ari da erakunde publiko eta pribatuen artean negozioen transmisioa sustatzeko lankidetza-lana. Zehazki, honetan oinarritu da lan-plana: merkataritza-sarea mantentzeko bide gisa transmisioaren eredu hori indartzean, dauden programak optimizatzean eta, eskualdatzen ari diren saltokiak zein negozio bati jarraipena eman nahi dioten ekintzaileak erakartzean.
Banakako eta taldeko hainbat aholkularitza-programa nabarmentzen dira, Bilboko merkataritzaren eraldaketa digitala eta lehiakortasuna hobetzeko, bai eta Bilboko lehen merkataritza-inkubagailua abian jartzea ere. Era berean, Euskadiko Merkataritza Ekintzailetzaren Kongresuaren (Ekin Retail) lehen edizioa antolatu da.
Plan Estrategikoaren 3. ardatzak, Bilbo Merkataritza, Kultura eta Aisialdirako Hiri gisa Sustatzeari buruzkoak, Bilbao GazteDenda nabarmentzen du, proiektu pilotu moduan 8 ikastetxetan egin den eta tokiko merkataritza Bilboko gazteei hurbiltzera bideratuta dagoen proiektua.
Tokiko merkataritza sustatu eta ikusarazteko dinamizazio-kanpainen egutegi egonkorra finkatu da: Bilbao Gabonak Gabonetako kanpaina, Bono Bilbao kanpaina, Bilboko ehun urtetik gorako saltokiak aintzatesteko EHUN programa, Bilbao Fashion Week eta abar dira horren adibide batzuk.
Azkenik, 4. ardatzak, lankidetza publiko-pribatuari buruzkoak, zenbait ekimenen garapenean egin du aurrera, hala nola DetailShop datu-plataforma digitala edo eragileen arteko koordinazio-dinamika berriak bultzatuta, batzorde teknikoak sortuz, adibidez, 2023an sortutako Digitalizazio eta Enpresa Lehiakortasuneko Batzorde Teknikoa edo 2025ean hasitako Dinamizazio eta Espazio Publikoko Batzorde Teknikoa.
Hemendik aurrera, hurrengo “Bilboko Merkataritzaren Plan Estrategikoa 2026-29” planerako estrategia prestatzen hasiko gara. Plan horrek udalaren ibilbide-orria markatzen jarraituko du, sektorearen lehia-posizioa eta hiriak merkataritza-hiri gisa duen erakargarritasuna hobetzeko eta indartzeko.
SARE SOZIALAK:
