• Ashleys (ES), Dianka (ES), Tussiwarriors (UY), Pedro Capó (PR), Alcalá Norte (ES), Jimena Amarillo (ES) eta beste hainbat proposamenekin osatu da BIME Live zuzeneko musika-jaialdiaren kartela, urriaren 27tik 30era Bilbo musikaz beteko duen BIME ekimenaren barruan, hiriko gune eta aretoetan doako programazioa eskainita.

  • BIME Pro programazio profesionala Euskalduna Bilbaon izango da, eta musikaren industriako eragile garrantzitsuenekin itxi du agenda, hala nola Walter Kolm (WK Entertainment), Etiophia Habtemariam (HYBE), Allan Mcgee edo Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles), baita Alaska, Luz Casal eta Pedro Capó ere.

Bilboko Euskal Museoan aurkeztu da gaur BIME ekimenaren hamalaugarren edizioko programazio osoa, urriaren 27tik 30era bitartekoa. Isabel Villanueva BIMEren zuzendariak Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiaren Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia izan ditu ondoan eta, azaldu duenez, musikaren nazioarteko industriako eragileak bilduko dira hitzorduan.

 

Aurkezpenean, BIME ekimenaren bokazioa musika-ekosistema osoaren zerbitzura dagoen tresna izatea dela nabarmendu du Isabel Villanuevak: “BIME bokazio oso argi batekin sortu zen: musikaren industriarako espazio baliagarria izatea, industria horretako kide guztiek elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko aukera izan dezaten, artista eta profesionalekin hasi, enpresa eta proiektu berriekin bukatu. Sorkuntza, prestakuntza eta ikerketa industriarekin konektatzen dituen topagunea, aukera berriak sortzeko eta sektore osoaren garapenean laguntzeko”.

 

Lau egunez, zuzeneko musika, konexio profesionalak, berrikuntza eta herritarrei irekitako kultura eskainiko dira, BIME Pro eta BIME Live ekimenen bitartez, topaketa bene-benetan hiriko ekitaldi bihurtuta.

 

Aire zabaleko hitzordu handi bat BIME Live kartela ixteko

 

BIME Live BIME barruko showcase eta kontzertuen jaialdia da, eta musikaren arloko talentua ikusgai egiteko erreferentziako plataforma sendoa da dagoeneko, hiria zuzeneko musika eskaintzeko agertokien zirkuitu erraldoi bihurtuko baitu berriro. Urriaren 27tik 29ra, Kafe Antzokia, BBK Sala, Bilborock, Azkena, Crystal, Dock BBF, La Ribera, Stage Live eta Back Room aretoetan hirurogeita hamar showcase baino gehiago eta hainbat afterparty antolatu dira, industriako profesionalek eta publiko orokorrak une honetako musika-proposamen abangoardistenetako batzuk ezagut ditzaten. Publikoak programazio osoaz gozatu ahal izango du aldez aurretik izena emanda. Izen-emateak euro bateko dohaintza izango du, eta bildutako diru guztia Kolonbiako lurrikarek kaltetutako eremuak berreraikitzera bideratuko da. Sarrerak hiru egunetarako balioko du, baita showcase guztietarako ere.

 

Kartela ixteko izen berriak aurkeztu dituzte: Ashleys (ES) madrildar laukotea, egunerokotasunari buruzko letrak power pop eta indie rock indartsu batekin uztartuta; Dianka (ES), pop indie eszena berriko proposamen berezienetako bat, popa eta elektronika espainiar kantagintzaren erreferentziekin eta unibertso narratibo nabarmenarekin uztartzen dituena; Tussiwarriors (UY), Rio de la Platako proposamenean trap, RKT, reggaeton eta kultura digitala nortasun estetiko eta soinuzko berezi-bereziarekin konbinatuta; eta Pedro Capó (PR), pop latinoaren ahots ezagunenetariko bat, Urteko Abestiaren Latin GRAMMY saria irabazi zuena Calma abesti ezagunarekin; azken horrek BIME Pro programazioan ere parte hartuko du.

 

BIME Live barruan programazio bereziak prestatu dituzte, musikaren industriako enpresa eta erakunde garrantzitsuenek talentu onena aurkez dezaten. Asteartea 27an, AIE – Espainiako Artista Interpretatzaileen Elkartearen txanda izango da Bilborocken, eta ICEX-Sounds from Spain-ena Stage Live-n; eta Universal Music etxeak Bistec Music aurkeztuko du Crystal aretoan. Asteazkena 28an, Euskal Herriko musika-proposamenak aurkeztuko dira BASQUE. MUSIC. elkartearen eskutik Stage Live-n, eta Altafonte Crystalen arituko da. Osteguna 29an, Argentinako banden txanda izango da Argentinako Musika Institutu Nazionalaren (INAMU) eskutik BBK Salan; Virgin Music, berriz, Stage Live-n egongo da, eta Jägermeister eta Virgin Music etxeen afterpartyak Crystal eta Back Room aretoetan, hurrenez hurren, BIMEren hamalaugarren edizioko showcaseen programazioari amaiera emateko.

 

Gainera, BIMEk euskal kulturaren gunerik bereizgarrienetako batera eramango du musika: txoko batera, hain zuzen ere. Bertan, Universal Music eta Amazon Musicen eskutik, flamenkoari eskainitako topaketa berezi bat egingo da. Txoko Flamenco izeneko ekitaldia gonbidapen bidezkoa izango da, eta edukiera mugatua izango du. Esperientzia esklusibo horrek aukera emango du mundu osoko entzuleen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari den musika-genero honetako artistak gertutik ezagutzeko, flamenkoa eta euskal tradizioa uztartuko dituen topaketa paregabe batean.

 

BIME Live ez da hor amaitzen. Hilaren 30ean, ostirala, zuzeneko musika aire zabaleko toki berezi batera iritsiko da. Bilboko Udaletxearen alboko Uribitarte pasealekuko OMODA agertokietan honako emanaldi hauek izango dira 17:00etatik aurrera: 1111 (ES) hirukote madrildarra; Alcalá Norte (ES) talde errebelazioa Estatuko rock alternatiboaren barruan; Hija del Nopal (MX) eta bere salsa, boogaloo, mambo, cumbia, merengue, psikodelia eta norteña musika; Jimena Amarillo (ES) taldearen proposamen emozional eta argitsua; eta cumbia musika jai-girorantz eta musika garaikiderantz daraman Sedientos de Cumbia (ES) taldea, aurten BIENDESED albuma kaleratu duena. Hori guztia Bilboko Udalaren eta OMODAren babesari esker.

 

BIME Live programa musikaren arloko talentuaren garapenean eta nazioartekotzean erabakigarri diren eragile hauei esker ere osatzen da: Navarra Music Commission; Murtziako Eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien Institutua; Catalan Arts; Asturiasko Printzerria; Ñuble Eskualdeko Gobernua (Txile); Dutch Music Export; València Music City; Institut d’Estudis Baleàrics eta Fira B; Axencia Galega das Industrias Culturais (AGADIC); Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministerioko (MEC) Musika Institutu Nazionala (INMUS); Extremadurako Junta; Swiss Music Export; Pro Helvetia; eta European Talent Exchange.

 

BIME Pro: musika elkarrekin eraikitzen

 

Programazioaren barruan, solasaldiak antolatu dira industria honetako profesional garrantzitsuekin, hala nola Luz Casal eta Alaska; azken horren ibilbidean urte bereziki esanguratsua izaten ari da aurtengoa, eta Grabazioaren Akademia Latinoaren Bikaintasun Musikalaren Saria jasoko du. Bestalde, Maluma, Carlos Vives, Prince Royce edo Emiliaren karrera artistikoak bultzatu dituen Walter Kolm agentea ere etorriko da; edo Alan McGee, Oasis taldea ezagutarazi eta fitxatzeaz gain, My Bloody Valentine, Primal Scream eta The Jesus and Mary Chain taldeen ibilbideak bultzatu zituen Creation Records diskoetxe independente mitikoaren sortzailea; eta Ethiopia Habtemariam, HYBE Amerikako musika-presidentea eta nazioarteko disko-industriaren funtsezko figura.

 

Musika-industriaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko solasaldiak izango dira protagonista BIME Pro programazioaren barruan, sektoreko nazioarteko ahots eraginkorrenetakoak bilduta: Amy Roland, Andrés Sánchez (OCESA), Josh Javor (WME), Carlos Abreu (United Talent Agency), Alejandro Mejía Abad (TRU / HYBE Americas), Juan S. Arenas (HYBE), eta Leon Farrell (MIDiA Research), besteak beste. Musikaren negozioa eraldatzen ari diren erronka nagusiak zeintzuk diren aztertuko dute, zuzeneko musikaren etorkizunarekin eta merkatu berrietan sortzen diren aukerekin hasi, eta datuek, algoritmoek eta zaleen komunitateek industriaren bilakaeran betetzen duten paperarekin bukatu.

 

Garapen artistikoaren eragile den aldetik, sorkuntzak garrantzi berezia izango du programazioan, musika-ekoizpenaren hiru erreferente hauekin: Michael Beinhorn (Beinhorn Creative Inc), Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles) eta Joe Marlett (NorthAegis); izan ere, besteak beste, Red Hot Chili Peppers, Soundgarden, Alejandro Sanz, Lady Gaga eta Blink 182 artistekin lan egin izan dute. Bestalde, moda, musika eta identitate bisuala garrantzi kulturala eratzeko osagai ote diren aztertuko dute honako hauek: Cristian BM, Jaden Smith, Lola Indigo edo Saiko artisten estilista eta sorkuntza-zuzendaria; eta Guillermo Erice, NOIRFONCE etxean Marka eta Aliantza Estrategikoen zuzendaria. Sortzaileen eta publikoen arteko harremana ere izango da protagonista, ikusleei eta komunitateari buruzko solasaldian honako hauek bilduta: Mer Gil (Estación Fetén), Mikel Unamuno (EITB-Gaztea), Vicent Argudo (PRISA Media), Sebas Alonso (Jenesaispop) eta Marcos García (Substack). Halaber, musika-sinkronizazioari ere erreparatuko dio programazioak: The Pitt, Reacher edo Bosch ekoizpenez arduratu den Ann Kline musika-gainbegirale ezaguna; eta Katie Romanovich, El Diablo Viste de Prada 2 ekoizpenaren musika-gainbegiralea.

 

Berrikuntzak, ekintzailetzak eta prestakuntzak leku nabarmena izango dute BIMEn. Startup Village eremuan sorkuntzaren eta teknologiaren ekosistemako eragileak, profesionalak eta startupak bilduko dira, proiektu eta konexio berriak sustatzeko. Bestalde, BIME Campus barruan ibilbide bat antolatuko da aurten, programazioaren jarduera batetik bestera, parte-hartzaileak industriaren hainbat arlotara eta profiletara hurbiltzeko. Gainera, BIME barruan, Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren (CIIIC) bigarren edizioa antolatu da Universitat Internacional de Catalunya unibertsitateko (UIC Barcelona) Komunikazioaren Zientzien Fakultatearekin batera, ikerketaren, ezagutza akademikoaren eta praktika profesionalaren arteko topagune izan dadin.

 

BIME Pro ekimenak nazioarteko musika-industriaren topagune bihurtuko du berriro Euskalduna Bilbao, besteak beste, Kolonbia, Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela, Suitza eta Herbehereetako profesionalak, enpresak eta ordezkaritzak bilduko baitira sektorearen erronkak aztertzeko eta Atlantikoaren bi aldeetan konexio berriak eta negozio-aukera berriak sortzeko.

  • Fair Saturday Awards sarien IX. edizioak, datorren irailaren 28an Bilboko Guggenheim Museoan, nazioarteko erreferentzia diren zazpi ibilbide humanista aitortuko ditu; horien artean, Bakearen Nobel Saria jaso duten bi pertsona nabarmentzen dira.

  • Era berean, irailaren 28tik 30era egingo den BBK Bilbao Kultura Social Forumak kultura- eta gizarte-arloko hogei bat erreferente bilduko ditu Bilbon —sarituen, gonbidatutako hizlarien eta artearen zein mundu digitalaren arloko ahotsen artean—, hiru eguneko eztabaida-saioetan.

  • Bi ekimenek BBK Banku Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa dute, bai eta Arania Taldearen eta Deusto Business Schoolen laguntza ere, Bilbo eta Bizkaia nazioarteko proiekzioa duen bokazio humanistako lurralde gisa sendotzen baitituzte.

2017az geroztik, Fair Saturday Fundazioak urtero antolatzen ditu Fair Saturday Awards sariak, kulturaren bidez gizartean duten eraginagatik nabarmentzen diren nazioarteko erakunde eta pertsonei aitortza egiteko. Sari hauek jarduera-eredu berriak sortu eta sustatzeko beharra azpimarratzen dute, hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko.

