Uztailak 23
BIMEren hamalaugarren edizioa urriaren 27tik 30era izango da Bilbon, eta programazioa osatzen jarraitzen du artista, profesional eta eduki berriekin. Gainera, AUPA! Sarien hirugarren edizioaren deialdia ireki da, eta ezagutza sortzearen aldeko apustua indartu da Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren bigarren edizioarekin, urriaren 28an.
Urriaren 27tik 30era, Bilbo mundu osoko musika-industriaren topagune bihurtuko da, ostera ere, BIMEri esker. Bilbon sortu zen BIME, eta egun sektoreko nazioarteko topaketa nagusietako bat dela esan daiteke; izan ere, musika eraikitzen duten ahotsak konektatuko ditu ekimenak, Bilbo eta Bizkaia izanik elkarrizketak, aliantzak eta industriarako aukera berrien kokaleku.
BIME PRO: MUSIKAREN ORAINALDIA ETA ETORKIZUNA ULERTZEKO FUNTSEZKO GALDERAK
Zer azal dezake musikak datorren munduari buruz? Hori da BIME Pro ekimeneko programazio profesionala bideratuko duen galdera, urriaren 27, 28 eta 29an Bilboko Euskalduna jauregian. Musika-industriaren etorkizuna gaur egun definitzen duten galdera nagusien inguruan egituratuko da agenda. Galdera horien bidez, sektorearen erronka eta aukera nagusiak aztertuko dira, sormenarekin eta adimen artifizialarekin hasi eta ekoizpenarekin, jasangarritasunarekin, nazioartekotzearekin, teknologiarekin eta kultura-politikekin bukatu, musikak kirolarekin, markekin, zientziarekin eta ikus-entzunezkoekin duen lotura ere alde batera utzi gabe.
Lehendik baieztatuta daude izen handiak, hala nola Jorge Drexler, Brandon Young (Activision), Ángeles Toledano, Raül Refree, Chanela Clicka, Yassir edo Justin O’Connor, eta orain profesional gehiago iragarri dira: Lena Ingwersen, Music Cities Network etxeko zuzendari nagusia eta musikaren, hiri-garapenaren eta kultura-politikaren arteko elkargunean aditua; Miruenea diskoarekin debutatu ondoren euskal eszenako proposamen sendoetako bat den Mirua taldeko Malentxo Zeberio; eta Patricia Hermida, MIM Emakumeak Musikaren Industrian elkartearen sortzaileetako bat, egun AGEM Galiziako Musika Enpresen Elkartearen presidentea. Horietaz gain, networking jardueretan parte-hartzaile izango dira Jaime Torrego, Observatorio Festival jaialdiaren zuzendarikidea; May Carrión, Sala Musik aretoaren zuzendari artistikoa; Quique Medina, Agència Districteko zuzendaria; Desirée Huete Castillo, Distortiongirl Eventoseko zuzendaria, eta Nicolas Bonnard, Viavox Produccioneseko ekoizpen-zuzendaria.
BIME LIVE EKIMENAREKIN TALENTU BERRIEN NAZIOARTEKO MAPA ZABALTZEN JARRAITZEN DA
BIME Live ekimeneko showcaseen programazioari izen berriak gehitzen ari zaizkio. Duela zenbait aste iragarritako kartelean artista, soinu eta lurralde berriak sartu dira: Ana De Llor (PT), avant-pop ilun eta sentsualaren ahots berria, portugaldar mistizismoa Londresko club queer kulturarekin uztartzen duena; Aeronave Adolescente (ES) taldea, Sueño con salones llenos lana aurkezten, jada unibertsal bihurtu den esperientzia bati buruz: nork bere bizitzarekin zer egin ez jakitea; eta Angeladorrm (ES), Kataluniako indie eszena berriaren sekreturik handienetako bat, gitarra zorrotzak letra onirikoekin nahastuta.
Duplat (CO) ere izango da kartelean, zeinen proposamenak belaunaldi oso baten emozio eta kontraesanen narratzaile bihurtzen baitu pianoa, eta bere azken albuma, Dulce y Amarga (2026), Kolonbiako eszena berriaren promesa handienetako bat bezala finkatu du; Odd Mami (AR); Rip Gang kolektiboko kidea, Dónde van los perros azken albumaren ondoren, gero eta soinu definituagoa bilatzen ari dena; Ouineta (ES), musikaren, dantzaren eta performancearen arteko fusio perfektua, 2000ko hamarkadaren amaierako pop ikonoen eta kultura urbanoaren eraginarekin; eta Paco Pecado (ES) kantautorea, bandolero espiritua duen bizizalea, hirurogeita hamarreko hamarkadaren zale eta kitsch, retro eta vintage ukituekin.
