Abenduak 5
-
Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, Casilda Iturrizar parkeko argi eta soinu tunelaren inguruan dagoen Gabonetako Azoka inauguratuko du gaur arratsaldean. Azokan guztira 35 etxola daude, aurreko edizioan baino 9 gehiago.
-
Aurten, berrikuntza gisa, Bilboko Gabonetako Azokak, toki berrian kokatuta egoteaz gain, doako jarduera osagarriak izango ditu, Casilda Iturrizar parkea ‘Baso Magiko’ bilakatuko dutenak. Pertsonaia mitologikoak, antzerkia edo musikaz aparte, iturri zibernetikoaren bi aldeetan eskaintza gastronomikoa eta mahaien gunea ere izango dira.
-
#BilbaoGabonak udal-proiektuaren esparruan Gabonetako Azoka urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, herritarrek eta Bilbo bisitatzen dutenek parkearen inguruan gaur arratsaldean aktibatuko diren etxolaz eta programazioaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, aurten kokapen berria estreinatzen duen hiriko Gabonetako Azoka inauguratuko du gaur, abenduak 5, arratsaldean. 35 etxolak, iaz baino 9 etxola gehiago, Casilda Iturrizar parkeko pergolaren inguruan kokatuta daude, argi eta soinu tunelaren aldean. 19:00etatik aurrera etxoletan zehar egingo duen ibilbidean zehar Bilboko Alkateak Udalbatzako kideak eta merkataritza elkarteetako ordezkariak izango ditu lagun. Bilboko Gabonetako Azoka osatzen duten etxolak bisitatuko dituzte, baita foodtrucken gunea ere, eta bihar Casilda Iturrizar parkeko “Baso Magikoan” hasiko diren jarduerak bisitatuko dituzte. Horrela, gaur arratsaldean hasiera emango zaio Gabonetako Azokari eta Casilda Iturrizar parkeko Baso Magikoaren programazio osoa hasiko da, #BilbaoGabonak udal-proiektu estrategikoaren barruan sartzen diren jarduerak.
Gabonetako Azoka gaur arratsaldean irekiko da, 17:00etan, eta abenduaren 5etik abenduaren 21era astelehenetik ostiralera, egongo da zabalik, 17:00etatik 22:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara. Abenduaren 22tik aurrera egunero egongo da zabalik, 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, horietan ordutegia 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara izango baita. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean Azoka itxita egongo da.
Hauek dira aurten gaien arabera atondu diren egurrezko etxoletako bat izango duten dendak: Basalar, Princess Courts, Enara Artesanía, Kiliken, Insphyria, Bilbo Dulce Salado, Kaoticat, Mendimarket Gourmet, Accesorios Oli, La Tallerteka, Vintique, Kai denda, Delitxia, Bindi Bisutería, El Gallo de Oro, Cookies & Bites, Bazar Rif, Nahiarte, Arce Bilbao, Lakarola Kintana, Fefa, Karola Kosmetika Naturala, Flores para Venus, Txikito, Ker Fatou, Polvorones Solokoetxe, Castroflor, Bella de Triana, Alimentación Iraiza Porductos Delicatessen, Tu Bola de Navidad, Pabús Bijoux, Nyumbani World, Ositos con Alcohol, Andrea Nieto Jewels eta N de Noa, 2026ko Ibilaldiaren etxolaz gain.
Gabonetako Azokaren inguruan, berrikuntza gisa, foodtrucken gune bat egongo da, askotariko eskaintza gastronomikoarekin: Food Truck Kmzero (gourmet hanburgesak, askotariko ogitartekoak, enpanadak, kitxeak, tostak, gozokien eskaintza, edariak eta kafe-puntua); Basque Truck, hurbileko produktuekin egindako hanburgesa berezien eskaintzarekin eta freskagarriak edo ardo beroa bezalako edariekin, eta Zutarri txosna (taloak, ogitartekoak eta edariak).
Jardueraz betetako “Baso Magikoa”
Berrikuntza gisa aurten Casilda Iturrizar parkeak bizitza hartuko du pertsonaia mitologikoekin, ipurtargiekin eta galtzagorriekin, Gabonetako ilusioa pizteko iritsiko direnak Baso Magiko baten itxura eginez. Bisitariek Gabonetako Azokan dauden saltokietako produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko aukera izateaz gain, tradizioa, kultura eta modernitatea uztartzen dituen kontakizunean murgilduko dira.
