• Partidak Bilbao Arenan izango dira, 2022ko maiatzaren 6tik 8ra.

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkatea oso pozik agertu da lehiaketa horren finala Bilbon jokatuko delako, eta honako hau nabarmendu du: “beste behin ere, agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako”.

Bilbo ostera ere izan da izendatua Basketball Champions League 2022 lehiaketako Final Four izeneko fase finalaren egoitzatzat. Lehiaketa honek azkena emango dio denboraldiari, eta 2022ko maiatzaren 6tik 8ra jokatuko da. Lehiaketa honetan ordezkaririk ez duen hiri bat anfitrioi aukeratzen duten lehen aldia da.

Final-laurdenetan sailkapena lortzen duten lau taldeek parte hartuko dute Basketball Champions League lehiaketaren seigarren denboraldiaren ekitaldirik handienean, eta partida bakarrean kanporatzeko formatuarekin jokatuko da, maiatzeko lehenengo astean zehar, Bilbon.

Partidak Bilbao Arenan jokatuko dira (10.000 ikuslerentzako edukiera dauka), Surne Bilbao Basket-en ohiko jokalekuan.

Hiri anfitrioia iragartzen duen iragarkiaren atal baten moduan aurkeztu da, orobat, Final Four 2022 ekitaldiaren logotipoa:

Oso pozik gaude Bilbo izango delako Basketball Champions League lehiaketaren Final Four delakoaren egoitza. Esker ona agertu nahi diegu Bilbori, Espainiako toki eta eskualde agintariei, Espainiako Saskibaloi Federazioari eta ACBri ekitaldi hau antolatzen laguntzeko konpromisoarengatik, eta bereziki jokalariei eta sailkatutako talde guztietako kideei, zeren eta Final Four ahalik eta ondoen eta interesa duten alde guztientzat modurik seguruenean antolatuko baita. Jakin dugu zer gogo bizia erakutsi duen hiriak ekitaldi historiko hau antolatzeko, eta espero dugu elkarrekin lan egin ahal izatea denboraldi amaierako txapelketa zoragarri bat eskaintzearren“, adierazi du Patrick Comninos Basketball Champions League lehiaketaren CEO arduradunak.

COVID-19aren pandemiak eragindako ziurgabetasunezko egoera gorabehera, poz-pozik gaude aukera izan dugulako Final Four hau hona ekartzeko, esperientzia egiaztatua baitu hiri honek saskibaloiko lehen mailako ekitaldiak antolatzen. Horregatik, saskibaloi aste paregabe bat eskainiko diegu Europako saskibaloi-zaletu guztiei“, adierazi du.

BILBAO ARENA

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea oso pozik agertu da lehiaketa horren finala Bilbon jokatzen delako, eta hau nabarmendu du: “beste behin ere, agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako“.

Aburtok, gainera, hau nabarmendu du: “Bilbon izango da saskibaloiaren hitzordu handi hau, Bilbao Arenan, eta nire nahia da zaleek eta bisitan etorriko zaizkigun bisitari guztiek gozatu dezatela ikuskizun on batez, eta baliatu ahal izan dezatela aukera hau gure uria , gure gastronomia, gure merkataritza eta dendak eta gure tradizioak ezagutzeko”.

“Espainiako Saskibaloi Federazioarentzat plazer handi bat eta ohore bat da Bilbo izatea BCLren Final Four lehiaketa jokatuko den hiria; Final Four lehiaketa handi bat da, eta Espainiako taldeek oso ondo jokatu ohi dute”, adierazi zuen Jorge Garbajosa jaunak, Saskibaloiko Espainiako Federazioko presidente eta FIBAren Central Board deritzoneko kideak. “Ekitaldi handi hau antolatzea ez da lan erraza, baina jokalekua hain da handia eta Bilboko agintarien esperientzia ezagututa, eta Surne Bilbao Basket klubaren eta interesa duten alderdi guztien, ACB elkartearen eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, ahalegin guztiak egingo ditugu ahalik eta ekitaldirik onena antolatzeko. Final Four edo Final Eight deritzenen aurreko aldietako maila berdintzea erronka izango da, zeren eta ekitaldi bikainak izan baitziren, baina ahalegin guztiak egingo ditugu lehiaketa hau aurten ere garatu eta haz dadin laguntzearren”, gehitu zuen.

Antonio Martín ACB elkartearen presidente eta BCLren Batzordeko kideak hau baieztatu du: “BCL-ren Final Four Bilbon izatea berri handi bat da Espainiako saskibaloiarentzat. Bilbo anfitrioi ezin hobea izango da, jokaleku eder-eder bat dauka eta hiria ezin hobeto prestatuta dago urtetik urtera hazten ari den ekitaldi baterako”.

BILBOKO URIAN IZANGO DA 20220KO FINAL FOUR

Final zortzirenak urtarrilaren 25ean hasiko dira, eta 2022ko martxoaren 23an amaituko dira.

Zozketa bidez ezarriko da nola jokatuko diren final laurdenak, apirilean jokatuko baitira, eta zozketa bidez ezarriko da Final Four delakoaren hurrenkera; martxoaren 25ean egingo da zozketa hori. Ekitaldia zuzenean emango da, championsleague.basketball. webgunean.

Finalerdiak Bilbon jokatuko dira maiatzaren 6an, eta hirugarrena nor izango den erabakitzeko partida eta azkena maiatzaren 8an.

Ekitaldia FIBAren Jokora Itzultzeko Protokoloari eta Espainiako agintariek ezarritako arauei jarraituz ospatuko da. Zaletuak jokalekuan egoteari buruzko erabakia geroago hartuko da, eta Espainiako agintari ofizialek ezarritako arauei eta araudiei jarraituz.

Hedabideen akreditazioetarako atari bat irekiko da martxoaren 15ean, asteartean. Sarreren salmentari buruzko informazioa zozketa egin eta geroxeago iragarriko da.

  • Lehenengo edizioa uztailaren 29, 30 eta 31an egingo da, Bilboko Areatzan, baina hiriko beste bazter batzuetara ere hedatuko da, kalejiren eta formatu txikiko emanaldi akustikoen bidez. Bob Stroger abeslari eta baxu-jotzaile mitikoak bere ibilaldiaren aitortza jasoko du, eta blusaren beste musikari gogoangarri batzuekin joko du, hala nola Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye.

  • Bilboko Udalak zita handi hau bultzatzen du, beraren bidez eskaintza kulturala dinamizatzeko eta musikaldi hau munduko panorama musikalaren topaketa nagusien artean finkatzeko. Jaialdia aire zabalean egingo da, eta hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, horiek guztiak doakoak. Bilboko Alkate Juan Mari Aburtorentzat eta Jaialdiko zuzendari Carlos Mallesentzat, “aukera paregabe bat da hiriarentzat, ekitaldien kateari gehitzen zaion formatu berri batean”.

  • Haurrek kontzertu pedagogiko elkarreragileez gozatu ahal izango dute, ahots- eta instrumentu-genero honetan aritzen hasteko.

Blues eta uda eskutik hartuta ibiltzen hasiko dira Bilbon, urte honetatik aurrera. Bizkaiko hiriburua musika onari lotuta egon da historikoki, eta aurrerantzean lehenengo Nazioarteko Blues Jaialdia gehituko dio bere urteko “kartelari”, datorren uztailaren amaieran.

Apustu kultural sendo bat, Bilboko Udalaren eskutik sortzen dena hiriko dinamizazioa sustatzeko eta Euskadiko gertaera berdingabe hau mundu mailan proiektatzeko xedez. Hiriko bihotza blues banda ospetsuenen erritmoan taupadatuko da, eta horiekin batera tokiko talde batzuk ere arituko dira, zita hau famarako abiapuntu bezala aprobetxatu ahal izango baitute.

Bilbao Blues Festival jaialdia uztailaren 29etik 31ra bitartean egingo da, eta hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, guztiak dohainik. Jadanik berretsita dauden kontzertu nagusietako bat Chicagoko All Stars-arena izango da; bertan, iparramerikar hiri horretako hainbat blues-musikari ospetsuk eszenatokia konpartituko dute, banda bat une horretarako osatuz. Beraren partaideak Bob Stroger, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye mitikoak izango dira.

Lehenengo edizio hau aire zabalean egingo da osorik, eta haurrengana zuzendutako kontzertu pedagogikoak ere programatu dira, baita emakumeei eta bluesari buruzko hitzaldi bat, kontzertu batekin.

Zitaren eszenatoki nagusia Areatza izango bada ere, genero musikal hau hiriko bazter guztietara iritsiko da, New Orleanseko estilo peto-petoan, dixie bandek han-hemenka egingo dituzten kalejirei esker.

JUAN MARI ABURTO: BLUESA BILBORA ERE IRISTEN DA

Bilboko Alkate Juan Mari Aburtoren ustez, “aukera paregabea da udan zita musikal garrantzitsu bat izateko, bluesarekin, honek indartzen baikaitu mota horretako ekitaldien katean. Lehenengo edizio honek oso elementu erakargarriak izango ditu: izen handiko figurak ekartzea, aire zabalekoa eta doakoa izatea…, eta Bilboko bihotzean bertan. Espero dugu jaialdia Hirian gustukoa izatea eta bisitari asko erakartzea”.

“Oso zaindutako jaialdi bat da, kalitate gorenekoa, generoaren nazioarteko figura ospetsuak Bilbora ekarriko dituena. Lehenengo edizio hau bizi dugun garaiak ezartzen dituen dimentsioetara egokitutako formatu batez aurkezten da. Espero dugu datozen urteetan zita hau hirian finkatzea eta jendea zerbait propiotzat sentitzera iristea”, azaltzen du Carlos Mallesek, Bilbao Blues Festivalen zuzendariak.

I Bilbao Blues Festivalak helburu bikoitza du: bluesa maite duen publikoak Europako biretan normalean parte hartzen ez duten artistez goatzea, eta genero hori -rock, pop, indie, soul eta beste batzuen oinarri dena- deskubritzen laguntzea oraindik ere ondo ezagutzen ez dutenei.

Nahi dugu jendeak estilo musikal hau ezagutu dezan. Blues kontzertu bat jende guztiari gustatzen zaio, generoaren ohiko kontsumitzailea ez izan arren. Musikagatik ez ezik, inguratzen duen giroagatik ere”, dio Mallesek.

BOB STROGER: BILBAO BLUES FESTIVAL SARIDUNA

Bob Stroger (Haity, Missouri, 1929) blues-musikari ospetsuak, baxu-jotzaile eta abeslariak, Bilbao Blues Festival Saridunaren erakusgarria den txapela jasoko du. Bere ibilaldi luzean, Stroger XX. mendeko bigarren zatiko banda garrantzitsuenetako batzuen partaidea izan zen: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins…

70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festivalen biren sail erritmikoa osatu zuen, Oddie Paynerekin batera, eta besteak beste Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogersekin aritu zen. 90eko hamarkadan, bere banda propioa gidatzen hasi zen eta kontzertuak eman zituen planeta osotik.

NAZIOARTEKO AITORTZA DUTEN ANTOLATZAILEAK

Jaialdiaren eragileek nazioarteko sari gorenak irabazi dituzte genero musikal honen bultzadari dagokionez: Eragile onenarentzako BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek 2019an Azore Uharteetan emanda, eta nazioarteko jaialdien antolaketa onenaren K.B.A. SARIA (Keeping the Blues Alive), munduko aitortza gorena, Blues Foundationek 2015ean Memphisen emanda.

  • Elikagaien sektoreko berrikuntzari buruzko nazioarteko ekitaldi honen bigarren edizioa maiatzaren 17tik 19ra bitartean egingo da Bilbao Exhibition Centren, Herbehereak herrialde gonbidatua delarik, nekazaritzako elikagaien industriaren negozio-eredua birdefinitzeko eta elikagaiak modu jasangarri eta osasungarrian ekoizteko.

Food 4 Future – Expo Foodtech azokaren bigarren edizioa hasteko bost hilabete eskas falta direnean, administrazioek eta elikagai eta edarien sektoreko puntako konpainiek elikagaien sektoreko berrikuntzari buruzko nazioarteko ekitaldi honen aholku-batzordearen lehen bileran parte hartu dute. Maiatzean, Food 4 Future topaketak mundu osoko 6.000 bisitari eta 250 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko ditu Bilbon.

