Eko Rallyea Bilbora itzuliko da asteburuan

Bilbao Petronor Eko Rallyearen laugarren edizioa euskal errepideetan zehar ibiliko da ostiral honetatik aurrera, Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkarteak antolatuta, Bilboko Udalaren eta Petronorren babespean eta BasquetourIbilAlba eta Toyotaren laguntzaz, besteak beste,.

Guztira, energia alternatiboak erabiltzen dituzten 54 ibilgailu lehiatuko dira (elektriko hutsak, hibridoak eta hibrido entxufagarriak), gidatzean eraginkorrenak izateko. Bi eguneko proba honek batez besteko abiadura jakin batzuei eta kontsumo baxuei eusteko gaitasuna saritzen du.

Guzti-guztiek irteera eta helmuga Guggenheim Bilbao Museoko zelaigunean dituen 500 kilometroko ibilbidea egin beharko dute bi etapatan (ostiralean eta larunbatean), Zumarragan (Gipuzkoa) eta Muskizen (Bizkaia) gaueko geldialdiak eginez.

Proba puntuagarria da RACE Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako (ibilgailu elektriko eta hibridoen kategorietan) eta Bridgestone FIA Eco Rally Cup koparako (ibilgailu elektrikoetan baino ez), izan ere, Bilboko hitzordua munduko txapelketa hau osatzen duten bederatzi probetako bat da.

Era berean, pilotuak eta kopilotuak, hiru euskal lurraldeetako errepideetan zehar antolatutako etapa bereziko lehiakiderik onena sarituko duen Euskadi Basque Country trofeoa irabazteko lehiatuko dira, baita gidatzerik eraginkorrena sarituko duen Bridgestone Enliten trofeoa ere.

Bestalde, Bilbao Petronor Eco Rallyeak energia garbiak darabiltzan garraioa hurbilduko die berriz ere herritarrei, eta larunbat goizean Guggenheimeko zelaigunean adin guztientzako jarduerak dituen programa ludiko zabala berreskuratuko du. Horrela, ibilgailuen erakusketa bat, txikienentzako scalextric zirkuitu bat eta Formula Student Bilbao, Euskelec Tknika, Greenpower eta Formula Student Vitoria-Gasteiz bezalako euskal talentu gazteen taldeek garatutako prototipo elektrikoen erakusketa bat izango dira ikusgai.

Eko Rallyea gidatze eraginkorra baloratu eta batez besteko abiadura jakin batzuei eta kontsumo baxuei eusteko gaitasuna puntuatzen duen automobilismo-proba da. Energia aurrezteko eta substantzia kutsatzaileen eta CO2aren isurpenik gutxien eragiteko diseinatu eta teknologia berriekin fabrikatutako ibilgailuak sustatzea da honelako proben helburua.

ETAPAK ETA ORDUTEGIAK

Ostirala, irailak 29:

  • 16:30 – Lehenengo parte-hartzailearen irteera. Minuturo ateratzen joango dira
  • 23:50 – Iritsiera

Larunbata, irailak 30:

  • 10:00 – Lehenengo parte-hartzailearen irteera. Minuturo ateratzen joango dira
  • 14:20 – Iritsiera
  • 18:30 – Lehenengo parte-hartzailearen irteera. Minuturo ateratzen joango dira
  • 23:50 – Iritsiera

Publiko guztientzako jarduerak:

  • 11:00 – 19:00, Itsasmuseumeko zelaigunean, ibilgailuen erakusketa, haurrentzako scalextric zirkuitu profesionala eta talentu gazteek garatutako prototipo elektrikoen erakusketa izango dira ikusgai.

Igandea, urriak 1:

  • 13:00 – Sari banaketa