IX. Fair Saturday Awards sariak eta BBK Bilbao Kultura Social Foruma gatazka geopolitikoen areagotzeak eta indarkeriak, hainbat modu eta intentsitatetan, gero eta hedapen handiagoa izateak markatutako une batean iritsi dira, horrek dakarren gizarte-polarizazioarekin batera. Testuinguru hori are gehiago larriagotu dezakete arrakala ekonomiko eta sozialek, migrazio-tentsioek, klima-aldaketaren ondorioek eta adimen artifizialaren eraginek —aberatsak bezain desegonkortzaileak izan daitezkeenek—. Seguruenik, munduak ez du inoiz hainbeste eta hain erronka handiri aurre egin behar izan. Baina, era berean, ziurrenik ez da inoiz etorkizun hobea eraikitzeko hainbeste aukera egon.

Hain zuzen ere, hor kokatu nahi dira IX. Fair Saturday Awards sariak eta BBK Bilbao Kultura Social Forumak: bi ekimenek kultura, pentsamendua eta gizarte-enpatia aldarrikatzen dituzte eztabaidaren maila igotzeko, arazo konplexuei heltzeko eta topaguneak sortzeko tresna gisa.

IX Fair Saturday Awardsei buruz

Ildo horretan, IX. Fair Saturday Awards sariek hiru helburu zehatz dituzte:

  1. Bilbotik eta Bizkaitik, kulturaren bidez mundua eraldatzen duten proiektu eta pertsonak aitortu eta omentzea.
  2. Bilbo eta Bizkaia erreferentziazko lurralde humanista bihurtzen laguntzea, gizartea inspiratuz kulturaren eta gizarte-eraginaren arloan nabarmentzen diren kasu eta pertsonen bidez.
  3. Erakunde, politika, kultura, gizarte eta enpresa-arloetako ordezkaritza zabalaren arteko topagunea sortzea, ideia berriak inspiratuko dituzten kasuak eta hausnarketak partekatuz, eta gizarte-sare sendoago eta konektatuago bat eraikitzen lagunduz.

Ibilbidea. 2017az geroztik, Fair Saturday Awards sariek 30 herrialde inguruko erreferentziazko 58 proiektu eta ekimen aitortu dituzte. Sari-banaketa ekitaldiak urteroko hitzordu bihurtu dira Bilboko egutegian, eta nazioarteko erreferentzia diren pertsonen inguruan politika, erakunde, kultura eta gizarte-arloko lider nabarmenak bildu dituzte.Personalidades destacadas.

Pertsona nabarmenak. Aurreko edizioetan aitortutako pertsonen artean daude Joseph Stiglitz (2025) eta Abhijit Banerjee (2024) Ekonomiako Nobel saridunak, Bernardine Evaristo idazlea (Booker saria), Sharmeen Obaid Chinoy dokumentalgilea (bi aldiz Oscar sariduna), Martin Wolf ekonomialaria, Nuccio Ordine filosofoa (2023ko Komunikazio eta Humanitateen Asturiasko Printzesa Saria, hil ondoren), James Rhodes pianista, Evelyn Glennie perkusio-jotzailea, Salvador Sobral abeslaria, Daniel Barenboimek eta Edward Saidek sortutako West-Eastern Divan Orchestra, eta Yehudi Menuhin Fundazioa edo Irakeko Orkestra Sinfoniko Nazionala bezalako erakundeak, Bilbo humanismoaren eta kulturaren nazioarteko mapan kokatzen lagundu duten beste hainbat ahotsen artean.

2026ko Edizioa. IX. Fair Saturday Awards sariek bakea, filosofia eta istorioen transmisioa izango dituzte ardatz nagusi, hitzaren zein irudiaren bidez: pentsatzea, elkarrekin bizitzea eta transmititzea. Zehazki, edizio honek hitza, sorkuntza eta testigantza eraldaketarako tresna bihurtu dituzten ibilbideetan jartzen du arreta: herri indigenen duintasunaren eta memoriaren defentsan, errepresioaren eta injustiziaren aurreko ausardian, gure garaiko arrakalak ulertzen laguntzen duen pentsamendu kritikoan, giza esperientzia argitzen duten literaturan eta zineman, eta gaur egungo eztabaida demokratiko nagusiei laguntzen dien filosofian.

Edizio honetako sarituen artean bi Bakearen Nobel saridun izango dira Bilbon: Rigoberta Menchú Tum eta Shirin Ebadi. Haien presentziak bizikidetzaren aldeko borrokak gaur egun duen garrantzia azpimarratzen du, nazioarteko tentsioak gero eta handiagoak diren testuinguru batean. IX. edizio honetan aitortutako pertsonak honako hauek dira:

Rigoberta Menchú Tum | 1992ko Bakearen Nobel Saria · Guatemala
Bizitza osoan giza eskubideen, gutxiengoen kulturen eta herri indigenen duintasunaren alde egindako lanagatik.

Shirin Ebadi | 2003ko Bakearen Nobel Saria · Iran
Errepresioaren aurrean justiziaren, giza eskubideen eta demokraziaren alde egindako defentsa eredugarriagatik.

Nancy Fraser | Filosofa · EE.UU.
Pentsamendu kritiko eta demokratiko garaikidea aberasteagatik, ekonomiaren, zaintzaren, ekologiaren eta parte-hartze politikoaren arteko loturak agerian jarriz.

Siri Hustvedt | Idazlea, 2019ko Asturiasko Printzesa Saria · EE.UU.
Literatura eta pentsamendulan bereziagatik, bai jorratzen dituen gaiengatik, eta horiei heltzeko moduagatik; fikzioa, saiakera, artea eta feminismoa uztartzen ditu identitatea, memoria eta pertzepzioa aztertzeko.

Waad Al-Kateab |2020ko Dokumental Onenaren BAFTA Saria · Siria
Siriako gerraren erdian, kamera memoriaren, egiaren eta bizitza zibilaren defentsarako tresna bihurtzeagatik, For Sama eta Action for Sama dokumentalen bidez.

Lara Izagirre | Ekoizlea eta zinemagilea · Euskadi
Euskal zinema garaikideari egindako ekarpenagatik, lan bakoitzean ikuspegi sozial sakona eta hainbat kausarekiko konpromiso sendoa erakutsiz.

Daniel Innerarity | Filosofo · Euskadi
Filosofia gure garaiko eztabaida nagusien erdigunean kokatzeagatik, eta etengabe publiko zabalari hurbiltzeko egindako ahaleginagatik.

Sari-banaketa ekitaldia — Bilboko Guggenheim Museoa 2026ko irailaren 28a, astelehena, 19:30ean

Sarituak bertan izango dira, baita Bilbo eta Bizkaiko zein nazioarteko erakunde, kultura, gizarte eta enpresa arloetako ordezkaritza zabala ere.

FAIR SATURDAY FOUNDATION BBK Bilbao Kultura Social Forum

IX. Fair Saturday Awards sariek bidea emango diote BBK Bilbao Kultura Social Forumari, kulturaren ahalmen eraldatzailearen inguruan beren esperientziak eta ikuspegi humanistak partekatzen dituzten kultura- eta gizarte-arloko ahots nabarmenak biltzen dituen nazioarteko topaguneari. Forumak, gainera, Fair Saturday Awards sarietan aitortutako pertsonen hausnarketak ere jasoko ditu, herritarrengana hurbiltzeko.

2017an sortu zenetik, ekimenak gizarte eta kultura-berrikuntzaren arloko 200 arrakasta-kasu baino gehiago bildu ditu. BBK Bilbao Kultura Social Forumak herritarrak inspiratu nahi ditu erreferentziazko ahotsen eta kasu humanisten bidez, eta, aldi berean, kultura-, gizarte-, enpresa-, hezkuntza- eta politika-arloko tokiko eragileekin loturak ehundu.

Zifretan. Forumak nabarmen handitu du bere irismena hamarkada bat baino gutxiagoan: orain arte, 77 herrialdetako ia 200 arrakasta-kasu bildu ditu, eta 9.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi da. Bere eragina komunikabideetan izandako oihartzun zabalean eta tokiko eragileen zein gizarte-berrikuntzako nazioarteko sareen artean sortzen dituen loturetan islatzen da.

2026ko Programa. Aurten, lehen aldiz BBK Bilbao Kultura Social Forum izenarekin, topaketa Euskalduna Bilbaora lekualdatuko da. Bertan, hainbat herrialdetako kultura eta gizarte-arloko hogei bat erreferente bilduko dira, beren ikuspegiak partekatzeko eta pertsonen, hirien eta kulturen arteko loturak sendotzeko eta inspirazioa sustatzeko.

Programak askotariko ahotsak bilduko ditu: IX. Fair Saturday Awards sarietan aitortutako pertsonak —Rigoberta Menchú eta Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridunak, Nancy Fraser filosofoa, Daniel Innerarity filosofoa, Siri Hustvedt idazlea, Waad Al-Kateab dokumentalgilea eta Lara Izagirre zinemagilea—; Kirmen Uribe idazlea; teknologia eta gizarte arloko adituak, hala nola Xabier Uribe-Etxebarria (adimen artifiziala) eta Santiago Schnell (Dartmouth Unibertsitateko errektorea); kultura- eta gizarte-kudeatzaileak, besteak beste Antía Seijas, Helena Lima, Martin Constantine eta Rey Trombetta, kultura bazterkeriaren eta etxegabetasunaren aurkako tresna gisa lantzen dutenak; eta artearen zein mundu digitalaren arloko ahotsak, hala nola Patricia Galván, Necko Vidal, Mikel Herrán, Hugáceo Crujiente, Samantha Hudson, Tania Lozano eta Francis Díez, umoretik eta musikatik dibulgaziora eta disidentziara bitarteko gaiak jorratzen dituztenak.

BBK Bilbao Kultura Social Forumaren hasiera Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan izango da, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunaren hitzaldi magistral batekin. Ekitaldi horrek Deusto Business Schoolen laguntza berezia izango du. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Oro har, BBK Bilbao Kultura Social Forumak honako gai hauek jorratuko ditu: egungo egoera geopolitikoa, gizateriaren erronkak, giza eskubideen egoera, demokraziak dituen arriskuak, adimen artifizialaren eragina, hezkuntzaren erronkak eta inklusiorako zein aniztasunaren kudeaketarako eredu berritzaileak.

Programa osoa — www.bksforum.org

Hitzaldietarako sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte, webgunearen bidez aldez aurretik izena emanda.

  • Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioak milaka pertsona elkartu ditu hiru egunez nazioarteko punta-puntako kartel baten inguruan, eta leial izan ditu ikusleak, larunbateko zaparrada handia gorabehera. Bertako Travellin’ Brothers bandak jaso du jaialdiko sari berezia.
  • Chino Swingslide Quartet laukoteak irabazi du Volotea Blues Challenge saria, eta bera izango da estatuko ordezkaria European Blues Challenge 2027 txapelketan

Larunbat arratsaldeko euri-jasak ere ez zuen zapuztu Bilbao Blues Festival jaialdiko giroa. Ekitaldi arrakastatsu batek bultzaturik, genero musikal honen nazioarteko hiriburu bihurtu da Bilbo azken hiru egunetan. Horren lekuko izan da Areatza jendez beterik ikustea, nazioarteko izar handiak dituzten artista- eta banda-zerrenda paregabe batek erakarrita; horietako batzuk, gainera, lehen aldiz aritu dira estatuan, Skyler Saufley, kasurako. Jaialdiaz gozatu duten milaka pertsonen artean izan dira Europa osotik etorritako bisitari ugari eta urtez urte hutsik gabe bertaratzen diren makina bat zale.

 

Milaka lagun elkartu dira jaialdiko bi agertokietan, eta, bluesa ez ezik, antzeko estiloak ere izan dituzte gozatzeko, hala nola soula, funka, rock-and-rolla eta, lehen aldiz, swinga. Bilboko Udalak bultzatutako eta Crazy Bluesek antolatutako udako musika-lehiaketa genero horretako erreferentzia argia da Europan, programazioaren kalitateari eta publikoa erakartzeko ahalmen handiari esker.

 

Carlos Malles Bilbao Blues Festival jaialdiaren zuzendariak balantze “oso positiboa” egin du, eta publikoaren jarrera eskertu du. “Sinestezina izan da. Denak emanda aritu dira jaialdiaren hiru egunetan, eta larunbatean bertan ere, euria goian-behean ari zuenean, izugarria izan zen erantzuna eta jendez lepo egon zen Areatzako pasealekua”, gogorarazi du Mallesek. Artisten profesionaltasuna ere goraipatu du, “arteaz eta musikaz gozarazi baitigute”. Eta, “jakina, eskerrik asko Udalari eta gainerako laguntzaileei, ekitaldi hau egiteko aukera eskaintzeagatik”. Zuzendariak jaialdiaren atzean aritu den gizataldearen lana azpimarratu nahi izan du. “Eskerrik asko bihotz-bihotzez produkzio-, arte- eta komunikazio-taldeari, izaniko profesionaltasunagatik eta eginiko lan onagatik, unerik zailenetan ere dena erraza izatea lortu baitute”.

 

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak azaldu duenez, “aurtengo edizioak sendotu egin du jaialdi hau hirira ekartzeko egin dugun apustua, eta osatu egiten du udako kultur eskaintza; kalitatean oinarritutako eskaintza, estilo desberdinarekin, doakoa eta hiriaren erdigunean, Areatzako pasealekuan. Nazioarteko bandak ez ezik bertakoak ere aritzen dira, eta, gainera, publiko ugari erakartzen dute”.

 

PROGRAMAZIO EKLEKTIKOA ETA FIGURA NABARMENAK

 

Sekulako ikusmina zegoen jaialdia hasteko, eta agerian gelditu zen hori The Cherry Boppers meets Patricia Reckless taldeak Keler agertokian lehen akordeak jo zituenetik. Santutxuko talde instrumentalak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du Bilboko abeslariarekin elkarlanean, eta publikoaren dantzatzeko gogoa piztu zuen. Soula, funkya, rhythm-and-bluesa eta jazza uztartu zituen proposamen dantzagarri batekin, lehiaketako lehen txalo-zaparradak lortu zituzten.

 

Lehen emanaldia amaitu ondoren, antolatzaileek tarte bat egin zuten Carlos Javier Gorostiola Gorosen lana eta ibilbide profesionala aitortzeko. Carlos Malles zuzendariaren eskutik jaso zuen jaialdiko txapela, jaialdiarekin lehen ediziotik izan duen loturagatik.

 

Areatzako zabalgunea gainezka zegoela iritsi zen nazioarteko lehen talde nagusia.  “Mark Hummel’s Blues Blowout” taldeak —Mark Hummel harmonika-jotzaile eta abeslari amerikarra buru duen proiektua, Anson Funderburgh (gitarra), Ted Bukowsky (baxua), Bob Hall (pianoa) eta Wes Starr (bateria) generoko superizarrekin batera— bluesaren alorreko master class bat eskaini zuen, eta bertaratutako guztiak liluratu zituzten sakontasunagatik. Ederto trebaturiko talde zailduak AEBko mendebaldeko kostaldeko bluesa, Chicagokoa edo swinga jo zituen, bai dotore asko jo ere.

 

Judith Hill musikariari egokitu zitzaion jardunaldia amaitzea. Michael Jackson, Prince, Elton John eta beste zenbait izarrekin kolaboratu duen Grammy irabazlearen kontzertu handi bat aurreikusten zen, baina haren ikuskizunak gainditu egin zituen aurreikuspen guztiak. Gurasoak lagun zituela (bere ama Michiko Hill teklatuetan, eta bere aita Robert “Pee Wee” Hill, berriz, baxuan), eta Shadrack Oppong bateria-jotzailearekin batera, ikusleak txundituta utzi zituen bere ahots bikainarekin eta instrumentu batean baino gehiagotan duen trebetasunarekin. Perfekzio erritmikoak, funk, jazz eta rythm-and-blues soinu indartsuek eta superizarraren magnetismoak betiko grabatuta geldituko den ikuskizun bat eskaini zuten. 

 

Larunbateko egitaraua eguerdi-partean hasi zen Volotea agertokian (Areatzako Kioskoan) Ian Siegal Electric Band bluesman britainiarraren emanaldiarekin. Gitarrek protagonismo handia izan zuten haren proposamen indartsuan, eta askotariko estiloak jorratu zituen, hala nola rythm-and-bluesa, rock-and-rolla, soula eta delta bluesa.

 

Ondoren, “Blues Train” superbandaren txanda izan zen, Mingo Balaguer harmonika-jotzaile eta abeslari katalan ospetsua eta Txako Jones abeslaria buru zirela, eta maisutasunez jo zuten 50 eta 60ko hamarkadetako blues elektrikoaren klasikoen errepertorio aberats bat.

 

Arratsaldeko emanaldia, berriz, Ivan Singh gitarra-jotzaile eta abeslari argentinarrak zabaldu zuen. Euriak gogotik eraso zion, baina Chicagon bizi den bluesmanak desafio egin zien elementuei, baita emanaldi bikaina eskaini ere: ikusleen artean sartu, eta zenbait pertsonari eskaini zien gitarra, jo zezaten. Singh latin bluesaren banderadunak bere kantuak eta klasikoak batu zituen, hala nola “Everyday I have the blues”, “The sky is cryin”, “Sweet home Chicago-Bilbao”, Stevie Ray Vaughanen “Pride and joy” edo Jimi Hendrixen “Hey Joe”.

 

Ondoren, “Bilbao All Star Blues Band” izar-konstelazioak utzi zuen arrastoa Bilbon —nabarmentzekoa da Bob Stroger 95 urteko baxu-jotzailearen presentzia, zeinak jaialdiaren lehen edizioko sari berezia eskuratu baitzuen—. Haien emanaldian, garbi gelditu zen zergatik diren Chicagoko bluesaren ordezkari onenak. Willie Buck (ahotsa), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritone (harmonika) musikariei Anson Funderburgh gitarra-jotzailea texastarra gehitu zitzaien.

 

TRAVELLIN’ BROTHERS, JAIALDIKO SARI BEREZIA

 

Travellin’ Brothers taldearena izan zen jaialdian gehien esperotako emanaldia. Talde bizkaitarrak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du eszenatokietan eta 1.300 kontzertu baino gehiago eman ditu. Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioko Ohorezko Txapela jaso zuen. Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak emozioz gogoratu zituen taldearen hasiera eta bilakaera, eta Eneko Cañibano taldeko baxu-jotzaileari eman zion txapela.

 

“Urte askoan, Travellin’ Brothers; urte askoan, Bilbao Blues Festival” oihukatuz eta publikoaren dibertsio-egarria ito ez zuen euri-zaparrada bizi baten azpian, ikuskizunari ekin zioten, zenbait ezustekorekin. “Big band” formatuan, Jon Careagak (ahotsa), Aitor Cañibanok (gitarra), Eneko Cañibanok (baxua), Isi Redondok (perkusioa/bateria), Ander Unzagak (teklatua), Alain Sanchok (saxoa), Inés Goñik (koruak) eta Noa Eguigurenek (koruak) Ian Siegal abeslaria, Dusty Ciggaar gitarra-jotzailea, Steve Krase harmonika-jotzaile amerikarra eta Vanessa Collier saxofoi-jotzaile eta abeslari texastarra gonbidatu zituzten agertokira.

 

Ez zen izan atsedenerako astirik, baina bai gozamenerako eta dibertimendurako. Publikoa erabat entregatuta zegoela, Travellin’ taldeak bizitza osoko abestiak eta klasikoak tartekatu zituzten, hala nola “Let the Good times roll”, “Texas flood” edo “You can leave your hat on”, eta ikuskizun bikain askoa eskaini zuten, zenbait pasarte gogoangarrirekin, hala nola Vanessa Collier eta Alain Santosen arteko saxo-duelua, Lan Siegal eta Jon Careaga abeslarien arteko konexio handiko uneak, edo Unax Cañibanori eginiko oroitzapen hunkigarria, zeina “beti egongo baita agertokian”, Aitor osabak gogorarazi zuenez.

 

Igandeko saioa Skyler Saufley gitarra-jotzaile eta abeslariak hasi zuen Volotea agertokian. Estatuko bere lehen emanaldian, Alabamako bluesman gazteak —jump bluesaren eta rythm-and-blues klasikoaren maisuen soinuen oinordekoa bera— berehala piztu zuen dantzarako gogoa bere swing erritmo sofistikatuekin eta Guitar Slim, Lowell Fulson, T-Bone Walker eta beste zenbait erreferentziari eginiko keinuekin.

 

Saufleyren konpas liluragarrien ondotik, Chicagoko bluesa etorri zen; hain zuzen ere, estilo hura izan rock-and-rollaren eta rythm-and-bluesaren ernamuina 50eko hamarkadan. “Bilbao All Star Blues Band” bigarrenez aritu zen jaialdian, eta emanaldi zirraragarria eskaini zuen. Mark Hummel harmonika-jotzailea izan zen festarako gonbidatu nagusia, eta Muddy Wattersen “Got my mojo workin” mitikoan lagundu zion talde beteranoari. Hain zuzen ere, horrekin amaitu zuten hiru eguneko jaialdia, zeinak ikus-entzule ugari elkartu baitzituen maila izugarriko emanaldiekin.

 

VOLOTEA BLUES CHALLENGE, KONTZERTU DIDAKTIKOAK ETA BOOGIE-WOOGIE ESKOLAK

 

Chino Swingslide Quartet laukoteak irabazi du Volotea Blues Challenge, eta berak ordezkatuko du estatua European Blues Challenge 2027 jaialdian. Talde hori Hernán Senra Bartzelonako bluesaren erreferentzietako baten proiektuak izaniko bilakaera da. Slide gitarra, kontrabaxua, bateria eta harmonika uztartzen dituen talde batekin, blues elektrikoa eskaintzen du konposizio propioekin; tradizioan errotua, baina nortasun garaikidearekin. Nazioartean ibilbide luzea egin eta European Blues Challenge 2013n lortutako aintzatespenaren ondoren, zuzenekoen kalitateagatik eta proposamen bizi eta dotoreagatik nabarmentzen da taldea.

 

Larunbat goizean, aitzindari feministei buruzko hitzaldia izan zen Guggenheim Bilbao Museoko auditoriumean. Héctor Martínez izan zen hizlari Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren barruan, eta haren asmoa zen “emakumeek esklabotzaren aurkako borrokan izan duten protagonismoaz kontzientzia piztea, mugimendu abolizionisten bultzatzaile gisa, baina baita Underground Railroadeko partaide gisa ere”. XIX. mendean AEBn aktibo egon zen ibilbide sekretuen eta segurtasun-etxeen sare klandestinoari egiten dio erreferentzia termino horrek. Mayka Edjolek (ahotsa) eta Alex Caporusciok (gitarra) parte hartu zuten.

 

Eta, igande goizean, hainbeste esperotako boogie-woogie eskolek berriro ere dantzan jarri zituzten parte-hartzaileak, Portugaleteko Swing Dantza Eskolako irakasle Carlos Etxebarriak gidaturik. Ehunka lagun bildu ziren Areatzan pausoak ikasteko eta 50eko hamarkadako musikaren erritmoan dibertitzeko.

 

REDES SOCIALES:

BIMEren hamalaugarren edizioa urriaren 27tik 30era izango da Bilbon, eta programazioa osatzen jarraitzen du artista, profesional eta eduki berriekin. Gainera, AUPA! Sarien hirugarren edizioaren deialdia ireki da, eta ezagutza sortzearen aldeko apustua indartu da Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren bigarren edizioarekin, urriaren 28an.

Urriaren 27tik 30era, Bilbo mundu osoko musika-industriaren topagune bihurtuko da, ostera ere, BIMEri esker. Bilbon sortu zen BIME, eta egun sektoreko nazioarteko topaketa nagusietako bat dela esan daiteke; izan ere, musika eraikitzen duten ahotsak konektatuko ditu ekimenak, Bilbo eta Bizkaia izanik elkarrizketak, aliantzak eta industriarako aukera berrien kokaleku.

BIME PRO: MUSIKAREN ORAINALDIA ETA ETORKIZUNA ULERTZEKO FUNTSEZKO GALDERAK

Zer azal dezake musikak datorren munduari buruz? Hori da BIME Pro ekimeneko programazio profesionala bideratuko duen galdera, urriaren 27, 28 eta 29an Bilboko Euskalduna jauregian. Musika-industriaren etorkizuna gaur egun definitzen duten galdera nagusien inguruan egituratuko da agenda. Galdera horien bidez, sektorearen erronka eta aukera nagusiak aztertuko dira, sormenarekin eta adimen artifizialarekin hasi eta ekoizpenarekin, jasangarritasunarekin, nazioartekotzearekin, teknologiarekin eta kultura-politikekin bukatu, musikak kirolarekin, markekin, zientziarekin eta ikus-entzunezkoekin duen lotura ere alde batera utzi gabe.

Lehendik baieztatuta daude izen handiak, hala nola Jorge Drexler, Brandon Young (Activision), Ángeles Toledano, Raül Refree, Chanela Clicka, Yassir edo Justin O’Connor, eta orain profesional gehiago iragarri dira: Lena Ingwersen, Music Cities Network etxeko zuzendari nagusia eta musikaren, hiri-garapenaren eta kultura-politikaren arteko elkargunean aditua; Miruenea diskoarekin debutatu ondoren euskal eszenako proposamen sendoetako bat den Mirua taldeko Malentxo Zeberio; eta Patricia Hermida, MIM Emakumeak Musikaren Industrian elkartearen sortzaileetako bat, egun AGEM Galiziako Musika Enpresen Elkartearen presidentea. Horietaz gain, networking jardueretan parte-hartzaile izango dira Jaime Torrego, Observatorio Festival jaialdiaren zuzendarikidea; May Carrión, Sala Musik aretoaren zuzendari artistikoa; Quique Medina, Agència Districteko zuzendaria; Desirée Huete Castillo, Distortiongirl Eventoseko zuzendaria, eta Nicolas Bonnard, Viavox Produccioneseko ekoizpen-zuzendaria.

BIME LIVE EKIMENAREKIN TALENTU BERRIEN NAZIOARTEKO MAPA ZABALTZEN JARRAITZEN DA

BIME Live ekimeneko showcaseen programazioari izen berriak gehitzen ari zaizkio. Duela zenbait aste iragarritako kartelean artista, soinu eta lurralde berriak sartu dira: Ana De Llor (PT), avant-pop ilun eta sentsualaren ahots berria, portugaldar mistizismoa Londresko club queer kulturarekin uztartzen duena; Aeronave Adolescente (ES) taldea, Sueño con salones llenos lana aurkezten, jada unibertsal bihurtu den esperientzia bati buruz: nork bere bizitzarekin zer egin ez jakitea; eta Angeladorrm (ES), Kataluniako indie eszena berriaren sekreturik handienetako bat, gitarra zorrotzak letra onirikoekin nahastuta.

Duplat (CO) ere izango da kartelean, zeinen proposamenak belaunaldi oso baten emozio eta kontraesanen narratzaile bihurtzen baitu pianoa, eta bere azken albuma, Dulce y Amarga (2026), Kolonbiako eszena berriaren promesa handienetako bat bezala finkatu du; Odd Mami (AR); Rip Gang kolektiboko kidea, Dónde van los perros azken albumaren ondoren, gero eta soinu definituagoa bilatzen ari dena; Ouineta (ES), musikaren, dantzaren eta performancearen arteko fusio perfektua, 2000ko hamarkadaren amaierako pop ikonoen eta kultura urbanoaren eraginarekin; eta Paco Pecado (ES) kantautorea, bandolero espiritua duen bizizalea, hirurogeita hamarreko hamarkadaren zale eta kitsch, retro eta vintage ukituekin.

Era berean, BIME Live zirkuituan Universal Music Spain eta beste eragile batzuen programazio bereziak izango dira: 1111 (ES) power hirukoa, Martin (ES) artistaren proposamen indie eta autobiografikoa, eta Avenida (ES) taldearen pop-rocka. Altafontek, berriz, artista hauek ekarriko ditu: Sofía Gabanna (ES) hispaniar-argentinarra, rap, jazz eta autore-abestiak nahasten dituen bere dantza naturalarekin; María Peláe (ES), bere nortasun eszeniko tinkoarekin eta flamenko-fusioarekin; Tatiana Delalvz (ES), eta hegoaldeko soinuen berrinterpretazio garaikidea; eta Zahara presenta ZAHARAVE: LITE (ES), artistaren unibertso elektronikoaren klub-bertsioa. Programazio osatzeko, Jägermeister etxeari esker honako proposamen hauek ere izango dira: folklorea, elektronika, punka eta rapa nahasten dituen Kiliki (ES); Dalila (ES), 90eko hamarkadaren hasierako britainiar rave kultura flamenkoaren sustraiekin lotzen duen DJ eta ekoizle sevillarra; eta Azuleja (ES) pop artista, C.R.I.N.G.E. lehen albumarekin espainiar musika-eszena liluratu zuena.

BIME Live programazioak musika-arloko talentuaren garapena eta nazioartekotzea bultzatzen duten erakundeen laguntza jasotzen du, hala nola Sounds from Spain; Idartes;  BASQUE. MUSIC.; Navarra Music Commission; AIE; Murtziako Erregioa; Catalan Arts; Argentinako Musikaren Institutu Nazionala (INAMU); Dutch Music Export; Valencia Music City; Institut d’Estudis Baleàrics eta Fira B; AGADIC; Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioa, Uruguaiko Kultura Zuzendaritza Nazionala (INMUS); Extremadurako Junta; Swiss Music Export eta Pro Helvetia.

BIMEK EZAGUTZA SORTZEAREN ETA ERREKONOZIMENDUAREN ALDEKO APUSTUA INDARTU DU

AUPA! sarien hirugarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko deialdia ireki du BIMEk, sormenaren, berrikuntzaren, konpromisoaren edo eraldaketaren bitartez musika-industriaren garapen kolektiboa bultzatzen duten pertsonak, enpresak eta proiektuak ikusgai egiteko eta saritzeko. Sektoreko profesionalen epaimahai independente batek ematen dituen AUPA! sarien xedea ekarpen interesgarriak jendaurrean ezagutaraztea da, egiteko modu berriak ekarri dituztelako eta musikaren ekosistema etika, jasangarritasuna, berdintasuna eta bestelako balioetan oinarrituta indartu dutelako.

Deialdia uztailaren 31ra arte egongo da zabalik esteka honetan, eta nahi adina hautagai aurkezteko aukera izateaz gain, AUPA! sarien espirituarekin bat datozen kategoria berriak proposatu ere egin daitezke. Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 29an izango da, 12:15ean, Bilboko Euskalduna jauregian, betiere BIMEren programazio ofizialaren barruan.

Industriaren garapenarekiko konpromiso hori eremu akademikora ere hedatzen da. Horrela, bada, BIME barruan, Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren bigarren edizioa antolatu da urriaren 28rako, Universitat Internacional de Catalunyako (UIC Barcelona) Komunikazioaren Zientzien Fakultatearekin batera. Zabalik dago, jada, kongresurako komunikazio akademikoak eta azterketa aplikatuak aurkezteko deialdia, kultura- eta sormen-industrien erronka nagusiak aztertu nahi dituzte ikertzaile, irakasle eta profesionalei zuzendua. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 31ra arte egongo da zabalik. Informazio guztia hemen kontsulta dezakezu.

IKUSPEGI PARTEKATUA MUSIKAREN ETORKIZUNA ERAIKITZEKO

Programaziotik haratago, musikaren aurrerabidea sustatzen duten ahotsekin eraikitako plataforma da BIME. Erakundeak, enpresak, elkarteak, komunikabideak, artistak eta profesionalak biltzen dira, edizioz edizio, sektore osoarentzako konexio, proiektu eta aukera berriak indartzen dituen komunitatean. Hamarkada batez baino gehiagoz eratutako aliantza-sare hori musikaren ikuspegi partekatu baten adierazgarri da, kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen garapena dakarren ikuspegiarena, alegia, ezagutza sortzeko, sormen-industriak indartzeko eta ongizate kolektiboari laguntzeko gai izanik. Hamalaugarren edizio honetan, BIME topaketaren babesle dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Saila, Bilboko Udala, Espainiako Kultura Ministerioa eta Heineken etxea, aliatu estrategikoak musika-industriaren nazioarteko topaketa nagusietako bat Bilbotik eta Bizkaitik sendotzen jarraitzeko.

SARE SOZIALAK:

  • Bilboko Udalak bultzatuta, kontzertuak Areatzan egingo dira uztailaren 24tik 26ra bitartean, doan eta publiko guztiei irekita.

  • Emanaldi handienetako bat Bilbao All Star Blues Band taldearena izango da. Edizio honetarako berariaz sortua, blues amerikarraren izen handiko musikariek osatzen dute, hala nola Willie Buck-ek edo Bob Stroger mitikoak. The Cherry Boppers eta Patricia Reckless, Judith Hill, Ivan Singh eta Mark Hummel Areatzako agertoki nagusian arituko dira. Leku horretan, Travellin’ Brothers taldeak 2026ko Bilbao Blues Festival Sariko “txapela” jasoko du. Blues Train, Ian Siegal eta Skyler Saufley izango dira Areatzako Kioskoko kontzertuen protagonista.

  • Gainera, Guggenheim Bilbao Museoan, hilaren 25ean (larunbata) “Esklabotzaren abolizioaren aldeko aitzindari feministak” hitzaldia emango da, eta, amaitzeko, hilaren 26an (igandea), Volotea Blues Challengearen III. edizioa egingo da. 

Aurten ere, Bilbo nazioarteko bluesaren erdigunea izango da. Uztailaren 24an, 25ean eta 26an hiriko musika-ekitaldi finkatuenetako eta herrikoienetako bat egingo da Bilbon: Bilbao Blues Festival jaialdiaren bosgarren edizioa. Bilboko Udalak sustatutako doako hitzordu honek bluesaren izen handiak, nazioarteko erreferenteak eta tokiko talentua bilduko ditu Areatzan.

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotziak azaldu duenez, “Bilbao Blues Festival jaialdi gaztea da, eta bluesaren panoramaren barruan ezinbesteko hitzordu gisa finkatzea lortu du, arrakastak eta publikoaren erantzun bikainak markatutako ibilbideari esker. Hiriko ekitaldi bat da, musika herritarrengana hurbiltzen duena, eta gure ingurunea topagune, kultura eta aisialdirako gune bihurtzen duena. Jaialdi hau erreferente bihurtu da aukera ematen duelako atzerriko eta bertako punta-puntako artisten bluesik onenaz doan eta aire zabalean gozatu ahal izateko”.

“Jaialdia publikoaren eta artisten mailan sendotzea lortu dugu, eta nazioartean ere ospe handia irabazi dugu.  Programazioari dagokionez, jaialdi bereizlea izatea bilatzen dugu beti, eta ahalegintzen gara gainerako jaialdietan ibiltzen diren ohiko bandak ez ekartzen. Izan ere, arriskua hartzen dugu beti eta gure herrialdea lehenago bisitatu ez duen bandaren bat ekartzearen aldeko apustua egiten dugu”, azpimarratu du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak. “Blues edo antzeko musiken barruan estilo desberdinez gozatu ahal izateko jaialdia izan dadin saiatzen gara. Horregatik, aurten, jakina, bluesik garbiena, hala nola Texaseko edo Chicagoko bluesa, eta baita swingaren eta soularen ukituak ere egongo dira”, azaldu du.

Kartelburua Bilbao All Star Blues Band izango da. Jaialdirako bereziki diseinatutako taldea da, honako hauek osatua: Bob Stroger baxo-jotzaile eta bokalista ezaguna (Bilbao Blues Festival saria 2022an); Willie Buck (ahotsa), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime, Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritore (aho-soinua).  

Bosgarren edizio honetako programazioa The Cherry Boppers Bilboko bandak, Patricia Reckless lagun duela irekiko du, uztailaren 24an. Zuzeneko emanaldi zirraragarria izango da, ziurrenik. Judith Hill, Ivan Singh eta Mark Hummel ere arituko dira Areatzako Keler agertokian. Artista bikain horiekin batera Travellin’ Brothers taldea ere izango dugu. Jaialdiko saria talde horrentzat izango da, bere ibilbide zabal eta arrakastatsuagatik.   Lehen aldia da sari hori tokiko talde bati ematen diotena. “Niretzat oso berezia da, gure ibilbideek bide paraleloak jarraitu baitituzte 2005etik. Maila profesionalean batera hazi gara, adiskidetasun handia eraiki dugu, eta bidean une oso gogorrak bizi izan ditugu, baita une zoriontsuak ere. Gainera, ezbairik gabe, sari hau merezi dute, 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dutelako, aldaketarik egin gabe eta mundu osoan zehar arrakastak lortuz”, azpimarratu du Mallesek.

Jaialdiaren bigarren espazioan, Areatzako kioskoan, Blues Train, Ian Siegal eta Skyler Saufley promesa gaztearen emanaldiak izango ditugu. Skyler Saufleyk lehen aldiz arituko da herrialdean, publikoa blues garaikidearen alderdi desberdinetara hurbilduz.

THE CHERRY BOOPERS ETA PATRICIA RECKLES- UZTAILAREN 24AN (OSTIRALA), 19:00ETAN (KELER AGERTOKIA)

Duela 20 urte baino lehenagotik (2004an jaio ziren) rhythm & blues, funk, soul edo jazz erritmo beltzen banderapean, The Cherry Boppers konbo bilbotarrak irekiko du Bilbao Blues Festival jaialdia. Eskarmentudun talde instrumentalaren eta Patricia Reckless abeslariaren arteko alianzak, “The Cherry Boppers meet Patricia Reckless” proiektua ekarri du, non 2024an grabatutako azken lanean, soul funk erritmo indartsuetara hurbiltzen diren, energiaz beteriko zuzenekoak gelditu gabe dantzatzera gonbidatzen zaituelarik.

MARK HUMMEL – UZTAILAREN 24AN (OSTIRALA), 20:45EAN (KELER AGERTOKIA)

Mark Hummel harmonika-jotzaile eta abeslaria (1955, New Haven, Connecticut) garai guztietako harmonika-jotzaile onenetako bat da. Hummel bere taldeko musikariekin batera etorriko da Bilbao Blues jaialdira: Anson Funderburgh (gitarra), Bob Hall (pianoa), Ted Bukowski (baxua) eta Wes Starr (bateria). Guztiek grabatu eta partekatu dute eszenatokia bluesaren izen handienekin, eta horrek bluesaren benetako “All Star” bihurtzen du taldea.

JUDITH HILL – UZTAILAREN 24AN (OSTIRALA), 22:30EAN (KELER AGERTOKIA)

Abeslari bikaina izateaz gain, Judith Hill (1984, Los Angeles, Kalifornia) konpositore, moldatzaile eta instrumentu-jotzaile ezaguna da, eta Michael Jackson, Carole King, Prince, George Benson edo Elton John bezalako artistekin korista gisa lan egiteaz gain, Eric Clapton, Stevie Wonder, Johnny Matis edo Gregg Allmanekin kolaboratu duela esan dezake.

Johnny Matis o Gregg Allman, entre otros.  Judithek, Grammy baten irabazleak, ahots indartsua du, eta hainbat generotara ederto asko moldatzen da, hala nola rhythm and bluesera, funkera, jazzera eta rockera, bluesaren eta gospelaren eragin nabarmenekin.