Era berean, BIME Live zirkuituan Universal Music Spain eta beste eragile batzuen programazio bereziak izango dira: 1111 (ES) power hirukoa, Martin (ES) artistaren proposamen indie eta autobiografikoa, eta Avenida (ES) taldearen pop-rocka. Altafontek, berriz, artista hauek ekarriko ditu: Sofía Gabanna (ES) hispaniar-argentinarra, rap, jazz eta autore-abestiak nahasten dituen bere dantza naturalarekin; María Peláe (ES), bere nortasun eszeniko tinkoarekin eta flamenko-fusioarekin; Tatiana Delalvz (ES), eta hegoaldeko soinuen berrinterpretazio garaikidea; eta Zahara presenta ZAHARAVE: LITE (ES), artistaren unibertso elektronikoaren klub-bertsioa. Programazio osatzeko, Jägermeister etxeari esker honako proposamen hauek ere izango dira: folklorea, elektronika, punka eta rapa nahasten dituen Kiliki (ES); Dalila (ES), 90eko hamarkadaren hasierako britainiar rave kultura flamenkoaren sustraiekin lotzen duen DJ eta ekoizle sevillarra; eta Azuleja (ES) pop artista, C.R.I.N.G.E. lehen albumarekin espainiar musika-eszena liluratu zuena.
BIME Live programazioak musika-arloko talentuaren garapena eta nazioartekotzea bultzatzen duten erakundeen laguntza jasotzen du, hala nola Sounds from Spain; Idartes; BASQUE. MUSIC.; Navarra Music Commission; AIE; Murtziako Erregioa; Catalan Arts; Argentinako Musikaren Institutu Nazionala (INAMU); Dutch Music Export; Valencia Music City; Institut d’Estudis Baleàrics eta Fira B; AGADIC; Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioa, Uruguaiko Kultura Zuzendaritza Nazionala (INMUS); Extremadurako Junta; Swiss Music Export eta Pro Helvetia.
BIMEK EZAGUTZA SORTZEAREN ETA ERREKONOZIMENDUAREN ALDEKO APUSTUA INDARTU DU
AUPA! sarien hirugarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko deialdia ireki du BIMEk, sormenaren, berrikuntzaren, konpromisoaren edo eraldaketaren bitartez musika-industriaren garapen kolektiboa bultzatzen duten pertsonak, enpresak eta proiektuak ikusgai egiteko eta saritzeko. Sektoreko profesionalen epaimahai independente batek ematen dituen AUPA! sarien xedea ekarpen interesgarriak jendaurrean ezagutaraztea da, egiteko modu berriak ekarri dituztelako eta musikaren ekosistema etika, jasangarritasuna, berdintasuna eta bestelako balioetan oinarrituta indartu dutelako.
Deialdia uztailaren 31ra arte egongo da zabalik esteka honetan, eta nahi adina hautagai aurkezteko aukera izateaz gain, AUPA! sarien espirituarekin bat datozen kategoria berriak proposatu ere egin daitezke. Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 29an izango da, 12:15ean, Bilboko Euskalduna jauregian, betiere BIMEren programazio ofizialaren barruan.
Industriaren garapenarekiko konpromiso hori eremu akademikora ere hedatzen da. Horrela, bada, BIME barruan, Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren bigarren edizioa antolatu da urriaren 28rako, Universitat Internacional de Catalunyako (UIC Barcelona) Komunikazioaren Zientzien Fakultatearekin batera. Zabalik dago, jada, kongresurako komunikazio akademikoak eta azterketa aplikatuak aurkezteko deialdia, kultura- eta sormen-industrien erronka nagusiak aztertu nahi dituzte ikertzaile, irakasle eta profesionalei zuzendua. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 31ra arte egongo da zabalik. Informazio guztia hemen kontsulta dezakezu.
IKUSPEGI PARTEKATUA MUSIKAREN ETORKIZUNA ERAIKITZEKO
Programaziotik haratago, musikaren aurrerabidea sustatzen duten ahotsekin eraikitako plataforma da BIME. Erakundeak, enpresak, elkarteak, komunikabideak, artistak eta profesionalak biltzen dira, edizioz edizio, sektore osoarentzako konexio, proiektu eta aukera berriak indartzen dituen komunitatean. Hamarkada batez baino gehiagoz eratutako aliantza-sare hori musikaren ikuspegi partekatu baten adierazgarri da, kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen garapena dakarren ikuspegiarena, alegia, ezagutza sortzeko, sormen-industriak indartzeko eta ongizate kolektiboari laguntzeko gai izanik. Hamalaugarren edizio honetan, BIME topaketaren babesle dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Saila, Bilboko Udala, Espainiako Kultura Ministerioa eta Heineken etxea, aliatu estrategikoak musika-industriaren nazioarteko topaketa nagusietako bat Bilbotik eta Bizkaitik sendotzen jarraitzeko.
SARE SOZIALAK: