Azaroak 9
-
Gabonetako atrakzio biak azaroaren 24tik urtarrilaren 10era irekiko dira.
-
Berrikuntza gisa, aurten, izotz naturalezkoa izango da patinatzeko pistaren azalera.
-
Tarifa murriztuak eskainiko zaizkie ikasleei, familia ugariei eta taldeei, eta doako sarbidea premia bereziak dituzten pertsona eta kolektiboei.
Bilboko Udalak gaur hasiko du izotz naturalezko patinaje-pistaren eta txirristaren muntaia, #BilbaoGabonak proiektuaren testuinguruan. Gabonetako instalazio horiek Areatzan eta Erripako kaian egongo dira, hurrenez hurren.
Areatzako kaian dago eta 702 metro koadroko azalera du. Berrikuntza gisa, edizio honetan patinaje-pista ez da sintetikoa izango, baizik eta benetako izotzezkoa, % 100ean iturri berriztagarrietatik lortutako energiatik aterata. Trantsizio horrek plastikoei eta mikroplastikoei lotutako ingurumen-inpaktua murrizten lagundu nahi du, eta, aldi berean, erabiltzaileen esperientzia hobetu, jarduera autentikoagoa eskainiz.
Izotz naturalezko patinaje-pistan adin guztietako pertsonak sar daitezke. 3 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.
Txirristak hiru irristatze-errei izango ditu, hainbat sestra-aldaketarekin, eta Erripako kaian egongo da. Jarduera honetan 2 urtetik gorako haurrak sar daitezke, eta nahitaezkoa da 2 urteko haurrak helduekin sartzea, lera bikoitz batean. 3 urtetik aurrera, lera bikoitza zein banakakoa erabili ahal izango dute. Aurten, lera pneumatikoak erabiliko dira inpaktuen segurtasuna areagotzeko.
ORDUTEGIAK
Bi atrakzioak azaroaren 24tik (asteartea) 2027ko urtarrilaren 10era egongo dira irekita, 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean 12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 22:00etara.
SARRERAK, TARIFAK ETA ERRESERBAK
Instalazioen tarifak independenteak izango dira. Izotz naturalezko patinaje-pistaren kasuan, iraupena 60 minutukoa izango da, eta pertsona bakoitzeko 8,5 euroko kostua izango du. Txirristak, bestalde, hiru jaitsiera eskaintzen ditu, eta pertsona bakoitzeko 5 euroko prezioa izango du banakako lera batean; lera bikoitzaren kasuan, prezioa 8 eurokoa izango da.
Izotz naturalezko patinaje-pistarako zein txirristatarako sarrerak zuzenean erosi ahal izango dira leihatilan, aldez aurretik erreserbarik egin beharrik gabe eta itxaron beharrik gabe, irekitzen diren egunetik aurrera (azaroaren 24an).
Bi instalazio horiek tarifa bereziak eskainiko dituzte ikasleentzat, familia ugarientzat (ezinbestekoa da txartela aurkeztea) eta 20 pertsonatik gorako taldeentzat. Kasu horietan, izotz naturalezko patinaje-pistak orduko 5 euro balio du, eta lerak, berriz, 3 euro 30 minutuko. Bi atrakzioen konbinazioa 7 eurokoa izango da.
Izotz-pistarako edota txirristarako talde-sarreren erreserba aldez aurretik egin beharko da, 946664390 telefonora deituta.
Izotz naturalezko patinaje-pistan sartzeko, eskularruak erabili behar dira nahitaez. Eduki ezean, 2,5 euroren truke eros daitezke instalazioan bertan.
SARRERA INKLUSIBOAK
Iaz bezala, sarrera berezi inklusiboak antolatuko dira, premia bereziak dituzten pertsonen kolektibo eta elkarteentzat. Kolektibo horiek aldez aurretik erreserbatu beharko dituzte eguna eta ordua, 946664390 telefonoaren bidez.
Beharren arabera, ordutegi espezifikoak ezarri ahal izango dira, eta musika edo edukiera egokitu, pertsona guztien irisgarritasuna eta parte-hartzea errazteko. Gainera, beharrezkoa den guztietan, begirale taldearen laguntza eskatu ahal izango da.
Premia bereziak dituzten kolektibo eta pertsonen kasuan, sarrera doakoa izango da.