IAN SIEGAL ELECTRIC BAND – UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 12:30EAN (VOLOTEA ESPAZIOA-AREATZAKO KIOSKOA)

Ian Siegal (1971, Portsmouth, Erresuma Batua) blues abeslari, konpositore eta gitarrista britainiarrak ikuskizun itzela eskaintzeko ustea dauka Bilbao Blues jaialdiko agertokian, bere “Electric Bandarekin”.  Bere indargunea, zalantzarik gabe, zuzenekoak dira, pasioa, izerdia eta energia erakusten baititu taula gainean. Ian Siegalen abiapuntua bluesa da, funtsean, baina rocka, countrya edo folk-a ere maisuki lantzen ditu. “MOJO” aldizkari ospetsuaren arabera, “Erresuma Batuko musikagile argiena eta blues interpreterik magnetikoena” da.  Sari nagusien artean, bi UK Blues Awards, zortzi British Blues Awards, lau European Blues Awards eta USA Blues Music Awards sarietarako hiru izendapen nabarmentzen dira.

BLUES TRAIN – UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 14:00ETAN (VOLOTEA ESPAZIOA-AREATZAKO KIOSKOA)

Blues Train bluesaren backing band indartsua da, finkatuta dauden musikariez osatua, bakarlari handiei laguntze diena proiektu ibiltari batean, 50 eta 60ko blues elektriko klasikoen errepertorioarekin. Kalitate eta erritmo handiko ikuskizunak eskaintzen dituzte. Taldea Txako Jones (ahotsa), Alex Caporuscio (gitarra), Mingo Balaguer (harmonika eta ahotsa), Paul San Martin (pianoa), Jorge Otero “Jafo” (baxua eta kontrabaxua) eta Adrian Carrera (bateria) musikariek osatzen dute.

IVAN SINGH – UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 19:00ETAN (KELER AGERTOKIA)

Argentinako Kordobatik Chicagora. Hori da Ivan Snigh guitarrista eta abeslari gazteak blusean egin duen bidea, bere garaiko musikari ezagunenetarikoa bilakatzeraino.  Bere talentu handiari esker, blues-aren hiriburua (Chicago-Illinnois) konkistatu du, Adela lagun duela, “batata lata” bezala ezagutzen den lau sokako slide gitarra.  Gaztea izan arren, iada Buddy Guy edo Christone “Kingfish” Ingram bezalako musikagile handiekin partekatu du agertokia eta Amerika, Asia eta Europako herrialde ezberdinetan aritu da. “Rolling Stone” aldizkariaren aburuz, “blusa estilo fresko eta pertsonalarekin mantentzen duen artista” da.

BILBAO ALL STAR BLUES BAND – UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 20:45EAN (KELER AGERTOKIA) ETA UZTAILAREN 26AN (IGANDEA), 14:00ETAN (VOLOTEA ESPAZIOA-AREATZAKO KIOSKOA)

Bilbao Blues Festival jaialdirako diseinatua, banda hori Amerikako bluesaren benetako izen handiek osatzen dute.  Hauek dira: Willie Buck (ahotsa), Bob Stroger (baxua), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritore (aho-soinua).  Instrumentista eta bokalista talde handi honek euren arteko kimika natural paregabea eta bluesa maila bikainera eramaten duen garbitasun estilistikoa erakusten du.  Kideen artean Bob Stroger dago, 95 urtekoa, 2022an egindako lehen edizioan Bilbao Blues Festival saria jaso zuena.

TRAVELLIN’ BROTHERS- UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 22:30EAN (KELER AGERTOKIA)

Travellin’ Brothers taldeak, 1.300 kontzertu eta 11 diskoren ostean, Europako han eta hemengo klub eta aretoetan jo du eta Estatu Batuetan egin dituen biretan bere musika lokal mitikoetara eraman du, hala nola hauetara: Nueva Orleanseko Bluenile Frenchmen Street edo BMC, BB King Club, 152 Club, New Daisy Theatre (Memphiseko Beale Street mitikoa), Memphiseko Orpheum Theatre handia edo Reds Juke Joint (Clarcksdale Mississippi), baita Texaseko klubetan eta aretoetan ere, esaterako Continental club Houston, Red brick Tavern Conroe edo Green Oaks Tavern Humble.

SKYLER SAUFLEY – UZTAILAREN 26AN (IGANDEA), 12:30EAN (VOLOTEA ESPAZIOA – AREATZAKO KIOSKOA)

Skyler Saufley (Virginia, 1995) multiinstrumentista autodidakta eta berriki Alabamako Bluesaren Ospearen Aretoko kidea, ez da blues artista tipikoa, eta bere ibilbidea bakantzat har daiteke.  Mendebaldeko kostaldeko jump, swing eta blues estiloan espezializatua, eszenatokian presentzia bikaina du eta bere ikuskizunetan energia hedatzeko erreztasun harrigarria erakusten du.  Zuzeneko kontzertuak blues elektrizatzailearen eta boogie-woogiearen nahasketa dira. Saufleyren talentuak T-Bone Walker eta Pee Wee Crayton gogorarazten dizkigu.

VOLOTEA BLUES CHALLENGEAREN HIRUGARREN EDIZIOAREN FINALA – UZTAILAREN 26AN (IGANDEA) 19:30EAN (VOLOTEA ESPAZIOA – AREATZAKO KIOSKOA)

Jaialdiaren azken egunean, uztailaren 26an, Volotea Blues Challengearen Bilbok Estatuko Blues Challengearen finala hartuko du hirugarren urtez jarraian. Estatuko une honetako lau banda onenen emankizunak izango ditugu Areatzako kioskoan, 19:30etik aurrera. Chino Swingslide Quartet (Bartzelona), Cooking Raw Blues (Madril), Danny Boy Blues Band (Valentzia) eta The Ubangi Stump (Alacant) taldeak Bilboko publikoaren aurrean lehiatuko dira European Blues Challenge izeneko nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenean.

AITZINDARI FEMINISTEI BURUZKO HITZALDIA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN – UZTAILAREN 25EAN (LARUNBATA), 11:00ETAN

Bilboko Guggenheim Museoaren TopArte programaren barruan, Héctor Martínezek emango duen hitzaldiaren helburua da “emakumeek esklabotzaren aurkako borrokan mugimendu abolizionisten bultzatzaile gisa, baina baita Underground Railroad-eko parte-hartzaile gisa izan zuten protagonismoaz kontzientziatzea”. Ezkutuko ibilbideen eta segurtasun-etxeen sare klandestinoari egiten dio erreferentzia termino horrek. Sare hori AEBetan aktibo egon zen XIX. mendean. Mayka Edjolek (ahotsa) eta Alex Caporusciok (gitarra) parte hartuko dute.

BOOGIE WOOGIE KLASEAK KIOSKOAN – UZTAILAREN 26AN (IGANDEA), VOLOTEA ESPAZIOAN (AREATZAKO KIOSKOA)

Ohikoa denez, Bilbao Blues Festival jaialdiaren azken eguneko goiza Boogie Woogie dantza-eskola herrikoientzat erreserbatuta dago. Hitzordu klasikoa da, Portugaleteko Swing Dantza Eskolako Carlos Etxebarriak emango du 11:30ean hasita, nahi duen ororentzat.

NAZIOARTEKO AITORPENA DUEN ANTOLAKUNTZA

Jaialdia sustatzen duen Crazy Blues elkarteak nazioarteko sari garrantzitsuenak eskuratu ditu musika-genero hau bultzatzeko egindako lanagatik: Sustatzaile onenaren BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Union erakundeak Azoresen emana 2019an, eta nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenaren K.B.A. saria (Keeping the Blues Alive) 2015ean, mundu-mailako aintzatespen handiena duena, Memphiseko Blues Foundation erakundeak emana.    

Bilbao Blues Festival jaialdiak bost edizio eginda ditu, eta blues jaialdien Europako zirkuituaren barruan erreferentziazko hitzordu gisa finkatzen jarraitzen du, tradizioa, nazioarteko proiekzioa eta hiriaren erdigunean kultura dohainik eskainiz​.

[video width="500" height="310" src="https://media.bilbao.eus/infobilbao/videos/20260721_KontxiClaver_FestivalBlues.mp4" /]
[video width="500" height="310" src="https://media.bilbao.eus/infobilbao/videos/20260721_Aitor_FestivalBlues.mp4" /]
[video width="500" height="310" src="https://media.bilbao.eus/infobilbao/videos/20260721_TravellingBrothers_FestivalBlues_1.mp4" /]
[video width="500" height="310" src="https://media.bilbao.eus/infobilbao/videos/20260721_TravellingBrothers_FestivalBlues_2.mp4" /]
  • Calvin Harris, FKA twigs, Robbie Williams, IDLES, David Byrne, Lily Allen, Interpol, Dellafuente, Alabama Shakes, Belle and Sebastian, Charlotte de Witte, CMAT eta, guztira, 80 artista arituko dira jaialdiaren 20. urteurreneko ospakizunetan.
  • Jaialdiaren programazio osoa gaur aurkeztu dute Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko saileko zinegotziak, Nora Sarasola BBK Fundazioko zuzendariarekin eta Yurdana Burgoa Last Toureko CEOarekin batera.
  • Ordutegiei, garraioari eta eskumuturrekoak jasotzeari buruzko informazio guztia kontsulta daiteke jada jaialdiaren webgunean.

Bilbao BBK Live jaialdian dena prest dago uztailaren 9an, 10ean eta 11n Kobetamendin 20. urteurrena ospatzeko, bi hamarkadatako musikaren historia, komunitatea eta deskubrimendua uztartzen dituzten 80 artista baino gehiago bilduta programazioan. Jaialdiaren nortasuna markatu duten elementuak bildu nahi izan dituen edizioa: musikaren, naturaren eta hiriaren arteko konexioa, artisten aniztasuna, esperientzia kolektiboa eta jaialdia bizitzeko askotariko moduak, agertoki handiekin hasi eta leku bereziekin bukatu, hala nola Basoa, Lasai edo Gorria.

BILBAO BBK LIVE KOBETAMENDIN

Uztailaren 9an, Calvin Harris izango da lehen eguneko zerrendaburu Kobetamendin, eta efektu bereziz eta hitez beteriko show esklusibo batekin dator Penintsulara. Aurrekoarekin batera, FKA twigs artista sailkaezina, pop garaikidearen mugak birdefinitu dituena unibertso bisual eta soinuzko guztiz pertsonal baten bitartez; eta David Byrne, pop esperimentalaren izarra, zuzeneko bakoitza zehaztasunaren adierazgarri bihurtzeko gai dela frogatuko duen proposamen eszenikoarekin. Eguna osatzeko, Dani Fernández eta Belén Aguileraren konfesionaltasuna,  Paris Paloma folk-poparen promesa, hemlocke springsen art-popa, Fatoumata Diawara maliarra, Radio Free Aliceren post-punka, Apparatren elektronika abangoardista, Don Westen R&B dotorea, eta Folk Bitch Trio edo Las Petuniasen gordintasun lirikoa. Gainera, Sara Zozaya, Hoonine eta GAR artisten talentuan jarriko du arreta jaialdiak.

Ostiralean, uztailak 10, Robbie Williams Long 90’s Tour biraren barruan etorriko da Kobetamendira, bere ibilbidea markatu zuen hamarkadari nostalgiatik begiratuta eta Britpop disko berria kaleratzearekin batera. Alabama Shakes taldearen soul rock sutsua eta Brittany Howard-en ahots bereizgarria ere galdu ezinezko kontzertua izango da. Era berean, Belle and Sebastianen iruditeria malenkoniatsu eta argitsua, eta La M.O.D.A. taldearen epika herrikoia ere izango dira lehen egunean. Elektronikari dagokionez, protagonista nagusia Richie Hawtin izango da, inprobisazioaren eta teknologiaren bitartez lurralde berriak arakatzen dituen DEX EFX X0X murgiltze-ikuskizuna aurkezten; eta aipatzekoak dira, halaber, Soulwax, europar elektronikaren proiektu garrantzitsuenetako bat, eta Tom Rowlands (The Chemical Brothers) eta AURORAk osatutako TOMORA supertaldea. Gitarrek ere izango dute tartea, hala nola Xoel Lópezen pop independentea, Depresión Sonora eta La Palomaren pultsu alternatiboa, Yerai Cortésen flamenko garaikidea eta Westside Cowboy, 2026ko talde berri interesgarrienetako bat. Edizio guztietan bezalaxe, musika-aniztasuna izango da jaialdiaren ezaugarri, askotariko proposamenekin: CMATen euro-countrya, Thee Sacred Soulsen soul dotorea, edo Juicy BAEren R&B eta trapa. Ostiralean arituko dira, halaber, Marte Lasarte eta Suave euskal proposamenak.

