Bilbao Blues Festival jaialdiak euriari desafio egin eta bikain amaitu du bosgarren edizioa

Uztailak 28

  • Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioak milaka pertsona elkartu ditu hiru egunez nazioarteko punta-puntako kartel baten inguruan, eta leial izan ditu ikusleak, larunbateko zaparrada handia gorabehera. Bertako Travellin’ Brothers bandak jaso du jaialdiko sari berezia.
  • Chino Swingslide Quartet laukoteak irabazi du Volotea Blues Challenge saria, eta bera izango da estatuko ordezkaria European Blues Challenge 2027 txapelketan

Larunbat arratsaldeko euri-jasak ere ez zuen zapuztu Bilbao Blues Festival jaialdiko giroa. Ekitaldi arrakastatsu batek bultzaturik, genero musikal honen nazioarteko hiriburu bihurtu da Bilbo azken hiru egunetan. Horren lekuko izan da Areatza jendez beterik ikustea, nazioarteko izar handiak dituzten artista- eta banda-zerrenda paregabe batek erakarrita; horietako batzuk, gainera, lehen aldiz aritu dira estatuan, Skyler Saufley, kasurako. Jaialdiaz gozatu duten milaka pertsonen artean izan dira Europa osotik etorritako bisitari ugari eta urtez urte hutsik gabe bertaratzen diren makina bat zale.

 

Milaka lagun elkartu dira jaialdiko bi agertokietan, eta, bluesa ez ezik, antzeko estiloak ere izan dituzte gozatzeko, hala nola soula, funka, rock-and-rolla eta, lehen aldiz, swinga. Bilboko Udalak bultzatutako eta Crazy Bluesek antolatutako udako musika-lehiaketa genero horretako erreferentzia argia da Europan, programazioaren kalitateari eta publikoa erakartzeko ahalmen handiari esker.

 

Carlos Malles Bilbao Blues Festival jaialdiaren zuzendariak balantze “oso positiboa” egin du, eta publikoaren jarrera eskertu du. “Sinestezina izan da. Denak emanda aritu dira jaialdiaren hiru egunetan, eta larunbatean bertan ere, euria goian-behean ari zuenean, izugarria izan zen erantzuna eta jendez lepo egon zen Areatzako pasealekua”, gogorarazi du Mallesek. Artisten profesionaltasuna ere goraipatu du, “arteaz eta musikaz gozarazi baitigute”. Eta, “jakina, eskerrik asko Udalari eta gainerako laguntzaileei, ekitaldi hau egiteko aukera eskaintzeagatik”. Zuzendariak jaialdiaren atzean aritu den gizataldearen lana azpimarratu nahi izan du. “Eskerrik asko bihotz-bihotzez produkzio-, arte- eta komunikazio-taldeari, izaniko profesionaltasunagatik eta eginiko lan onagatik, unerik zailenetan ere dena erraza izatea lortu baitute”.

 

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak azaldu duenez, “aurtengo edizioak sendotu egin du jaialdi hau hirira ekartzeko egin dugun apustua, eta osatu egiten du udako kultur eskaintza; kalitatean oinarritutako eskaintza, estilo desberdinarekin, doakoa eta hiriaren erdigunean, Areatzako pasealekuan. Nazioarteko bandak ez ezik bertakoak ere aritzen dira, eta, gainera, publiko ugari erakartzen dute”.

 

PROGRAMAZIO EKLEKTIKOA ETA FIGURA NABARMENAK

 

Sekulako ikusmina zegoen jaialdia hasteko, eta agerian gelditu zen hori The Cherry Boppers meets Patricia Reckless taldeak Keler agertokian lehen akordeak jo zituenetik. Santutxuko talde instrumentalak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du Bilboko abeslariarekin elkarlanean, eta publikoaren dantzatzeko gogoa piztu zuen. Soula, funkya, rhythm-and-bluesa eta jazza uztartu zituen proposamen dantzagarri batekin, lehiaketako lehen txalo-zaparradak lortu zituzten.

 

Lehen emanaldia amaitu ondoren, antolatzaileek tarte bat egin zuten Carlos Javier Gorostiola Gorosen lana eta ibilbide profesionala aitortzeko. Carlos Malles zuzendariaren eskutik jaso zuen jaialdiko txapela, jaialdiarekin lehen ediziotik izan duen loturagatik.