Horrela, Casilda Iturrizar parkea euskal mitologian inspiratutako argi, soinu eta fantasiaz betetako espazio bihurtuko da. Eguzkiloreek, animaliek eta argiek forma emango diote ibilbide inguratzaile bati eta naturak eta kulturak bat egingo dute esperientzia murgiltzailea sortuz. Baso Magikoa argi eta soinu tunelarekin integratuko da, iaztik Bilboko Gabonetako ikonoetako bat dena.
Doako jarduera iraunkorren artean Desioen Postontzia nabarmentzen da, landarediaren artean ezkutatutako ate bat, non familiek Gabonetako euren nahiak eta asmoak idatzi eta nahiago dutenei bidali ahal izango dieten postontzi handi bat dagoen; adin guztiei irekitako jarduera da.
Gainera Gabonetako Arcadeak izango ditu, erabat pertsonalizatutako bi Arcade makina, Bilboko Gabonetako lau bideojoko eskainiko dituztenak: mini-jokoen bidez bisitariek galtzagorriei hirian zehar opariak banatzen lagundu ahal izango diete, bikote-joko batekin euskal mitologia ezagutu ahal izango dute edo Bilboko Gabonak argiztatzen lagundu ahal izango dute. Jarduera iraunkor hauek guztiak doakoak izango dira eta Gabonetako Azokaren irekiera-ordutegian egingo dira.
Casilda Iturrizar parkeak, halaber, doako programazio berezia hartuko du Gabonetako Azokaren inguruan une paregabeak eskainiz: abenduaren 5, 19, 20 eta 27an, 18:30ean, ipurtargiak eta galtzagorriak parkera iritsiko dira Gabonak pizteko eta espazioa animatzeko, eta bisitariekin egongo dira 19:00ak arte.
Beste jarduera erakargarri bat zuzeneko musika izango da: talentu gazteek, profesionalak ez diren musika ikasleek, euren pasioa Casilda Iturrizar parkeko Pergolaren ondoan partekatuko dute eszenatokian, egun desberdinetan, hala nola abenduaren 5ean eta 12an (19:45 – 20:30), Kodály Musika Eskolako 27 ikaslerekin; abenduaren 6an eta 13an (18:45 -19:30) North Strings harizko laukotearekin; abenduaren 22an (18:45 -19:30) Elaine Ensemble hirukotearekin; abenduaren 23an eta 30ean (18:45 -19:30) Argaluk hirukotearekin, eta abenduaren 29an (18:45 -19:30) Bost Doinu haize boskotearekin.
Horrez gain antzerkiak bere lekua izango du “El secreto de la Navidad/Gabonetako sekretua” antzezlanarekin. Esperientzia murgiltzaile eta sentsoriala izango da, eta abenduaren 5, 19, 20 eta 27an antzeztuko da, 15 minutuko emanaldietan, gehienez 60 lagunentzat saio bakoitzeko, eta lehentasuna izango dute umeek eta senideek. Antzokiko hiru emanaldi (19:00, 20:00 eta 21:00) euskaraz izango dira eta bi (19:30 eta 20:30) gaztelaniaz. Ez da aldez aurretik izena ematerik egongo eta paseak jasotzeko ilara lehen emanaldia baino 30 minutu lehenago irekiko da. Doako jarduera den arren sartzeko tiketak horretarako prestatutako leihatilan jaso behar dira, eta egun horretarako bakarrik balio dute eta ezingo dira egun beste egun batzuetarako gorde edo erreserbatu. Pertsona heldu bakoitzak gehienez 4 txartel jaso ahal izango ditu emanaldi baterako.
Azkenik, tradizioaz gozatu nahi dutenek euskal dantzen erakustaldietan parte hartu ahal izango dute Aitor Álava dantzariarekin; jarduera hau abenduaren 26an (18:00), urtarrilaren 2an (18:00) eta 3an (12:30) izango da Casilda Iturrizar parkeko Pergolan. Adierazi diren jarduera berezi guztiak, baita jarduera iraunkorrak ere, doakoak izango dira.
Kale Nagusitik Casilda Iturrizar parkerako sarrera izango da Baso Magikorako ate sinbolikoa, baso mitologiko batean inspiratutako arku batekin. Gainera parkeko lorategi-inguruneari esker landarediak bizia hartuko du eta argiztapen berezia izango du Pergolako plazan. Berde naturalarekin kontrastea egiten duten koloreek giro magikoa sortuko dute, argi eta soinu tuneleko paseek (18:30, 19:30 eta 20:30) eta iturri zibernetiko argiztatuak indartuta.