Jaialdiko azken egunean askotariko izen handiak bilduko dira. Dellafuente bere karrerako unerik onenetariko batean iritsiko da Bilbao BBK Live jaialdira, uda honetan eskainiko dituen kontzertu urrietarako berariaz diseinatutako show berri batekin. IDLES berriro datoz jaialdira urteurrenerako, rocka barru-barrutik bizi dutenen eskaerei erantzuteko; Lily Allen abeslariak West End Girl aurkeztuko du, albuma oso-osorik interpretatuko duen zuzeneko esklusibo batean. Larunbatean arituko dira, baita ere, Interpol, azken hamarkadetako indie-rock talde handietako bat; Charlotte de Witte elektronika garaikidearen funtsezko figura; ZAZ pop frantsesaren ikonoa; eta horsegiirL eta bere rave elektronika berriaren ikuspegi azeleratu eta probokatzailea. Era berean, Estatuko panorama hainbat angelutatik eraldatzen ari diren artistak ikusteko eta entzuteko aukera izango da, besteak beste, Ralphie Choo, BB Trickz, AMORE, Queralt Lahoz edo CERVATANA; baita Italiako eszena berriko ahotsak ere: Nu Genea (live band) eta Mind Enterprises. Azkenik, euskal ordezkariei dagokienez, sentsazio berrien txanda izango baita: Aimarz eta BARRRK.

BASOA. OASI ELEKTRONIKOA.

Ostegunean, disco musikaren espirituak eta cosmic house undergroundenak emango dio hasiera Basoaren bidaiari, rave kultura post-punkaren herentziarekin eta clubaren euforiarekin uztartzen dituzten artistekin: 2manydjs, Erol Alkan b2b Optimo (Espacio), Dee Digs, Paula Tape eta Guim. Ostiralean lurralde ilun eta hipnotikoagoetan murgilduko da Basoa, Donato Dozzy, DJ Nobu, Vlada, Sedef Adasï eta Miravallesen saioetako techno sakonenarekin. Larunbatari amaiera emateko, agertoki horretan lehen aldiz arituko dira Nicolas Lutz, Badsista, Gerd Janson, Bashkka eta Mattias El Mansouri, eta dantza-pista lurralde psikodelikoagoetara eramango dute, jai-giroan, Basoa datorren urtera arte agurtzeko.

LASAI. MUSIKAREN ABANGOARDIA IKUSPEGI ONENEKIN

Lasai gunean, Minor AM kolektiboak abiaraziko du lehen eguna, Suze Ijo, James Massiah, Livwutang, Joni DJ eta Amelia Holt talentu berriak bilduko dituen showcase batean. Ostiralean, Meritxell de Soto izango da protagonista saio esperimentalago batean, honako hauekin batera: Elena Barker, Genosidra, Somadamantina (live) eta Torus. Ibilbidea bukatzeko, digger espiritua duten DJak arituko dira: Ylia, Toni Bass, Alexis Le-Tan eta Iro Aka; saio hori clubera bideratuko da gehiago.

GORRIAREN ITZULERA

Ostiralean, GORRIA itzuliko da Bilbao BBK Live jaialdira, Mietze Conteren dance-poparekin, eta Vampirina Club by Metrika & D. Basto saioan Castellóko artista bere crew eta bere DJrekin batera arituko da. Larunbatean Hotcore Party: Taichu and Friendsen txanda izango da: festa bat, artista argentinarra izanik buru, eta jaialdiko agertokietako bat ixteaz arduratuko da bere soinuzko imajinario performatiboaren ildoari jarraituko dion saio esklusibo batekin.

BEREZIAK: MUSIKA BILBOKO KALEETAN ZEHAR

Asteazkenean, uztailaren 8an José Gonzálezek Guggenheim Bilbao Museoan hasiera eman ostean, Bereziak ekimenak uztailaren 9an jarraituko du BBK Salan Belén Aguilerarekin, eta doako programazioak ostiralean eta larunbatean (hilaren 10ean eta 11n) jarraituko du agertoki hauetan: Areatzan, Albiako lorategietan, Isozaki dorreetan… etabar. Agertoki horietan arituko dira Baliza, Ana Curra, Las Petunias, Raly, Gara Durán, Calequi y Las Panteras, Merina Gris, Las Bajas Pasiones, SVSTO, Teo Lucadamo, LABLACKIE eta joseluis, Bilbao BBK Live jaialdiak hiriarekin duen konexioa Kobetamendiz haratago eramanda. (Ordutegiei eta artisten agertokien araberako banaketari buruzko informazio gehiago jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke).

ORDUTEGIAK, GARRAIOA ETA ESKUMUTURREKOAK

San Mamesen eta BEC!-en, sarreraren ordez eskumuturrekoak jasotzeko aukera izango da eta ordutegia honako hau izango da: asteazkena, uztailaren 8tik hasi eta larunbata, uztailaren 11ra bitarte, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara.

Jaialdiaren eremuan EZIN IZANGO DA sarreraren ordez eskumuturrekoa eskuratu, eta jaialdiko autobusetan EZIN IZANGO DA sartu eskumuturrekorik gabe.

Jendea modu ordenatuan igo dadin eta garaiz planifikatu ahal izateko, autobus-zerbitzua egongo da, jaialdiaren webgunean erreserba aldez aurretik eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik –San Mames ondoan– eta baita BEC! etik ere, jaialdiko egun bakoitzean, 16:00etatik 22:00etara, 10 minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3,8 € izango da; soilik igotzeko izango da eta aldez aurretik egin beharko da erreserba, jaialdiaren webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 txartel erosi ahal izango ditu.

Gainera, autobusen anezka-zerbitzua ere izango da, doan, esparrura joan eta handik itzultzeko. Betiko lez, joanekoan busak BEC!-etik abiatuko dira, Barakaldon, Ansioko metro-geltokiaren ondoan –aparkatzeko 3.500 toki prestatuko dituzte–, baita San Mames ingurutik ere, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (Ogasuna-ETB) atzeko aldean.

Autobusak etenik gabe arituko dira lanean uztailaren 8ko (asteazkena) 12:00etatik uztailaren 12ko (igandea) 15:00ak arte; zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da, eskaeraren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera, Beyena fabrika zenaren inguruan geratuko dira autobusak eta, handik, oinez egin beharko ditu jendeak jaialdiaren eremura dauden 800 metroak.

Era berean, programatutako kontzertuak bukatutakoan anezka-zerbitzuko autobusak hartu ahal izango dira bueltarako. Beyena pareko geltokitik, hesitutako guneetan egon beharko da zain Basurtu-San Mamesera edo BEC!-era doazen autobusak hartzeko.

Halaber, kanpistek ere autobusak izango dituzte kanpinera joateko, asteazkena uztailaren 8tik hasita, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-eremura joateko, bai kanpinera itzultzeko. Kontzertuetan anezka-zerbitzu bat egongo da, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) kanpinaren gunearekin lotzeko.

JAIALDI SEGURUA PERTSONA GUZTIENTZAT

Jaialdi batek bizikidetzako, errespetuzko eta askatasuneko espazio ere izan behar du, Bilbao BBK Live jaialdiaren ustez. Horregatik, aurten, Musika Jaialdiak eta Emakumeak Musikaren Industrian Elkarteak bultzatzen duen Jaialdien Itunari atxiki zaio, sexu-indarkerien eta gorroto-delituen aurkako konpromisoa indartze aldera. Jaialdia, gainera, Ortzadar LGBTI Elkarteak bultzatutako espazio seguruen euskal sareari ere atxiki zaio, hau da, LGBTI+ Points Sareari, eta Bizkaiko LGTBIAQ+ eskubideen aldeko ANITZAK elkartearekin ere lankidetzan jarraituko du.

Eremuaren barruan, BALORE gunea Bilbao BBK Live jaialdiko gizarte- eta ingurumen-konpromisoak ikusarazteko topagune izango da, ostera ere. Berdintasunarekin, aniztasunarekin, irisgarritasunarekin, ingurumen-jasangarritasunarekin eta gizarte-erakundeekiko lankidetzarekin lotura duten ekimenak uztartzen diren lekua.

Gainera, jaialdiko antolatzaileek Kobetamendi Irteera ekimena sustatzen jarraituko dute, San Mamesetik eremurako bidea igora kolektibo bihur dadin, jasangarriagoa eta jai-giroan, hasierako zatian txaranga eta guzti. Jaialdira oinez igotzera animatzeko ekimena da, San Mamesetik 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan abiatuta.

Eguneko sarrerak eta bonuak salgai daude oraindik jaialdiaren webgunean.

HOGEI URTE ETORKIZUNERA BEGIRA

20. urteurrenean, Bilbao BBK Live jaialdiak kultura ulertzeko modu jakin bat berretsi du; hain zuzen ere, kultura programazio artistikotik haratago doan zerbait dela uste baitute antolatzaileek. Aparteko Interes Publikoko Gertaera (AIPG) izendapenak eta B Corp ziurtagiridun Last Tour enpresaren konpromisoak jaialdiaren ibilbidea indartu dute, musika, lurraldea, komunitatea eta jasangarritasuna elkar hartuta.

SARE SOZIALAK:

  • Jorge Drexler, Angeles Toledano, Brandon Young (Activision), A.J. Ramos (Google/YouTube), Chanela Clicka, Rocío Márquez eta Raül Refree izango dira BIME Bilbao 2026 programazio profesionalaren parte, zeinak sorkuntza, garapena, industria musikala eta industria sortzaileak lotuko baititu Atlantikoaren bi aldeetan.

  • Expresso Transatlântico (PT), LinLin (FR), restinga (ES), TIMØ (CO), Tussiwarriors (AR), eta Zahara (ES) ZAHARAVE: LITE, dira BIME Live kartelaren lehen aurrerapenak, une honetan proiekzio handieneko hainbat musika-proposamen Bilbon bilduko dituen programazioaren barruan.

  • Gainera, BIMEren nazioarteko dimentsioa indartu da Europako lankidetza berriekin eta Desafía Miami Music Tech 2026 programarekin. Erronka honek, berrikuntzaren aldeko apustua da, eta musika arloko startup disruptiboenak Estatu Batuetara eramango ditu.

BIMEk atzo aurkeztu zituen, Madrilen, urriaren 27tik 30era Bilboko hurrengo edizioan izango diren lehen berrikuntzak. Urriaren 27tik 30era izango da, eta duela hamalau urte sortu zen misioa indartzen duen programazioa izango du: aukerak sortzea, Atlantikoaren bi aldeen artean zubiak eraikitzea, eta musikaren oraina eta etorkizuna eraikitzen ari diren pertsonak biltzea.

Atzoko arratsaldean, musika-sektoreko 250 eragile baino gehiago bildu zituen BIMEk Madrilen, lehen izenak eta programazioaren ildo batzuk aurreratzeko balio izan duen ekitaldi batean. Bertaratuei harrera egin ondoren, Isabel Villanueva BIMEko zuzendariak 2026 honetako mugarrietako bat iragarri du: BIME Estatu Batuetara iritsiko da Desafía Music Tech Miami 2026 programaren bitartez; ICEX, Red.es, Estatuaren Miamiko Bulego Ekonomiko eta Komertziala dira nazioarteko murgiltze-programaren sustatzaileak, eta musika-industriari aplikatutako soluzio teknologikoak dituzten Estatuko startupei zuzentzen zaie: “Etorkizuneko soluzioak eraikitzen ari diren enpresek merkatu berrietara iristeko aukera izan dezaten nahi dugu, nazioarteko aliantzekin helburuak bizkor ditzaten eta sektorea eraldatzen ari diren elkarrizketetan parte har dezaten”. Errendimendu handiko programa da, nazioarteko berrikuntza musikaleko ekosisteman aitzindari diren enpresa eta eragileekin batera diseinatuta, Mana Tech kasu, eta Billboard bezalako erakundeen lankidetzarekin. Misio honetan parte hartu nahi duten startupek esteka honetan eman dezakete izena uztailaren 15era arte.

Ongietorriaren ondoren, Chanela Clicka eta Çantamarta artistek solasaldi batean parte hartu dute, Inés Hernand izanik moderatzaile, Iruditeria berriak: nahastearen artea izenburupean, eta sortzaileen belaunaldi berriak identitatearen, lurraldearen eta sorkuntza artistikoaren arteko erlazioa nola birdefinitzen ari diren aztertu dute. Solasaldiaren ondoren, zuzeneko musikaren txanda izan zen, Gara Durán eta Hofe artisten showcaseekin, eta, eguna amaitzeko, BIMEn funtsezkoa den elementuetako bat izan zen: industriako profesionalen arteko networkinga.

BIME BILBAO 2026: LEHEN BAIEZTAPENAK

BIME Pro programazio profesionalaren lehen baieztapenen artean daude Jorge Drexler artista, iberoamerikar musika garaikideko figura garrantzitsuenetako bat eta Latin Grammy sari ugari irabazi dituena; Brandon Young, musikaren gainbegiratze- eta sinkronizazio-lanetan erreferentziako profesionala eta Activisioneko musika-arduradun globala, bi hamarkadatik gorako esperientzia duena, besteak beste, Call of Duty edo Tony Hawk´s frankizia ikonikoen musika-estrategia gidatzen; eta Angeles Toledano, flamenkoaren belaunaldi berrian proiekzio handienetakoa duen artista. Horietaz gain, Raül Refree ekoizle eta konpositorea; A.J. Ramos YouTube-rako Music Content Partnerships arduraduna EMEAn; JJ Sunday, jabetza intelektualean, teknologian eta egile-eskubideetan espezializatutako abokatua; Rocío Márquez artista flamenkoa, Chanela Clicka, Mexikotik eta Espainiatik soinuen fusioa hankaz gora jartzen ari direnak; Yassir, Quevedo, Lola índigo edo Omar Montes bezalako artistentzako hiri-musikaren arrakastarik handienetako batzuen atzean gadoen konpositorea; eta Justin O´Connor, ekonomia kulturalean eta industria sortzaileentzako politiketan nazioarteko erreferente nagusietako bat.

Bestalde, BIME Live edo BIMEko showcaseen jaialdiaren karteleko lehen izenak ezagutarazi dira, eta artisten zirkulazioa indartuko du berriro ere, Europako eta Latinoamerikako proposamenen presentzia areagotuta. Besteak beste, Expresso Transatlântico (PT), eta Portugalko tradizio musikalaren eta mundu osoko soinu berrien arteko fusioa; LinLin (FR), Frantziako elektronika berriko ahots berezienetako bat, techno, shatta, dantza eta funka uztartzeko gai dena; restinga (ES), artista hispano-marokoarra, musika arabiarraren sustraia musika elektroniko garaikidearekin eta hyperpoparekin konektatzen duena; SadSvit (UA) konpositore eta ekoizle ukrainarraren post-punka; TIMØ (CO), musika latinoan etorkizun handiko talde gaztea, Latin Grammy sarietan Artista Berri Onenaren izendapena jaso duena; Tussiwarriors (AR), Latinoamerikako trap fenomeno berria bihurtzen ari den kolektibo argentinar lotsagabea; eta Zahara presenta ZAHARAVE: LITE (ES), Zahara artistaren unibertso elektronikoaren bertsio kluba. Proposamen horrek bere GLITCH ikuzkizunaren energia esperientsia hurbilago, murgilduago eta dantzarako pentsatuago bihurtzen du.

LURRALDEAK, INDUSTRIA ETA KOMUNITATEAK KONEKTATZEN DITUZTEN AHOTSEKIN ERATUTAKO PROGRAMAZIOA

Edoizein muga geografiko, kultural edo linguistikotik haratago, musika eraikitzen duten ahotsak artistak, komunitateak, industria eta lurraldeak lotzen dituztenak ere badirelako idea izango da BIME Bilbao 2026ren haria. Ikuspegi horrek programazio osoa zeharkatuko du, eta lau ardatz nagusiren inguruan artikulatuko da: Sorkuntza, Musika Industria, Garapena eta Konexioa. Sektorea birdefinitzen ari diren zenbait gai landuko dira programazioan, adimen artifizialarekin eta negozio-eredu berriekin hasi, eta nazioartekotzearekin eta kulturan inbertitzearekin bukatu, musikak, teknologiak eta beste sormen-industria batzuk (hala nola zinema edo kirola) bat egiten dutenean sortzen diren aukerak ere aztertuta.

Artistak, konpositoreak, publisherak eta diskoetxeak nazioarteko musika-gainbegiratzaileekin lotzen dituen El Pitch Perfecto itzuliko da, sinkronizazio musikalaren arloan aukera berriak bultzatzeko. Latido Transatlántico ere izango da, musika latinoak Europan dituen aukerak aztertzeko eta bi kontinenteetako programatzaile, manager eta profesionalen arteko loturak indartzeko espazio bat. 2026ko edizioan lehen aldiz antolatuko da Orillas, hiri handietatik urrun, herri, hiri txiki eta lurralde periferikoetako aretoak, jaialdiak, programatzaileak eta kultura-proiektuak lotuz musikari bizirik eusten diotenak erdigunean jartzen dituen espazio berri bat.

Eta konexioak hitzaldi-aretoetatik kanpo ere gertatzen direlako, Musik & Pintxos itzuliko da, BIME Pro barruan gastronomia eta musika-aurkikuntza lotzen dituen formatua, eta aurten programazioa luzatu eta arratsaldez ere izango da, artista eta profesionalak giro informalean elkartzeko espazio berriak sortuta.

Industriak eta industriarentzat sortutako programazio horrek jarduera profesionalen agenda zabala bilduko du berriro: nazioarteko bilerak, speed meetingak, sektoreko lan-mahaiak, startup eta berrikuntzarako espazioak, networking topaketak eta ekitaldi paraleloak, sektoreko eragileen artean benetako konexioak sortzeko diseinatuak.

ETAPA BERRI BAT ALIANTZAK ETA PROIEKTU GARRANTZITSUAK BULTZATZEKO

BIME nazioarteko musika-industriaren erreferentziako topagune nagusietako bat bihurtu da, ikuspegi bera partekatzen duten kolaboratzaileen sareari esker: talentuaren nazioarteko zirkulazioa bultzatzea, lurraldeen arteko elkartrukea sustatzea eta negozio-aukera berriak sortzea.

Estrategia horri jarraikiz, 2026ko edizioak dimentsio europarra indartuko du, aliantza egin baitu Eurosonic Noorderslag (ESNS) eta European Talent Exchange Programme (ETEP) erakundeekin, bi komunitate profesionalen artean elkartrukeak egin ahal izateko. Gainera, BIMEk lehen aldiz egin du artista europarrei zuzendutako deialdi propioa, nazioartean ibiltzeko aukerak eta merkatu berrietarako sarbidea areagotzearren.

Aurtengo edizioan ere erakunde garrantzitsuen babesa izango du, hala nola Espainiako Kultura Ministerioa, ICEX-Sounds From Spain, Catalan Arts, AIE, Murtziako Eskualdeko Kultura eta Arte Industrien Institutua, Axencia Galega das Industrias Culturais (AGADIC), Bartzelonako Udala, Valencia Music City; Bogotako Kultura, Aisialdi eta Kirol Idazkaritza; Txileko Kulturen, Artearen eta Ondarearen Ministerioa; Chilemúsica; Argentinako Musikaren Institutu Nazionala (INAMU); eta Uruguaiko Musikaren Institutu Nazionala (INMUS). Sare horri enpresak eta markak ere gehitzen zaizkio: Fever, Heineken, Amazon Music, Universal Music, Virgin, Altafonte, Jägermeister; baita nazioko eta nazioarteko komunikabideak ere: Rolling Stone en español, LOS40, Radio 3, Eh! Universo edo Mondo Sonoro.

Konpromiso horrek adierazpen berezia du Bizkaian, BIME ekimenaren hazkundean hasieratik egon den lurraldea baita, eta hazkundean funtsezko zeregina du, oraindik ere, erakunde hauen laguntzari esker: Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Saila, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, eta BASQUE. MUSIC. Aurtengo berrikuntza gisa, EITB taldearekin akordio globala lortu da, BIMEren eta herritarren arteko konexioa indartuko duen aliantza estrategikoa, musikaren eta kultura garaikidearen arteko elkarrizketa garrantzitsuenetako batzuk Euskaditik proiektatzen laguntzeko.

Bilbon hamahiru edizio eta Bogotan bost edizio egin ondoren, BIME musikaren eta sormen-industrien nazioarteko topagune nagusietako bat bihurtu da. Egoitzetatik haratago, BIME mundu osoko artisten, profesionalen, enpresen eta erakundeen artean konexioak, negozio-aukerak eta topaguneak sortzeko gai da.

  • Hirugarren ‘Bizilabe Egunean’ Basurtuko, Deustuko, Otxarkoagako, Alde Zaharreko eta Zorrotzako gazteek hartu dute parte.

  • Gazteek ikasturtean zehar landutako ideia berritzaileak azaldu dituzte Zabalgune Eraikinean.

  • 2017tik, Bilboko Bizilabek esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu hiriko gazteen artean, eta erreferente izan daitezkeen profesionalak hurbildu nahi ditu.

Bilboko Bizilabe Egunaren hirugarren edizioan, 100 gazte inguruk parte hartu dute, eta 30 proiektu zientifiko eta teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte Bilboko Zabalgune eraikinean. Bertan parte hartu duten gazteen senideez gain, Javier Álvarez Aras, Bilbao Ekintzako Enpresa eta enplegua Saileko arduraduna izan da, Bilboko Bizilabe proiektuaren sustatzaile gisa, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako koordinatzailearekin batera.

Bizilabe proiektuak gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea du helburu, komunitate osoaren inplikazioarekin, eta Bilboko Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetzari esker dago martxan Bilbon. 2025-2026 ikasturte honetan, Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera izan dute Alde Zaharra, Basurtu, Deustu, Otxarkoaga, Zorrotza eta Esperanatzan. Guztira, 138 gaztek hartu dute parte, 14 taldetan banatuta; horietatik % 54 neskak izan dira; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 92 gazte, DBHko 1. eta 2. mailako 33 gazte eta DBHko 13 gazte.

Eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egiteak onura ugari eskaintzen ditu: kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzen dira, teoriatik praktikara pasatzea errazten da, teknologia berrien erabilera sustatzen da eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukera ematen du. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia beren eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere gizarte-gai kritikoetan, hala nola kutsaduran edo jasangarritasunean. Jarduera horien bidez, gai horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Halaber, emakumezko ikertzaileekin loturak ezartzeak eragin positiboa du, bereziki neskengan. Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan.

Hauek dira , Bizilabe Egunean, Zabalgune Eraikineko atarian, ikasturte amaierako ekitaldi gisa aurkeztu diren proiektuak:

  • Hidraulika: Pista hidraulikoa, prentsa hidraulikoa eta saskibaloi zelaia
  • Bizilabeko misterioa
  • Proiektore Holografikoa
  • Microbit: Atezaina
  • Auto elektrikoa
  • Behelainotik edalontzira
  • Bus glossy
  • Ura xurgatzen duten lauzak eta Freskotxo
  • Erreakzio-jolasa (1 jokalari)
  • Hidraulika: laberintoa
  • Hidraulika: laberintoa + pista
  • Erreakzio jolasa
  • Proiektore Holografikoa
  • Erreakzio jolasa
  • Alarma
  • Hegazkin Jaurtigailua
  • Gozoki osasuntsuak
  • Kristalizazioa
  • Cospace
  • Beso hidraulikoa
  • Robot gidaria
  • Konbutxazko larrua
  • Robot aspiragailua
  • Kristalizazioa
  • Zirkuito elektrikoak
  • Bakterioetatik energia lortu
  • Ur-iragazkia

2017an Bilboko Bizilabek Deustun ateak ireki zituenetik, Bilboko beste lau eremutara zabaldu da: 2021ean jarri zen martxan Otxarkoagan, 2022an Zorrotzan, 2023an La Perreran eta 2024an Esperantza Frontoian, eta 2026an Miribillan.  2017tik gaur arte 1.000 gaztek  baino gehiagok hartu dute parte proiektuan.  Gainera, Bizilabeko komunitatea hazten joan da, eta dagoeneko 40 enpresa baino gehiago, 60 ikastetxe eta 350 saltoki inguru batu dira.

2026ko urrian hasi eta 2027ko maiatzean amaituko den “Izan ikertzaile eta asmatzaile” Bilboko Bizilabe programan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago jada:  Bizilabe 2026-2027 izen-emateak.

BIZILABE, 2017TIK HAZTEN ARI DEN SAREA

Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuak gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu  nahi ditu, komunitatearen parte-hartzearekin,  2017tik. ,

Aipatzekoa da urte horretan bertan Bilboko Udalak sustatutako Bizilabe sarearen lehen zentroa bultzatu zela Bilbon, hiria aitzindari bihurtuz eredu horren garapenean.

Hainbat ikerketak erakutsi dute esperientzia zientifiko goiztiarrek eragina dutela haurren etorkizuneko itxaropenetan. Hala, neska-mutilek Bizilaben lan egiten dute proiektuak eta ikerketak egiten, zientzia- eta/edo teknologia-ikasketak dituzten pertsonek gidatuta. Planteatutako jardueren bidez, haurrek askotariko ezagutzak bereganatzen dituzte eta beren proiektu zientifiko eta teknologikoak garatzen dituzte. Gainera, ikertzaile profesionalekin egindako “Parekoen Topaketa” ekimenari, Bizilaben jasotako ikertzaileen bisitei edo Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ‘Erakusleihoak otsailaren 11’ ekimenari esker, gazteek eguneroko lana eta esparru horietako benetako erreferenteak ezagutu dituzte. Halaber, enpresetara eta zentro teknologikoetara egindako bisiten bidez, inguruko errealitate zientifiko eta teknologikoa ezagutu ahal izan dute.

Antolatzaileek nabarmendu dute erreferenteak funtsezkoak direla belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Hori dela eta, Bizilabek bermatzen du zientzia- eta teknologia-arloko gazteak diren orientatzaileak egotea. Haien parte-hartzeak genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ematen die parte-hartzaileei, eta erakusten du diziplina zientifiko eta teknologikoetan guztientzako lekua dagoela.

  • EPCR-ren datuen arabera, 95.531 pertsona bertaratu dira guztira bi partidetara, 52.327 gaurko Investec Champions Cupeko Finalean eta 43.204 atzoko EPCR Challenge Cupeko Finalean. Euskal erakundeek oso positibotzat jo dute nazioarteko kirol-ekitaldia.

Europako errugbiko finalak sustatu dituzten hiru euskal erakundeak – Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala – “oso pozik” agertu dira antolakuntza mailan orain arte lortutako emaitzarekin, maiatzaren 22an eta 23an San Mamesek hartu duen EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup Finalei dagokienez, nazioarteko kirol-ekitaldiaren inpaktu-txostena ezagutzearen zain.

European Professional Club Rugby (EPCR) elkarteak jakitera eman dituen datuen arabera, 52.327 lagunek gozatu ahal izan dute gaurko Investec Champions Cup-eko Finalaz eta 43.204 lagunek ikusi ahal izan dute bertatik bertara atzo gauean San Mamesen ospatutako EPCR Challenge Cupeko Finala; guztira 95.531 pertsona.

2018an, San Mamesek Europako errugbiko finalak lehen aldiz hartu zituenean, 84.225 ikuslek ikusi zituzten bi finalak: 52.282 pertsona egon ziren Investec Champions Cup-ean eta 32.543 EPCR Challenge Cup-ean duela zortzi urte.

San Mames zelai berriak Athletic Cluben partida batean izan duen asistentzia errekorra 52.114 ikuslekoa izan da, 2024-25 denboraldian Europa Leagueko Rangers F.C. taldearen aurka jokatutako partidan lortutakoa; aurtengo Investec Champions Cup Finalak 213 pertsonatan gainditu du datu hori.

EPCRk emandako asistentzia-zifraz gain, euskal erakundeek balorazio positiboa egin dute, bi egun hauetan hirian bizi izan den giro bikaina azpimarratuz, bai Doña Casilda parkearen inguruan, bertan kokatutako Champions Rugby Village gunean, bai Bilboko gainerako espazioetan, non lau talde finalisten zaleak bildu diren tokiko herritarrekin batera, elkarbizitza, errespetu eta ospakizun giroan.

  • Errugbiko finalek eragina izango dute Bilbon, batez ere San Mames futbol-zelaiaren eta Casilda Iturrizar parkearen inguruan, ostiralean eta larunbatean, hilaren 22an eta 23an, 11:00etatik aurrera.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, nazioarteko kirol-ekitaldia sustatzen duten hiru euskal erakundeek, mugikortasun eta segurtasun bateratuko operatiboa diseinatu dute, San Mamesek hartuko dituen Europako errugbiko finalak direla eta.

Operatibo koordinatua da, eta euskal herritarrek eta lau talde finalisten jarraitzaileek maiatzaren 22an eta 23an Europako errugbi onenaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera izatea du helburu. EPCR Challenge Cup 2026 txapelketako finala, Montpellier Hérault Rugby eta Ulster Rugby taldeen artekoa, maiatzaren 22an, ostirala, 21:00etan hasiko da, eta Investec Champions Cup 2026 txapelketako finala, Leinster Rugby eta Union Bordeaux Bègles taldeen artekoa, maiatzaren 23an, larunbatean, 15:45ean.

Bi finalen ospakizunak hainbat eragin izango ditu Bilbon, batez ere San Mames estadioaren eta Casilda Iturrizar parkearen inguruan. Bertan egongo da Champions Rugby Village, fan zone ofiziala, eta bi egunetan irekita egongo da 11:00etatik 01:00ak arte. Gune irekia izango da eta sarrera doakoa izango da bai talde finalistetako zaleentzat, bai gainerako zaleentzat eta, oro har, herritarrentzat.

TRAFIKO ETENAK ETA APARKALEKUAK

Maiatzak 22, ostirala:

Trafikoaren murrizketak ostiral goizeko 11:00etan hasiko dira, Abandoibarra inguruan. Bertara, larrialdieei eta antolakuntzak prestatutako mugikortasun-aplikazio digitalean erregistratuta dauden autobus pribatuei soilik utziko zaie sartzen. Zirkulazioa Abandoibarra etorbidean itxiko da, Leizaola Lehendakariaren kalearen eta Jesusen Bihotzaren artean. Ordu berean (11:00etan) Anselmo Clavé kale osoa ere itxiko da.

Zubiarte merkataritza-guneko aparkalekurako sarbidea itxita egongo da Abandoibarra etorbidetik, eta, beraz, 11:00etatik aurrera Uribitartetik bakarrik sartu ahal izango da.

Ostiraleko 17:00etatik aurrera, trafiko-etenek gune gehiagori eragingo diete, honako kale hauek barne: Sabino Arana (Simon Bolivar kalearen eta Jesusen Bihotza plazaren artean), Felipe Serrate, Bentosa bidea, Luis Briñas (Urkixo zumarkalearen eta Zunzunegi etorbidearen artean), Euskalduna Zubia (Olabeagako egoiliarrentzat), Kale Nagusia María Díaz de Haro eta Jesusen Bihotza kaleen artean, eta Rodriguez Arias eta Poza Lizentziatuaren kaleak María Díaz de Harotik.

Urkixo zumarkalea lehenetsitako irteera gisa irekita egongo da 18:30 arte. Hala ere, 18:30etik aurrera, Urkixo zumarkalea itxi egingo da M. Díaz de Haro kaletik San Mames estadioraino, José María Escuza eta Poza Lizentziatuaren kaleetako garajeetarako izan ezik (betiere, bide-segurtasuneko arrazoiak ahalbidetzen badute), eta itxita geratuko da Sabino Aranatik A-8 autobiderako irteera.

18:30etik aurrera, Moyua plazaren eta Jesusen Bihotza plazaren artean ere mozketa puntualak izango dira, talde finalisten autobusak estadiora sar daitezen.

Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du eten-puntuen irekiera dinamikoa, eta aurreikuspenen arabera, larunbatean 01:00etan irekiko dira guztiz aurrez aipatutako eremu guztiak.

Maiatzak 23, larunbata

Ostiralean bezala, maiatzaren 23an, larunbatean, 11:00etan hasiko dira trafikoaren murrizketa guztiak, aurreko eguneko gune eta kale berberetan. Urkixo zumarkaleko mozketa maiatzaren 23an, larunbatean, 13:15ean hasiko da, partida baino bi ordu eta erdi lehenago.

13:00etatik aurrera, Moyua plazaren eta Jesusen Bihotza plazaren artean ere mozketa puntualak izango dira, talde finalisten autobusak estadiora sar daitezen.

Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du eten-puntuen irekiera dinamikoa, eta aurreikuspenen arabera, igandean 01:00etan irekiko dira guztiz aurrez aipatutako eremu guztiak.

Bi egunetan, A-8 autobidetik Indautxu ingurura sartu behar izanez gero, Zabalburutik sartzea eta bertatik irtetea gomendatzen da.

APARKALEKUAK ETETEA

Bi egunetan kaltetutako eta oinezkoentzat egokitutako gune osoan (ikus irudia), aparkaleku oro etengo da maiatzaren 21eko (osteguna) 20:00etatik maiatzaren 24ko (igandea) 00:00etara: Urkixo zumarkalea, Bentosa bidea, Felipe Serrate, Kale Nagusia, Poza lizentziaduna, Sabino Arana eta José María Escuza, Luis Briñas, Urkixo zumarkalea eta Sabino Arana etorbidearen artean, Rodríguez Arias eta Sabino Arana; Anselmo Clavé kalean, aparkalekuen etenaldia maiatzaren 18an hasiko da, eta maiatzaren 25era arte izango du eragina.

Eremu horretako egoiliarren aparkalekuetatik ezin izango da sartu eta irten, ez ostiralean 17:00etatik 01:00etara, ez larunbatean 11:00etatik 01:00etara.

Botika Zaharraren Erriberan, Francesc Maciá kaletik Iruña kaleraino, ezin izango da kanpoko erreietan aparkatu maiatzaren 21eko (osteguna) 20:00etatik maiatzaren 24ko (igandea) 08:00etara.

Zorrotzaurren, Zamaketarikalea kalean, aparkalekua bertan behera utziko da maiatzaren 23an, larunbatean, eta igandeko 08:00ak arte.

Okupatu beharreko aparkaleku horiek guztiak aurretik balizatuko dira.

BIZIKLETA ZERBITZUA

Anselmo Clavé kaleko bizikleten udal mailegu guneari dagokionez, itxita egongo da ostiraletik, hilak 22, 17:00etatik, igandera, hilak 24, 05:00etara.

TAO

TAOri dagokionez, maiatzaren 22an eta 23an Basurto-San Mameseko koadranteko DES-R egoiliarren bereizgarria duten pertsonek hiriko edozein sektore berdetan aparkatu ahal izango dute.

GARRAIO PUBLIKOAREN ERABILERA

Oro har, komeni da norberaren autoa ez erabiltzea San Mames estadioaren ingurura iristeko, eta garraio publikoan joatea, ahal dela metroz edo trenez.

Bilbobusek eta Bizkaibusek aldaketak izango dituzte eraginpeko inguruneetatik zirkulatzen duten lineetako batzuen ohiko ibilbide eta geralekuetan, eta horien berri emango da xehetasunez markesinetan, informazio-paneletan, app-etan, sare sozial ofizialetan eta 010 telefonoan.

TRANBIA

Finalak direla eta, Bilboko tranbiaren zirkulazioak eragina izango du eta hainbat zirkulazio-eten egingo dira.

Maiatzaren 22ko (ostirala) 17:00etatik aurrera, tranbiak ez du zirkulatuko Euskalduna eta La Casilla geltokien artean. Zerbitzu osoa egingo duten azken tranbiak hauek izango dira: La Casilla norabidean, 16:10ean Boluetatik irten eta 16:30ean Euskaldunatik igaroko da; Bolueta norabidean, 16:47an La Casillatik irtengo da eta 16:57an Euskaldunatik igaroko da.

Maiatzaren 23ko 11:00etatik aurrera eta igandera arte, tranbia ez da ibiliko Euskalduna eta La Casilla geltokien artean. Zerbitzu osoa egingo duten azken tranbiak hauek izango dira: La Casillara bidean, 10:07an Boluetatik irten eta 10:27an Euskaldunatik igaroko da; Boluetara bidean, 10:41ean La Casillatik irtengo da, eta 10:51ean Euskaldunatik igaroko da.

Bi egun horietan (maiatzaren 22an eta 23an) tranbien maiztasuna 12 minutukoa izango da.

DISUASIO-APARKALEKUA BEC-EN

Ibilgailu pribatuetarako, maiatzaren 22ko 10:00etatik aurrera, BECeko aparkalekua gomendatzen da disuasio-aparkaleku gisa, Metro Bilbao (Ansio) eta San Mames arteko zuzeneko konexioarekin.

AUTOKARABANEN APARKALEKUA

Aldi baterako aparkaleku bat prestatuko da Kobetamendin, “Bilbao Caravan Park” eremuaren ondoan. Autokarabanen eta furgoneta kamperizatuen aparkaleku gisa baino ez da erabiliko, maiatzaren 21eko 12:00etatik maiatzaren 24ko 14:00etara. Aldez aurretik erregistratu behar da.

TAXIAK

Kale Nagusiko 85 eta Abandoibarrra etorbideko (Euskalduna Jauregiaren aurrean) taxi-geltokiak Kale Nagusira lekualdatuko dira, zehazki, Areilza Doktorea eta Maria Diaz de Haro kaleen arteko tartera, Jesusen Bihotzerako norabidean.

SEGURTASUNA ETA LARRIALDIAK

Segurtasun Sailak, Babes Zibileko Sailburuordetzatik, Larrialdi Fasea aktibatuko du: LABIren 0 egoera. Horrek EZ du esan nahi LABI-a aktibatuko denik, LABIren Aholku Batzordeak ez du batzartu beharko, baina lokalizatuta egon beharko du. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak bi jardunaldien jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu, SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez.

Bestalde, Babes Zibileko Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo bat prestatu du, Miribillako eta Deustuko parkeetan banatuta, eta San Mames estadioan bertan ere egon da.

Era berean, Babes Zibileko talde ikuskatzaileak Casilda Iturrizar parkeko Champions Rugby Villageko egiturak berrikusiko ditu.

KONTSIGNAK

Estadiora poltsa, motxila edo objektu txikiekin sartu ahal izango da, betiere DIN A4 folioaren tamaina gainditzen ez badute, eta, horrela, sarbideetan segurtasuna eta arintasuna bermatuko dira.

Casilda Iturrizar parkeko Champions Rugby Villageko sarbidean, tamaina hori gainditzen duten objektuak utzi ahal izateko kontsignak jarriko dira.

GARBIKETA ETA HONDAKINEN KUDEAKETA ZERBITZUA

Bi finalen ondoriozko beharrei aurre egiteko, Bilboko Udalak garbiketa eta hondakinen bilketa indartzeko dispositibo berezia prestatu du. 65 pertsonak eta 27 baliabide teknikok osatuko dute, eta ostiral eta larunbateko goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan eta igandeko goizeko eta errefortzuko txandetan jardungo dute.

BILBAO KIROLAK

Bilbao Kirolakek San Mameseko udal kiroldegia itxiko du maiatzaren 22an (17:30etik aurrera) eta maiatzaren 23an (12:15etik aurrera), segurtasun-arrazoiengatik.