 

Areatzako zabalgunea gainezka zegoela iritsi zen nazioarteko lehen talde nagusia.  “Mark Hummel’s Blues Blowout” taldeak —Mark Hummel harmonika-jotzaile eta abeslari amerikarra buru duen proiektua, Anson Funderburgh (gitarra), Ted Bukowsky (baxua), Bob Hall (pianoa) eta Wes Starr (bateria) generoko superizarrekin batera— bluesaren alorreko master class bat eskaini zuen, eta bertaratutako guztiak liluratu zituzten sakontasunagatik. Ederto trebaturiko talde zailduak AEBko mendebaldeko kostaldeko bluesa, Chicagokoa edo swinga jo zituen, bai dotore asko jo ere.

 

Judith Hill musikariari egokitu zitzaion jardunaldia amaitzea. Michael Jackson, Prince, Elton John eta beste zenbait izarrekin kolaboratu duen Grammy irabazlearen kontzertu handi bat aurreikusten zen, baina haren ikuskizunak gainditu egin zituen aurreikuspen guztiak. Gurasoak lagun zituela (bere ama Michiko Hill teklatuetan, eta bere aita Robert “Pee Wee” Hill, berriz, baxuan), eta Shadrack Oppong bateria-jotzailearekin batera, ikusleak txundituta utzi zituen bere ahots bikainarekin eta instrumentu batean baino gehiagotan duen trebetasunarekin. Perfekzio erritmikoak, funk, jazz eta rythm-and-blues soinu indartsuek eta superizarraren magnetismoak betiko grabatuta geldituko den ikuskizun bat eskaini zuten. 

 

Larunbateko egitaraua eguerdi-partean hasi zen Volotea agertokian (Areatzako Kioskoan) Ian Siegal Electric Band bluesman britainiarraren emanaldiarekin. Gitarrek protagonismo handia izan zuten haren proposamen indartsuan, eta askotariko estiloak jorratu zituen, hala nola rythm-and-bluesa, rock-and-rolla, soula eta delta bluesa.

 

Ondoren, “Blues Train” superbandaren txanda izan zen, Mingo Balaguer harmonika-jotzaile eta abeslari katalan ospetsua eta Txako Jones abeslaria buru zirela, eta maisutasunez jo zuten 50 eta 60ko hamarkadetako blues elektrikoaren klasikoen errepertorio aberats bat.

 

Arratsaldeko emanaldia, berriz, Ivan Singh gitarra-jotzaile eta abeslari argentinarrak zabaldu zuen. Euriak gogotik eraso zion, baina Chicagon bizi den bluesmanak desafio egin zien elementuei, baita emanaldi bikaina eskaini ere: ikusleen artean sartu, eta zenbait pertsonari eskaini zien gitarra, jo zezaten. Singh latin bluesaren banderadunak bere kantuak eta klasikoak batu zituen, hala nola “Everyday I have the blues”, “The sky is cryin”, “Sweet home Chicago-Bilbao”, Stevie Ray Vaughanen “Pride and joy” edo Jimi Hendrixen “Hey Joe”.

 

Ondoren, “Bilbao All Star Blues Band” izar-konstelazioak utzi zuen arrastoa Bilbon —nabarmentzekoa da Bob Stroger 95 urteko baxu-jotzailearen presentzia, zeinak jaialdiaren lehen edizioko sari berezia eskuratu baitzuen—. Haien emanaldian, garbi gelditu zen zergatik diren Chicagoko bluesaren ordezkari onenak. Willie Buck (ahotsa), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritone (harmonika) musikariei Anson Funderburgh gitarra-jotzailea texastarra gehitu zitzaien.

 

TRAVELLIN’ BROTHERS, JAIALDIKO SARI BEREZIA

 

Travellin’ Brothers taldearena izan zen jaialdian gehien esperotako emanaldia. Talde bizkaitarrak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du eszenatokietan eta 1.300 kontzertu baino gehiago eman ditu. Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioko Ohorezko Txapela jaso zuen. Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak emozioz gogoratu zituen taldearen hasiera eta bilakaera, eta Eneko Cañibano taldeko baxu-jotzaileari eman zion txapela.

 

Urte askoan, Travellin’ Brothers; urte askoan, Bilbao Blues Festival” oihukatuz eta publikoaren dibertsio-egarria ito ez zuen euri-zaparrada bizi baten azpian, ikuskizunari ekin zioten, zenbait ezustekorekin. “Big band” formatuan, Jon Careagak (ahotsa), Aitor Cañibanok (gitarra), Eneko Cañibanok (baxua), Isi Redondok (perkusioa/bateria), Ander Unzagak (teklatua), Alain Sanchok (saxoa), Inés Goñik (koruak) eta Noa Eguigurenek (koruak) Ian Siegal abeslaria, Dusty Ciggaar gitarra-jotzailea, Steve Krase harmonika-jotzaile amerikarra eta Vanessa Collier saxofoi-jotzaile eta abeslari texastarra gonbidatu zituzten agertokira.