Bilboko Udalak, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusiaren bitartez, Food 4 Futureren aholku-batzordeak atzo, osteguna, Madrilen egindako bilera honetan parte hartu du, eta bertan izan dira, halaber, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea; Rogelio Pozo, AZTI zentro teknologikoko CEOa eta Food 4 Future Biltzarreko Zuzendaria; Sergio Fabregat, Food 4 Future-Expo Foodtecheko Zuzendaria, eta Industria Merkataritza eta Turismo Ministerioaren zein Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren ordezkariak, baita konpainia liderren ordezkariak ere, Bolton Food, IBM, Lantern, Ibermática, Minsait, CaixaBank, Nueva Pescanova, Osborne eta Kaiku tarteko direla, besteak beste.

Bileran baieztatu dutenez, Herbehereak izango da maiatzaren 17tik 19ra Bilbao Exhibition Centren egingo den Food 4 Futureren bigarren edizioko herrialde gonbidatua.

Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, belaunaldi berriko osagaiak eta jasangarritasuna izango dira Food 4 Future 2022an parte hartuko duten 300dik gora hizlarik gidatutako 6 osoko bilkuren eta 50 hitzaldi baino gehiagoren gai nagusietako batzuk. Berrikuntza da industria-iraultza bideratuko duen palanka eraldatzailea da, eta Food 4 Future 2022n ikusgai izango dira nekazaritza adimendunari, makineria eta prozesuei, kontserbazioari, logistika eta garraioari, ekonomia zirkularrari zein energia-eraginkortasunari aplika dakizkiekeen abangoardiako azken teknologiak.

Aurten ere, Food 4 Futurek Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, ICEX eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa izango ditu bidelagun, baita topaketa honekin bat egin duten sektore honetako elkarteak eta laguntzaile liderrak ere: HAZI, NEIKER, ELIKA, EIT Food, ILSI Europe, Food for Life, SPRI, Eatable Adventures, Santelmo Business School eta IASP (Parke Zientifikoen eta Berrikuntza Arloen Nazioarteko Elkartea), besteak beste.

  • Uztailaren 1ean, 2an eta 3an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideak zeharkatuko ditu Frantziako Tourrak Irundik Iparralderako bidea hartu orduko.

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Christian Proudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria buru izan dituen ekitaldian aurkeztu dira Grand Départ Pays Basque 2023 osotuko duten hiru etapak. Gasteizko Europa Jauregian egin den ekitaldian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria ere izan dira beste agintari eta txirrindularitza munduko hainbat ordezkarirekin batera.

2023ko Grand Départ Pays Basque Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean eta Bizkaiko hiriburuak hartuko du lehenengo etaparen amaiera ere. Bigarren eguneko ibilbidea Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da eta hirugarrena Amorebieta-Etxanon hasi eta euskal kostaldea zeharkatuz Irundik Iparraldera igaroko da.

Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak 2023an Frantziako Tourra Euskaditik abiatzea ahalegin kolektibo baten ondorio dela azpimarratu du “erakunde nagusiok bat egin dugu: Jaurlaritzak; aldundiek eta hiriburuetako udalek bat egin dugu. Gure nahia da nazioarteko ekitaldi honen bidez Euskadi zer den, eta munduan zer izan nahi duen, ezagutarazteko aukera baliatzea”. Lehendakariak gaineratu duenez, “pandemiaren aurkako borroka ere ahalegin kolektiboaren adibide bat da. Egia da gure ohitura eta portaera asko baldintzatzen ari dela, eta kirola egiteari ere eragiten diola. 2023an errealitate berri bat ezagutu ahal izateko itxaropena dugu eta izan dadila datorren urteko Tourra ekitaldia bere osotasunean bizitzeko aukera emango diguna”.

GRAND DÉPART PAYS BASQUE 2023

  1. Etapa Bilbao – Bilbao, 185 km: Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da. Bilbon hasi eta bukatuko da. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko ditu, tartean Gernika bi aldiz zeharkatuz. Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik, eta amaiera gogorra izango du, Vivero eta Pike Bidea igoko dira azken kilometroetan.
  2. Etapa Vitoria-Gasteiz – Donostia/San Sebastián, 210 km: Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da eta goi-lautadatik itsasorantz, Donostiara abiatuko da. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek, Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean baina gogortasun berarekin.
  3. Etapa Amorebieta-Etxano -…: Amorebieta-Etxanon hasiko da Grand Départ Pays Basque-ko hirugarren eta azken etapa. Euskal kostaldea zeharkatuko duen hirugarren etapa izango da. 80 km egingo dituzte txirrindulariek itsasertzeko errepideetatik Donostia bigarrenez zeharkatu eta Irundik Lapurdiko bideetara igaro aurretik.
  • Europa osoko kirolariek dagoeneko izena eman dute Kirol Anitzeko Europako Txapelketan. Uztailaren 31ra bitartean, Batzorde Antolatzaileak diruz lagunduko ditu Espainiako Triatloi Federazioko duatleten eta triatleten inskripzioak, % 40ko batez besteko hobariarekin.

  • Sei titulu kontinental (Duatloia, Akuatloia, Triatloi Krosa, Duatloi Krosa, Akuabike eta Distantzia Erdiko Triatloia) jarriko dira jokoan bost egoitza ikusgarritan: Bilbon, Urdaibain, Enkarterrin eta Getxo-Portugaleten. Gainera, lehiaketak mundu osoan ikusteko aukera egongo da, zuzeneko emisioen bidez.

  • Irailaren 17tik 24ra bitartean, Kontinente Zaharreko 30 herrialdetatik etorritako 8.000 pertsona baino gehiago (kirolariak, entrenatzaileak eta laguntzaileak) bilduko dira kirolaz, aisialdiaz, gastronomiaz eta turismoaz gozatzeko ezin hobea den eskualde batean.

Bilbao Bizkaian egingo den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Txapelketak kontinente osotik etorritako milaka kirolari bilduko ditu irailaren 17tik 24ra bitartean. Horiek horrela, kirol-probak hartuko dituzten Bizkaiko bost egoitzek Munduko triatloiaren arreta bereganatuko dute, honako titulu hauek jarriko baitituzte jokoan: akuatloia, duatloia, duatloi krosa, triatloi krosa, akuabike eta distantzia erdiko triatloia.

Hala, Bilbok, Enkarterrik, Urdaibaik eta Getxo-Portugaletek kirolari, teknikari eta laguntzaileek osatutako talde nazionalak hartuko dituzte.

Hainbat dira txapelketa honen erakargarritasuna eta fidagarritasuna ziurtatzen duten ekitaldiak, besteak beste: 2018an Eivissan antolatutako Kirol Anitzeko Txapelketa; Pontevedrako 2019ko Munduko Txapelketa; FETRIk 2021ean berreskuratutako Duatloi Kroseko eta Triatloiko Munduko Txapelketak, El Anillon egindakoak; 2021eko Munduko Duatloi Txapelketa, Federazioak eta Espainiako erakundeek berreskuratu eta Avilesen jokatu zena, eta 2023an Eivissan egingo den Kirol Anitzeko Munduko Txapelketa.

Inskripzioek erritmo ona hartu dute, eta oraindik hilabete asko ditugu txapelketa hasi baino lehen. Espainiako Triatloi Federazioaren lizentzia daukaten kirolariek batez beste % 40ko hobariak jaso ahalko dituzte inskripzioetan uztailaren 31ra arte, Batzorde Antolatzaileak emango duen dirulaguntzari esker. Dirulaguntza horren asmoa da parte-hartze nazionala sustatzea, Espainiako Triatloi Federazioko triatletei hurbiltasuna eta erosotasuna eskainiz, hain zuzen ere, aurreko txapelketetan egin zen bezala. Inskripzioei buruzko informazio gehiago hemen.

INFORMAZIO GUZTIA WEBGUNEAN

Bilbao Bizkaian egingo den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Txapelketari eta kirol-probei buruzko informazio eguneratu guztia ekitaldiaren webgunean kontsultatu daiteke. Bertan, ibilbideak hainbat formatu digitaletan deskargatzeko aukera dago.

Bilbao Bizkaiko kultura, tradizioak, gastronomia eta berezitasunak ondo islatuta daude webgunean, eta kirol-ekitaldian parte-hartzearen edo ekitaldira etortzearen esperientzia dimentsio posible guztietan aurkeztu da, baita aisialdi- eta turismo-aukerak eskaini ere. Hauxe da webgunea:www.triatlonbilbaobizkaia2022.eus.

  • Maiatzaren 17tik 19ra, Food 4 Future Bilboko BECera itzuliko da, nekazaritzako elikagaien industriaren etorkizuna marrazteko, baliabide mugatuak dituzten 7900 milioi pertsona baino gehiago elikatu behar baititu.
  •  Food 4 Future ezinbesteko berrikuntza-foroa da nekazaritzako elikagaien industriako liderrentzat, ezagutzaren transferentzia bultzatzeko; gainera, negozio-aukerak sortu eta balio-kate osoa eraldatzeko irtenbide teknologikoak aurkitu ahal izango dituzte. Biltzar honek Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren laguntza instituzionala eta partner estrategiko garrantzitsuak ditu.

Food 4 Future-en lehen edizio batean elikagaien industriako 5.000 lider baino gehiago bildu ziren, oraindik ere krisi sanitarioak mugatua zeukan egoera batean. Ondoren, bigarren edizioa prestatu zuen Bilbon, maiatzaren 17tik 19ra. Bertan, elikagaien industriako 6.000 profesional baino gehiago bildu ziren, eta, gainera, nazioarteko bisitarien pisua handitu egin zen, mundu osoan bidaien murrizketak apaldu ondoren.

Food 4 Future sendotu egin da beraz, nekazaritzako elikagaien industriarako eta industria osagarrirako (makineria-enpresak, industria kimikoa, bioteknologia, Ikerketa, etab) erreferentziazko nazioarteko foro moduan, eta aitzindari da, hiru ardatz estrategikotan oinarrituta –Iiaunkortasuna, berrikuntza eta teknologia–, industriaren berrikuntzaren segmentu guztietan: haragia, edariak, arrantza, esnekiak, barazki eta frutak, zerealak, kontserbak eta olioa.

Erakundeen laguntza eta aliatu estrategikoak: Food 4 Future eztabaida-foro gisa finkatu da

Food 4 Future kongresu bat da, NEBEXT enpresak eta Azti teknologia-zentroak antolatua. Lehenengo edizioaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du HAZI erakundearen bitartez. Hazik Food Tech industriaren ESBPEaren buru (Ekonomia Suspertzeko eta Berritzeko Proiektu Estrategikoa, gaztelaniaz PERTE) izan nahi du Estatuan, eta Euskadi industriaren mundu mailako erreferente bihurtu. Era berean, Bilboko Udalaren laguntza ere izan du, hiria elikagaien industriarako hiriburu gisa garatzearekin konprometituta baitago, eta Food 4 Future aukera bat ikusten baitu Bilbo foodtech munduko hiriburu gisa sendotzeko. Beste erakunde estrategiko batzuek ere, hala nola NEIKER, elika, EIT Food, ILSI Europe, Food for Life, SPRI, Eatable Adventures, Santelmo Business School edo IASP (parke zientifikoen eta berrikuntza-arloen nazioarteko elkartea), berriz ere eman diote babesa topaketa honi, funtsezkoa baita industria berrasmatzeko.

 

 

 

 

  • 2021eko irailaren 18an (larunbata) Bilbo distantzia ertaineko Espainiako Txapelketaren egoitza izango da berriz ere eta 2022an Europako Txapelketa jokatuko da bertan.

  • Elite mailako gizon eta emakume kirolariak batzen dituen Bizkaiko triatloi bakarra da, eta aurten ere Bilbo estatuko egutegian erreferente gisa kokatuko da.

  • Parte-hartzea eta konfiantza ere gehitu egin dira, izan ere, 2020an Bilbon egin zen hiriko kirol ekimen bakarra izan zen. Aurten ere COVIDaren aurkako protokoloa ezarriko da eta egoitza publikoarentzat itxita egongo da segurtasuna gehitzeko.

  • Gainera, lehenengo aldiz Bilbon Aquabike modalitatea gauzatuko da.

Bilbao Triatlhon une ezin hobean dago, izan ere, hurrengo larunbatean, irailaren 18an, 10. urteurrena ospatuko du etengabe hazten doan heinean.

2020an Bilbon antolatu zuten hiriko kirol ekimen bakarra izan ondorenaurten ere COVIDaren aurkako protokoloa ezarriko da. Horrela, elite mailako gizon eta emakume triatloilariak batuko dituen bere kategoriako Bilboko eta Bizkaiko triatloi bakarra izango da.

Izan ere, Bilbo distantzia ertaineko Espainiako triatloi Txapelketaren egoitza izango da berriz ere, eta hori gutxi balitz, hurrengo urtean jada iragarri diren Europako Txapelketen egoitza nagusia izango da.

Antolatzaileak Innevento Sports, Trikirol eta Espainiako Triatloiko Federazioa (FETRI) dira eta erakunde laguntzaile nagusiak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia; guztiek batera aurkeztu dute triatloiaren 10. edizioa. Aurten, 800 triatloilari baino gehiago lehiatuko dira modalitate horretan estatuko onenak izateko. Halaber, aurten Aquabike modalitatea (igeriketa eta txirrindularitza) gehituko dute, diziplina horretako kirolaririk onena zein den ikusteko. Bilboko probaren ondoren bakoitzaren maila zein den argi geratuko da eta abiapuntua izango da Bilbao-Bizkaian antolatuko diren hurrengo Europako Txapelketarako.

Modu horretan, Bilboko Triatloiak lanean jarraitzen du Estatuko triatloien egutegian erreferentea izaten jarraitzeko, eta, horregatik, Bizkaiko lurralde historikoan oso berezia den hitzordua da. Lurralde osoak eta hiriburuak eskuzabalik hartuko dituzte berriz ere proba honetan konfiantza izaten jarraitzen duten pertsona guztiak, izan ere, iaz, pandemian bete-betean murgilduta geundela, dena oso ondo joan zen. 10. edizioan protokolo zorrotza aplikatuko da berriz ere eta horren bidez segurtasun eta berme osoekin antolatuko da proba, izan ere, horrelako hiriko ekimen batek ez du gutxiagorik merezi, eta kirol ikuskizuna paregabea izango da. Antolatzaile guztien lanari esker, Bilbao-Bizkaia helmuga ezin hobea izango da berriz ere ekimen seguruez eta kalitatezkoez gozatzeko.

BERRIZ ERE EGOITZA ITXITA EGONGO DA ETA PROTOKOLO ZORROTZA EZARRIKO DA LASTERKETAKO ZATI GUZTIETAN

Bigarren urtez jarraian zaleek ezin izango dituzte gune nagusiko zirrikitu guztiak ikusi eta ezingo diete parte-hartzaileei boxen gunean eta irteera eta helmuga zonetan gertutik lagundu. Probaren hasieran segurtasun eta osasun kontrol zorrotza ezarriko da eta parte-hartzaileak eta antolatzaileak beste guztientzat itxita egongo den egoitzan sartuko dira. Gero, material guztia boxetan utziko dute eta parte-hartzaileen artean distantzia handiak egongo dira. Musukoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango da X. edizioaren irteera iragartzen dutenera arte.

Estatuko leku guztietatik etorriko diren kirolariek asko disfrutatuko dute itsasadarrean igeri egitean, eta zaleak alde bietan animatzen izango dituzte. Ondoren, iaz parte-hartzaileak liluratu zituzten Bizkaiko hiriburu inguruko errepide zoragarriak zeharkatuko dituzte bizikletekin, eta, azkenik, hirigunean korrikako zatia egingo dute leku ikonikoetatik igaroaz, besteak beste, Guggenheimeko armiarma paretik. Ibilbidean zehar proba ikusten egongo diren guztiek indarrean dauden osasun neurriak bete eta segurtasun distantziak errespetatu beharko dituzte.

Igeriketa probako 1,9 km-ak bukatu ondoren, kirolariak boxetara itzuliko dira eta Bizkaiko lurraldeko zati handi bat bizikletekin zeharkatuko dute; txirrindularitza ibilbide purua da eta 83 km-ko bira bakarra izango denez, inguruko herriek ahalik eta eragin gutxien jasango dute. Bilbotik azkar aterako dira eta hiriko kaleak ordubete inguruan okupatuko dituzte, 15:15etik 16:15era. Hiritik ateratzeko norabidean aldaketak egongo dira Botika Zaharrean, Unibertsitateen Hiribidean, Campo Volantinen eta Zumalakarregi hiribidean, kirolariak Etxebarri eta Galdakaorantz N-634 errepideraino iristen direnera arte.

Une horretatik aurrera, lasterketak martxaren norabideko erreia okupatuko du beti eta igarobide alternatiboak egongo dira bakar-bakarrik bidegurutzeetan eta bestelako eraginpeko puntuetan, baina, antolakuntzakoak ez diren ibilgailuak ezingo dira zirkuituan sartu. Zirkuitu berria lurralde historikoko ibilbide zikloturistetatik igaroko da eta triatloilariek mundu osoko txirrindulariek asko miresten duten inguruaz disfrutatu ahal izango dute.

Galdakaotik igaro ondoren, Larrabetzura joango dira eta edizio honetako mendiko aldapa nagusia igoko dute, Morgako tontor ospetsua. % 6ko desnibela duen 4 kilometroko portua da eta 25.km-an % 9ko desnibela gainditzen duten tarteak daude; portu horrek, era berean, El Vivero historikoa ordezkatuko du eta Bizkaiko errepideak gogorrak direla argi utziko du. Ibilbidearen desnibel positibo osoa 855 metrokoa izango da eta portu horretan ezarriko dira faboritoen arteko alde nagusiak.

Ia Mungialdea (Fruiz, Meñaka eta Maruri, Unbera arte) osoa zeharkatu ondoren, hirigunean barrena ibiliko dira EHUtik eta Astrabuduatik eta Erandioko itsasadarreko zuzengunera iritsiko dira ondoren. Errepide horretatik itzuliko dira hain zuzen ere Bilbora, zehazki, ItsasMuseumeko zabalgunera. Bilbora heltzen direnean, lehenengo eta azken kirolarien arteko distantzia 3 ordu ingurukoa izango da, gutxi gorabehera 16:30 eta 19:30 artean.

Azkenik, triatloilariek zirkuitu bati 3 bira eman beharko dizkiote korrika eta horrela bukatuko dute Bilboko Triatloiko eta Espainiako Txapelketako txapeldun berriak izendatuko dituen maratoi erdia. Aurreikusten denaren arabera, lehen kirolariak 18:30etik aurrera iritsiko dira helmugara. Gainera, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, aurten ez da eskuineko aldea okupatuko eta ez dira hiriko zubi nagusiak blokeatuko. Kirolariak itsasadarraren ezkerreko aldetik joango dira Abandoibarrako pasealeku guztian zehar eta, beraz, berriro ere igaroko dira hainbat leku garrantzitsuetatik, besteak beste, Euskalduna Zubitik eta Guggenheim Museoko armiarma ingurutik.

Antolatzaileek uste dute ekimena oso arrakastatsua izango dela eta munduari erakutsi nahi diote gure hirian eta lurraldean kalitatezko ekimen seguruak antolatu daitezkeela.

  • Bomba Estéreo talde kolonbiarrak, John Acquaviva kanadarrak eta Zoe Gotusso argentinarrak baieztatu dute BIME PROren hurrengo edizioan parte hartuko dutela, Raphael, Shirley Manson eta Mala Rodriguezekin batera.

  • J. Balvin, Fabio Acosta eta Iván Alarcón artisten manager diren Rosa Lagarrigue, Gay Mercader eta Jon Ollier ere izango dira gure artean, nazioartean sektoreko erreferentez osatutako egitarau izugarria osatuz.

  • BIME PROk Bilboko Udalaren laguntza eta babesa izan du, beste hainbat erakunde laguntzaileren artean.

  • Gaurtik aurrera hasiko da networking-a plataforma digitalean eta ekitaldiaren app-an.

Datorren urrian, nazioarteko musikaren industriak Bilbon du hitzordua BIME PRO ekitaldiaren 9. edizioan. Balio-kateak etengabe aldatzen diren orainaldi honetan, sektorearen etorkizunaren gainean hausnartzeko beharrezkoak diren elkarrizketak gauzatzea funtsezkoa dela esan dezakegu.

Foro honen helburua geldialdi hori egitea da, gelditu, eta gaur egungo dinamikak berraztertzeko, datozenei aurrea hartzeko eta indarberrituta berriz aktibatzearren beharrezkoa den batasuna lortzeko. Europako eta Latinoamerikako musika-industriak berriz elkartzeko aukera, pandemiak bi kontinenteen artean ezinbestean jarritako distantzia gainditu ostean, Euskalduna jauregian, urriaren 27an, 28an eta 29an.

Artista-zerrendan lehendik zeuden Raphael, Shirley Manson eta Mala Rodriguezekin batera Bomba Estéreo eta John Acquaviva ere arituko dira. Kolonbiako taldearen buru diren Li Saumet eta Simón Mejía musikariek hitzaldi bat emango dute Camila Saravia eta Daniel Zawadzki beren managerrekin batera, hasiera-hasieratik lan egin baitute elkarrekin musikarien karrera garatzen.

Bestalde, Kanadako DJ, produktore eta artistaren hitzaldiaren ardatza inbertsioa izango da, eta Plus Eight Equity funtsa aurkeztuko du; funts horren aholkulari dira Richie H. eta Ben Turner. Arlo profesionalari dagokionez, sektoreko erreferentez osatutako egitarauan parte hartuko dute honako hauek: J. Balvinen manager diren Fabio Acosta eta Iván Alarcón, RLM enpresako CEO den Rosa Lagarrigue, espainiar sustatzaile mitikoa den Gay Mercader, eta Ed Sheeran musikariaren agentea den Jon Ollier.Horietaz gain, Zoe Gotusso artista argentinarrak hitzaldi bat emango du BIME Campusaren esparruan.

Latinoamerikako industriaren ordezkari ugari bertaratuko dira, 2022ko maiatzean BIME Bogotá ekitaldiaren lehen edizioaren aurrekari ezin hobea izanik.

MUSIKAK GURE INGURUNEAN DUEN ERAGIN POSITIBOA: BERRIKUNTZA SOINUAN, GIZARTEAN ETA INGURUMENEAN

Edizio honetan hainbat berrikuntza izango dira eta, besteak beste, mahaien ikuspegia % 100 jasangarria eta gizatiarra izango da, bai gizarteko, bai ingurumeneko berrikuntzari garrantzi eta ikusgaitasun handiagoa emateko asmoz. “Musika, gizartea eraldatzeko tresna” panelean, konpromiso sozialak musikaren industriaren barruan duen garrantzia aztertuko da, eta helburu hori lantzen duten hainbat proiektu aurkeztu ere egingo dira.

Gainera, proposamen horrekin batera ekintza solidario bat ere egingo da: ekitaldirako akreditazioa lortzen duten pertsonek edizio honetan parte hartuko duten hiru erakunderi laguntzeko aukera izango dute, dohaintza bat eginez; hain zuzen ere, erakunde hauei: Kataluniako Hardcore Hits Cancer, Euskal Herriko DalecandELA eta Kolonbiako Llorona Records.

Soinua eta musika protagonista izango dituzten mahaiak ere aurkeztuko dira, ingurunean inpaktu positiboa lortzeko ingurumenari dagokionez. Hainbat diziplinatako profesionalak eztabaidan arituko dira soinuaren kanalak gure gizartean eta naturako ekosistemetan duen garrantziari buruz hausnartzeko, betiere diziplina anitzeko ikuspegietatik begiratuta, hala nola musika, zientzia, kultura, teknologia eta osasuna. Gizarte-eremuaren barruan, psikologiari buruzko mahai bat ere izango da aurten, mintzagai nagusia bilakaera psikologikoa eta profesionala ibilbide artistikoan izanik.

Eta ez dagoenez lankidetzarik gabeko berrikuntzarik, aurten, “featuring” esaten zaion horren atzean dagoen guztia ikusgai egiteko tarte bat egongo da, hau da, prozesuaren etapak eta sorreran izaten diren zailtasun eta itxaropenak. Brasilgo Francisco, el hombre taldeko eta Kataluniako La Pegatina taldeko buruek elkarrekin sortu zuten abesti baten “background” guztia azalduko dute; Brasilen eta Espainian urrutitik konposatu eta grabatu zuten abestia 2021. urtean.

MUSIKA-INDUSTRIAREN ORAINALDIA ETA ETORKIZUNA 360º

Aurten, eremua oso-osorik erabili ahal izango da, hau da, ia 7.000 metro karratu, biltzarrak 9. ediziorako lortu duen dimentsiora egokitu ahal izateko. Urtero biltzen diren 3.000 profesionalek espazio handiak izango dituzte edukien eta jardueren eskaintza zabalaz gozatzeko: networking-ak, askotariko gaiak lantzeko 80 panel, speedmeeting-ak eta hainbat tailer, besteak beste, bai presentzialki, bai birtualki eta, aurtengo berrikuntza, baita podcast formatuan ere. Dela plataforma digitala, dela BIME PROren app-a networking-erako prest egongo dira gaurtik hasita.

BIME FESTS atalean artisten kontratazioaren orainaldia eta etorkizuna aztertuko da 4 mahai-ingurutan, eta Erresuma Batuko agenteen ordezkari asko izango dira: Alex Bruford (Managing Director ATC LIVE agentzian –Nick Cave & The Bad Seeds, Metronomy, The Lumineers taldeen agentzia da–), Jon Ollier (CEOa da ONE FIINIX LIVE agentzian –Ed Sheeran artistaren agentea da–), Natasha Gregory (Mother Artists agentziaren sortzaileetako bat –Idles taldearen agentzia–).

Musikaren industriarekiko sinpatia” panelean, izen berdina duen podcast-aren (“Simpatía por la Industria Musical”) 100. saioa grabatuko da zuzenean. Era berean, prestakuntzan espezializatutako panel bat ere izango da, sektore hori gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari baita musikaren industriaren barruan. Horretaz gain, livestreamingarekin lotutako egile-eskubideei buruz jardungo da, baita sektorean protagonismo handia hartzen ari den tresna bati buruz ere: aktibo digitalak edo NFTak. Belaunaldi berrientzako musika-preskripzioko formatu eta plataforma berriek ere izango dute tarte garrantzitsua programan.

INDUSTRIAK TOPO EGITEN DU BIMEN

AEDEM elkarteak antolatuta, Euskalduna jauregian izango da Musika Edizioaren 1. biltzarra, eta music supervisor ezagunez gain, enpresa global garrantzitsuek ere parte hartuko dute: PRISA, Atresmedia, Altafonte eta Kultura Ministerioa, besteak beste.

Inoiz ez bezalako nazioarteko topaketa bat egingo da lehen aldiz BIME PROn: Music Equality Foruma, hau da, aukera-berdintasunean oinarritutako industria bat lortzeko lanean ari diren nazioko eta nazioarteko ekimen nagusiak bilduko dituen gunea: MIM, Shesaid.so, British Council, Keychange, Ruidosa eta Femnoise erakundeak elkartuko dira foro honetan, beren jarduerek oihartzun handiagoa izan dezaten eta helburu komun baten alde lanean jarraitzeko. Gainera, musika-feria iberoamerikarren topaketaren hirugarren edizioa antolatu dugu: Atlantic Music Conferences Symposium (AMCS); izan ere, kontinenteak konektatzeko gure asmoa berretsi nahi baitugu eta, horretarako, herrialde iberoamerikarretan egiten diren 14 ferietako ordezkariak elkartuko ditugu.

BIME CAMPUS atalean prestakuntza aurreratuko programa bat garatuko da, musikaren sektorearekin lotutako prestakuntza jaso nahi dutenei eta sektore horretan lan egin nahi dutenei begira; gazteek eta ikasleek prezio berezia izango dute sarreran. Horretaz gain, Campus+ bekak jasoko dituzten 24 ikasleak hautatu dituzte jada; horietatik 4 ikasle Mexikotik, 2 Txiletik eta beste 2 Kolonbiatik etorriko dira.

BIME START UP! atalean, musikaren industriako startup disruptiboenak sustatu eta saritzea izango da helburua: 16 startup egongo dira Startup Village erakusketagunean, non aurrez hautatutako proiektuek beren funtzionaltasuna eta zerbitzuak aurkeztu ahal izango dituzten, hazteko eta nazioartekotzerako aukera berriak bilatu eta bertaratzen diren beste profesional ekintzaile, enpresa eta inbertitzaile batzuekin sinergiak sortze aldera.

BIME TECH atalean ekitaldien sektoreko berrikuntza izango da protagonista; mota guztietako soluzio teknikoak ezagutzeko aukera izango dute networking-ean parte hartzen duten bisitari, erakusketari eta host-ek, guztiontzako negozio-aukerak sortuz.

Gainera, Conecta Fiction-ekin elkarlanean, Pitch Music Series lehiaketaren nazioarteko lehen deialdiaren final handia izango da; musika modu originalean erabiltzen dutelako nabarmentzen diren ikus-entzunezko proiektuak saritzea du xede, eta hainbat herrialdetako ekimenak aurkeztu dira, hala nola Espainia, Mexiko, Txile, Argentina, Uruguai, Portugal, Frantzia eta Errusia.

BIME PROk Bilboko Udalaren laguntza eta babesa izan du, beste hainbat erakunde laguntzaileren artean.

  • Distantzia Ertaineko Triatloia, Duatloia eta Aquabike, 2022ko Bilbao Bizkaia Kirol Anitzeko Europako Txapelketaren barruan, Bilboko zirkuituetan jarriko dira jokoan.

  • Ekitaldi handiaren inpaktu ekonomikoa 10 milioi eurokoa izango da, sei lehiaketarekin.

  • Kirol ekitaldi handi honek Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

  • Distantzia Ertaineko eta Aquabikeko Espainiako txapelketak jokatuko dira irailaren 18an.

Bilbo kirolaren Europako hiriburu handi bilakatuko da, Bilbao Bizkaia 2022 Kirol Anitzeko Europako Txapelketen programan sartuta dauden hiru Europako Txapelketatan parte hartuz.

Kontinente osotik etorritako bi mila eta bostehun kirolari inguru lehiatuko dira Bilboko itsasadarrean eta haren inguruan, eta jokoan jarriko dira Distantzia Erdiko Triatloia, Duatloia eta Aquabike tituluak.

Kirol arlotik kanpo, 2.500 kirolari iritsiko dira, eta horiei teknikariak eta laguntzaileak gehituta, inpaktu ekonomiko handia sortuko da hirian ostatuei eta bisitarien harrerari, aisialdiko turismoari, gastronomiari edo kulturari dagokienez. Lehiaketa Enkarterrin eta Urdaibain zehar zabalduko da, Duatloi Krosa eta Triatloi Krosa diziplinekin, eta Getxon eta Portugaleten Akuatloiarekin 10 milioi euro inguru utziko ditu Bizkaian.

Kirol ekitaldi handi honek Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Europako duatloi Txapelketan mila duatletak baino gehiagok parte hartzea espero da. Sprint distantziako lehiaketak bost kilometro izango ditu oinezko lasterketako lehen zirkuituan, hogei kilometro txirrindularitzan eta bi kilometro eta erdi oinezko lasterketan, itsasadarraren inguruan. Distantzia estandarrean, parte-hartzaileek kilometro bikoitza egingo dute segmentu bakoitzean.

Distantzia Ertaineko eta Aquabikeko Europako Txapelketek 1.500 parte-hartzaile baino gehiago izango dituzte. Distantzia erdiko triatloiak ia bi kilometroko igeriketa izango du Bilboko itsasadarrean, ikusleen jarraipena egiteko gune pribilegiatua; laurogeita hamar kilometro inguruko txirrindularitza bailarako errepideetan zehar, eta 21 kilometro oinezko lasterketa itsasadarraren pasealekuaren ingurutik, Guggenheim Bilbao Museoa edo Itsasmuseum Bilbao bezalako leku esanguratsuetara iritsiz. Aquabikeko Europakoak eta distantzia erdiko triatloikoak igeriketa eta txirrindularitza ibilbideak partekatzen dituzte.

Datorren irailaren 18an izango da Bilboko Triathloi jaialdiaren atariko ekitaldia, eta Europako hitzorduaren aurreko azken proba izango da. Proba hori erreferentea da jada nazioan eta nazioartean, eta 2020an Triatleta Profesionalen Erakundearen laguntza izan zuen, izar handien parte-hartzea erraztu baitzuen. Javier Gómez Noya izan zen gizonezko irabazlea eta titulu nazionalak ere ematen zituen. 2020ko emakumezko irabazlea Anneke Jenkins izan zen, eta Espainiako txapelduna, berriz, Laura Gomez.

  • Bilbao Bizkaiak 2022an hartuko du Europako Multikirol Txapelketa, eta 2021eko Distantzia Erdiko Espainiako Triatloi Txapelketaren antolakuntzarekin hasiko da Bilbon.

  • Nazioarteko ekitaldiaren inpaktu ekonomikoak hainbat lurralde hartuko ditu, eta Europako triatloiari gune natural nagusiak ere ezagutaraziko dizkio. Bermeo eta Balmaseda izango dira triatloi eta duatloi kross lehiaketen gune nagusiak.

  • 2022ko Europako Multikirol Txapelketako gainerako lehiaketak Bilbon izango dira.

Bilbao Bizkaia 2022ko Europako Multikirol lehiaketen programaren barruan dauden Espainiako Triatloi Kross eta Duatloi Kross Txapelketek kontinente osoko mila kirolari, eta horien teknikariak eta laguntzaileak eramango dituzte Enkarterrira eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbara.

Bi gune natural horien garrantzia azpimarratuko da Europar Batasuneko ia herrialde guztietako espedizio nazionalen aurrean. Gainera, lehiaketaren egunetan, nazioarteko lehiaketaren ondoriozko eragin ekonomikoaren zati bat ere jasoko dute ostatuek eta bisitarien harrerako ekitaldiek.

Bermeo Triatloi Kross lehiaketako egoitza izango da. Proba kostaldean izango da, mila metro igerian, eta ondoren, inguruko bide eta bidezidorretatik 20 kilometro bizikletan eta 6 kilometro oinezko lasterketan. Duatloi Kross txapelketa kontinentala Enkarterrin egingo da eta Balmaseda izango da lehiaketaren epizentroa, zeinean egin beharko diren 6 kilometro oinezko lasterketan, 20 kilometro BTT bizikletan, lurrezko pistetan eta landa-bideetan, eta amaieran, 3 kilometro bigarren oinezko lasterketan.

LEHIAKETAK BILBON

Bilbao Bizkaia 2022ko Europako Multikirol Txapelketako gainerako lehiaketak, Bilbon (Duatloia, Distantzia Erdiko Triatloia eta Aquabike) eta Portugalete inguruan (Duatloi Kross lehiaketa) izango dira.

Europa mailan, 2022an, Multikirolarentzako une gorenean, hogeita hamar herrialde baino gehiagoko hiru mila kirolari baino gehiagok eta bost mila laguntzaile baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da.

Europako Multikiroleko Triatloi Txapelketak sei Europako Txapelketa barne hartzen ditu: Duatloia, Duatloi Krossa, Akuatloia, Triatloi Krossa, Distantzia Erdiko Triatloia eta Aquabike.

Titulu kontinentalak jokoan, bai eliteko kategorian, bai adinetako taldetan. 10 egunez, Bilbon eta Bizkaiko beste herri batzuetan egingo dira.

Horrez gain, ezin baita beste era batera izan, paratriatletek ere parte hartuko dute, batzorde antolatzaileak eta Espainiako Triatloi Federazioak inklusioarekiko duten konpromisoaren baitan.