Euskal erakundeek herritarrei dei egin diete maiatzaren 22 eta 23an san mamesen egingo diren 2026ko errugbi-finaletan parte hartzera

2025 December 4

  • Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak gonbita egin diete herritarrei ekitaldi handi horretan aktiboki parte hartu eta esperientzia bizi dezaten eta gozatzeko sarrerak eros ditzaten.

  • Aurkezpenean, San Mamesen jokoan egongo diren garaikurrak egon dira eta ‘Gure arbasoen indarra – La fuerza de nuestras raíces’ sustapen-bideoa aurkeztu dute. Kanpainak errugbiaren balioak eta Euskadiko antzinako espiritua uztartzen ditu.

  • Orain arte, asteburu honetan denboraldia hasi baino ordu gutxi lehenago, ia 24.000 sarrera bikoitz saldu dira jada, hau da, bi finaletarako publiko orokorrarentzat salgai jarriko diren sarreren erdia baino gehiago.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, 2026ko errugbi-finalak sustatzen dituzten hiru euskal erakundeek, gaur goizean aurkeztu dute ‘Gure arbasoen indarra – La fuerza de nuestras raíces’ kanpaina San Mamesen. Sustapen-bideoaren helburua da herritarrak joatea eta parte hartzea Euskadin bigarren aldiz egingo den erreferentziazko nazioarteko kirol-ekitaldian. EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketa finalak maiatzaren 22an (ostirala, 21:00etan) eta maiatzaren 23an (larunbata, 15:45ean) jokatuko dituzte, hurrenez hurren, San Mames estadioan. Kluben errugbi-txapelketa ospetsuenetariko bi dira, eta munduko 42 errugbi-klubek parte hartzen dute.

Tokiko sustapen-kanpainak, ‘Gure arbasoen indarra – La fuerza de nuestras raíces’ izenekoak, xede dauka Euskadin errugbiak daukan muina islatzea: bere indarra, erroak eta talde-espiritua, Euskadin barrena ikusizko bidaia eginez, non lurraren antzinako espiritua eta errugbiaren balioak uztartzen diren. Izaera, natura eta erroak islatzen dituzten Euskadiko gertalekuetan grabatu dute ikus-entzunezko lana, hala nola Besaide tontorrean, hiru lurraldeen elkargunean. Itsasoaren indarretik mendien baretasuneraino, bideoko plano bakoitzean nortasuna, zirrara, jatorria, esfortzua eta partekatutako harrotasuna arnasten dira.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak honako hau nabarmendu du: “Final hauek lurralde legez jokatuko ditugu, talde legez irabaziko ditugu, eta zale legez ospatuko ditugu. Pase bakoitzak bere balioa dauka; aurrerapen bakoitzak gehitu egiten du, eta ahalegin bakoitza garrantzitsua da. Berriro ere, Bizkaia prest dago ateko marra indartsu, elkartuta eta bere gaitasunaz konbentzituta zeharkatzeko. Horregatik, herritar guztiei dei hau egiten diet: egin dezagun 2018an baino hobeto. Bete ditzagun gure kaleak, gure harmailak. Erakuts dezagun berriro ere Bizkaiak liga handietan jokatzen duela. Guretzat, final hauek nazioartera zabaltzeko, gure ospea eraikitzeko, herrialde-marka bat eraikitzeko bidea dira”.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak azpimarratu du “hirian eta hiritarrengan mota horretako ekitaldiek daukaten garrantzia. Orokorrean kirola sustatzeaz gain, partiden aurretik eta ondoren errugbian jokatzeak zabaltzen dituen balioak ere sustatzen dira”. Aburtok bere burua “pozik” azaldu du «euskal erakundeek eta federazioek egindako lanagatik, finaletan dena ondo joan dadin» eta EPCRri eskerrak eman dizkio «bigarrenez San Mames estadio ikonikoa aukeratzeagatik Europa kontinenteko talderik onenen nazioarteko jokalekua izan dadin”.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak honako hau nabarmendu du: “San Mamesen jokatuko diren finalak gure Herri baloreen erakusleihoa izango da. Errugbiak eta gure herriak, Euskadik, hainbat balore partekatzen dituzte, gure arbasoengandik jasotako baloreak: komunitatea, esfortzua, disziplina, errespetua, elkarbizitza, aniztasuna, identitatea… finaletara datozenek zelai bat baino gehiago ikustea nahi dugu: herri bat ikustea nahi dugu, komunitate bat, bizirik dagoen kirol kultura”.

San Mamesen egindako ekitaldietan, European Professional Club Rugbyko (EPCR) zuzendari nagusia (CEO), Jacques Raynaud, ere egon da.

Abenduko lehenengo asteburuan (abenduaren 5, 6, eta 7an) hasiko dira Euskadik maiatzean hartuko dituen finaletara heltzeko txapelketa eta bidea, eta elkarren segidako bi asteburutan talde-fasea izango da. Talde-fasearen hurrengo txandak 2026ko urtarrileko ondoz ondoko bi asteburutan jokatuko dituzte. Kanporaketa-faseak apirilaren 3ko, 4ko eta 5eko asteburuan hasiko dira, final‑zortzirenekin; ostean, apirilaren 10ean, 11n eta 12an final-laurdenak eta maiatzaren 1eko, 2ko eta 3ko asteburuan finalaurrekoak egingo dituzte.

2018an egoitza gisa San Mames hautatzea historikoa izan zen, EPCRren finalen asteburua lehen aldiz errugbiko sei nazio tradizionaletatik kanpo antolatu baitzen. Leinster Rugby taldeak Txapeldunen Kopako titulua eskuratu zuen orduan eta Cardiff Rugby taldeak Challenge Cup txapelketaren garaikurra jaso zuen. Duela zazpi urte baino gehiago, guztira 84.000 zalek errugbi-maila gorenaz gozatu zuten San Mamesen, eta Challenge Cupera inoiz baino ikusle gehiago bertaratu ziren, estadioan 32.000 ikusle egon baitziren. Horregatik, euskal erakundeek errepikatu egin dute asmoa dela datorren urteko maiatzean «beste behin argi uztea zein den gure esentzia, nortasun-kultura, ekitaldi‑mota horrez gozatzeko gogoa eta abegi egiteko modua».

Sarrerak Salgai

Weekend packages asteburuko paketeen bitartez ia 24.000 sarrera saldu dira bi partiduetarako, eta EPCR «oso pozik» azaldu da orain arteko salmenta‑erritmoarekin. 2026ko finaletarako bidea hasteko ordu gutxi geratzen direnean, publiko orokorrarentzat salgai jarriko diren sarreren erdia baino gehiago saldu dira. Sarrerak hiru kategoriatan banatuta daude eta salgai jarraitzen dute EPCRren webgunean.

Orain arte saldutako sarreren artean, %82 Espainiako Estatutik kanpo erosi dira: ia erdia (%49) Frantzian, %16 Britainia Handian, erosketen %9 Irlandan izan dira eta %2 Italian. Gainerako %18tik, %42 Bizkaian eta %5 Gipuzkoan erosi dira.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urteak daramatzate elkarrekin kirol-ekitaldi handiak sustatzen. 2024ko UEFA Women’s Champions League finalaren eta, aurten, maiatzeko UEFA Europa League-eko finalaren arrakasta eta gero, 2026ko errugbi-finalak beste pauso bat izango dira Euskadi, Bizkaia eta Bilbo nazioartekotzeko estrategia bateratuaren esparruan. ​

EPCRren webgunean sarrerak erosteko esteka

REDES SOCIALES:

BILBAO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM | TIK TOK

BILBAO EKINTZA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM

BILBAO TURISMO: FACEBOOK | X | INSTAGRAM