 

Ez zen izan atsedenerako astirik, baina bai gozamenerako eta dibertimendurako. Publikoa erabat entregatuta zegoela, Travellin’ taldeak bizitza osoko abestiak eta klasikoak tartekatu zituzten, hala nola “Let the Good times roll”, “Texas flood” edo “You can leave your hat on”, eta ikuskizun bikain askoa eskaini zuten, zenbait pasarte gogoangarrirekin, hala nola Vanessa Collier eta Alain Santosen arteko saxo-duelua, Lan Siegal eta Jon Careaga abeslarien arteko konexio handiko uneak, edo Unax Cañibanori eginiko oroitzapen hunkigarria, zeina “beti egongo baita agertokian”, Aitor osabak gogorarazi zuenez.

 

Igandeko saioa Skyler Saufley gitarra-jotzaile eta abeslariak hasi zuen Volotea agertokian. Estatuko bere lehen emanaldian, Alabamako bluesman gazteak —jump bluesaren eta rythm-and-blues klasikoaren maisuen soinuen oinordekoa bera— berehala piztu zuen dantzarako gogoa bere swing erritmo sofistikatuekin eta Guitar Slim, Lowell Fulson, T-Bone Walker eta beste zenbait erreferentziari eginiko keinuekin.

 

Saufleyren konpas liluragarrien ondotik, Chicagoko bluesa etorri zen; hain zuzen ere, estilo hura izan rock-and-rollaren eta rythm-and-bluesaren ernamuina 50eko hamarkadan. “Bilbao All Star Blues Band” bigarrenez aritu zen jaialdian, eta emanaldi zirraragarria eskaini zuen. Mark Hummel harmonika-jotzailea izan zen festarako gonbidatu nagusia, eta Muddy Wattersen “Got my mojo workin” mitikoan lagundu zion talde beteranoari. Hain zuzen ere, horrekin amaitu zuten hiru eguneko jaialdia, zeinak ikus-entzule ugari elkartu baitzituen maila izugarriko emanaldiekin.

 

VOLOTEA BLUES CHALLENGE, KONTZERTU DIDAKTIKOAK ETA BOOGIE-WOOGIE ESKOLAK

 

Chino Swingslide Quartet laukoteak irabazi du Volotea Blues Challenge, eta berak ordezkatuko du estatua European Blues Challenge 2027 jaialdian. Talde hori Hernán Senra Bartzelonako bluesaren erreferentzietako baten proiektuak izaniko bilakaera da. Slide gitarra, kontrabaxua, bateria eta harmonika uztartzen dituen talde batekin, blues elektrikoa eskaintzen du konposizio propioekin; tradizioan errotua, baina nortasun garaikidearekin. Nazioartean ibilbide luzea egin eta European Blues Challenge 2013n lortutako aintzatespenaren ondoren, zuzenekoen kalitateagatik eta proposamen bizi eta dotoreagatik nabarmentzen da taldea.

 

Larunbat goizean, aitzindari feministei buruzko hitzaldia izan zen Guggenheim Bilbao Museoko auditoriumean. Héctor Martínez izan zen hizlari Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren barruan, eta haren asmoa zen “emakumeek esklabotzaren aurkako borrokan izan duten protagonismoaz kontzientzia piztea, mugimendu abolizionisten bultzatzaile gisa, baina baita Underground Railroadeko partaide gisa ere”. XIX. mendean AEBn aktibo egon zen ibilbide sekretuen eta segurtasun-etxeen sare klandestinoari egiten dio erreferentzia termino horrek. Mayka Edjolek (ahotsa) eta Alex Caporusciok (gitarra) parte hartu zuten.

 

Eta, igande goizean, hainbeste esperotako boogie-woogie eskolek berriro ere dantzan jarri zituzten parte-hartzaileak, Portugaleteko Swing Dantza Eskolako irakasle Carlos Etxebarriak gidaturik. Ehunka lagun bildu ziren Areatzan pausoak ikasteko eta 50eko hamarkadako musikaren erritmoan dibertitzeko.

 

REDES SOCIALES: